Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

3. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 124. KANTA Beti leial izan

Jehobak garai zailetan lagunduko zaitu

Jehobak garai zailetan lagunduko zaitu

«[Jehoba] da zure garaien egonkortasuna» (ISA. 33:6, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Garai zailetan Jehobaren laguntza jasotzeko egin dezakeguna.

1, 2. Zer zailtasun izan ditzakete Jehobaren zerbitzari leialek?

 ZORIGAITZ baten ondorioz, gure bizitza egun batetik bestera zeharo aldatu daiteke. Adibidez, Luis a izeneko anaia leial bati minbizi mota arraro bat diagnostikatu zioten. Medikuak hilabete gutxi batzuk bakarrik geratzen zitzaizkiola esan zion. Monika eta bere senarra jarduera espiritualetan murgilduta zeuden. Baina behin, bere senarrak, adinduna zenak, ezkutuan bekatu egiten urte asko zeramatzala enteratu zen Monika. Olivia izeneko arreba ezkongabe batek, urakan baten eraginez, bere etxetik alde egin behar izan zuen. Bueltatu zenean, urakanak bere etxea erabat suntsitu zuela ikusi zuen. Luis, Monika eta Oliviaren bizitzak bat-batean hankaz gora jarri ziren. Eta zuk? Sufritu al duzu egun batetik bestera zure bizitza guztiz aldatu duen zorigaitzen bat?

2 Jehobaren zerbitzari leialok, beste guztiek bezala, zailtasunak eta gaixotasunak sufritzen ditugu. Gainera, Jainkoaren herria gorroto dutenengandik oposizioa eta pertsekuzioa jasan dezakegu. Jehobak zailtasun hauetatik babesten ez gaituen arren, lagunduko gaituela promesten digu (Is. 41:10). Bere laguntzarekin, egoera zailenetan ere, poztasuna mantendu dezakegu, erabaki onak hartu ditzakegu eta berari leial izan gaitezke. Artikulu honetan, gure bizitzako egoera zailen aurrean Jehobak gu laguntzeko dituen lau modu aztertuko ditugu. Bestalde, bere laguntza jasotzeko zer egin behar dugun ere ikusiko dugu.

JEHOBAK ZAINDUKO ZAITU

3. Zer zailtasun izan ditzakegu zorigaitz baten aurrean?

3 Zailtasuna. Zorigaitz bat gertatzen zaigunean, zaila izan daiteke argi pentsatzea eta erabakiak hartzea. Zergatik? Oso minduta edo antsietatearen erruz itota sentitu gaitezkeelako. Ilunpetan noraezean goazenean bezala, galduta sentitu gaitezke, zer erabaki hartu behar dugun jakin gabe. Ikus dezagun nola sentitu ziren aurretik aipatutako bi arrebak euren zailtasunen aurrean. Oliviak dio: «Urakanak nire etxea suntsitu ondoren, galduta eta guztiz itota sentitu nintzen». Honakoa dio Monikak bere senarraren traizioaren inguruan: «Dezepzioa baino gehiago sentitu nuen. Bihotza txiki-txiki eginda neukan. Ez nintzen eguneroko gauza sinpleak egiteko gai. Ez nuen uste hau niri gertatuko zitzaidanik». Nola promesten digu Jehobak lagunduko gaituela itota sentitzen garenean?

4.Filipoarrei 4:6, 7​aren arabera, zer promestu digu Jehobak?

4 Nola lagunduko gaitu Jehobak? Bibliaren arabera, Jehobak bere bakea emango digula promestu digu (Irakurri Filipoarrei 4:6, 7). Bake hau Jehobaren lagun onak izateagatik sentitzen dugun barneko lasaitasuna da. Gainera, «pentsa dezakeguna baino handiagoa» da, hau da, guk imajinatu dezakeguna baino zoragarriagoa. Sentitu al duzu inoiz lasaitasun handia Jehobari sutsuki otoitz egin ondoren? Sentitu duzun hori da «Jainkoaren bakea».

5. Nola zaintzen ditu Jainkoaren bakeak gure gogo-bihotzak?

5 Filipoarrei 4:6, 7​aren arabera, Jainkoaren bakeak gure «gogo-bihotzak» babestuko ditu, hau da, «zainduko ditu». «Zaindu» bezala itzulitako jatorrizko hitza esamolde militar bat da. Hiria erasoetatik babesten zuten soldaduei buruz hitz egiteko erabiltzen zen. Soldaduak hiriko ateak babesten ari zirela jakinda, hiritarrek lasai eta patxadaz lo egin zezaketen. Era berean, Jainkoaren bakeak gure gogo-bihotzak zaintzen dituenean lasai sentitzen gara, babesturik gaudela dakigulako (Sal. 4:9 [4:8, NWT]). Anaren kasuan bezala, gure egoera segituan aldatzen ez bada ere, bake neurri bat sentitzen jarraitu dezakegu (1 Sam. 1:16-18). Eta lasai sentitzen garenean, errazagoa da argi pentsatzea eta erabaki onak hartzea.

