Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

2. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 132. KANTA Orain bat gara

Senarrok, ohoratu zeuen emaztea

Senarrok, ohoratu zeuen emaztea

«Zuek senarrok [...] ohoratu itzazue» (1 PED. 3:7, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Nola ohoratu dezake senar batek bere emaztea hitzez eta ekintzez?

1. Zein da Jehobak ezkon harremana sortzearen arrazoietako bat?

 JEHOBA «Jainko zoriontsua» da, eta gu ere zoriontsuak izatea nahi du (1 Tim. 1:11). Bizitzaz gozatzen laguntzen diguten opari asko eman dizkigu (St. 1:17, NWT). Opari horietako bat ezkon harremana da. Gizon eta emakume bat ezkontzen direnean, elkar maitatu eta errespetatuko dutela promesten dute. Senar eta emazte batek beraien arteko maitasuna sendo mantentzen dutenean, oso zoriontsu izan daitezke (Esa. 5:18).

2. Zer gertatzen da gaur egun ezkon harreman askotan?

2 Gaur egun, tamalez, ezkonduta dauden bikote askok beraien ezkon egunean promestu zutena ahaztu dute eta, ondorioz, ez dira zoriontsuak. Munduko Osasun Erakundeak duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, senar askok euren emazteari fisikoki, hitzez edo emozionalki tratu txarrak ematen dizkiote. Hori egiten duen senar batek beharbada jendearen aurrean errespetuz tratatzen du bere emaztea. Baina etxean, aldiz, kontrakoa egiten du. Gainera, ezkon harreman asko kaltetu egiten dira senarrak pornografia ikusten duelako.

3. Zergatik ematen dizkiote tratu txarrak senar batzuek euren emazteari?

3 Zergatik ematen dizkiote tratu txarrak senar batzuek euren emazteari? Beharbada beraien aita biolentoa zen eta ez dute pentsatzen emazteari tratu txarrak ematea txarto dagoenik. Beste batzuek, aldiz, beraien kultura dela eta, «benetako gizon batek», bere emazteari nork agintzen duen argi uzteko, indar fisikoa erabili behar duela uste dute. Beste gizon batzuei ez diete euren emozioak, haserrea barne, kontrolatzen irakatsi. Gizon batzuek pornografia erregularki ikusteagatik emakumeen eta sexuaren inguruan ikuspuntu distortsionatua dute. Gainera, aditu askoren arabera, COVID-19 pandemiaren ondorioz, arazo horiek areagotu egin dira. Baina, noski, senar batek ez du inoiz bere emazteari tratu txarrak emateko arrazoirik izango.

4. Zerekin izan behar dute senar kristauek kontu handia, eta zergatik?

4 Senar kristauek kontuz ibili behar dute emakumeari buruz ikuspuntu okerra ez izateko. a Zergatik? Arrazoi bat pentsamenduek askotan ekintzara eramaten gaituztela da. Paulo apostoluak Erromako gantzutuei honakoa egiteko esan zien: «Utzi sistema honetara moldatzeari» (Erm. 12:1, 2). Paulok erromatarrei idaztean, bertako anai-arrebek urte dexente zeramaten kristau izaten. Hala ere, Pauloren hitzetatik ondorengoa ondorioztatu dezakegu: kongregazioko batzuek inguruko ohitura eta pentsaerekin kutsatuta egoten jarraitzen zutela. Horregatik esan zien beraien pentsaera eta jokaera aldatu behar zutela. Aholku hori gaur egungo senar kristauek ere bete behar dute. Tamalez, batzuek mundu honetako pentsaerarekin kutsatu egin dira eta beraien emazteari tratu txarrak ematera ere iritsi dira. b Baina nola tratatu behar du senar batek bere emaztea? Zer espero du Jehobak? Artikulu honetako aipu nagusian galdera horren erantzuna topatu dezakegu.

5.1 Pedro 3:7 (NWT) aipuaren arabera, nola tratatu beharko luke senarrak bere emaztea?

5 Irakurri 1 Pedro 3:7, NWT c. Jehobak senarrei euren emaztea ohoratzeko agintzen die. Zer esan nahi du ohoratzeak? Norbait errespetuz tratatzea. Ohorea erakusten duen senar batek modu atseginean eta maitekorrean tratatuko du bere emaztea. Artikulu honetan, senar batek bere emazteari ohorea nola erakutsi ahal dion aztertuko dugu. Baina, lehenik, ikus dezagun zer jokaerek ez dioten emazteari ohorerik ematen.

