Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

3. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 35. KANTA Ziurtatu gauzarik garrantzitsuenak

Nola hartu ditzakezu Jehoba poztuko duten erabakiak?

Nola hartu ditzakezu Jehoba poztuko duten erabakiak?

«Jehobari errespetu handia izatea jakinduriaren hasiera da, eta Santuenaren ezaguera ulermena da» (ESA. 9:10, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Nola erabili ezaguera, ulermena eta bereizmena erabaki onak hartzeko.

1. Zer zailtasuni egin behar diogu aurre?

 EGUNERO-EGUNERO erabakiak hartu behar ditugu. Batzuk errazak dira, esaterako, zer gosalduko dugun edo ohera zein ordutan joango garen erabakitzea. Beste erabaki batzuk, aldiz, zailagoak dira, gure osasunean, zoriontasunean, maite ditugunengan edo Jehobari ematen diogun adorazioan eragina izan dezaketelako. Noski, guretzat eta gure familiarentzat onak diren erabakiak hartu nahi ditugu. Baina guztiaren gainetik, gure erabakiekin Jehoba poztu nahi dugu (Erm. 12:1, 2).

2. Zer pauso eman ditzakezu erabaki onak hartzeko?

2 Errazagoa izango zaizu erabaki onak hartzea 1) datu guztiak ezagutzen badituzu, 2) Jehobak gai horri buruz zer pentsatzen duen kontuan hartzen baduzu eta 3) aukerak aztertzen badituzu. Artikulu honetan, hiru pauso horiek aztertuko ditugu, baita bereizteko gaitasuna nola trebatu dezakegun ere (Esa. 2:11, NWT).

DATU GUZTIAK EZAGUTU

3. Zergatik ezagutu behar dituzu datu guztiak erabaki bat hartu aurretik? Jarri adibide bat.

3 Erabaki on bat hartzeko lehen pausoa datu guztiak ezagutzea da. Zergatik da hori inportantea? Imajinatu osasun arazo larri batengatik medikuarengana jotzen duen paziente bat. Tratamendurik jarriko al lioke medikuak lehenik pazientea aztertu gabe edo berari galderarik egin gabe? Ez, noski! Era berean, zuk ere erabaki hobeak hartuko dituzu egoera baten datu guztiak ezagutzen badituzu. Nola lortu dezakezu hori?

4.Esaera Zaharrak 18:13 (NWT) aipuaren arabera, nola ziurtatu dezakezu datu guztiak ezagutzen dituzula? (Ikusi irudia ere)

4 Galderak eginez, askotan datu guztiak ezagutu ahal izango dituzu. Demagun jendea elkartuko den plan batera gonbidatu zaituztela. Joango al zara? Ez baduzu anfitrioia ezagutzen edo ez badakizu zer antolatu den, anfitrioiari hauek bezalako galderak egin beharko dizkiozu: «Non eta noiz izango da? Zenbat pertsona joango dira? Nork gainbegiratuko du? Nor joango da? Zer egingo da? Alkoholik egongo al da?». Galdera horien erantzunek erabaki on bat hartzen lagunduko dizute (Irakurri Esaera Zaharrak 18:13, NWT a).

Datu guztiak ezagutu galderak eginez (Ikusi 4. paragrafoa) c


5. Zer egin beharko zenuke datu guztiak ezagutu ondoren?

5 Datu guztiak ezagutu ondoren, egoera bere osotasunean aztertu arretaz. Adibidez, plan horretara Biblia printzipioak errespetatzen ez dituzten pertsona batzuk joango direla edo inork gainbegiratu gabe alkohola egongo dela jakin baduzu, zer egingo duzu? Aurreikusi al dezakezu plan hori kontrolik gabeko festa bat izatera iritsi daitekeela? (1 Ped. 4:3, NWT). Bestalde, eta plan horretara joateagatik zure bilerara edo predikatzera joateko denborarik ez baduzu? Egoera bere osotasunean aztertzen duzunean, errazagoa izango zaizu erabaki on bat hartzea. Hala ere, badago egin beharko zenukeen beste zerbait. Zure ikuspuntua argi duzu, baina galdetu zeure buruari: «Nola sentituko da Jehoba horren inguruan?» (Esa. 2:6).

JEHOBAK PENTSATZEN DUENA KONTUAN HARTU

6.Santiago 1:5​aren arabera, zergatik eskatu beharko genioke Jehobari laguntza otoitzean?

6 Eskatu Jehobari bere pentsaera ulertzeko laguntza. Jehobak jakinduria emango digula promestu digu. Zertarako? Hartuko dugun erabakiak bera poztuko duen ala ez bereizteko. Gainera, Jehobak jakinduria hori «eskuzabal ematen [du] [...], inori ezer aurpegira bota gabe» (Irakurri Santiago 1:5).

