Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

4. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 18. KANTA Eskaintzarengatik esker ona

Zer irakasten digu erreskateak?

Zer irakasten digu erreskateak?

«Hara nola agertu den Jainkoaren gureganako maitasuna» (1 JOAN 4:9).

IDEIA NAGUSIA

Erreskateak Jehobaren eta Jesu Kristoren ezaugarri erakargarriei buruz irakasten diguna.

1. Nola laguntzen digu Jesusen heriotzaren oroitzapena urtero ospatzeak?

 ZEIN opari baliotsua den erreskatea! (2 Ko. 9:15). Jesusek gizakion alde egindako sakrifizioari esker, Jehobarekin harreman estua izan dezakegu. Gainera, betirako bizitzeko aukera ere dugu. Jehobak, maitasunak bultzatuta, erreskatea eman zuen. Zenbat eskertzen dugun berak hori egin izana! (Erm. 5:8). Eskerrak ematen jarraitzeko, eta Jehobak eta Jesusek gure alde egindakoa inoiz ez ahazteko, Jesusek bere heriotzaren oroitzapena urtero ospatzeko agindu zigun (Luk. 22:19, 20).

2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

2 Aurten, Oroitzapena 2025​eko apirilaren 12​an, larunbata, ospatuko dugu. Dudarik gabe, bertan egoteko antolaketak egingo ditugu. Oso lagungarria izango zaigu Oroitzapenaren aurreko asteetan, eta ondoren, Jehobak eta bere Semeak gure alde egindako guztian hausnartzea. a Artikulu honetan, erreskateak Jehobari eta Jesusi buruz irakasten diguna aztertuko dugu. Eta hurrengoan, erreskateak nola lagundu ahal digun ikusiko dugu, baita erreskateagatik gure esker ona nola erakutsi dezakegun ere.

ZER IRAKASTEN DIGU ERRESKATEAK JEHOBARI BURUZ?

3. Nola da posible gizon baten heriotzak milioika gizaki askatu ahal izatea? (Ikusi irudia ere)

3 Erreskateak Jehobaren justiziari buruz irakasten digu (Deu. 32:4). Adamek Jainkoari desobeditzearen ondorioz, heriotzara eramaten gaituen bekatua jaso genuen herentzian (Erm. 5:12). Bekatu eta heriotzatik askatuak izateko, Jehobak Jesus eman zuen erreskate moduan. Baina nola da posible gizaki perfektu baten sakrifizioak milioika gizaki askatu ahal izatea? Paulo apostoluak honela azaldu zuen: «Zeren gizon baten [Adamen] desobedientziaren bidez asko bekatari izatera iritsi ziren bezala, pertsona baten [Jesusen] obedientziaren bidez asko justuak izatera iritsiko dira» (Erm. 5:19; 1 Tim. 2:6). Beste modu batera esanda: Gizon perfektu baten desobedientziak bekatu eta heriotzaren esklabo izatera eraman gintuen bezala, gizon perfektu baten obedientziak bekatu eta heriotzatik askatzen gaitu.

Gizon batek gu bekatuaren eta heriotzaren esklabo izatea eragin zuen. Era berean, gizon batek bekatu eta heriotzatik askatu gaitzake (Ikusi 3. paragrafoa)


4. Zergatik ez zien Jehobak Adamen ondorengo leialei besterik gabe betirako bizitzen utzi?

4 Benetan beharrezkoa al zen Jesus gure alde hiltzea? Zergatik ez zien Jehobak Adamen ondorengo leialei besterik gabe betirako bizitzen utzi? Giza ikuspuntutik, hori egitea arazoa konpontzeko modu on eta arrazoitsua izango litzateke. Baina ez ginateke Jehobaren justizia perfektua kontuan hartzen ariko. Bera justua denez, ez luke Adamen desobedientziari ez ikusiarena egitea inoiz erabakiko.

5. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak beti zuzen jokatuko duela?

5 Zer gertatuko zen Jehobak erreskatea eman izan ez balu eta, bere justizia alde batera utziz, Adamen ondorengo inperfektuei besterik gabe betirako bizitzen utzi izan balie? Jendea hurrengoa pentsatzera iritsi ahalko zela: Jainkoak beste arlotan ere bere justizia alde batera utzi zezakeela. Adibidez, bere promes guztiak beteko ote dituen zalantzan jarri genezake. Baina horrek ez gaitu kezkatu behar. Zergatik? Jehobak beti jokatu duelako justiziaz, baita bere Seme kuttuna sakrifizioan eman behar izan zuenean ere. Beraz, ziur egon gaitezke berak zuzen jokatuko duela beti.

