Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

4. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 30. KANTA Ene Jainkoa, Aita eta lagun mina

Jehoba oso maitekorra da zurekin

Jehoba oso maitekorra da zurekin

«Jehoba oso maitekorra [da]» (ST. 5:11, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Jehobaren maitasunak berarengana gehiago gerturatzeaz gain, seguru, ondo zainduak eta indarberrituak ere sentiarazten digu. Zein modutan?

1. Zer etortzen zaizu burura Jehobari buruz pentsatzean?

 IMAJINATU al duzu inoiz zer itxura duen Jehobak? Berari otoitz egitean, zer etortzen zaizu burura? Jehoba ikusezina den arren, Bibliak hainbat modutan deskribatzen du. Adibidez, «eguzki eta babeski» eta «su kiskalgarri» bat dela dio (Sal. 84:12 [84:11, NWT]; Heb. 12:29). Ezekielek zafiro harri, metal distiratsu eta ostadar argitsu bat bezala deskribatu zuen ikuskari batean (Eze. 1:26-28). Hauetako deskribapen batzuek liluraz bete gaitzakete edota txiki-txikiak garela sentiarazi ahal digute.

2. Zergatik izan daiteke zaila batzuentzat Jehobarengana hurbiltzea?

2 Ezinezkoa denez Jehoba ikustea, zaila egin ahal zaigu berak maite gaituela sinestea. Batzuek, iraganean izandako bizipenengatik, Jehobak ez dituela sekula maitatuko pentsatzen dute. Agian euren aitak ez zien inoiz maitasunik erakutsi. Jehobak sentimendu hauek ulertzen ditu eta badaki zer eragin duten guregan. Horregatik, gu laguntzeko, Bibliaren bidez bere ezaugarri ederrak azaltzen dizkigu.

3. Zergatik aztertu beharko genuke arretaz Jehobaren maitasuna?

3 Jehoba hoberen deskribatzen duen hitza maitasuna da. Are gehiago, Bibliak dioen moduan, Jehoba «maitasuna [da]» (1 Joan 4:8). Gainera, berak egiten duen guztian du eragina. Bere maitasuna hain goxoa eta boteretsua da, non bera maite ez dutenei ere erakusten dien (Mat. 5:44, 45). Artikulu honetan, Jehoba eta bere maitasuna aztertuko ditugu arretaz. Horrela, Jehoba zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago maitatuko dugu.

JEHOBAK ASKO MAITE GAITU

4. Nola sentitzen zara Jehobak maite zaituela jakitean? (Ikusi irudia ere)

4 «Jehoba oso maitekorra [da]» (St. 5:11, NWT). Jehobak bere burua ama maitekor batekin konparatzen du bere Hitzean (Is. 66:12, 13). Imajinatu bere haurtxoa maitasunez zaintzen duen ama bat. Bere magalean hartzen du xamurtasunez eta goxo-goxo hitz egiten dio. Negar egiten duenean edo minez dagoenean, haurtxoak behar duen guztia duela ziurtatzen da. Era berean, atsekabetuta gaudenean, Jehobak maite gaituen ziurtasuna izan dezakegu. Salmogileak honakoa idatzi zuen: «Kezkek estutzen nindutenean, zuk kontsolatu eta lasaitzen ninduzun» (Sal. 94:19, NWT).

«Amak haurra kontsolatzen duen bezala, halaxe kontsolatuko zaituztet» (Ikusi 4. paragrafoa)


5. Zer esanahi du zuretzat Jehobaren maitasun leialak?

5 Jehoba leiala da (Sal. 103:8). Berak ez du amorerik ematen akats bat egiten dugunean. Israeldarrek behin eta berriz dezepzionatu zuten Jehoba. Baina damutzen ziren bakoitzean, huts egiten ez duen maitasuna erakutsi zien, honakoa esanez: «Hain preziatua baitzara niretzat: biziki estimatzen eta maite zaitudalako» (Is. 43:4, 5). Jainkoaren maitasuna ez da aldatu, eta ez du inoiz huts egiten. Akats larriak egin baditugu ere, Jehobak ez gaitu bertan behera uzten. Damutu eta Jehobarengana itzultzen garenean, gu maitatzen jarraitzen du. Izan ere, «guztiz barkabera» dela promesten digu (Is. 55:7). Biblian, Jehobaren barkamenaz hitz egitean, berak «indarberritzeko garaia» ekarriko duela ziurtatzen du (Eg. 3:19).