Otoiz egiten jarraitu «Jainkoaren bakeak» zure gogo-bihotzak babestu arte (Ikusi 4-6 paragrafoak)


6. Zer egin dezakegu Jainkoaren bakea jasotzeko? (Ikusi irudia ere)

6 Zer egin behar dugu guk? Zailtasunek inguratzen gaituztenean, Jehobaren babesa bilatu behar dugu. Nola? Jainkoaren bakea sentitzen dugun arte otoitz egiten jarraituz (Luk. 11:9, NWT; 1 Tes. 5:17). Aurretik aipatutako Luisi hilabete gutxi batzuk besterik ez zitzaizkiola geratzen esan ziotenean, berak eta bere emazte Anak egoera honi nola aurre egin zioten azaldu zuten. Luisek honakoa esan zuen: «Hau bezalako egoera baten aurrean, oso-oso zaila da osasuna eta beste gauzekin lotutako erabakiak hartzea. Horregatik, otoitza ezinbestekoa izan da prozesu honetan zehar bakea izateko». Luisek eta bere emazteak esan zuten moduan, sutsuki eta etengabe egin zuten otoitz. Jehobari barne bakea, lasaitasuna eta erabaki onak hartzeko jakinduria eskatzen zioten. Beraiek Jehobaren laguntza jaso zutela sentitu zuten. Eta zuk? Zer egin dezakezu egoera zail batek estutzen bazaitu? Etengabe otoitz egin Jehobari. Horrela, bere bakeak zure gogo-bihotzak zaintzen dituela sentituko duzu (Erm. 12:12).

JEHOBAK EGONKORTUKO ZAITU

7. Zer sentitu dezakegu proba latz baten erdian gaudenean?

7 Zailtasuna. Proba latz baten erdian gaudenean, baliteke gure sentimendu, pentsamendu eta erreakzioak normalean ditugunak bezain orekatsuak ez izatea. Emozio batetik bestera gogorki astinduak izaten ari garela sentitu dezakegu. Lehen aipatutako Anak Luisen heriotzaren ondoren hainbat eta hainbat emozio ezberdin sentitzen zituela onartu zuen. Berak esan zuen: «Hutsik sentitzen nintzenean, neure buruaz lastima sentitzen hasten nintzen. Gainera, bera ez egoteagatik haserretu egiten nintzen». Bestalde, lehen Luisek hain ongi betetzen zituen zereginez arduratu behar zen orain Ana. Ondorioz, frustratuta eta bakarrik sentitzen zen. Batzuetan, itsasoan ekaitz baten erdian zegoela sentitzen zuen. Nola laguntzen gaitu Jehobak hauek bezalako emozioak gu itotzen hasten direnean?

8.Isaias 33:6 (NWT) aipuaren arabera, zer ziurtatzen digu Jehobak?

8 Nola lagunduko gaitu Jehobak? Berak egonkortuko gaituela ziurtatzen digu (Irakurri Isaias 33:6, NWT b). Ekaitz baten erdian, itsasontzi bat bortizki astindua izan daiteke. Mugimendu hauei kontra egiteko, itsasontzi askok egonkorgailuak izaten dituzte. Gailu hauek itsasontziaren ezker-eskuinean, ur azpian, kokatuta daude, eta astinduak asko leundu ditzakete. Horrela, bidaiariak seguruago joan daitezke eta bidaia eramangarriagoa egin ahal zaie. Hala ere, egonkortze sistema askok itsasontzia aurrera mugitzen ari denean hobeto funtzionatzen dute. Era berean, Jehobak egonkortu egingo gaitu probaldietan bera leialki zerbitzatzen jarraitzen badugu.

