Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

51. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jarraitu dezagun Jesusi entzuten

Jarraitu dezagun Jesusi entzuten

«Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!» (MT 17:5).

sjj 54. KANTA «Hona hemen bidea»

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. a) Zer agindu jaso zuten Jesusen hiru apostoluk eta nola erantzun zuten? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

PEDRO, Santiago eta Joan apostoluak ikuskari harrigarri baten lekuko izan ziren. Hau K.o. 32. urteko Pazkoaren ondoren gertatu zen. Mendi garai batean zeudela, ziurrenik Hermon mendiaren adar batean, Jesus beraien aurrean antzaldatu zen. «Aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion eta jantziak argia bezain zuri» (Mt 17:1-4). Ikuskariaren amaiera aldera, apostoluek Jainkoari honakoa esaten entzun zioten: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!» (Mt 17:5). Hiru apostoluek nolako bizitza izan zuten ikusita, argi geratu zen Jesusi entzun ziotela. Beraien eredua imitatu nahi dugu.

2 Aurreko artikuluan, Jesusen ahotsa entzuteak gauza zehatz batzuk egiteari uzteko esan nahi duela ikasi genuen. Artikulu honetan, Jesusen ahotsa entzunez, egin behar ditugun bi gauza aztertuko ditugu.

«SAR ZAITEZTE ATE ESTUTIK»

3.⁠ Mateo 7:13, 14⁠aren arabera, zer egin behar genuke?

3 Irakurri Mateo 7:13, 14Jesusek bi bide ezberdinetara daramaten bi ate aipatu zituen. Batak bide lasaira darama eta besteak meharrera. Ez dago hirugarren biderik. Bi bide hauetako bat aukeratu behar dugu. Inoiz hartuko dugun erabakirik inportanteena da hau, gure betiko bizitza jokoan baitago.

4. Nolakoa da bide «lasaia»?

4 Argi izan behar dugu bi bideen arteko ezberdintasunak zein diren. Bide «lasaia» jende askok hartzen du, bidaiatzeko erraza delako. Zoritxarrez, askok bide horretatik jarraitzea aukeratzen dute gehiengoak horrela egiten duelako. Ez dute onartu nahi Satanas dela jendea bide horretatik ibiltzea nahi duena eta bide horrek amildegira daramala (1 Ko 6:9, 10; 1 Jn 5:19).

5. Zer ahalegin egin dute batzuek bide «meharra» aurkitu eta bertatik ibiltzeko?

5 Bide «lasaiarekin» konparatuta, beste bidea «meharra» da eta, Jesusen arabera, gutxik aurkituko zuten. Zergatik? Interesgarria da hurrengo bertsetean Jesusek sasiprofetei buruz abisua eman izana (Mt 7:15). Milaka erlijio daudela kalkulatzen da eta gehienek egia irakasten dutela esaten dute. Hainbeste erlijio daudenez, milioika pertsona desanimatuta eta nahastuta daude; ez dira bizira daraman bidea bilatzen saiatzen ere. Baina bide hori aurkitu daiteke. Jesusek esan zuen: «Nire mezuan tinko irauten baduzue, zinez nire ikasle izango zarete; horrela, egia ezagutuko duzue, eta egiak aske egingo zaituzte» (Jn 8:31, 32). Zoriontzekoa da zuk gehiengoari jarraitu ez izana; horren ordez, egia bilatu duzu. Jainkoaren Hitzaren ikerketa sakona hasi zenuen Jehobak gugandik zer espero duen jakiteko, eta Jesusen irakaspenei entzun zenien. Besteak beste, erlijio faltsuaren irakaspenak baztertu eta honekin lotutako ospakizunetan parte hartzeari utzi diozu. Gainera, Jehoba zurekin pozik egoteko bizitzan aldaketak egitea erraza ez dela ikusi duzu (Mt 10:34-36). Hala ere, aldaketak egiteko gogor saiatzen jarraitu duzu. Zergatik? Zure zeruko Aita maite duzulako eta bere onespena lortu nahi duzulako. Zein pozik egongo den zurekin! (Es 27:11).