6. Zer irakasten digu Jehobari buruz Zakarias 2:12 (2:8, NWT) aipuak?

6 Irakurri Zakarias 2:12 (2:8, NWT). Jehobak gu maite gaituenez, gure sentimenduak erabat ulertzen ditu eta gu babesteko irrikan dago. Berak mina sentitzen du guk mina sentitzen dugunean. Ondorioz, ziur egon gaitezke gure otoitzak erantzungo dituela honakoa eskatzen diogunean: «Zaindu nazazu zeure begi-ninia bezala» (Sal. 17:8). Begia gorputzeko atal delikatua eta baliotsua da. Beraz, Jehobak gu bere begi-niniarekin konparatzen gaituenean, nolabait esateko, honakoa esaten ari da: «Norbaitek zuei, nire herriari, min egiten dizuenean, niretzat oso-oso baliotsua den zerbait kaltetzen ari da».

7. Zergatik sendotu behar dugu Jehobaren maitasunean dugun konfiantza?

7 Jehobak gutako bakoitza maite du, eta gu honetaz ziur egotea nahi du. Baina berak badaki, iraganean izan ditugun bizipenen erruz, maite gaituen ala ez zalantzan jarri dezakegula. Bestalde, aurre egiten ari garen egoera latzen bat Jehobaren maitasunean dugun konfiantza agian probapean jartzen ari da. Orduan, zerk sendotuko du gure konfiantza? Jehobak Jesusi, gantzutuei eta gu guztioi maitasuna nola erakusten digun ikasteak.

NOLA ERAKUSTEN DU JEHOBAK BERE MAITASUNA?

8. Zergatik zegoen Jesus ziur bere Aitak maite zuela?

8 Milioika eta milioika urtez, Jehobak eta bere Seme maiteak beraien arteko maitasun lotura sendotu dute. Beraiena da unibertsoan dagoen harremanik zaharrena. Mateo 17:5​ean azaltzen den moduan, Jehobak argi erakutsi zuen Jesus maite zuela. Jehobak besterik gabe honakoa bakarrik esan ahal zuen: «Oso pozik nago berarekin». Baina Jesus zenbat maite zuen erakutsi nahi zigun, eta horregatik «nire Seme kuttuna» deitu zion. Jehoba bere Semeaz eta egitear zegoenaz harro zegoen (Efe. 1:7). Jesusek ez zuen bere Aitak maite zuela zalantzan jarri. Bera maite zuen ziurtasun osoa zuen; bere barne sakonean sentitu ahal zuen. Horregatik, behin eta berriro ziurtatu zuen Jehobak bera maite zuela (Joan 3:35; 10:17; 17:24).

9. Zer hitz erabiltzen da Jehobak gantzutuei dien maitasuna deskribatzeko? Azaldu. (Erromatarrei 5:5)

9 Jehobak gantzutuak maite dituela ere ziurtatzen du (Irakurri Erromatarrei 5:5). Fijatu gaitezen «isuri» hitzean. Erreferentzia-lan baten arabera, hitz honek «gure gain datorren ur jario handi bat» deskribatzen du. a Hau bai irudi boteretsua! Argi eta garbi erakusten du Jehobak izugarri maite dituela gantzutuak. Beraiek ziur daude «Jainko Aitak maite» dituela (Jud. 1). Joan apostoluak honela azaldu zuen sentitzen zuena: «Begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu» (1 Joan 3:1). Baina gantzutuak bakarrik maite al ditu Jehobak? Ez. Jehobak gu guztiok maite gaituela erakutsi du.

10. Gauza guztien gainetik, zerk konfirmatzen du Jehobak maite gaituela?

10 Gauza guztien gainetik, zerk konfirmatzen du Jehobak maite gaituela? Unibertsoan inoiz egon den maitasun ekintzarik nabarmenenak: erreskateak (Joan 3:16; Erm. 5:8). Jehobak bere Seme kuttuna eman zuen gizaki guztion alde. Bere sakrifizioari esker, gure bekatuen barkamena jaso dezakegu eta Jehobaren lagun izatera iritsi gaitezke (1 Joan 4:10). Beraz, Jehobak eta Jesusek ordaindutako prezioan zenbat eta gehiago hausnartu, orduan eta hobeto ulertuko dugu zenbat maite duen gutako bakoitza (Gal. 2:20). Erreskatea ez zen kontratu legal bat besterik gabe ordaintzeko eskaini, transakzio hotz bat izango balitz bezala. Maitasunez beteriko opari bat da. Jehobak berarentzat baliotsuena dena, hau da, Jesusen bizia sakrifikatuz erakutsi du guri digun maitasuna. Jesusek gure alde sufritzea eta hiltzea utzi zuen Jehobak.

