Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

1. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 2. KANTA Jehoba da zure izena

Eman aintza Jehobari

Eman aintza Jehobari

2025EKO URTEKO AIPUA: «Eman Jehobari bere izenak merezi duen aintza» (SAL. 96:8, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Jehobak merezi duen aintza nola eman ahal diogun ikasiko dugu.

1. Zertan jartzen du arreta jende askok gaur egun?

 KONTURATU al zara gaur egun jendeak batez ere norberarengan pentsatzen duela? Adibidez, batzuek sare sozialak erabiltzen dituzte arreta bereganatzeko eta euren lorpenak handikeriaz erakusteko. Baina gutxi batzuk dira gaur egun aintza Jehobari ematen diotenak. Artikulu honetan, Jehobari aintza emateak zer esan nahi duen aztertuko dugu, baita hori egitera zerk motibatu ahal gaituen ere. Horretaz gain, Jehobak merezi duen aintza nola eman ahal diogun eta etorkizunean berak bere izenari aintza nola emango dion ere ikusiko dugu.

ZER ESAN NAHI DU JEHOBARI AINTZA EMATEAK?

2. Nola erakutsi zuen Jehobak bere aintza Sinai mendian? (Ikusi irudia ere)

2 Zer da aintza? Biblian, «aintza» hitzak norbaiti ospea ematen dion edozer gauzari egin ahal dio erreferentzia. Jehobak israeldarrak Egiptotik askatu eta gutxira, bere aintza paregabea erakutsi zien. Irudikatu hurrengoa: milioika israeldar Sinai mendian elkartuta Jehobak esango ziena entzuteko. Laino ilun batek mendia estaltzen du. Bat-batean, lurrikara ikaragarri batek —itxuraz, aktibitate bolkanikoarekin batera— lurra astintzen du, tximistak, trumoiak eta turuta hots ozen bat entzuten diren bitartean (Irt. 19:16-18; 24:17; Sal. 68:9 [68:8, NWT]). Imajinatu zein liluratuta geratuko ziren israeldarrak Jehobak bere aintza modu boteretsu horretan erakutsi zienean!

Jehobak bere aintza modu boteretsuan erakutsi zien israeldarrei Sinai mendian (Ikusi 2. paragrafoa)


3. Nola eman ahal diogu aintza Jehobari?

3 Eta guk, eman ahal diogu aintza Jehobari? Bai, noski! Modu bat Jehobaren botere harrigarriari eta bere ezaugarri ederrei buruz hitz egitea da. Beste modu bat Jehobari esker burutzen ditugun gauzengatik berari meritua ematea da (Is. 26:12). Dabid erregea eredu bikaina izan zen Jehobari aintza ematean. Israeldarren aurrean egin zuen otoitz batean, honakoa esan zion Jainkoari: «Zeureak dituzu, Jauna, handitasuna, indarra, ohorea, ospea eta gorespena. Zeureak dituzu zeru-lurretan diren guztiak». Eta Dabidek bere otoitza amaitzean, «biltzar osoak bedeinkatu [edo goretsi, NWT] egin zuen Jauna» (1 Kro. 29:11, 20).

4. Nola eman zion Jesusek aintza Jehobari?

4 Jesus lurrean egon zenean, bere mirarien Iturria bere Aita zela esatean, Jehobari aintza eman zion (Mar. 5:18-20). Jesusek bere Aitari buruz hitz egiteko eta besteekin jokatzeko moduaren bidez ere aintza eman zion Jehobari. Jar dezagun adibide bat. Behin, Jesus sinagoga batean irakasten ari zen. Entzuleen artean, deabru baten menpe 18 urte zeramatzan emakume bat zegoen. Deabru horrek makur-makur eginda utzi zuen emakume gaixoa; ez zen zutik jartzeko gai ere. Hori bai zorigaitza! Errukiz beterik, Jesusek, emakumearengana gerturatuz, esan zion goxo-goxo: «Emakume, zure gaixotasunetik libre zaude». Gero, Jesusek eskuak bere gainean jarri, eta emakumea segituan zuzen jarri zen eta «Jainkoa goresten hasi zen». Emakumeak osasuna eta duintasuna berreskuratu zituen! (Luk. 13:10-13). Emakume horren antzera, guk ere Jehobari aintza emateko arrazoiak ditugu.

ZERK MOTIBATZEN GAITU JEHOBARI AINTZA EMATERA?