NOLA JARRAITU BIDE MEHARREAN

Jainkoaren aholku eta arauek bide «meharrean» jarraitzen laguntzen digute (Ikusi 6-8 paragrafoak) *

6. 119. Salmoa 9, 10, 133 bertseten arabera, zerk lagunduko digu bide meharrean jarraitzen?

6 Bide meharretik ibiltzen hasi bagara, zerk lagunduko digu bertatik ez ateratzen? Ikus dezagun adibide bat. Errepideko bazter-babesek gidaria eta autoa babesten dituzte. Mendate bateko errepidean doazen gidariak seguru sentitzen dira errepidetik ez ateratzen laguntzen dietelako. Inor ez litzateke kexatuko bazter-babesek askatasuna mugatzen diotela esanez. Biblian aurkitzen ditugun Jehobaren arauak bazter-babes horiek bezalakoak dira. Bide meharrean jarraitzen laguntzen digute (Irakurri 119. Salmoa 9, 10, 133).

7. Nola nahi du Jehobak gazteek bide meharra ikustea?

7 Gazteok, Jehobaren arauek askatasuna mugatzen dizuetela sentitzen al duzue batzuetan? Hori da Satanasek pentsatzea nahi duena. Bide lasaitik doazen pertsonetan fijatzea nahiko luke, itxuran zeinen ondo pasatzen ari diren ikustea. Zure klasekoek eta Interneten ikusten dituzun pertsonek bizitzaz zuk baino askoz ere gehiago gozatzen dutela pentsatzea nahi du, hau da, Jehobaren arauek bizitzaz topera disfrutatzen uzten ez dizutela. * Baina gogoratu, Satanasek ez du nahi bide horretatik bidaiatzen dutenek nora doazen jakitea. Jehobak bestalde, argi eta garbi esan dizu zer aurkituko duzun bizira daraman bidearen amaieran (Sal 37:29; Is 35:5, 6; 65:21-23).

8. Zer ikasi dezakete gazteek Olafen eredutik?

8 Ikusi zer ikasi dezakezun Olaf * izeneko anaia gazte baten bizipenetik. Bere gelakideek jokabide moralgabea izateko presionatzen zuten. Jehobaren lekukoak Bibliako arau moralen arabera bizi direla azaldu zuenean, neska batzuek erronka moduan hartu zuten hau eta beraiekin sexu-harremanak izateko konbentzitzen saiatu ziren. Baina Olaf tinko mantendu zen. Eta hori ez da jasan zuen presio bakarra. Berak dio: «Irakasleak ni unibertsitatera joateko konbentzitzen saiatu ziren, horrek ospea emango zidala esanez. Bestela, ez nintzela bizitzan ezer izango esaten zidaten». Zerk lagundu zion presio honi aurre egiten? Olafek dio: «Kongregazioan lagun onak egin nituen. Nire familia izatera iritsi ziren. Biblia gehiago aztertzen ere hasi nintzen. Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta konbentzituago nengoen hau egia dela. Ondorioz, Jehoba zerbitzatzea eta bataiatzea erabaki nuen».

9. Zer egin behar dute bide meharrean jarraitu nahi dutenek?

9 Satanas oso pozik egongo litzateke bizira daraman bidetik aterako bazina. Gehienek egiten duten bezala «hondamenera» daraman bide lasaia hartu dezazun nahi du (Mt 7:13). Hala ere, bide meharrean jarraitzea lortuko dugu Jesusi entzun eta bide hori babes moduan ikusten badugu. Ikusi dezagun orain zer gehiago egiteko esan zigun Jesusek.

EGIN BAKEAK ZURE SENIDEAREKIN

10.⁠ Mateo 5:23, 24⁠aren arabera, zer esan zuen Jesusek egin behar genukeela?