11. Zer ikasten dugu Jeremias 31:3​tik?

11 Ikusi dugun moduan, Jehobak ez ditu bere sentimenduak berarentzat gordetzen. Alderantziz, bere maitasuna modu goxoan erakusten du (Irakurri Jeremias 31:3). Jehobak maite gaituelako erakarri gaitu berarengana (Konparatu Deuteronomioa 7:7, 8). Ezerk ezin gaitu bere maitasunetik separatu (Erm. 8:38, 39). Nola sentiarazten dizu zuri Jehobaren maitasunak? Irakurri 23. Salmoa, eta ikusi zer eragin izan zuen Dabidengan Jehobaren maitasun goxoak. Ondoren, pentsatu gu guztiongan ere izan dezakeen eraginean.

NOLA SENTIARAZTEN DIZU JEHOBAREN MAITASUNAK?

12. Nola laburbilduko zenuke 23. Salmoa?

12 Irakurri 23. Salmoa 1-6. 23. Salmoa abestian, Dabidek Jehobaren maitasun eta zaintza goxoan izan zuen konfiantza aipatzen da. Bertan, bera eta bere Artzain Jehobaren arteko lotura estua deskribatzen du Dabidek. Jehobak bera gidatzen utziz seguru sentitzen zen; konfiantza osoa zuen Berarengan. Bazekien Jehobak egunero-egunero erakutsiko ziola bere maitasuna. Zerk lagundu zion konfiantza hori izaten?

13. Zergatik zegoen Dabid ziur Jehobak zainduko zuela?

13 «Ez zait ezer falta». Dabidek ondo zainduta zegoela sentitu zuen, Jehobak beti eman baitzion behar izan zuen guztia. Jehobaren adiskidetasunaz eta onespenaz ere gozatu zuen. Horregatik, etorkizunean zer gertatuko zitzaion inporta gabe, konfiantza hau izan zuen: Jehobak bere behar guztiez arduratzen jarraituko zuela. Ziur zegoen Jehobak maite zuela eta etorkizunean zainduko zuela. Honek kezkak alde batera uzten eta pozik egoten lagundu zion (Sal. 16:11).

14. Nola zaindu ahal gaitu Jehobak maitasunez?

14 Jehobak maitasunez zaintzen gaitu, batez ere bizitzan gauza txarrak gertatzen zaizkigunean. Azter dezagun 20 urte baino gehiagoz Betelen zerbitzatu duen Claire b izeneko arreba baten bizipena. Familiak zailtasun bat bestearen atzetik izan zuen: aitak bihotzeko bat izan zuen, ahizpa gazteena kanporatua izan zen, eta familiak bere negozio txikia eta etxea galdu zituen. Ondorioz, Clairek ez zekien zer egin familia laguntzeko. Nola erakutsi zien Jehobak maitasunez zaintzen ari zitzaiela? Clairek dio: «Familiak egun bakoitzerako beharrezkoa zen guztia izan zuen. Jehobak behar genuena baino gehiago eman zigun behin baino gehiagotan! Askotan pentsatzen dut Jehobak nola lagundu gaituen. Berak erakutsitako maitasuna ez dut sekula ahaztuko. Hau guztia gogoratzeak zailtasunen aurrean irauten lagundu dit».

15. Zeri esker indarberritu zen Dabid? (Ikusi irudia ere)

15 «Indarrak berritzen» dizkit. Dabid batzuetan arazo eta zailtasunen aurrean larrituta sentitu zen (Sal. 18:5-7 [18:4-6, NWT]). Egoera horietan Jehobak goxotasunez maite eta zaindu egin zuen, bera indarberrituz. Neka-neka eginda zegoenean, Jehobak «larre guritan» etzanarazi eta «ur baretara» eraman zuen Dabid. Ondorioz, indarrak berreskuratuta, aurrera jarraitzeko gai izan zen (Sal. 18:29-33 [18:28-32, NWT]).

Dabid larrituta sentitu zenean, Jehobak goxotasunez maite eta zaindu egin zuen, bera indarberrituz (Ikusi 15. paragrafoa)


16. Nola indarberritu zaitu Jehobaren maitasunak?

16 Gaur egun ere, arazo eta zailtasunei aurre egin arren, «Jehobaren maitasun leialagatik ez da gure amaiera iritsi» (Neg. 3:22, NWT; Kol. 1:11). Azter dezagun Rachelen kasua. COVID-19 pandemian zehar senarrak bera eta Jehoba utzi zituen. Ondorioz, Rachel lur jota geratu zen. Zer egin zuen Jehobak bere alde? Rachelek hauxe dio: «Jehoba ni maitatua sentitzeaz ziurtatu zen. Nirekin denbora pasa zuten lagunez inguratu ninduen. Janaria ekartzen zidaten, mezu eta aipu animagarriak bidaltzen zizkidaten, irribarre bat oparitzen zidaten beti eta Jehoba ni zaintzen ari zela gogorarazten jarraitu zuten. Etengabe eskertzen diot Jehobari familia maitekor handi bat emateagatik».

