Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

2. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sn 8. KANTA Jaunaren azken afaria

Prest al zaude urteko egunik inportanteenerako?

Prest al zaude urteko egunik inportanteenerako?

«Jarraitu hau egiten nire oroigarri» (LUK. 22:19, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Azter dezagun zergatik den Oroitzapena hain berezia, nola prestatu dezakegun geure burua egun horretarako eta nola lagundu ditzakegun besteak ekitaldi horretan egon daitezen.

1. Zergatik da Oroitzapena urteko egunik inportanteena? (Lukas 22:19, 20, NWT)

 JEHOBAREN zerbitzariontzat Jesu Kristoren heriotzaren Oroitzapena da urteko egunik inportanteena. Hau da Jesusek bere dizipuluei ospatzeko zehazki agindu zien egun bakarra (Irakurri Lukas 22:19, 20, NWT a). Oroitzapena itxaroteko hainbat arrazoi ditugu. Azter ditzagun hauetako batzuk.

2. Zeintzuk dira Oroitzapena irrikaz itxaroteko arrazoi batzuk?

2 Oroitzapenak erreskatearen balioan hausnartzen laguntzen digu. Gainera, Jesusen sakrifizioarengatik esker ona adierazteko moduak gogorarazten dizkigu (2 Ko. 5:14, 15). Bestalde, anai-arrebok «elkar adoretzeko», edo animatzeko, aukeraz gozatzen dugu (Erm 1:12). Urtero, inaktibo batzuk Oroitzapenean egoten dira. Hauetako batzuk, jasotako ongietorria dela eta, Jehobarengana itzultzea erabaki dute. Interesa erakusten duten pertsona asko ere, bertan ikusi eta entzundakoagatik harriturik, Biblia aztertzen hasten dira. Dudarik gabe, Oroitzapena oso-oso berezia da guretzat!

3. Nola elkartzen du anaiarte osoa Oroitzapenak? (Ikusi irudia ere)

3 Oroitzapeneko egunean, munduan zehar anaiarte osoa elkartuta egongo da. Hau Oroitzapena irrikaz itxaroteko beste arrazoi bat da. Jehobaren lekuko guztiok ilunabarra iritsi ahala elkartzen gara Oroitzapenerako. Denok erreskatearen garrantzia azpimarratzen duen hitzaldi bat entzuten dugu. Bi gorespen kanta abestu, ikurrak pasa eta bihotz-bihotzez «amen» esaten dugu egiten diren lau otoitzetan. 24 ordu ingurutan, kongregazio guztiek prozedura bera jarraitzen dute. Imajinatu al dezakezu zein pozik sentituko diren Jehoba eta Jesus gu guztiok elkarturik modu honetan ohoratzen ditugula ikusten dutenean?

Oroitzapenak mundu osoko anaiarte guztia elkartzen du (Ikusi 3. paragrafoa) i


4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Artikulu honetan, hurrengo galderak aztertuko ditugu: Nola prestatu dezakegu geure bihotza Oroitzapenerako? Nola lagundu ahal diegu besteei ekitaldi honetatik probetxua ateratzen? Eta, nola lagundu ditzakegu inaktiboak direnak? Galdera hauen erantzunek hain inportantea den egun honetarako prest egoten lagunduko digute.

NOLA PRESTATU DEZAKEGU GEURE BIHOTZA OROITZAPENERAKO?

5. a) Zergatik hausnartu beharko genuke erreskatearen balioan? (49. Salmoa 8, 9 [49:7, 8, NWT]) b) Zer ikasten dugu Zergatik hil zen Jesus? bideotik?

5 Oroitzapenerako geure bihotza prestatzeko modu garrantzitsuenetariko bat Jesusen sakrifizioaren balioan hausnartzea da. Gure kabuz ezingo genuke geure burua bekatu eta heriotzatik inoiz askatu (Irakurri 49. Salmoa 8, 9 [49:7, 8, NWT]; ikusi Zergatik hil zen Jesus? bideoa ere b). Beraz, Jehobak bere seme Jesusen bizia eman zuen gu salbatzeko. Biek, bai Jehobak bai Jesusek, prezio oso altua ordaindu zuten (Erm. 6:23). Jehobak eta Jesusek egin duten sakrifizioan zenbat eta gehiago hausnartu, orduan eta gehiago estimatuko dugu erreskatea. Jehoba eta Jesus gure alde gauza asko egiteko prest egon dira. Artikulu honetan, gauza hauetako gutxi batzuk bakarrik aztertuko ditugu. Baina, lehenik, zer dago erreskatearen barne?