10 Irakurri Mateo 5:23, 24Aipu honetan, juduentzako oso inportantea zen momentu bat deskribatzen ari zen Jesus. Imajinatu norbait tenpluan dagoela apaizari sakrifikatzeko animalia bat emateko zorian. Une horretan bere senideak bere aurka zerbait zuela gogoratzen du. Oparia han utzi eta joan egin behar zuen. Zertara? Zer izango zen Jehobari opari bat eskaintzea baino garrantzitsuagoa? Jesusek argi esan zuen: «Zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera».

Jakobek apaltasunez bakeak egin zituen bere anaiarekin. Jarraituko al duzu bere eredua? (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak) *

11. Zer egin zuen Jakobek Esaurekin bakeak egiteko?

11 Asko ikasi dezakegu bakeak egiteari buruz Jakoben bizitzan gertatutako zerbait aztertuz. Bere jaioterritik kanpo 20 urte inguru pasa ondoren, itzultzeko agindua eman zion Jainkoak aingeru baten bidez (Has 31:11, 13, 38). Baina arazo bat zegoen. Bere anaia zaharrenak, Esauk, bera hil nahi izan zuen (Has 27:41). Bere anaia oraindik haserre egon zitekeela pentsatzen zuenez, «Jakob biziki beldurtu zen eta larritu» (Has 32:7). Zer egin zuen Jakobek bere anaiarekin bakeak egiteko? Lehenik, honi buruz bihotzez egin zion otoitz Jehobari. Gero, opari eskuzabala bidali zion anaiari (Has 32:9-15). Azkenik, aurrez aurre aurkitu zirenean, Jakobek Esauri errespetua erakusteko lehen pausoa eman zuen. Esauren aurrean ahuspeztu zen, ez behin, ez bitan, zazpi aldiz baizik! Apaltasun eta errespetuz beteriko ekintza honen bidez, Jakobek bakeak egin zituen bere anaiarekin (Has 33:3, 4).

12. Zer ikasten dugu Jakoben eredutik?

12 Zer ikasten dugu Jakob bere anaiarekin elkartzeko prestatu zen moduari buruz? Apaltasunez laguntza eskatu zion Jehobari. Bere otoitzaren arabera jokatu zuen eta ahal zuen guztia egin zuen bere anaiarekin bakeak egiteko. Elkartu zirenean, Jakob ez zen Esaurekin arrazoia nork zuen eztabaidatzen hasi. Jakoben helburua bere anaiarekin bakeak egitea zen. Nola imitatu dezakegu bere eredua?

NOLA EGIN DITZAKEGU BAKEAK?

13, 14. Zer egin behar genuke fedekide bat mintzen badugu?

13 Bizira daraman bidean gabiltzanok anai-arrebekin bakean egon nahi dugu (Erm 12:18). Zer egin behar genuke fedekide bat mindu dugula konturatzean? Jakobek bezala, Jehobari bihotzez otoitz egin behar genioke eta anaia edo arrebarekin bakeak egiteko gure ahaleginak bedeinkatzeko eskatu.

14 Geure burua aztertzeko ere denbora hartu beharko genuke, adibidez, honako galderak eginez: «Harrokeria alde batera utzi eta apaltasunez barkamena eskatu eta bakeak egiteko prest al nago? Nola sentituko dira Jehoba eta Jesus nire anaia edo arrebarekin bakeak egiteko lehen pausoa ematen badut?». Erantzunek Jesusi entzutera eta gure fedekidearekin bakeak egitera motibatu gaitzakete. Horrelako egoeretan, Jakoben eredua jarraitu dezakegu.

15. Nola lagunduko digu Efesoarrei 4:2, 3⁠ko printzipioak gure anaia edo arrebarekin bakeak egiten?

15 Jakob anaiarengana joan zenean, pentsa ezazu zer gertatuko litzatekeen harrokeria erakutsi izan balu! Emaitza zeharo desberdina izango litzateke. Arazo bat konpontzeko gure anaiarengana joaten garenean, apaltasunez egin behar dugu (Irakurri Efesoarrei 4:2, 3). Esaera Zaharrak 18:19⁠ak dio: «Hiri gotorrera baino zailago anaia irainduagana heltzea; gazteluko morroiloak bezala ixten dute liskarrek gizakia». Apaltasunez barkamena eskatzeak, «gaztelu» horretan sartzen lagunduko digu.

