Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

5. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 108. KANTA Jehobaren maitasun leiala

Zer bedeinkapen jasotzen ditugu Jehobaren maitasunari esker?

Zer bedeinkapen jasotzen ditugu Jehobaren maitasunari esker?

«Kristo Jesus bekatariak salbatzera etorri ze[n] [...] mundura» (1 TIM. 1:15).

IDEIA NAGUSIA

Zein modutan laguntzen digun erreskateak eta nola erakutsi ahal diogun Jehobari gure esker ona.

1. Zer egin dezakegu Jehoba pozteko?

 IMAJINATU maite duzun norbaiti polita eta praktikoa den opari berezi bat egiten diozula. Zein triste jarriko zinateke pertsona horrek besterik gabe zure oparia gorde eta kasurik egingo ez balio! Alderantziz, pertsona horrek zure oparia erabili eta esker ona erakutsiko balu, izugarrizko poza sentituko zenuke. Era berean, Jehobak bere Semea gure alde eman zuen. Zein pozik jarri behar den Jehoba bere opari baliotsuarengatik eta bere maitasunarengatik esker ona adierazten dugunean! Izan ere, maitasun horrek bultzatuta eskaini zuen erreskatea (Joan 3:16; Erm. 5:7, 8).

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Hala ere, denborarekin, erreskatearen oparia estimatzeari uzten hasi gaitezke. Hori egitea Jainkoaren oparia gordetzea bezala izango litzateke. Opari hori izateaz pozik gaude, baina nolabait esateko, gure bistatik kendu dugu. Hori gertatu ez dadin, Jehobak eta Jesusek gure alde egin duten guztian erregularki pentsatu behar dugu. Artikulu honek hori egiten lagunduko digu. Alde batetik, erreskateak bai orain, baita etorkizunean ere, nola lagundu ahal digun aztertuko dugu. Bestetik, Jehobari bere maitasuna nola eskertu ahal diogun ikusiko dugu, bereziki Oroitzapenaren garaian.

NOLA LAGUNTZEN DIGU ERRESKATEAK ORAIN?

3. Nola laguntzen digu erreskateak gaur egun? Aipatu modu bat.

3 Jesu Kristoren erreskatea dagoeneko lagungarria izaten ari da guretzat. Adibidez, erreskatean oinarrituta, Jehobak gure bekatuak barkatzen ditu. Bera ez dago guri barkatzera behartuta, baina barkatu egin nahi digu. Salmogileak honela azaldu zuen bere esker ona: «Ona zara zu, Jauna, eta barkabera» (Sal. 86:5; 103:3, 10-13).

4. Noren alde eskaini zuen Jehobak erreskatea? (Lukas 5:32; 1 Timoteori 1:15)

4 Batzuek, agian, Jehobaren barkamena merezi ez dutela pentsatzen dute. Baina, berez, ez du inork merezi. Esaterako, Paulo apostoluak hurrengoa onartu zuen: «Ez dut apostolu deitua izatea merezi». Hala eta guztiz ere, honakoa esan zuen: «Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunari esker, naizena naiz ni» (1 Ko. 15:9, 10). Gure bekatuez damutzen garenean, Jehobak barkatu egiten digu. Zergatik? Ez merezi dugulako, baizik eta maite gaituelako. Beraz, Jehobaren barkamena merezi ez duzula uste baduzu, gogoan izan Jehobak erreskatea damututako bekatarien alde eskaini zuela, eta ez bekaturik gabeko pertsonen alde (Irakurri Lukas 5:32; 1 Timoteori 1:15).

5. Merezi dugun zerbait al da Jehobaren errukia? Azaldu.

5 Beharbada gutako asko urte dexente daramatzagu Jehobaren zerbitzuan. Baina horrek ez du esan nahi bere errukia merezi dugunik. Noski, Jehobak ez du ahazten bere alde egin dugun guztia (Heb. 6:10). Hala ere, kontuan izan behar dugu erreskatea Jehobaren opari bat dela, eta ez bere zerbitzuan egin dugunarengatik zor digun ordainketa bat. Beraz, Jehobaren errukia irabazi dugula edo tratu berezi bat jasotzea merezi dugula pentsatuko bagenu, berez, erreskatea behar ez dugula esaten ariko ginateke (Konparatu Galaziarrei 2:21).