5. Zer arrazoi ditugu Jehoba errespetatzeko?

5 Jehoba sakonki errespetatzen dugu. Arrazoi asko ditugu bera errespetatzeko. Jehoba ahalguztiduna da eta bere botereak ez du mugarik (Sal. 96:4-7). Bere jakinduria handia argi ikusten da egin dituen gauza guztietan. Berak bizia eta bizitzeko behar dugun guztia eman digu (Ap. 4:11). Bestalde, leiala da (Ap. 15:4, NWT). Gainera, egiten duen guztian du arrakasta eta beti betetzen ditu bere promesak (Jos. 23:14). Beraz, ez gaitu harritzen Jeremias profetak Jehobari buruz honakoa esan izana: «Ez duzu parekorik herrietako jakintsu eta erregeen artean» (Jer. 10:6, 7). Dudarik gabe, arrazoi onak ditugu gure zeruko Aita errespetatzeko. Baina Jehobak gure errespetua baino gehiago merezi du. Bere ezaugarri ederrek bera maitatzera ere bultzatzen gaituzte.

6. Zergatik maite dugu Jehoba?

6 Jehoba bihotz-bihotzez maite dugu. Jehobaren ezaugarriek bera maitatzera eramaten gaituzte. Azter ditzagun ezaugarri horietako batzuk. Bera errukitsua da (Sal. 103:13; Is. 49:15). Gainera, enpatia erakusten du. Gu gaizki sentitzen garenean, bera ere horrela sentitzen da (Zak. 2:12 [2:8, NWT]). Bestalde, berarengana gerturatzen eta bere lagunak izaten laguntzen digu (Sal. 25:14; Eg. 17:27). Apala ere bada. Izan ere, «makurtu egiten da, zerutik lurrera begiratzeko. Gizagaixoa hautsetatik altxatzen du» (Sal. 113:6, 7). Ezaugarri eder guzti horiek ikusita, nola ez diogu ba Jehobari aintza eman nahiko! (Sal. 86:12).

7. Zer aukera berezi dugu?

7 Besteek Jehoba ezagutzea nahi dugu. Askok ez dakite Jehobari buruzko egia. Zergatik? Satanasek beraien adimena itsutu dielako, Jehobari buruz gezur maltzurrak zabalduz (2 Ko. 4:4). Satanasek hurrengoaz konbentzitu du jendea: Jehobak mendekua bilatzen duela, ez dela gizakiez arduratzen eta munduan dagoen ia sufrimendu guztiaren eragilea dela. Baina guk Jainkoari buruzko egia ezagutzen dugu. Besteei Jainkoa benetan nolakoa den ezagutzera emateko aukera dugu. Hori egiteak ere Jehoba goresten du (Is. 43:10). 96. Salmoak aintza ematen dio Jehobari. Jarraian, salmo horretako hitz batzuk aztertuko ditugu Jehobak merezi duen aintza nola eman ahal diogun jakiteko.

NOLA EMAN AHAL DIOGU JEHOBARI BERAK MEREZI DUEN AINTZA?

8. Zein da Jehobari aintza emateko modu bat? (96. Salmoa 1-3)

8 Irakurri 96. Salmoa 1-3. Jehobari buruz esaten dugunarekin. Bertset horietan, Jehobaren herriak hurrengoa egiteko gonbidapena jasotzen du: «Kanta Jaunari», «bedeinka bere izena», «hots egin [...] salbatzaile dela» eta «zabaldu haren ospea atzerrietan». Modu horien bidez, gure zeruko Aitari aintza eman ahal diogu. Iraganeko judu leialak eta lehen mendeko kristauak besteei Jehoba benetan nolakoa den kontatzeko irrikan zeuden, baita bere izen ona defendatzeko ere (Dan. 3:16-18; Eg. 4:29). Nola egin dezakegu guk ere gauza bera?

9, 10. Zer ikasten dugu Jessicaren bizipenetik? (Ikusi irudia ere)

9 Azter dezagun Estatu Batuetan bizi den Jessica a izeneko arreba baten bizipena. Berak Jehobaren izen ona ausardiaz defendatu zuen lantokian. Behin, lankide berri guztiak bilera batera gonbidatu zituzten, Jessica barne. Bilera hartan, bakoitzak bere jatorriari buruz hitz egiteko aukera izan zuen. Jessicak aurkezpen bat prestatu zuen Jehobaren lekuko bezala zuen bizimodua zein pozgarria den erakusteko. Baina bere txanda iritsi aurretik, beste lankide batek Jehobaren lekuko bezala hezi zutela esan zuen, gure sinesmenei buruz barre eginez. Jessicak dio: «Bihotza taupaka hasi zitzaidan. Baina pentsatu nuen: “Beste norbaitek Jehobari buruz gezurrik esatea utziko dut edo Bera defendatuko dut?”».