16. Zeri buruz pentsatu beharko genuke kontu handiz eta zergatik?

16 Mindu dugunarengana joan aurretik, kontu handiz pentsatu behar dugu zer esango dugun eta nola esango diogun. Prest gaudenean, berarekin hitz egin behar genuke bihotzean sentitzen duen mina kentzeko asmotan. Hasieran, entzun nahi ez ditugun gauzak esango dizkigu agian. Erraza izango litzateke haserretu edo geure burua zuritzen hastea, baina lagunduko al luke horrek bakeak egiten? Ez noski. Gogoratu gure anaia edo arrebarekin bakea berreskuratzea, arrazoia nork duen argitzea baino inportanteagoa dela (1 Ko 6:7).

17. Zer ikasi dezakezu Gilberten eredutik?

17 Gilbert izeneko anaia gogor saiatu zen bakegile izaten. Berak dio: «Arazo asko izan nituen gertuko familiakide batekin. Bi urte baino gehiagoz, harremana konpontzeko asmoz, bihotzetik eta lasai-lasai berarekin hitz egiten ahalegindu nintzen». Zer gehiago egin zuen Gilbertek? «Berarekin hitz egin aurretik, otoitz egiten nuen eta atseginak ez ziren gauzak entzuteko prestatzen nintzen. Barkatzeko prest egon behar nuen. Nire eskubideen alde ez borrokatzen ikasi nuen, eta nire eginkizuna bakea bultzatzea zela ulertzen hasi nintzen». Zein izan zen ondorioa? Gilbertek dio: «Gaur egun, familia osoarekin harreman ona daukat eta barneko bakea sentitzen dut».

18, 19. Norbait mindu badugu, zer determinazio izan behar genuke eta zergatik?

18 Zein izan behar luke, orduan, zure determinazioa beste kristau bati min egin diozula konturatzean? Bakeak egiteko Jesusen aholkua jarraitzea. Jehobari hitz egin gertatutakoari buruz eta bere espiritu santuan konfiantza izan bakegile izaten lagundu zaitzan. Hala egiten baduzu, zoriontsu izango zara eta Jesusi entzuten ari zarela frogatuko duzu (Mt 5:9).

19 Asko eskertzen dugu Jehobak kongregazioko buruaren bidez, Jesu Kristoren bidez, ematen digun gida (Ef 5:23). Egin dezagun Pedro, Santiago eta Joan apostoluek bezala: «Entzun berari» (Mt 17:5). Mindu dugun beste kristau batekin bakeak nola egin aztertu dugu. Hori eginez eta bizira daraman bide meharretik ibiliz, bedeinkapen ugari izango ditugu orain eta etorkizunean betirako zoriontsu izango gara.

sjj 130. KANTA Barkatzeko prest egon

^ § 5 Jesusek bizirako bidera daraman ate estutik sartzeko eskatzen digu. Anai-arrebekin bakeak egiteko ere esaten digu. Zer zailtasun izan ditzakegu aholku hauek betetzen saiatzean eta nola gainditu ditzakegu?

^ § 7 Ikusi Gazteen 10 galderen erantzunak liburuxkako 6. galdera: «Nola aska naiteke talde presiotik?» eta Ez amore eman! Talde presiotik aska zaitezke! arbel biziduna jw.org-n (Jo BIBLIAKO IRAKASPENAK > GAZTEAK atalera).

^ § 8 Izen batzuk aldatuak izan dira.

^ § 56 IRUDIAREN AZALPENA: Bide «meharrean» mantenduz eta Jainkoak ematen dizkigun bazter-babesei esker, horrelako arriskuak saihesten ditugu: pornografia, moralgabekeria eta goi-mailako hezkuntza bizitzan lehenengo tokian jartzeko presioa.

^ § 58 IRUDIAREN AZALPENA: Bakeak egiteko Jakob behin eta berriz ahuspeztu zen bere anaia Esauren aurrean.