EMAZTEARI OHORERIK EMATEN EZ DIOTEN JOKAERAK SAIHESTU

6. Zer pentsatzen du Jehobak emaztearen kontra biolentzia erabiltzen duten senarrei buruz? (Kolosarrei 3:19)

6 Biolentzia erabiltzea. Jehobak biolentoa den edonor gorrotatzen du (Sal. 11:5). Emaztearen kontra biolentzia erabiltzen duten senarrak kondenatzen ditu zehazki (Mal. 2:16; irakurri Kolosarrei 3:19). Aipu nagusiaren arabera, 1 Pedrori 3:7 (NWT), senar batek ez badu bere emaztea ondo tratatzen, Jainkoarekin duen harremana kaltetuko du. Agian, Jehobak ez ditu bere otoitzak entzun ere egingo.

7.Efesoarrei 4:31, 32 (NWT) aipuaren arabera, zer motatako hizkera baztertu behar dute senarrek? (Ikusi «Zer esan nahi du?» oharra ere)

7 Hizkera mingarria erabiltzea. Senar batzuek beraien emazteari modu zakarrean eta mingarrian hitz egiten diote. Baina Jehobak «haserre bizia, sumina, garrasia eta hizkera mingarria» gorroto ditu d (Irakurri Efesoarrei 4:31, 32 e). Berak dena entzuten du. Jehobari asko inporta zaio senarrak emazteari hitz egiten dion modua, baita etxean bakarrik daudenean ere. Beraz, emazteari zakarki hitz egiten dion senarrak, bere ezkon harremana kaltetzeaz gain, Jainkoarekin duen harremana ere kaltetzen du (St. 1:26).

8. Zer pentsatzen du Jehobak pornografiari buruz, eta zergatik?

8 Pornografia ikustea. Zer pentsatzen du Jehobak pornografiari buruz? Gorroto du. Beraz, pornografia ikusten duen senar batek Jehobarekin duen harremana kaltetzen du eta bere emaztea beheratzen du. f Jehobak honakoa espero du: senarra bere emazteari leial izatea, ez bakarrik egiten duenarekin, baita pentsatzen duenarekin ere. Jesusek gizon batek beste emakume bat sexu desiraz begiratzen badu, dagoeneko bere «bihotzean» adulterio egin duela esan zuen g (Mat. 5:28, 29).

9. Zergatik gorroto du Jehobak senarrak emaztea beheratuta sentiarazi ahal duten sexu praktikak izatera behartzea?

9 Emaztea beheratuta sentiarazi ahal duten sexu praktikak izatera behartzea. Senar batzuek euren emaztea zikin, tratu txarrak jasotzen ari dela edo maitatua ez dela sentiarazten duten sexu praktikak izatera presionatzen dute. Jehobak jokaera hotz eta berekoi hori gorroto du. Senarrak bere emaztea maitatzea, goxotasunez tratatzea eta emaztearen kontzientzia errespetatzea espero du Jehobak (Efe. 5:28, 29, NWT). Baina zer gertatzen da senar kristau bat dagoeneko bere emaztea beheratzen ari bada, tratu txarrak ematen badizkio edo pornografia ikusten badu? Nola aldatu dezake bere pentsaera eta jokaera?

NOLA UTZI DEZAKE SENARRAK JOKAERA TXARRA?

10. Nola lagundu ahal die Jesusen ereduak senarrei?

10 Senar batek emazteari tratu txarrak ematen badizkio, eta emaztea beheratzen ari bada, zerk lagundu ahal dio senarrari jokabide hori uzten? Jesusen eredua imitatzen saiatzeak. Jesus inoiz ezkondu ez zen arren, bere dizipuluak tratatu zituen modua eredu bat da senar guztientzat. Izan ere, eredu horrek senarrei euren emaztea nola tratatu behar duten irakasten die (Efe. 5:25). Adibidez, azter dezagun nola tratatu zituen Jesusek bere apostoluak eta nola hitz egin zien, eta ikus dezagun zer ikasi dezaketen senarrek.

11. Nola tratatu zituen Jesusek bere apostoluak?

11 Jesusek bere apostoluak goxotasunez eta duintasunez tratatu zituen. Ez zen inoiz zakarra edo autoritarioa izan. Eta beraien Maisua eta Jauna zen arren, ez zuen bere boterea erabili bere autoritatea argi uzteko. Horren ordez, besteak apalki zerbitzatu zituen (Joan 13:12-17). Bere dizipuluei honakoa esan zien: «Nigandik ikasi, goxoa [edo lasaia, oharra] eta bihotzez umila bainaiz. Nirekin indarberrituta sentituko zarete» (Mat. 11:28-30). Jesus lasaia izateak ez du esan nahi ahula zenik. Alderantziz, autokontrola zuen. Horregatik, probokatzen zutenean, lasai mantentzen zen eta bere emozioak kontrolatzen zituen.

