Irakurleen galderak
Zer altuera zuen Salomonen tenpluaren atariak?
Ataria tenpluko Santuaren sarreraren parte zen. New World Translation itzulpenaren 2023 aurreko edizioen arabera, «atariak aurrealdean etxearen zabalera bera zuen, 20 ukondo, eta bere altuera 120koa zen» (2 Kro. 3:4, NWT). Beste itzulpen batzuen arabera ere, atariaren altuera «120 ukondokoa» zen. Horrek esan nahi du atariak 53 metroko altuera izango zuela!
Hala ere, New World Translation itzulpenaren 2023ko edizioak honakoa dio Salomonen tenpluaren atariari buruz: «Bere altuera 20 ukondokoa zen», hau da, bederatzi metrokoa. a Azter ditzagun zuzenketa hori egitearen arrazoi batzuk.
Atariaren altuera ez da 1 Erregeak 6:3an aipatzen. Aipu horretan, Jeremiasek atariaren zabalera eta sakonera aipatzen ditu, baina ez altuera. Gainera, hurrengo kapituluan, tenpluko beste elementu bereizgarri batzuk xehetasun handiz deskribatzen ditu, esaterako, metal urtuz egindako Itsasoa, edo uraxka, hamar karretilak eta atariaren kanpoan zeuden kobrezko bi zutabeak (1 Err. 7:15-37, NWT). Atariak 50 metro baino gehiagoko altuera bazuen eta tenpluko beste atalak baino askoz ere altuagoa bazen, orduan zergatik ez zuen Jeremiasek bere altuera aipatu? Bestalde, mendeak beranduago, idazle juduek ez zuten aipatu ataria Salomonen tenpluko beste atalak baino altuagoa zenik.
Adituek zalantzan jartzen dute tenpluko paretek 120 ukondoko altuera zuen atari bat eutsiko zutela. Antzina, harriz eta adreiluz egindako estruktura oso altuek, esaterako, Egiptoko tenpluko ateek, oinarri oso zabala eta punta estua izaten zuten. Baina Salomonen tenplua desberdina zen, adituen arabera, tenpluaren paretek gehienez sei ukondoko, edo 2,7 metroko, lodiera zutelako. Beraz, historialari arkitektonikoa den Theodor Busink-ek honakoa ondorioztatu zuen: «Tenpluko sarreraren pareten lodieran oinarrituta, atariak ezin izango zuen 120 ukondoko altuera izan».
2 Kronikak 3:4 aipua beharbada gaizki kopiatua izan zen. Egia da antzinako eskuizkribu batzuetan bertset horretan «120» azaltzen dela. Beste testu fidagarri batzuetan, aldiz, V. mendeko Alexandriako Kodexean eta VI. mendeko Kodex Anbrosianoan esaterako, «20 ukondo» aipatzen da. Orduan, zergatik idatziko luke eskriba batek «120», zenbaki zuzena idatzi beharrean? Hebreeraz, «ehun» eta «ukondo» hitzek antzeko itxura dute. Beraz, eskriba batek, beharbada, «ehun» idatziko zuen «ukondo» idatzi beharrean.
Noski, nahiz eta xehetasun horiek ulertzen eta Salomonen tenplua zehaztasunez erakusten saiatu, ondorengoan bereziki jarri nahi dugu arreta: tenpluak irudikatu zuen horretan, hau da, tenplu espiritual gorenean. Horregatik, zein eskertuta gauden Jehobak bere zerbitzari guztiok tenplu hartan bera adoratzera gonbidatzeagatik! (Heb. 9:11-14; Ap. 3:12; 7:9-17).
a Ohar batek honakoa argitzen du: «Eskuizkribu batzuetan “120” azaltzen da. Beste eskuizkribu eta itzulpenetan, aldiz, “20 ukondo” azaltzen da».