Irakurleen galderak
Zer esan nahi du Lebitarrena 19:16ak beste pertsona baten biziaren aurka ez altxatzeko esaten digunean? Zer ikasi dezakegu hitz hauetatik?
Jehobak herri santua izateko eskatu zien israeldarrei. Horretarako, honakoa esan zien: «Ez ibili zure herriaren erdian kalumnia zabaltzen. Ez altxatu zure lagun hurkoaren biziaren aurka. Neu naiz Jehoba» (Lb 19:2, 16, NWT).
Aurka altxatu esamoldeak oso ondo azaltzen du jatorrizko hebrear testua, baina zer esan nahi du? Lebitarrenari buruzko liburu judutar batek dio: «Bertset honen zati hau […] zaila da ulertzea, ez baita erraza esamolde hebrear honen atzean zer dagoen jakitea, literalki “ez egon ondoan, gertu” esan nahi du».
Aditu batzuek esamolde hau 15. bertsetaren ideiarekin lotzen dute. Honakoa dio: «Ez egin bidegabekeriarik epaiketan, ez jende xehearen alde jarriz, ez handikiari mesede eginez: epaitu zuzenbidez zeuen herritarra» (Lb 19:15). Kasu honetan orduan, zer esanahia izan zezakeen norbaiten aurka ez altxatzeko 16. bertseteko aginduak? Israeldarrek ez zutela bidegabeak izan behar, ez epaiketetan, ez negozioetan, ezta familian ere. Gainera, ez zuten beraien abantailarako tranparik egin behar. Egia da ez genukeela horrelako gauzarik egin behar, baina bada 16. bertseteko esamoldea ulertzeko beste modu logikoago bat.
Aztertu ditzagun bertset honetako lehen hitzak. Jehobak kalumniarik ez zabaltzeko agintzen dio bere herriari. Kontuan izan kalumnia zurrumurru hutsa baino gehiago dela; zurrumurruak arazoak sortu ditzake, baina kalumniak are larriagoak sortzen ditu (Es 10:19; Koh 10:12-14; 1 Tm 5:11-15; St 3:6). Kalumnia askotan hitzekin adierazten da eta norbaiten izen ona kaltetzeko asmoz egiten da. Kalumniatzaileak beste pertsona horren aurka testigantza faltsua eman dezake, nahiz eta haren bizia arriskuan jarri. Gogoratu kalumniatzaileek Naboten aurka gezurrak esan zituztela eta, horren ondorioz, harrikatua izan zela (1 Erg 21:8-13). Beraz, Lebitarrena 19:16aren bigarren zatiak dioen bezala, kalumniatzaile bat beste norbaiten biziaren aurka altxatu zitekeen.
Honetaz gain, kalumnia maltzurraren atzean gorrotoa egon daiteke. 1 Joan 3:15ak dio: «Bere senideari gorroto diona giza hiltzaile da, eta badakizue giza hiltzaileak bere baitan betiko bizirik ez duena». Aipagarria da Jainkoak 16. bertseteko hitzen ondoren honakoa esatea: «Ez eman biderik zeuen barrenean anaiarenganako gorrotoari» (Lb 19:17).
Beraz, Lebitarrena 19:16an aurkitzen dugun ezohiko esamoldea kristauentzat agindu argia da. Pentsamendu txarrak baztertu behar ditugu eta ez dugu inoiz beste norbait kalumniatu behar. Hortaz, norbaiten aurka altxatzen bagara, hau da, gustatzen ez zaigulako edo inbidia diogulako kalumniatzen badugu, gorroto diogun seinale izan daiteke. Kristauok guztiz baztertu behar dugu hori egitea (Mt 12:36, 37).