6. Zein da erreskateak Jehobaren maitasuna erakusten duen modu bat? (1 Joan 4:9, 10)

6 Erreskateari esker, Jehoba justua dela ulertu dezakegu. Baina, bereziki, bere maitasuna zein sakona den ulertzen laguntzen digu (Joan 3:16; irakurri 1 Joan 4:9, 10). Jehobak bere Semea sakrifizio moduan eman zuen guk betirako bizitzeko aukera izateko. Baina ez hori bakarrik. Jehobak bere familiaren parte izan gaitezen ere nahi du. Pentsatu hurrengoan: Adamek bekatu egitean, Jehobak bere familiatik bota zuen. Ondorioz, gizaki guztiok Jehobaren familiaren kanpo jaio gara. Baina erreskateari esker, Jehobak gure bekatuak barkatzen ditu, eta fedea jartzen eta obeditzen duten guztiei denborarekin bere familiaren parte izateko aukera emango die. Orain ere, bai Jehobarekin bai anai-arrebekin harreman estuaz gozatu dezakegu. Ez dago dudarik; Jehobak bihotz-bihotzez maite gaitu! (Erm. 5:10, 11).

7. Nola laguntzen digu Jesusek sufritu zuenak Jehobak zenbat maite gaituen ulertzen?

7 Jehobarentzat bere Semea sufritzen ikustea zein mingarria izango zen pentsatzen dugunean, berak zenbat maite gaituen konturatzen gara. Satanasek honakoa aldarrikatzen du: zailtasunen aurrean, Jehobaren zerbitzari bat bera ere ez dela leial izango. Horregatik, Satanas gezurti huts bat dela frogatzeko, Jehobak Jesus hil arte sufritzen utzi zuen (Job 2:1-5; 1 Ped. 2:21). Pertsonek Jesusen kontura barre egin, soldaduek jipoitu eta bera iltzatu zutela ikusi zuen Jehobak. Hori gutxi balitz, ondoren, Jainkoak bere Seme maitea heriotza mingarri bat sufritzen ikusi zuen (Mat. 27:28-31, 39). Jehobak hori guztia geldiarazteko boterea zuen. Adibidez, Jesusen aurkariek «Jainkoak lagundu nahi badio, salba dezala» esan zutenean, Jehobak horixe bera egin ahal zuen (Mat. 27:42, 43). Baina hori egin izan balu, ezin izango zuen erreskaterik ordaindu eta gu guztiok ez genuen esperantzarik izango. Beraz, Jehobak bere Semeak azken arnasa bota arte sufritzen utzi zuen.

8. Zergatik dakigu Jehobak mina sentitu zuela bere Semea hil zutenean? (Ikusi irudia ere)

8 Jehobak bere Semea sufritzen ikusi arren, ez zuen ezer egin. Baina esan nahi al du horrek sentimendurik ez dituenik? Ez. Jehobak bere irudira sortu gintuen, sentitzeko gaitasunarekin. Beraz, nola ez du ba Jehobak sentimendurik izango? Bibliak, adibidez, Jainkoa «mindu[ta]» eta «tristuraz bete[ta]» egon zela esaten du (Sal. 78:40, 41, NWT). Orduan, zenbateko mina sentitu zuen Jehobak bere Semea sufritzen ikusi zuenean? Azter dezagun Abraham eta Isaaken pasartea. Jehobak Abrahami bere seme bakarra sakrifizioan eskaintzeko eskatu zion (Has. 22:9-12; Heb. 11:17-19). Imajinatu dezagun zenbat eta zenbat emozio desberdin sentituko zituen Abrahamek bere semea hiltzeko prestatzen ari zela. Pentsa dezagun orain Jehobarengan. Imajinatu nola sentituko zen bere Semea hil arte krudelkeriaz nola torturatu zuten ikustean. Jehoba askoz ere tristeago eta atsekabetuago sentituko zen! (Ikusi Imitatu dezagun beraien fedea: Abraham (2. zatia) bideoa, jw.org webgunean).

Jehobak min handia sentitu zuen bere Semea sufritzen ikustean (Ikusi 8. paragrafoa)


9. Nola laguntzen digu Erromatarrei 8:32, 38, 39 aipuak Jehobak bai gu, bai gure anai-arrebak zenbat maite gaituen ulertzen?