12. Nola hitz egin zien Jesusek besteei?

12 Jesusek bere hitzekin besteak kontsolatu eta animatu zituen. Ez zien bere jarraitzaileei zakarki hitz egin (Luk. 8:47, 48). Bere aurkariek bera iraindu eta probokatzen saiatu arren, Jesusek «ez zuen irainez erantzuten» (1 Ped. 2:21-23). Batzuetan, zakarki erantzun ordez, isilik geratzea erabaki zuen (Mat. 27:12-14). Dudarik gabe, eredu ezin hobea utzi zuen senar kristauentzat!

13.Mateo 19:4-6 aipuaren arabera, nola «elkartu» daiteke senar bat bere emazteari? (Ikusi irudia ere)

13 Senarrak euren emazteari leialak izan behar zirela irakatsi zuen Jesusek. Bere Aitaren hitzak erabiliz, senarrek «emazteari elkartu» behar dutela esan zuen (Irakurri Mateo 19:4-6). Pasarte horretan, «elkartu» bezala itzulitako aditz grekoak literalki «itsatsi» esan nahi du. Beraz, senar eta emazte baten arteko lotura oso sendoa izan beharko litzateke, elkarri itsatsita egongo balira bezala. Lotura hori apurtuko balitz, biek min handia sufrituko lukete. Emaztearekin horrelako lotura lantzen duen senarrak mota guztietako pornografia baztertuko du. Bitan pentsatu gabe, «ezertarako balio ez duten gauzetatik» urrunduko du bere begirada (Sal. 119:37, NWT). Joben antzera, senar batek bere emaztea ez den edozein emakumeri sexu desiraz inoiz ez begiratzeko determinazioa du (Job 31:1, NWT).

Leiala den senar batek pornografia ikustea baztertzen du (Ikusi 13. paragrafoa) i


14. Zer pauso eman behar ditu emazteari tratu txarrak ematen dizkion senar batek Jehobarekin eta emaztearekin zuen harremana berreskuratzeko?

14 Emazteari fisikoki edo hitzez tratu txarrak ematen dizkion senarrak pauso batzuk eman behar ditu Jehobarekin eta bere emaztearekin zuen harremana berreskuratzeko. Zeintzuk dira pauso horiek? Lehenengo, arazo larri bat duela onartu behar du. Jehobari ezin zaio ezer ezkutatu (Sal. 44:22 [44:21, NWT]; Ekl. [Koh.] 12:14; Heb. 4:13). Bigarren, bere emazteari tratu txarrak emateari utzi eta bere jokabidea aldatu behar du (Esa. 28:13). Hirugarren, bere emazteari eta Jehobari min handia eragin diela onartu behar du eta zintzotasunez barkamena eskatu behar die (Eg. 3:19). Gainera, aldatzeko desira izateko eta bere pentsamendu, hizkera eta jokaera kontrolatzeko laguntza eskatu behar dio Jehobari (Sal. 51:12-14 [51:10-12, NWT]; 2 Ko. 10:5; Flp. 2:13). Laugarren, bere otoitzekin bat egin behar du, edozein biolentzia edo hizkera mingarri mota gorrotatzen ikasiz (Sal. 97:10). Bosgarren, segituan kongregazioko artzain maitekorren laguntza bilatu behar du (St. 5:14-16). Seigarren, etorkizunean jarrera mota hori baztertzen lagunduko dion plan bat prestatu behar du. Pornografia ikusten duen senarrak pauso berberak jarraitu beharko lituzke. Jehobak bere jokaera aldatzeko egin dituen esfortzuak bedeinkatuko ditu (Sal. 37:5). Baina ez da nahikoa bere emazteari ohorerik ematen ez dioten gauzak egiteari uztea. Senarrak bere emazteari ohorea erakusten ikasi behar du. Nola egin dezake hori?

NOLA OHORATU DEZAKEZU ZURE EMAZTEA?

15. Nola erakutsi ahal dio senar batek maitasuna bere emazteari?

15 Erakutsi maitasuna. Ezkon harreman zoriontsua duten anaia batzuek euren emaztea zenbat maite duten erakusten duten gauzak egiten dituzte egunero (1 Joan 3:18). Senar batek bere emazteari gauza txikiekin erakutsi ahal dio maite duela, esaterako, eskua emanez edo goxo-goxo besarkatuz. Mezutxo bat bidali ahal dio «Faltan botatzen zaitut» esanez edo «Zer moduz doa eguna?» galdetuz. Eta noizean behin, detailetxo bat oparitu edo txartel batean zenbat maite duen adierazi ahal dio. Senar batek gauza horiek egiten dituenean, bere emaztea ohoratu eta bere ezkon harremana sendotzen du.