10 Lankideak hitz egiten amaitu zuenean, Jessicak otoitz azkar bat egin zuen isilpean. Ondoren, Jessicak modu atseginean honakoa esan zion lankideari: «Antzeko jatorriak ditugu. Ni ere Jehobaren lekuko bezala hazi ninduten eta gaur egun Lekuko izaten jarraitzen dut». Tentsioa nabaria zen arren, Jessica lasai mantendu zen. Bere aurkezpenean erakutsi zituen argazkietan, bera jarduera espiritualetan poz-pozik parte hartzen ikusten zen. Gainera, bere sinesmenak errespetuz defendatu zituen (1 Ped. 3:15, 16). Zein izan zen emaitza? Jessicak bere aurkezpena amaitu zuenerako, lankidea baretu egin zen. Eta ez hori bakarrik; lankideak gaztetan Jehobaren lekukoekin izan zituen bizipen polit batzuei buruz ere hitz egin zuen. Jessicak dio: «Jehobak defendatua izatea merezi du. Ohore bat da bere izenaren alde hitz egitea». Besteek Jehoba ez errespetatu arren, guk bera goresteko eta berari aintza emateko ohorea dugu.

Gure hizkera, gauza baliotsu eta jokaerarekin Jehobari aintza eman ahal diogu (Ikusi 9 eta 10 paragrafoak) c


11. Nola jarraitu dute 96. Salmoa 8 (NWT) aipuko printzipioa Jehobaren zerbitzariek historian zehar?

11 Irakurri 96. Salmoa 8, NWT b. Gure gauza baliotsuekin. Jehobaren zerbitzariek bera modu horretan ohoratu dute beti (Esa. 3:9). Adibidez, israeldarrek dohaintzak egin zituzten tenplua eraikitzeko eta mantentzeko (2 Err. 12:5, 6 [12:4, 5, NWT]; 1 Kro. 29:3-9). Jesusen dizipuluetako batzuek ere «beraien ondasun[ak]» erabili zituzten Jesusi eta bere apostoluei laguntzeko (Luk. 8:1-3). Bestalde, lehen mendean, kristau batzuek gosete bat sufritu zutenean, beste herrialdetako anai-arrebek dirua bidali zieten (Eg. 11:27-29). Gaur egun ere, gure dohaintzak erabili ditzakegu Jehobari aintza emateko.

12. Nola eman ahal diogu aintza Jehobari gure dohaintzekin? (Ikusi irudia ere)

12 Gure dohaintzek aintza ematen diote Jehobari. Azter dezagun hori erakusten duen adibide bat. 2020​an, Zimbabwen luze iraun zuen lehorte bat egon zen. Ondorioz, milioika pertsona gosez hiltzear egon ziren. Horien artean, Prisca izeneko arreba bat egon zen. Egoera larria izan arren, Priscak asteazkenero eta ostiralero predikatzen jarraitu zuen, baita lurra lantzeko garaian zehar ere. Bere bizilagunek berataz barre egiten zuten lurra landu ordez, predikatzera joaten zelako. Esaten zioten: «Gosez hilko zara!». Baina berak beti honakoa esaten zien konfiantza osoz: «Jehobak ez ditu inoiz bere zerbitzariak alde batera uzten». Handik gutxira, erakundeak larrialdietarako laguntza bidali zuen. Gure dohaintzei esker, Priscak janaria eta beste beharrezko gauza batzuk jaso ahal izan zituen. Orduan, bere bizilagunek, harrituta, esan zioten: «Jainkoak ez zaitu inoiz alde batera utzi. Guk ere berari buruz gehiago jakin nahi dugu». Bere bizilagunetako zazpi bileretara joaten hasi ziren.

Gure gauza baliotsuekin Jehobari aintza eman ahal diogu (Ikusi 12. paragrafoa) d


13. Nola eman ahal diogu aintza Jehobari gure jokaerarekin? (96. Salmoa 9)

13 Irakurri 96. Salmoa 9. Gure jokaerarekin. Jehoba tabernakuluan eta beranduago tenpluan zerbitzatzen zuten apaizek fisikoki garbi egon behar zuten (Irt. 40:30-32). Hala ere, gure jokaera garbia izatea garbitasun fisikoa baino inportanteagoa da (Sal. 24:3, 4; 1 Ped. 1:15, 16). Gogor lan egin behar dugu «izaera zaharra» —jarrera eta jokabide zikinak— eranzteko, eta izaera «berria» —Jehobaren ezaugarrien araberako pentsaera eta jokaera— janzteko (Kol. 3:9, 10). Jehobaren laguntzarekin, oso moralgabeak eta biolentoak izan direnek ere aldaketak egin eta izaera berria jantzi ahal izan dute.

