Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

49. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Lebitarrena liburuak besteekin nola jokatu irakasten digu

Lebitarrena liburuak besteekin nola jokatu irakasten digu

«Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala» (LB 19:18).

sjj 109. KANTA Bihotz-bihotzez maitatu

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zer aztertu genuen aurreko artikuluan eta zer aztertuko dugu honetan?

AURREKO artikuluan, Lebitarrena 19. kapituluak ematen dituen aholku praktikoak aztertu genituen. Adibidez, 3. bertsetean, Jehobak gurasoak ohoratzeko esan zien israeldarrei. Aholku hori gaur egun praktikan nola jarri dezakegun ikusi genuen, gurasoak fisikoki, emozionalki eta espiritualki zainduz. Bertset berean, larunbataren garrantzia azpimarratu zion Jainkoak bere herriari. Larunbataren legea bete beharrik ez dugun arren, printzipio hau aplikatu dezakegu egunero-egunero Jehobaren alde zerbait egiteko denbora hartuz. Hori eginez, santu izaten saiatzen ari garela erakutsiko dugu, Lebitarrena 19:2⁠ak eta 1 Pedro 1:15⁠ak diotena jarraituz.

2 Artikulu honetan, Lebitarrena 19. kapitulua aztertzen jarraituko dugu. Hiru arlo izango ditugu aztergai: fisikoki mugaturik daudenekien jator jokatzea, negozioetan zintzo aritzea eta lagun hurkoari maitasuna erakustea. Jainkoa bezala santu izan nahi dugu. Horregatik, ikus dezagun zer ikasi dezakegun.

JATOR JOKATU FISIKOKI MUGATURIK DAUDENEKIN

Lebitarrena 19:14⁠aren arabera, nola jokatu behar genuke gorra edo itsua den norbaitekin? (Ikusi 3-5 paragrafoak) *

3, 4.⁠ Lebitarrena 19:14⁠aren arabera, nola jokatu behar zen itsu eta gorrekin?

3 Irakurri Lebitarrena 19:14Jehobak bere herriak fisikoki mugaturik zeudenekin jator jokatzea espero zuen. Adibidez, gorra ez madarikatzeko esan zien israeldarrei, hau da, ez mehatxatzeko, ezta berari buruz gauza txarrik esateko ere. Gor bati hori egitea izugarri itsusia izango litzateke! Izan ere, esandakoa ezin zuenez entzun, ezingo zuen bere burua defendatu.

4 Honetaz gain, 14. bertsetean Jainkoak bere zerbitzariei esan zien: «Ez ipini itsuari bidean oztoporik». Liburu batek honakoa esaten du muga fisikoak zituztenei buruz: «Antzinako Ekialde Hurbilean, askotan beraiez aprobetxatzen ziren eta krudelkeriaz tratatzen zituzten». Agian pertsona maltzur batek, gorrotoaren gorrotoz edo itsuaz barre egiteko asmoz, bere aurrean oztopo bat jarri zezakeen. Zein lotsagarria! Agindu honen bidez, muga fisikoak zituztenekin errukitsuak izatearen garrantzia azpimarratu zien.

5. Nola erakutsi dezakegu errukia fisikoki mugaturik daudenen alde?

5 Jesusek errukia erakutsi zien fisikoki mugaturik zeudenei. Gogoratu Joan Bataiatzaileari bidalitako mezua: «Itsuek ikusi egiten dute, herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira». Jesusen mirarien ondorioz, «herri osoak, gertatua ikusirik, Jainkoa goratu zuen» (Lk 7:20-22; 18:43). Kristauok Jesus imitatu nahi dugu fisikoki mugatuta daudenei errukia erakutsiz. Horregatik, beraiekin jator eta pazientziaz jokatzen dugu. Noski, Jehobak ez digu mirariak egiteko boterea eman, baina fisikoki eta espiritualki itsu daudenei paradisuari buruzko berri onak eramateko ohorea eman digu. Bertan, gizaki guztiek osasun fisiko eta espirituala guztiz berreskuratuko dute (Lk 4:18). Berri on hauek ezagutzean, jende asko Jainkoa goresten hasi da.

NEGOZIOETAN ZINTZO JOKATU

6. Nola laguntzen digu Lebitarrena 19⁠ak Hamar aginduak hobeto ulertzen?

6 Lebitarrena 19. kapituluko bertset batzuk Hamar aginduek esaten dutena baino harago doaz. Adibidez, zortzigarrenak besterik gabe hau dio: «Ez ostu» (Ir 20:15). Norbaitek berea ez zen zerbait hartzen ez zuen bitartean, agindu hori obeditzen ari zela ondorioztatu zezakeen. Baina hori ez zen lapurtzeko modu bakarra; beste modu batzuetara ere egin zezakeen.

7. Nola egon zitekeen merkatari bat zortzigarren agindua hausten?

7 Merkatari batek berea ez zen ezer hartu ez zuenez, zintzoa zela pentsa zezakeen. Baina nola jokatzen zuen besteekin negozioetan aritzean? Lebitarrena 19:35, 36⁠aren arabera, Jehobak esan zuen: «Ez egin bidegabekeriarik, luzera, pisua nahiz edukiera neurtzeko neurri faltsuak erabiliz. Balantza zuzenak, pisu zuzenak eta neurri zuzenak erabiliko dituzue». Beraz, bezeroak engainatzeko neurri faltsuak erabiltzen zituen merkataria lapurtzen ariko zen. Lebitarrena 19⁠ko beste bertset batzuek argi uzten dute hau.