7. Nola jakin dezakezu gai baten inguruan Jehobak zer pentsatzen duen? Jarri adibide bat.

7 Jehobari bere gida otoitzean eskatu ondoren, jarri arreta bere erantzunean. Nola? Jar dezagun adibide bat. Imajinatu bidaiatzen ari zaren bitartean, galdu egin zarela. Beharbada, bertan bizi den bati laguntza eskatuko zenioke. Baina alde egingo al zenuke bertakoak ezer esan aurretik? Noski ezetz. Bere jarraibideak adi-adi entzungo zenituzke. Antzera, Jehobari jakinduria eskatu ondoren, saiatu bere erantzuna bereizten. Horretarako, zure egoerarekin lotuta dauden Biblia arau eta printzipioak aztertu ditzakezu. Esaterako, lehen aipatutako plan hartara joango zaren ala ez erabakitzean, Bibliak kontrolik gabeko festei buruz, lagun txarrei buruz eta Erreinuari norberaren gustuen gainetik lehentasuna ematearen beharrari buruz zer dioen aztertu beharko zenuke (Mat. 6:33; Erm. 13:13; 1 Ko. 15:33).

8. Zer egin dezakezu zure egoerarekin lotutako informazioa bilatzeko laguntza behar baduzu? (Ikusi irudia ere)

8 Hala ere, batzuetan, zure egoerarekin lotutako informazioa bilatzeko laguntza beharko duzu. Adibidez, esperientzia duen anaia edo arreba bati aholkua eskatu ahal diozu. Hala ere, ikerketa zuk zeuk egiteak asko lagunduko dizu. Informazio asko topatu dezakezu gure ikasketarako tresnetan, esaterako, Jehobaren lekukoen ikasketarako gida-n eta Kristauon bizimodurako Biblia aipuak liburuan. Eta gogoratu zein den helburua: Jehoba poztuko duen erabaki bat hartzea.

Kontuan hartu Jehobak pentsatzen duena (Ikusi 8. paragrafoa) d


9. Nola egon gaitezke ziur gure erabakiak Jehoba poztuko duela? (Efesoarrei 5:17)

9 Nola egon gaitezke ziur gure erabakiak Jehoba poztuko duela? Lehenik eta behin, Jehoba ondo ezagutu behar dugu. Bibliak ondorengoa dio: «Santuenaren ezaguera ulermena da» (Esa. 9:10, NWT). Hala da, benetako ulermena izateko, Jehobaren ezaugarriak, bere helburua eta berak maite eta gorroto duena ezagutu behar dugu. Beraz, galdetu zeure buruari: «Jehobari buruz dakidana kontuan hartuta, zer erabaki hartu dezaket bera pozteko?» (Irakurri Efesoarrei 5:17).

10. Zergatik dira Biblia printzipioak familia tradizioak edo gure inguruko kultura baino garrantzitsuagoak?

10 Jehoba pozteagatik, batzuetan gure inguruko batzuei huts egin beharko diegu. Adibidez guraso batzuek, intentzio onenarekin, bere alaba diruduna den gizon batekin —edo dote handi bat ordaindu dezakeen norbaitekin— ezkontzeko presionatu ahal dute, nahiz eta pertsona hori espiritualki sendo ez egon. Normala da gurasoek beraien alaba eroso bizitzea nahi izatea. Baina honakoa galdetu beharko lioke alabak bere buruari: «Lagunduko al dit gizon horrek Jehobarekin dudan harremana sendotzen?». Zein da Jehobaren ikuspuntua horren inguruan? Erantzuna Mateo 6:33​an aurkitu dezakegu. Bertan, Jesusek honakoa egiteko eskatu zien bere jarraitzaileei: «Segi lehenik Erreinua bilatzen». Gure gurasoak ohoratu eta auzokideak errespetatzen ditugun arren, guztiaren gainetik, Jehoba poztu nahi dugu; hori da gure ardurarik handiena.

AUKERAK AZTERTU

11.Filipoarrei 1:9, 10 (NWT) aipuaren arabera, zer ezaugarrik lagunduko dizu aukerak aztertzen?

11 Hartu behar duzun erabakiarekin lotuta dauden Biblia printzipioak kontuan hartu ondoren, dituzun aukerak aztertzea beharrezkoa da (Irakurri Filipoarrei 1:9, 10, NWT b). Bereizmenak aukera bakoitzak zer ondorio izan dezakeen ikusten lagunduko digu. Erabaki batzuk erraz hartu daitezke. Beste batzuk, aldiz, korapilatsuagoak dira. Beraz, bereizmenak egoera konplexuetan ere erabaki onak hartzen lagunduko digu.

12, 13. Nola lagundu ahal dizu bereizmenak lan bila zabiltzanean erabaki on bat hartzen?

12 Azter dezagun ondorengo egoera. Zure familia zaintzeko lan bila zabiltza eta bi aukera dituzu. Datuak aztertzen saiatzen zara, esaterako, zein lan mota den, zein den ordutegia eta lanera joateko zenbat denbora beharko duzun, besteak beste. Bi lanak Biblia printzipioen arabera onargarriak dira. Eta beharbada, bi lanetako bat nahiago duzu lan mota hori gehiago gustatzen zaizulako edo soldata altuagoa delako. Hala ere, erabaki bat hartu aurretik, badaude kontuan hartu beharreko beste gauza batzuk.