14. Zer ikasten dugu Jacken bizipenetik? (Ikusi irudia ere)

14 Azter dezagun Jacken bizipena. Bera biolentoa eta arriskutsua zen, eta «Deabru» ezizenagatik zen ezaguna. Egin zituen delituengatik, Jacki heriotza zigorra ezarri zioten. Baina heriotza zigorra betetzeko itxaroten ari zela, kartzela hura bisitatu zuen anaia batekin Biblia aztertzea onartu zuen. Nahiz eta Jackek iraganean gauza txar asko egin, izaera zaharra erantzi eta, denborarekin, bataiatu ahal izan zen. Jack zeharo aldatu zen. Horregatik, exekuzio egunean, kartzelako guardia batzuek malkotan esan zioten agur. Kartzelan lan egiten zuen soldadu batek honakoa esan zuen: «Jack hemengo presorik okerrenetakoa zen. Orain, aldiz, onenetakoa». Jack exekutatua izan ondorengo astean, bilerak kartzelan egitera joaten ziren anaiek bilerara lehen aldiz joan zen preso bat ezagutu zuten. Zerk bultzatu zuen preso hura bilerara joatera? Harrituta geratu zen Jacken aldaketarekin. Ondorioz, Jehoba zerbitzatzeko zer egin behar zen jakin nahi izan zuen. Argi dago gure jokaerak aintza eman ahal diola gure zeruko Aitari! (1 Ped. 2:12).

Gure jokaerarekin Jehobari aintza eman ahal diogu (Ikusi 14. paragrafoa) e


NOLA EMANGO DIO JEHOBAK AINTZA BERE IZENARI ETORKIZUNEAN?

15. Nola emango dio Jehobak aintza bere izenari etorkizunean? (96. Salmoa 10-13)

15 Irakurri 96. Salmoa 10-13. 96. Salmoko azken bertsetek Jehoba Epaile eta Errege zuzen bezala deskribatzen dute. Nola emango dio Jehobak aintza bere izenari etorkizunean? Bere epaien bidez. Hemendik gutxira, Babilonia Handia Bere izena hainbeste zikintzeagatik ezabatuko du (Ap. 17:5, 16; 19:1, 2). Baliteke Babilonia Handiaren suntsipena ikusiko duten batzuek gurekin batera Jehoba adoratzen hastea. Azkenik, Harmagedonen, Jehobak Satanasen sistema osoa suntsituko du, bere aurka jarri direnak eta bere izena blasfematu dutenak barne. Bera maite, obeditu eta berari aintza emateaz harro daudenak, aldiz, salbatuko ditu (Mar. 8:38; 2 Tes. 1:6-10). Kristoren Mila Urteko Erregetzaren ondoren gertatuko den azken proba eta gero, Jehobak erabat santutuko du bere izena (Ap. 20:7-10). Garai hartan, «nola urak itsasoa, hala beteko du lurra Jaunaren aintzaren ezagupenak» (Hab. 2:14).

16. Zer egin nahi dugu? (Ikusi irudia ere)

16 Zein zirraragarria izango den guztiok Jehobari bere izenak merezi duen aintza ematea! Baina momentu hori iritsi arte, gure esku dagoen guztia egin dezakegu ahal dugun denetan Jehobari aintza emateko. Ardura inportante hori ahaztu ez dezagun, Zuzendari Batzordeak 96. Salmoa 8 (NWT) aukeratu du 2025 urteko aipua izateko: «Eman Jehobari bere izenak merezi duen aintza».

Azkenik, gizaki guztiek Jehobari bere izenak merezi duen aintza emango diote! (Ikusi 16. paragrafoa)

sjj 12. KANTA Gorena zara Jehoba

a Izen batzuk aldatuak izan dira.

b 96. Salmoa 8, NWT: «Eman Jehobari bere izenak merezi duen aintza; ekarri opari bat eta sartu bere patioetan».

c IRUDIAREN AZALPENA : Jessicaren bizipenaren antzezpena.

d IRUDIAREN AZALPENA: Priscaren bizipenaren antzezpena.

e IRUDIAREN AZALPENA: Jacken bizipenaren antzezpena.