16. Zergatik goraipatu beharko luke senar batek bere emaztea?

16 Adierazi zuretzat zein baliotsua den. Emaztea ohoratzen duen senarrak emaztea goraipatu eta animatu egiten du. Hori egiteko modu bat emazteak bere alde egiten dituen gauza guztiengatik esker ona adieraztea da (Kol. 3:15). Senar batek bere emaztea bihotzez goraipatzen duenean, emaztea seguru, maitatua eta errespetatua sentitzen da (Esa. 31:28).

17. Nola erakutsi dezake senar batek bere emaztea errespetatzen duela?

17 Erakutsi goxotasuna eta errespetua. Emaztea maite duen senarrak emaztea baloratzen du. Jehobak eman dion opari oso baliotsu bat bezala ikusten du (Esa. 18:22; 31:10). Ondorioz, goxotasunez eta errespetuz tratatzen du, baita sexu harremanak dituztenean ere. Senarrak ez du emaztea deseroso edo beheratuta sentiaraziko duen, edo bere kontzientzia zikinduko duen sexu praktikarik izatera inoiz presionatuko. h Era berean, senarrak ere bere kontzientzia garbi mantentzeko helburua izango du (Eg. 24:16).

18. Zer egiteko determinazioa izan behar dute senarrek? (Ikusi « Errespetua erakusten duen senar bat izateko lau modu» taula ere)

18 Senarrok, ziur egon zaitezkete Jehobak zeuen emaztea bizitzako arlo guztietan ohoratzeko egiten dituzuen esfortzuak ikusi eta estimatzen dituela. Izan zure emaztea ohoratzeko determinazioa, ohorerik ematen ez dion ezer ez eginez, eta goxotasuna, errespetua eta maitasuna erakutsiz. Hala egiten baduzu, zure emazteari bera maitatzen eta baloratzen duzula erakutsiko diozu. Ohoratu zure emaztea eta, horrela, daukazun harremanik garrantzitsuena babestuko duzu: Jehobarekin duzun adiskidetasuna (Sal. 25:14).

sn 36. KANTA Jehobak lotu duena

a Senarrentzat oso lagungarria izango da «Tratatzen al dituzu emakumeak Jehobak tratatzen dituen moduan?» artikulua irakurtzea, aldizkari honetako 2024​ko urtarrilaren alean.

b Etxean tratu txarrak jaso dituztenentzat oso lagungarria izan daiteke «Ayuda para las víctimas de la violencia doméstica» («De l’aide pour les victimes de violences conjugales») artikulua irakurtzea, jw.org webguneko eta JW Library®-ko «Otros temas» («Divers») atalean.

c 1 Pedrori 3:7, NWT: «Era berean, zuek senarrok, jarraitu ezagueraren arabera beraiekin bizitzen. Ohoratu itzazue hauskorragoa den ontzia bezala, emakumezkoa. Izan ere, beraiek ere zuekin batera merezigabeko biziaren oinordeko dira. Honela, zuen otoitzak ez dira oztopatuak izango».

d ZER ESAN NAHI DU?: «Hizkera mingarria», besteak beste, pertsona bati gauza krudelak esatea da, bera iraintzeko eta bere buruarekin gaizki sentiarazteko asmoz. Beraz, senar batek bere emaztea kaltetzeko, beheratzeko edo iraintzeko esaten duen edozer da hizkera mingarria.

e Efesoarrei 4:31, 32, NWT: «Baztertu mota guztietako erresumin mingotsa, haserre bizia, sumina, garrasia eta hizkera mingarria, baita gaiztakeria guztia ere. Izan zaitezte elkarrentzat on, erruki goxoa erakutsi eta eskuzabaltasunez barkatu elkarri, Jainkoak Kristoren bidez eskuzabaltasunez barkatu zizuen bezalaxe».

f Ikusi «La pornografía puede destruir su matrimonio» («La pornographie peut briser votre couple») artikulua, jw.org webgunean eta JW Library-n.

g Emazte baten senarrak pornografia ikusten badu, emaztearentzat oso lagungarria izango da «Zer egin dezakezu zure ezkontideak pornografia ikusten badu?» artikulua irakurtzea, aldizkari honetako 2023​ko abuztuko alean.

h Bibliak ez du zehazten senar eta emazte batek euren artean izan ditzaketen zer sexu praktika diren garbiak eta zeintzuk zikinak. Senar-emazteek Jehoba ohoratzeko, elkarri atsegin emateko eta euren kontzientziak garbi mantentzeko desio sendoa dutela erakusten duten erabakiak hartu behar dituzte elkarrekin. Orokorrean, ez dute bere ezkon harremanaren arlo hain intimo horri buruz beste inorekin hitz egingo.

i IRUDIAREN AZALPENA : Lekukoak ez diren anaia baten lankideak berari aldizkari pornografiko bat erakusten saiatzen dira.