9 Erreskateak inork ez gaituela Jehobak bezainbeste maite irakasten digu, ezta gure senide maiteenak edo lagun minenak ere (Irakurri Erromatarrei 8:32, 38, 39). Ez izan dudarik; guk geure burua maite arren, Jehobak oraindik gehiago maite gaitu. Betirako bizi nahi al duzu? Ziur baietz! Baina Jehobak zuk baino gogo gehiago ditu. Zure bekatuak barkatuak izatea nahi al duzu? Noski baietz! Baina Jehobak are gehiago nahi du hori. Eskatzen digun gauza bakarra, erreskatearengatik esker ona erakustea da. Nola egin dezakegu hori? Berarengan fedea erakutsiz eta berari obedituz. Erreskatea Jehobak zenbat maite gaituen erakusten duen opari baliotsu bat da. Gainera, mundu berrian oraindik gehiago ikasiko dugu Jehobaren maitasunari buruz (Ekl. [Koh.] 3:11, NWT).

ZER IRAKASTEN DIGU ERRESKATEAK JESUSI BURUZ?

10. a) Zer kezka zuen Jesusek bere heriotzaren inguruan? b) Nola aldarrikatu zuen Jesusek Jehobaren izena? (Ikusi « Jesusen integritateari esker Satanas gezurti bat dela frogatu zen» taula ere)

10 Jesus asko arduratu zen bere Aitaren izen onaz (Joan 14:31). Blasfemiaz eta sedizioz salatu zutenez, Jesus kezkatuta zegoen bere Aitaren izena zikindua izan ahal zelako. Horregatik eskatu zuen hurrengoa otoitzean: «Ene Aita, ahal bada, urrundu nigandik kopa hau» (Mat. 26:39). Baina hil arte bere integritateari eutsi zionez, Jesusek bere Aitaren izena aldarrikatu zuen.

11. Nola erakutsi zuen Jesusek jendea bihotz-bihotzez maite zuela? (Joan 13:1)

11 Erreskateak honakoa ere irakasten digu: Jesus jendeaz bihotz-bihotzez arduratzen dela; bereziki bere dizipuluez (Esa. 8:31; irakurri Joan 13:1). Adibidez, Jesusek bazekien lurrean egin beharko zituen gauza batzuk oso zailak izango zirela, batez ere, modu mingarri batean hiltzea. Hala ere, Jesusek lurrean izan zuen eginkizuna betetzean, ez zuen betebehar bat bezala burutu. Horren ordez, predikatzean, irakastean eta besteei laguntzean, bihotz osoa jarri zuen. Hil aurreko gauean ere, denbora hartu zuen bere apostoluei oinak garbitzeko, eta kontsolamendua eta jarraibideak emateko (Joan 13:12-15). Gainera, zutoinean zegoela ere, denboratxo bat hartu zuen hiltzear zegoen gaizkileari esperantza emateko, baita bere ama nork zainduko zuen antolatzeko ere (Luk. 23:42, 43; Joan 19:26, 27). Beraz, Jesusek ez zuen jendeari dion maitasun sakona gizakion alde hiltzean bakarrik erakutsi; bere bizitza osoan zehar ere erakutsi zuen.

12. Zein zentzutan jarraitzen du Jesusek gure alde lan egiten?

12 Jesus «behin betiko» hil zen arren, gure alde gauza asko egiten jarraitzen du (Erm. 6:10). Zein zentzutan? Gogor lan egiten jarraitzen du erreskateari esker orain jaso ditzakegun gauza on asko guri emateko. Pentsa dezagun zein lanpetuta dagoen Jesus. Errege, Apaiz Nagusi eta kongregazio buru bezala zerbitzatzen du (1 Ko. 15:25; Efe. 5:23; Heb. 2:17). Bestalde, gantzutuak eta gizatalde handia biltzeko ardura du. Lan hori larrialdi handiaren amaiera aurretik burutuko du b (Mat. 25:32; Mar. 13:27). Gainera, morroi leial eta zentzuduna erabiltzen du azken egun hauetan espiritualki ondo elikatuta egon gaitezen (Mat. 24:45). Eta Mila Urteko Erregetzan zehar ere, gure alde lan egiten jarraituko du. Beraz, argi dago Jesusek bere burua gure alde eman duela. Dudarik gabe, Jehobaren opari baliotsu bat da.

EZ UTZI INOIZ IKASTEARI

13. Nola lagundu ahal digu hausnartzeak Jehobak eta Jesusek diguten maitasunari buruz gehiago ikasten?

13 Jehoba eta Jesusek diguten maitasunaren inguruan gehiago ikasteko, horretan hausnartzen jarraitu behar dugu. Adibidez, aurtengo Oroitzapenaren garaian, Ebangelio bat edo gehiago irakurri dezakezu. Ez itzazu kapitulu gehiegi jarraian irakurri. Horren ordez, joan zaitez pixkanaka eta bilatu Jehoba eta Jesus maitatzeko dituzun beste arrazoi batzuk. Eta, noski, partekatu besteekin ikasten duzuna.