6. Zer dago erreskatearen barne?

6 Erreskatea zerbait berreskuratzeko ordaintzen den prezioa da. Lehen gizona, Adam, perfektua zen Jehobak sortu zuenean. Baina bekatu egitean, bai berak, baita bere seme-alabek ere, betirako bizitzeko aukera galdu zuten. Adamek galdutakoa berreskuratzeko, Jesusek bere bizi perfektua eskaini zuen sakrifizio moduan. Lurrean egon zenean, Jesusek «ez zuen bekaturik egin, ez zen haren ahoan maltzurkeriarik» egon (1 Ped. 2:22). Beraz, Jesus hil zenean, bere bizi perfektua Adamek galdutakoaren baliokide zehatza izan zen (1 Ko. 15:45; 1 Tim. 2:6).

7. Zer proba latz jasan zituen Jesusek lurrean egon zenean?

7 Lurrean egon zenean, Jesusek hainbat eta hainbat proba latz jasan arren, Jehobari gauza guztietan obeditu zion. Adibidez, Jesus haur perfektua izan zen eta bere gurasoak, aldiz, inperfektuak ziren. Hala ere, obeditu egin zien (Luk. 2:51). Gaztetan, batzuek agian gurasoei desobeditzeko eta Jehobari desleial izateko presionatu zuten Jesus. Heldu izatera iritsi zenean, Satanasen tentazioen aurrean tinko mantendu behar izan zen, Jehobari desleial izateko eraso zuzenak ere jasoz (Mat. 4:1-11). Satanasen determinazioa Jesusek nola edo hala bekatu egitea zen. Izan ere, Satanasek hau lortzen bazuen, Jesusek ezin izango zuen erreskatea ordaindu.

8. Zer beste proben aurrean iraun zuen Jesusek?

8 Jesusek beste proba batzuen aurrean ere iraun zuen. Pertsekuzioa jasateaz gain, bera hiltzen saiatu ziren (Luk. 4:28, 29; 13:31). Bere dizipulu inperfektuen akatsekin batera bizi behar izan zuen (Mar. 9:33, 34). Gainera, salatu zutenean, torturatu eta bere kontura barre egin zuten. Ondoren, kriminal bat izango balitz bezala exekutatu zuten sekulako min fisikoa eraginez (Heb. 12:1-3). Tortura zutoinean zegoela, sufrimendu handia jasan behar izan zuen bere kabuz, Jehobaren babesik gabe c (Mat. 27:46).

9. Zer sentitzen dugu Jesusen sakrifizioan pentsatzen dugunean? (1 Pedro 1:8)

9 Dudarik gabe, Jesusek asko sufritu zuen erreskatea emateko. Gure alde sakrifikatzeko prest egon zen. Honetan pentsatzen dugunean, ez al dugu bera bihotz-bihotzez maitatzen? (Irakurri 1 Pedro 1:8).

10. Zer prezio ordaindu zuen Jehobak erreskatearengatik?

10 Zer esan dezakegu Jehobari buruz? Jesusek erreskatea ordaindu ahal izateko, zer sakrifikatzeko prest egon zen Bera? Gogoan izan Jehoba eta Jesusek aita eta seme batek izan dezaketen harremanik estuena dutela (Esa. 8:30). Beraz, pentsatu nola sentituko zen Jehoba Jesus horrenbeste proba jasaten ari zela ikustean. Zalantzarik gabe, Jehobak izugarrizko mina sentitu zuen bere Semea tratu txarrak jasotzen, ukatua izaten eta hainbeste sufritzen ari zela ikustean.

11. Nola sentituko zen Jehoba Jesus exekutatua izan zenean? Jarri adibide bat.

11 Seme edo alaba bat heriotzean galdu duen guraso batek ondo daki horrelako galera batek dakarren bihozmina. Egia da berpizkundean fede sendoa dugula, baina horrek ez du sentitzen dugun mina ezabatzen. Adibide honek Jehobak 33. urteko Nisanaren 14​ko egun hartan bere seme kuttuna sufritzean eta hil zela ikustean sentituko zuen mina ulertzen laguntzen digu d (Mat. 3:17).