13 Adibidez, lan horietako bat onartuz gero, galduko al zenituzke bileretako batzuk? Izango al zenuke zure familia emozionalki eta espiritualki zaintzeko nahiko denbora? Horrelako galderak egiteak «garrantzitsuenak diren gauz[ak]» —zure adorazioa eta familiaren beharrak— gauza materialen aurretik jartzen lagunduko dizu. Hori egiten baduzu, Jehobak bedeinkatuko duen erabaki bat hartu ahalko duzu.

14. Nola lagundu ahal digute bereizmenak eta maitasunak besteei estropezurik ez eragiten?

14 Gainera, bereizmenak gure erabakiak besteengan zer eragin izan dezakeen aztertzen lagunduko digu, besteek «estropezu[rik]» egin ez dezaten (Flp. 1:10, NWT). Hori kontuan izatea garrantzitsua da gure janzteko edo apaintzeko eraren inguruan erabakiak hartzen ditugunean. Beharbada, janzteko edo apaintzeko estilo zehatz bat gustatzen zaigu. Baina pentsatu al duzu kongregazio barruko edo kanpoko norbait ofendituta sentitu daitekeen? Bereizmenak beraien sentimenduak kontuan hartzen lagunduko digu. Eta maitasunak besteen abantaila bilatzera eta modestiaz janztera motibatuko gaitu (1 Ko. 10:23, 24, 32; 1 Tim. 2:9, 10, NWT). Horrela, besteei maitasuna eta errespetua erakutsiko dien erabaki bat hartuko dugu.

15. Zer planifikatu behar da erabaki garrantzitsu bat hartu aurretik?

15 Erabaki oso garrantzitsu bat hartu behar baduzu, pentsatu zer egin beharko duzun erabaki hori aurrera ateratzeko. Jesusek «gastuen kontuak atera» behar direla irakatsi zuen (Luk. 14:28). Beraz, aztertu zenbat denbora, baliabide eta esfortzu beharko dituzun zure erabakia aurrera ateratzeko. Kasu batzuetan, erabakiak arrakasta izan dezan, familiakide bakoitzak zer egin beharko duen adostu beharko duzu. Zergatik da garrantzitsua hori bezalako planifikazioa egitea? Zure erabakian aldaketa txikiak egin behar direla edo beste aukera bat hobea dela ikusten lagundu ahal dizulako. Gainera, zure senideak kontuan hartzen badituzu eta beraien iritzia entzuten baduzu, erabakiak arrakasta izan dezan zurekin batera lan egiteko gogo gehiago izango dute (Esa. 15:22).

ARRAKASTA IZANGO DUEN ERABAKI BAT HARTU

16. Zer pausok lagunduko dizute erabaki on bat hartzen? (Ikusi « Nola hartu ditzakegu erabaki onak?» taula ere)

16 Aurretik aipatutako pausoak jarraitu badituzu, erabaki on bat hartzeko prest zaude. Datu guztiak ezagutzeko ahalegindu bazara eta Jehoba poztuko duen erabaki bat hartzen lagunduko dizuten Biblia printzipioak aztertu badituzu, orain, Jehobari laguntza eskatu ahal diozu zure erabakiak arrakasta izan dezan.

17. Zein da erabaki onak hartzeko gakoa?

17 Iraganean erabaki on asko hartu badituzu ere, gogoratu zein den erabaki onak hartzeko gakoa: zure konfiantza Jehobaren jakindurian jartzea, eta ez zure adimenean edo esperientzian. Berak bakarrik eman ahal dizkizu benetako ezaguera, ulermena eta bereizmena. Horiek jakinduriaren oinarriak dira (Esa. 2:1-5, NWT). Eta gogoan izan Jehobak bera poztuko duten erabakiak hartzen lagundu ahal dizula (Sal. 23:2, 3).

sjj 28. KANTA O, Jehoba, nor da zure laguna?

[Oharra]

a Esaera Zaharrak 18:13, NWT: «Ergela eta lotsagarria da gai bati buruz datu guztiak entzun aurretik erantzutea».

b Filipoarrei 1:9, 10, NWT: «Eta hauxe da nire otoitzetan eskatzen jarraitzen dudana: izan dadila zeuen maitasuna ezaguera zehatzez eta bereizmen osoz geroz eta handiagoa, garrantzitsuenak diren gauzez ziurtatu zaitezten, Jesu Kristoren eguna arte akasgabeak izateko eta inori estropezu ez eginarazteko».

c IRUDIAREN AZALPENA: Anai-arreba gazte batzuk euren mugikorrean jasotako festa baterako gonbidapenari buruz hitz egiten ari dira.

d IRUDIAREN AZALPENA: Anaietako bat ikerketa egiten ari da festara joango den ala ez erabaki aurretik.