14.119. Salmoa 97 (NWT) aipuaren arabera, nola laguntzen digu ikerketa egiteak erreskateari eta beste irakaspen batzuei buruz ikasten jarraitzen? (Ikusi irudia ere)

14 Egian urte asko egon bazara, hain ezagunak diren gaiei buruz —esaterako, Jainkoaren justizia, bere maitasuna eta erreskatearekin lotutako gaiei buruz— oraindik gauza berriak ikasi ote ditzakezun pentsatu duzu agian. Egia esan, ez dugu inoiz gauza horiei buruz ikasten amaituko. Orduan, zer egin dezakegu? Biblian oinarritutako argitalpenak irakurri eta aztertu. Eta erabat ulertzen ez duzun pasarte bat topatzen baduzu, egin ikerketa. Gero, egunean zehar, hausnartu aztertu berri duzun horretan, baita Jehobari, bere Semeari eta beraiek diguten maitasunari buruz ikasitakoan ere (Irakurri 119. Salmoa 97, NWT c).

Egian urte asko egon bagara ere, erreskatea oraindik gehiago estimatu dezakegu (Ikusi 14. paragrafoa)


15. Zergatik jarraitu beharko genuke Bibliako harribitxiak bilatzen?

15 Ez zaitez desanimatu irakurri edo ikerketa egiten duzun bakoitzean ez baduzu gauza berririk edo interesgarririk topatzen. Nolabait esateko, urrea bilatzen saiatzen den pertsona bezalakoa zara. Askotan, pertsona horrek orduak edota egunak pasa behar ditu urre pipita txikiena ere topatzeko. Hala ere, ez du amore ematen eta pazientziaz bilatzen jarraitzen du, badakielako urre pipita txikiena ere oso baliotsua dela. Biblian aurkitzen dugun harribitxi bakoitza are baliotsuagoa da! (Sal. 119:127; Esa. 8:10). Beraz, jarraitu Biblia irakurtzen eta gauza berriak ikasteko ikerketa egiten (Sal. 1:2).

16. Nola imitatu ditzakegu Jehoba eta Jesus?

16 Biblia aztertzen duzun bitartean, pentsatu nola jarri dezakezun praktikan ikasitakoa. Adibidez, imitatu Jehobaren justizia besteak inpartzialki tratatuz. Imitatu Jesusek bere Aitari eta besteei dien maitasuna Jehobaren izenaren alde sufritzeko eta anai-arreben alde sakrifizioak egiteko prest egonez. Bestalde, imitatu Jesus besteei predikatuz, Jehobak gizakion alde egindako gauza miresgarri guztiak ezagutzeko eta beraiek ere erreskatean fedea izateko aukera izan dezaten.

17. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

17 Erreskateari buruz ikasten jarraitzen badugu, Jehoba eta Jesus are gehiago maitatzea lortuko dugu. Ondorioz, beraiek ere gehiago maiteko gaituzte (Joan 14:21; St. 4:8). Beraz, erreskateari buruz gehiago ikasteko, jarraitu dezagun Jehobak ematen digun guztiari etekina ateratzen. Hurrengo artikuluan, erreskateak zein modutan lagundu ahal gaituen aztertuko dugu, baita zer egin dezakegun Jehobaren maitasuna eskertzeko ere.

sjj 107. KANTA Jehoba, maitasunaren eredua

a ZER ESAN NAHI DU?: «Hausnartzea» gai baten inguruan sakonki pentsatzea eta gai horri buruz xehetasun gehiago ikastea da.

b Efesoarrei 1:10 (Ke) aipuan, Paulok «zeruan [...] diran gauza guztiak» biltzeari buruz hitz egiten du. Bestalde, Mateo 24:31 eta Markos 13:27 aipuetan, Jesusek «aukeratuak» biltzeari buruz hitz egiten du. Baina bilketa berberaz ari al gara? Ez. Paulo Jehobak bere seme-alaba espiritualak espiritu santuz gantzutuz aukeratzen dituen denborari buruz ari da. Jesus, aldiz, lurrean geratzen diren gantzutuak larrialdi handian zehar zerura bilduak izango diren denborari buruz ari da.

c 119. Salmoa 97, NWT: «Zenbat maite dudan zure legea! Horretan hausnartzen [edo hori aztertzen, oharra] dut egun osoan».