Egonkortasuna lortu ikerketa tresnen laguntzarekin (Ikusi 8 eta 9 paragrafoak)


9. Nola lagundu gaitzakete ikerketa tresnek oreka mantentzen? (Ikusi irudia ere)

9 Zer egin behar dugu guk? Emozio mingarriek itotzen zaituztenean, ahal duzun guztia egin zure errutina espirituala mantentzeko. Noski, beharbada, ezingo duzu lehen bezainbeste egin, baina gogoratu Jehoba arrazoitsua dela (Konparatu Lukas 21:1-4). Ikasketa pertsonala egiteko eta hausnartzeko denbora hartu. Izan ere, bere erakundearen bitartez, Jehobak gure oreka mantentzen laguntzen digun janari espiritual bikaina ematen digu. Behar duzuna bilatzeko, JW Library® aplikazioa, Índice de las publicaciones Watch Tower eta Guía de estudio para los testigos de Jehová c bezalako ikerketa tresnak erabili ditzakezu. Lehen aipatutako Monikak, emozio mingarriak sentitzen hasten zen bakoitzean, aholku bila ikerketa tresnetara jotzen zuela dio. Adibidez, «haserre» hitza bilatzen zuen, eta beste batzuetan «traizio» edo «leialtasun» hitzak. Ondoren, hobeto sentitu arte, irakurtzen egoten zen. Berak dio: «Ikerketa egiten hasten nintzenean, antsietatez beteta egoten nintzen. Baina irakurtzen jarraitu ahala, Jehobak besarkada handi bat ematen ari zitzaidala sentitzen nuen. Irakurtzen nindoan heinean, Jehobak nire sentimendu guztiak ulertzen zituela eta niri laguntzen ari zitzaidala konturatu nintzen». Jehobaren laguntza honek zuri ere egoera baretu arte oreka mantentzen lagundu ahal dizu (Sal. 119:143, 144).

JEHOBAK EUTSIKO DIZU

10. Nola sentitu gaitezke egoera traumatiko bat sufritu ondoren?

10 Zailtasuna. Egoera traumatiko bat sufritu ondoren, batzuetan fisikoki eta emozionalki ahul sentitu gaitezke. Lehen korrika azkar egiten zuen baina orain herrenka doan atleta lesionatu bat bezala sentitu gaitezke. Agian lehen gauza batzuk erraz egiten genituen, baina orain hauek betetzea zaila egiten zaigu. Edo, beharbada, lehen gauza batzuk gustura egiten genituen, baina orain hauek egiteko motibazio handirik ez dugu. Eliasen antzera, ohetik jaikitzea zailegia dela eta lo besterik egin nahi ez dugula sentitu dezakegu (1 Err. 19:5-7). Zer promesten digu Jehobak egingo duela ahul sentitzen garenean?

11.94. Salmoa 18​aren arabera, zer egingo du Jehobak gure alde?

11 Nola lagunduko gaitu Jehobak? Eutsiko digula promesten digu (Irakurri 94. Salmoa 18). Lesionatutako atleta batek laguntza behar du mugitu ahal izateko. Era berean, guk ere laguntza beharko dugu Jehobaren zerbitzuan lanean jarraitzeko. Momentu horietan, Jehobak honakoa ziurtatzen digu: «Nik, Jaunak, zeure Jainkoak, eskutik heltzen baitizut eta esaten: “Ez beldurtu, neuk laguntzen dizut!”» (Is. 41:13). Dabid erregeak laguntza hori sentitu zuen bere bizitzan. Zailtasunei eta etsaiei aurre egitean, honakoa esan zion Jehobari: «Zure eskuak eutsi dit» (Sal. 18:36 [18:35, NWT]). Baina zein modutan eusten digu Jehobak?

Onartu senideen, lagunen eta adindunen laguntza (Ikusi 11-13 paragrafoak)


12. Nortzuk erabili ditzake Jehobak gu laguntzeko ahul sentitzen garenean?

12 Askotan, Jehobak guri eusteko besteak erabiltzen ditu, gu laguntzera motibatuz. Adibidez, Dabid ahul sentitu zen batean, bere lagun Jonatanek bisitatu zuen sendotu eta animatzeko (1 Sam. 23:16, 17). Antzera, Jehobak Eliseo aukeratu zuen Eliasi laguntza praktikoa emateko (1 Err. 19:16, 21; 2 Err. 2:2). Gaur egun ere, Jehobak gure senideak, lagunak edo adindunak erabili ditzake guri eusteko. Hala ere, deprimituta gaudenean besteengandik isolatzeko joera izan dezakegu. Izan ere, normala da bakarrik egon nahi izatea. Baina zer egin dezakegu Jehobak guri eusteko?

13. Zer egin behar dugu Jehobak guri eusteko? (Ikusi irudia ere)

13 Zer egin behar dugu guk? Gogor saiatu zeure burua ez isolatzen. Geure burua isolatzen dugunean, askotan gure ikuspuntua mugatzen dugu, eta geure buruan eta ditugun arazoetan bakarrik pentsatzen hasten gara. Pentsaera honek hartzen ditugun erabakietan izan dezake eragina (Esa. 18:1, NWT). Noski, denok behar ditugu bakarrik egoteko momentuak, bereziki egoera tragikoak sufritzen ari garenean. Hala ere, denbora luzez geure burua isolatuko bagenu, Jehoba guri eusteko erabiltzen ari den laguntza baztertzen ariko ginateke agian. Beraz, zaila izan daitekeen arren, onartu senideen, lagunen eta adindunen laguntza. Gogoan izan Jehobak zuri eusteko erabiltzen dituela (Esa. 17:17; Is. 32:1, 2).