6. Zergatik egin zuen hain gogor lan Paulok Jehobaren zerbitzuan?

6 Paulok bazekien ezingo zuela Jainkoaren errukia irabazi. Orduan, zergatik egin zuen hain gogor lan bere zerbitzuan? Jehobaren merezigabeko eskuzabaltasunarengatik bere esker ona adierazi nahi zuelako (Efe. 3:7). Pauloren antzera, guk ere Jehoba gogotsu zerbitzatzen jarraitzen dugu, ez bere errukia irabazteko, baizik eta berari gure esker ona adierazteko.

7. Zein beste modu batean laguntzen digu erreskateak gaur egun? (Erromatarrei 5:1; Santiago 2:23)

7 Zein beste modutan laguntzen digu erreskateak gaur egun? Jehobarekin harreman estu eta pertsonal bat izan dezakegu. a Aurreko artikuluan aztertu genuen bezala, jaiotzen garenean, ez dugu inongo harremanik Jainkoarekin. Baina erreskateari esker, «Jainkoarekin bakean» egoteaz gozatu dezakegu eta, ondorioz, berarengana gerturatu gaitezke (Irakurri Erromatarrei 5:1; Santiago 2:23).

8. Zergatik eskertu beharko genioke Jehobari otoitz egiteko eman digun ohorea?

8 Jehobarekin dugun harremanari esker, berari otoitz egiteko ohorea dugu. Jehobak ez ditu bere zerbitzariek bileretan besteen aurrean egiten dituzten otoitzak bakarrik entzuten. Horretaz gain, gutako bakoitzak bakarka egiten ditugun otoitzak entzuten ditu. Otoitz egiten dugunean, lasaitasuna eta barne bakea sentitzen dugu. Baina otoitzak modu gehiagotan ere laguntzen digu. Jehobarekin dugun adiskidetasuna sendotzen lagundu gaitzake (Sal. 65:3 [65:2, NWT]; St. 4:8; 1 Joan 5:14). Lurrean egon zenean, Jesusek askotan egiten zuen otoitz, bazekielako Jehoba entzuten ari zela eta otoitz egiteak bere Aitarekin zuen harremana sendotzen lagunduko ziola (Luk. 5:16). Jesusen sakrifizioari esker, Jehobaren lagunak izan gaitezke eta otoitzean berarekin hitz egin dezakegu. Zein eskertuta gauden!

NOLA LAGUNDUKO DIGU ERRESKATEAK ETORKIZUNEAN?

9. Nola lagunduko digu erreskateak etorkizunean Jehobaren zerbitzari leialoi?

9 Nola lagunduko digu erreskateak etorkizunean Jehobaren zerbitzari leialoi? Jehobak betirako bizia emango digu. Gizakiak beti hil egin direnez, askok betirako bizitzea ezinezkoa dela uste dute. Baina Jehobaren hasierako helburua gizakiak betirako bizitzea zen. Adamek bekatu egin izan ez balu, betirako bizitzea ez zen hain harrigarria izango guretzat. Egia da betirako bizi gaitezkeela imajinatzea zaila izan daitekeela. Baina ziur egon gaitezke hori gertatuko dela Jehobak preziorik altuena —bere Seme kuttunaren bizia— ordaindu baitzuen hori posible izateko (Erm. 8:32).