12. Zer egin dezakegu Oroitzapen eguna heldu aurretik?

12 Oroitzapen eguna heldu aurretik, zergatik ez duzu ikasketa pertsonalean edo familia adorazioan erreskateari buruz gehiago jakiteko proiektu bat antolatzen? Guía de estudio para los testigos de Jehová e edo Biblia ikertzeko beste laguntza batzuk erabili ditzakezu gai honen inguruan gehiago sakontzeko. f Gainera, Kristauon zerbitzu eta bizimodua lan-koadernoan agertzen den Oroitzapenerako Biblia irakurketa programa jarraitzen duzula ziurtatu. Eta Oroitzapen egunean bertan, ez ahaztu goizeko adorazioko programa berezia ikusteaz. Gure bihotza Oroitzapenerako prestatzen dugunean, besteei ekitaldi honetatik etekina ateratzen lagundu ahal izango diegu (Esd. 7:10).

LAGUNDU BESTEEI PROBETXUA ATERATZEN

13. Zein da besteei Oroitzapenetik probetxua ateratzen laguntzeko lehen urratsa?

13 Zer egin dezakegu besteei Oroitzapenetik probetxua ateratzen laguntzeko? Lehenengo urratsa, noski, beraiek gonbidatzea da. Predikazioan aurkitzen ditugun pertsonez gain, gonbidatu nahi ditugun ezagunengan ere pentsatu dezakegu. Hauen artean gure familiakide, lankide, eskolakide edo beste batzuk egon daitezke. Bestalde, gonbidapenik gabe geratzen bagara, formatu elektronikoaren esteka partekatu dezakegu. Nork daki zenbat etorriko diren! (Ekl. [Koh.]. 11:6).

14. Zer eragin dute gonbidapenek? Jarri adibide bat.

14 Ez dezagun inoiz gutxietsi gonbidapen bat ematearen eragina. Behin, arreba bat harrituta gelditu zen Lekukoa ez den bere senarrak Oroitzapenean egongo zela esan zionean. Zergatik harritu zen arreba? Joatera askotan animatu zuen arren, senarra ez zelako inoiz joan. Zer gertatu zen oraingoan ba? Ezagutzen zuen inguruko adindun batek paperezko gonbidapen bat eman ziola esan zuen senarrak. Urte hartan Oroitzapenean egon zen, eta urtetan joaten jarraitu zuen.

15. Zer izan nahi dugu gogoan norbait Oroitzapenera gonbidatzen dugunean?

15 Gogoan izan norbait Oroitzapenera gonbidatzen dugunean, ziurrenik galderak izango dituela, bereziki ez bada gure bilera batean inoiz egon. Beraz, egin ditzakeen galderetan aurretik pentsatu, eta hauei nola erantzun prestatu dezakegu (Kol. 4:6). Adibidez, norbaitek honakoa galdetu dezake: «Zer egingo da ekitaldi horretan? Zenbat iraungo du? Jantzi berezirik eraman behar al da? Sarrerarik ordaindu behar al dut? Egiten al dira diru bilketak?». Norbait Oroitzapenera gonbidatzen dugunean, honakoa esan ahal diogu: «Ba al duzu galderaren bat?». Ondoren, bere zalantzei erantzun ahal diegu. Oroitu Jesusen heriotza eta Zer egiten da Jehobaren lekukoen bilera-aretoetan? bideoak ere erabili ditzakegu gure bilerak nolakoak diren azaltzeko. Horretaz gain, Gozatu bizitzaz betirako! liburuko 28. ikasgaian agertzen diren ideia batzuk oso erabilgarriak izan daitezke.

16. Zer beste galdera egin ditzakete Oroitzapenean egon direnek?

16 Oroitzapenean egon ondoren, interesa erakutsi dutenek beharbada galdera gehiago izango dituzte, adibidez: «Zergatik ez du inork ogirik jan ezta ardorik edan ere? Edo, zergatik jan eta edan dute gutxi batzuek bakarrik?». Oroitzapena zenbatetan ospatzen dugun edo Jehobaren lekukoen bilera guztiak modu berean egiten diren ere galdetu ahal digute. Horrelako galdera asko Oroitzapenaren hitzaldian erantzuten diren arren, etorri berriek beharbada azalpen gehiago beharko dituzte. JW.ORG webguneko «Zergatik ez dute Jehobaren lekukoek Jaunaren afaria beste erlijioek bezala ospatzen?» artikuluak hauetako galdera batzuk erantzuten lagundu gaitzake. Oroitzapenaren aurretik, egunean bertan eta ondoren ahal dugun guztia egin nahi dugu «jarrera egokia» dutenei Oroitzapenari probetxurik handiena ateratzen laguntzeko (Eg. 13:48).