17. Zergatik ez zuen Dabidek «inolako gaitzen beldurrik» izan?

17 «Ez dut inolako gaitzen beldurrik, zu nirekin baitzaude». Dabid askotan arriskuan egon zen, eta etsai boteretsu asko izan zituen. Hala ere, Jehobaren maitasunari esker, seguru eta babestuta sentitu zen. Dabidek Jehoba une oro berarekin zegoela sentitu ahal zuen, eta honek asko lasaitu zuen. Horregatik, honakoa abestu ahal izan zuen: «[Jehobak] beldur guztietatik libratu ninduen» (Sal. 34:4). Dabiden beldurrak errealak izan ziren. Baina Jehobaren maitasuna bere beldurrak baino boteretsuagoa izan zen.

18. Jehobak maite zaituen ziurtasuna izateak, nola laguntzen dizu beldur zarenean?

18 Nola sendotzen gaitu egoera beldurgarrien aurrean Jehobak maite gaituela jakiteak? Azter dezagun Susi izeneko aitzindari baten bizipena. Bere semea suizidatu zenean, bera eta senarra nola sentitu ziren deskribatzen du: «Bat-batean gertatzen den zorigaitz bat traumatikoa izaten da, eta babesgabe uzten zaitu. Baina Jehobaren maitasun goxoak seguru eta babestuta sentiarazi digu». Lehen aipatutako Rachelek honakoa gogoratzen du: «Oso-oso triste, kezkatuta eta beldurtuta nengoen gau batean, negarrez egin nion otoitz Jehobari. Momentu hartan bertan, Jehobak lasaitu egin ninduen, ama batek bere haurtxoarekin egiten duen bezala, eta lokartu egin nintzen. Ez dut momentu hura sekula ahaztuko». Tasos izeneko adindun batek lau urte igaro zituen kartzelan armadan sartzeari uko egiteagatik. Nola sentitu zuen anaia honek Jehobak maite eta zaindu zuela? Berak dio: «Jehobak behar nuena baino gehiago eman zidan. Honi esker, berarengan konfiantza osoa izan dezakedala ikusi nuen ziurtasun osoz. Gainera, leku deprimigarri batean egon arren, Jehobak bere espirituaren bidez poztasuna eman zidan. Hurrengoaz konturatu nintzen: Jehobarengan zenbat eta konfiantza gehiago izan, orduan eta gehiago sentituko nuela bere maitasuna. Beraz, aitzindari erregular bezala hasi nintzen zerbitzatzen kartzelan».

GERTURATU ZURE JAINKO MAITEKORRARENGANA

19. a) Nolakoak izango dira gure otoitzak Jehobak maite gaituela gogoan badugu? b) Zer da Jehobaren maitasunetik gehien hunkitzen zaituena? (Ikusi « Jehobaren maitasun goxoa sentitzen laguntzen diguten aipuak» taula)

19 Aztertu ditugun bizipen guztiek Jehoba, «maitasunaren […] Jainkoa», gurekin dagoela frogatzen dute (2 Ko. 13:11). Bera gutako bakoitzaz arduratzen da, eta ziur gaude «Bere maitasun leialak inguratzen» gaituela (Sal. 32:10, NWT). Bere maitasuna guri erakutsi digun moduetan zenbat eta gehiago hausnartu, orduan eta errealagoa izango da guretzat eta berarengandik gertuago sentituko gara. Askatasun osoz hitz egin dezakegu berarekin, eta bere maitasuna zenbat behar dugun adierazi ahal diogu. Gure kezka guztiak kontatu ahal dizkiogu, ulertzen gaituen eta gu laguntzeko irrikan dagoen konfiantza izanez (Sal. 145:18, 19).

20. Nola gerturatzen gaitu gehiago Jehobarengana bere maitasunak?

20 Egun hotz batean sutondoan goxo-goxo egon nahi dugun moduan, Jehobaren maitasunak erakartzen gaitu. Jehobaren maitasuna boteretsua den arren, goxoa ere bada. Zein pozik egon gaitezkeen Jehobak maite gaituela jakiteaz! Beraz, honela erantzun dezagun denok: «Jehoba maite dut»! (Sal. 116:1, NWT).

ZER ERANTZUNGO ZENUKE?

  • Nola deskribatuko zenuke Jehobaren maitasuna?

  • Zergatik egon zaitezke ziur Jehobak asko maite zaituela?

  • Nola sentiarazten dizu Jehobak maite zaituela jakiteak?

sn 18. KANTA Jainkoaren maitasun leiala

a The Interpretation of St. Paul’s Epistle to the Romans, R. Lenski.

b Izen batzuk aldatuak izan dira.