JEHOBAK KONTSOLATUKO ZAITU

14. Zer egoeren aurrean izan gaitezke beldur?

14 Zailtasuna. Baliteke egoera batzuetan beldurra izatea. Biblian, etsai edo presioen erruz larrituta eta ikaratuta sentitu ziren Jainkoaren zerbitzari leial batzuei buruz hitz egiten da (Sal. 18:5 [18:4, NWT]; 55:2, 6 [55:1, 5, NWT]). Antzera, guk ere eskolan, lanean, familiarengandik edo agintariengandik oposizioa jasan dezakegu. Edo beharbada osasun arazo baten erruz hilko garen beldur izan gaitezke. Egoera horietan, babesgabe sentitu gaitezke, haurtxo txiki bat bezala. Nola laguntzen gaitu Jehobak hauek bezalako egoeratan?

15. Zer ziurtatzen digu 94. Salmoa 19​ak?

15 Nola lagunduko gaitu Jehobak? Berak kontsolatzen gaitu (Irakurri 94. Salmoa 19). Salmo hau irakurtzean, agian ekaitz bortitz batengatik ikaratuta eta lorik egin ezin duen neskatxa bat etortzen zaigu burura. Imajinatu dezakegu aita bere alabatxoarengana joaten, besoetan hartzen eta lokartu arte bere ondoan eusten. Ekaitzak oraindik gogor jo arren, bere aitaren besoetan seguru sentitzen da. Gure kasuan ere, zailtasunen aurrean gaudenean, gure zeruko Aitak guri eustea beharko dugu lasaiago sentitu arte. Zer egin dezakegu Jehobaren kontsolamendua jasotzeko?

Utzi zure zeruko Aitak Bibliaren bidez kontsolatu zaitzan (Ikusi 15 eta 16 paragrafoak)


16. Zer egin dezakegu Jehobaren kontsolamendua jasotzeko? (Ikusi irudia ere)

16 Zer egin behar dugu guk? Pasa denbora erregularki Jehobarekin, berari otoitz eginez eta bere Hitza irakurriz (Sal. 77:2, 13-15 [77:1, 12-14, NWT]). Horrela, estresa sentitzen duzunean, egingo duzun lehenengo gauza, seguruenik, zure zeruko Aitarengana jotzea izango da. Kontatu Jehobari zer beldur eta kezka dituzun. Ondoren, entzun bere erantzuna Biblia irakurriz, eta ikusi nola kontsolatzen zaituen (Sal. 119:28). Bibliako pasarte zehatz batzuk bereziki kontsolagarriak izan daitezke beldur zarenean. Adibidez, Job, Salmoak eta Esaera Zaharrak liburuak oso animagarriak izan daitezke, baita Mateo 6. kapituluko Jesusen hitzak ere. Jehobari otoitz egin eta Biblia irakurri ahala, bere kontsolamendua sentituko duzu.

17. Zertaz egon gaitezke ziur?

17 Ziur egon gaitezke gure bizitzako garai ilunetan Jehoba hortxe egongo dela, gure ondoan. Ez gara inoiz bakarrik egongo (Sal. 23:4; 94:14). Jehobak babestu, egonkortu, eutsi eta kontsolatuko gaituela promesten digu. Jehobari buruz hitz eginez, Isaias 26:3 (NWT) aipuak dio: «Zuregan guztiz sostengatzen direnak babestuko dituzu, amaigabea den bakea emango diezu, zuregan baitute konfiantza». Beraz, izan konfiantza Jehobarengan, eta probetxua atera berak gu laguntzeko erabiltzen dituen moduei. Hala egiten baduzu, garai zailetan ere indarrak berreskuratuko dituzu.

ZER ERANTZUNGO ZENUKE?

  • Noiz bereziki beharko dugu agian Jehobaren laguntza?

  • Zein lau modutan laguntzen gaitu Jehobak garai zailen aurrean gaudenean?

  • Zer egin dezakegu Jehobaren laguntza jasotzeko?

sjj 12. KANTA Gorena zara Jehoba

a Izen batzuk aldatuak izan dira.

b Isaias 33:6, NWT: «Bera da zure garaien egonkortasuna; salbamen handia, jakinduria, ezagutza eta Jehobari errespetu handia izatea, hori da bere altxorra».

c Index des publications des Témoins de Jéhovah eta Guide de recherche pour les Témoins de Jéhovah.