LAGUNDU INAKTIBOEI

17. Nola lagundu ahal diete adindunek inaktiboei? (Ezekiel 34:12, 16)

17 Adinduna bazara, nola lagundu ahal diezu inaktiboei Oroitzapen garaian? Beraiez arduratzen zarela erakutsiz (Irakurri Ezekiel 34:12, 16). Oroitzapen egunaren aurretik, ahal duzun guztiekin kontaktuan jartzeaz ziurtatu. Esaiezu gogoan dituzula eta edozertan laguntzeko prest zaudela. Oroitzapenean egotera gonbidatu eta etortzen badira ongietorri bero bat eman. Oroitzapenaren ondoren, anai-arreba maite hauekin kontaktuan mantendu, eta Jehobarengana itzultzeko behar duten edozein laguntza espiritual eman (1 Ped. 2:25).

18. Nola lagundu ahal diegu guztiok inaktiboei? (Erromatarrei 12:10, NWT)

18 Guztiok lagundu ahal diegu Oroitzapenean egon diren inaktiboei. Nola? Maitasuna eta errespetua erakutsiz, eta beraiekin atseginak izanez (Irakurri Erromatarrei 12:10, NWT g). Gogoratu ardi kuttun hauei agian zaila egin zaiela bilera honetara etortzea. Beharbada ez zirela ongietorriak izango pentsatuko zuten. h Beraz, ez ditzagun lotsarazi ditzaketen galderarik edo mindu ditzaketen komentariorik egin (1 Tes. 5:11, NWT). Gure anai-arreba maiteak dira, eta oso pozik gaude berriro ere beraiekin batera Jehoba adoratzeaz! (Sal. 119:176; Eg. 20:35).

19. Zer probetxu ateratzen dugu Jesusen heriotza gogoratzean?

19 Jesusek bere heriotza urtero oroitzea eskatu zigun. Oso eskerturik gaude hau egiteaz eta honen garrantzia ulertzeaz. Oroitzapenean egotean, bai guk, baita besteek ere, hainbat modutan ateratzen dugu probetxua (Is. 48:17, 18). Jehoba eta Jesusi diegun maitasuna handitu egiten da. Gure alde egin dutena zenbat estimatzen dugun erakusten dugu. Anai-arrebekin dugun harremana sendotu egiten da. Eta besteei erreskateak ekartzen dituen bedeinkapenez gozatzeko aukera zabaltzen diegu. Beraz, egin dezagun ahal dugun guztia Oroitzapenerako, urteko egunik inportanteenerako, prest egoteko!

NOLA ...

  • prestatu dezakegu geure bihotza Oroitzapenerako?

  • lagundu ahal diegu besteei Oroitzapenari probetxua ateratzen?

  • lagundu ahal diegu inaktiboei?

sjj 18. KANTA Eskaintzarengatik esker ona

a Lukas 22:19, 20, NWT: «Gero, ogi bat hartu, eskerrak eman, zatitu eta beraiei eman zien. Honakoa esan zien: “Honek nire gorputza irudikatzen du, zuen alde emango dena. Jarraitu hau egiten nire oroigarri”. Gainera, afaldu ondoren, berdina egin zuen koparekin. Honakoa esan zien: “Kopa honek itun berria irudikatzen du. Hau nire odolari esker ezarriko da, zuen alde isurtzen denean”».

b Erabili jw.org-ko bilatzailea artikulu honetan aipatutako artikulu eta bideoak topatzeko.

c Ikusi «Irakurleen galderak» artikulua, aldizkari honetako 2021​eko apirileko alean.

d Ikusi Acerquémonos a Jehová (Approchez-vous de Jéhovah) liburua, 23. kap. 8-9 para.

e Guide de recherche pour les Témoins de Jéhovah

f Ikusi « Ikerketa egiteko ideiak» taula.

g Erromatarrei 12:10, NWT: «Senitarteko maitasunaz, maita ezazue elkar goxotasunez. Aurrea hartu batak besteari ohorea erakustean».

h Ikusi irudiak eta « Nola erantzun zuen kongregazioak?» taula. Anaia inaktibo batek bilera aretora sartzeko zalantzak ditu. Hala ere, sartu egiten da. Bertan, ongietorri bero bat ematen diote eta anaiarteaz gozatzen du.

i IRUDIAREN AZALPENA: Munduko alde batean anai-arrebak Oroitzapenean dauden bitartean, beste alde batean Oroitzapenerako prestaketak egiten ari dira.