10. Zer espero dute irrikaz gantzutuek eta beste ardiek?

10 Betirako bizitzea etorkizunean gertatuko den zerbait izan arren, Jehobak guk orain horretan pentsatu dezagun nahi du. Alde batetik, gantzutuak Kristorekin batera zerutik lurra agintzeko irrikan daude (Ap. 20:6). Bestetik, beste ardiek mina eta sufrimendurik gabeko lurreko paradisuan bizitzea espero dute (Ap. 21:3, 4). Lurrean betirako bizitzeko esperantza duten beste ardien artean bazaude, ez pentsatu hori kontsolazio-sari bat denik! Gizaki guztiok lurrean betirako bizitzeko diseinatuak izan ginen. Beraz, horrek oso-oso zoriontsu egingo gaitu.

11, 12. Zeintzuk dira paradisuan irrikaz espero ditzakezun bedeinkapen batzuk? (Ikusi irudiak ere)

11 Imajinatu nolakoa izango den bizitza lurreko paradisuan. Ez duzu gaixotasunengatik edo heriotzarengatik kezkatu beharko (Is. 25:8; Is. 33:24, NWT). Jehobak zure desira egoki guztiak erabat asetuko ditu. Zer ikastea gustatuko litzaizuke? Fisika? Kimika? Musika? Artea? Dudarik gabe, arkitektoak, eraikitzaileak eta nekazariak beharko dira paradisuan. Gainera, jendeak lurra landu, janaria prestatu, lan tresnak egin eta lorategi ederrak zaindu beharko ditu (Is. 35:1; 65:21). Eternitatea aurrean izanik, imajinatu dezakezun edozein abilezia garatzeko denbora izango duzu.

12 Zer-nolako poza sentituko dugun berpiztuei ongietorria ematean! (Eg. 24:15). Bestalde, imajinatu zenbat gozatuko duzun Jehobak sortu dituen gauzei buruz gehiago ikasteaz (Sal. 104:24; Is. 11:9). Baina gauza guztien gainetik, zein zirraragarria izango den Jehoba erru sentimendu arrasto bat bera ere gabe adoratu ahal izatea! Ordezkatuko al zenuke paradisuan bizitzea denbora batez bekatuaz gozatzearekin? (Heb. 11:25). Noski ezetz! Paradisuko bizitza mundu honetan orain izan dezakegun edozer gauza baino askoz ere hobeagoa izango da. Bestalde, gogoan izan ez garela beti paradisuko bizitza itxaroten egongo. Denborarekin, errealitate bihurtuko da. Hori guztia ez zen posible izango Jehobak horrenbeste maite izan ez bagintu eta erreskatea eskaini izan ez balu!

Paradisuan izango ditugun bedeinkapen guztien artean, zeintzuk dira irrikaz espero dituzunak? (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak)


NOLA ESKERTU AHAL DIOGU JEHOBARI BERE MAITASUNA?

13. Nola eskertu ahal diogu Jehobari bere maitasuna? (2 Korintoarrei 6:1, NWT)

13 Nola eskertu ahal diogu Jehobari erreskatea eskaini izana? Bera zerbitzatzeari lehentasuna emanez (Mat. 6:33). Azken finean, Jesus denengatik hil zen, «bizi direnak ez daitezen berentzat bizi, beraiengatik hil eta piztu den harentzat baizik» (2 Ko. 5:15). Argi dago ez dugula Jehobaren merezigabeko eskuzabaltasunaren helburua galdu nahi (Irakurri 2 Korintoarrei 6:1, NWT b).

14. Nola izan dezakegu fedea Jehobaren gidan?

14 Jehobaren maitasuna eskertzeko beste modu bat bere gidan fedea izatea da. Nola egin dezakegu hori? Erabakiak hartzen ditugunean, esaterako, zer ikasketa egingo ditugun edo zer lan mota onartuko dugun erabakitzean, Jehobak guk zer egitea nahi duen aztertu behar dugu (1 Ko. 10:31; 2 Ko. 5:7). Gure fedea ekinean jartzen dugunean, gauza zoragarri bat gertatzen da: Gure fedea eta Jehobarekin dugun adiskidetasuna oraindik gehiago sendotzen da. Gainera, gure itxaropena ziurragoa bihurtzen da (Erm. 5:3-5; St. 2:21, 22).

15. Nola erakutsi dezakegu gure esker ona Oroitzapenaren garaian?

15 Badago Jehobaren maitasuna eskertzeko beste modu bat: Oroitzapen garaian ahal duguna eginez Jehobari erreskatearengatik esker ona erakusteko. Oroitzapen egunean egoteko antolaketak egiteaz gain, besteak ere gonbidatu ditzakegu (1 Tim. 2:4). Azaldu gonbidatuko dituzunei zer egingo den Oroitzapenean. Horretarako, jw.org webguneko Zergatik hil zen Jesus? eta Oroitu Jesusen heriotza bideoak erabili ditzakezu. Bestalde, adindunek inaktiboak gonbidatzeaz ziurtatu behar dute. Imajinatu zer-nolako poza egongo den bai zeruan, bai lurrean Jehobaren ardi galdu batek artaldera itzultzea erabakitzen badu! (Luk. 15:4-7). Beraz, saia gaitezen Oroitzapenean anai-arrebak agurtzeaz gain, bereziki berriak edo aspaldi joan ez direnak ere agurtzen. Denek ongietorri beroa jaso dezaten nahi dugu! (Erm. 12:13).

16. Zergatik pentsatu beharko genuke Oroitzapenaren garaian gehiago predikatzea?

16 Gehiago egin al dezakezu Jehobaren zerbitzuan Oroitzapenaren garaian? Hori egitea Jehobak eta Jesusek gugandik egindako guztia eskertzeko modu bikain bat da. Jehobaren zerbitzuan zenbat eta murgilduago egon, orduan eta gehiago ikusiko duzu bere laguntza eta, ondorioz, berarengan duzun konfiantza sendotu egingo da (1 Ko. 3:9). Bestalde, ziurtatu Oroitzapenerako Biblia irakurketa jarraitzen duzula, Aztertu eguneko aipua-n edo aste barruko bilerako lan koadernoan agertzen den irakurketa programa erabiliz. Gainera, Biblia pasarte horiek zure ikasketa pertsonalean erabili ditzakezu.

17. Zerk pozten du Jehoba? (Ikusi « Jehobari bere maitasuna eskertzeko moduak» taula ere)

17 Zure egoera dela eta, beharbada, ezingo dituzu artikulu honetan aipatu diren gauza guztiak egin. Baina gogoan izan Jehobak ez duela zuk egiten duzuna besteek egiten dutenarekin konparatzen. Berak zure bihotza ikusten du eta oso pozik jartzen da erreskatea bihotz-bihotzez eskertzen duzula ikusten duenean (1 Sam. 16:7; Mar. 12:41-44).

18. Zergatik gaude Jehoba eta Jesusi eskertuta?

18 Erreskateari esker, gure bekatuen barkamena jaso dezakegu, Jehobaren lagunak izan gaitezke eta betirako bizitzeko esperantza izan dezakegu. Jehobaren maitasunari esker, bedeinkapen guzti horiek izan ditzakegu. Beraz, adierazi diezaiogun beti gure esker ona Jehobari! (1 Joan 4:19). Eta erakutsi diezaiogun ere gure esker ona Jesusi, maitasunak bultzatuta bere bizia gure alde eman baitzuen! (Joan 15:13).

sjj 154. KANTA Maitasunak ez du huts egingo

a Jesusek bere bizia eman aurretik ere, Jehobak bere zerbitzariei barkatu zien. Zergatik egin ahal izan zuen hori Jehobak? Ziur zegoelako Jesus hil arte leial mantenduko zela. Horrela, Jehobarentzat erreskatea dagoeneko ordainduta egongo balitz bezala zen (Erm. 3:25).

b 2 Korintoarrei 6:1, NWT: «Bere lankide bezala, Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasuna onartu ondoren, bere helburua begi bistatik ez galtzeko erregutzen dizuegu ere».