Lebitarrena 19:11-13 kontuan izanda, zer aztertu behar luke kristau batek negozioetan aritzen den moduari buruz? (Ikusi 8-10 paragrafoak) *

8. Nola lagundu zieten juduei Lebitarrena 19:11-13⁠ko xehetasunek zortzigarren aginduaren atzean zegoen printzipioa praktikan jartzen, eta zer egiten lagunduko digu?

8 Irakurri Lebitarrena 19:11-13Lebitarrena 19:11⁠k dio: «Ez ostu, […] ez egin iruzurrik zeuen herritarrari». Bertset honek lapurtzea eta negozioetan iruzur egitea lotzen ditu. Beraz, norbaitek negozioetan zintzo jokatzen ez badu, lapurretan ari da. Zortzigarren aginduak lapurtzea gaizki dagoela esaten zien juduei. Baina Lebitarrena liburuko xehetasun hauek zerbait gehiago ulertzen lagundu zieten: legearen atzean dagoen printzipioa praktikan nola jarri. Lagungarri izango zaigu Jehobak iruzurrari eta lapurtzeari buruz duen ikuspuntuan pentsatzea. Galdetu zeure buruari: «Lebitarrena 19:11-13 kontuan hartuta, aldaketarik egin behar al dut nire bizitzan, agian negozio eta lan ohituretan?».

9. Nola babesten zituen langileak Lebitarrena 19:13⁠ko legeak?

9 Langileak dituen kristauak zintzotasunarekin lotutako beste alderdi bat hartu behar du kontuan. Lebitarrena 19:13⁠ak dio: «Ez utzi biharamuna arte ordaindu gabe langilearen lansaria». Israelgo nekazal gizartean, langileek lanegunaren amaieran jaso behar zuten soldata. Bestela, agian ez zuten beraien familia egun horretan elikatzeko dirurik izango. Jehobak azaldu zuen: «Behartsua da eta premia-premiazkoa du soldata» (Dt 24:14, 15; Mt 20:8).

10. Zer ikasi dezakegu Lebitarrena 19:13⁠tik?

10 Gaur egun langile askok hilean behin edo bitan jasotzen dute soldata, ez egunero. Hala ere, Lebitarrena 19:13⁠ko printzipioak indarrean jarraitzen du. Nagusi batzuk langileez aprobetxatzen dira merezi dutena baino askoz gutxiago ordainduz. Badakite langile hauek agian ez daukatela beste aukera askorik eta huskeri baten truke lan egiten jarraituko dutela. Nolabait esateko, langilearen soldata ordaindu gabe uzten ari dira. Kristau batek langileak baditu, oso serio hartu behar du printzipio hau. Ikus dezagun orain zer gehiago ikasi dezakegun Lebitarrena 19. kapitulutik.

MAITATU LAGUN HURKOA ZEURE BURUA BEZALA

11, 12. Zer azpimarratu zuen Jesusek Lebitarrena 19:17, 18 aipatzean?

11 Jehobak gugandik besteei kalterik ez egitea baino gehiago espero du. Hau argi ikusi dezakegu Lebitarrena 19:17, 18⁠an (Irakurri). Jehobak esan zuen: «Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala». Hau egitea ezinbestekoa da Jainkoa poztu nahi duen kristauarentzat.

12 Jesusek Lebitarrena 19:18⁠ko agindua oso garrantzitsua dela erakutsi zuen. Behin fariseu batek galdetu zion: «Zein da legeko agindurik nagusiena?». Eta Jesusek erantzun zion «agindurik nagusiena eta lehena» Jehoba bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz maitatzea dela. Orduan Jesusek Lebitarrena 19:18⁠ko hitzak aipatu zituen, honakoa esanez: «Eta bigarrena, ez garrantzi gutxiagokoa, hauxe da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Mt 22:35-40). Lagun hurkoari maitasuna erakusteko modu asko daude, baina berriro ere hauetako batzuk ikusi ditzakegu Lebitarrena 19⁠an.

13. Nola laguntzen digu Joseren ereduak Lebitarrena 19:18 hobeto ulertzen?

13 Lagun hurkoari maitasuna erakusteko modu bat Lebitarrena 19:18⁠ko aholkua praktikan jartzea da. Hor dio: «Ez hartu mendekurik, ez izan erresuminik». Guztiok ezagutzen dugu lankide, gelakide edo senideren batekin haserre egon den norbait. Batzuk urtetan egon dira horrela! Adibidez, Joseren hamar anaiordeek erresumina zioten eta gorrotoz jokatu zuten berarekin (Has 37:2-8, 25-28). Zein ezberdin jokatu zuen Josek! Nahiz eta autoritate postu batean egon eta mendeku hartzeko aukera izan, errukia erakutsi zien bere anaiordeei. Erresumina izan ordez, geroago Lebitarrena 19:18⁠an idatziko zen aholkuarekin bat jokatu zuen (Has 50:19-21).

14. Zerk erakusten du Lebitarrena 19:18⁠ko printzipioak indarrean jarraitzen dutela?

14 Jainkoa pozteko, Joseren eredua imitatu behar dute kristauek. Berak, mendeku hartu beharrean, bere anaiordeei barkatu zien. Hau Jesusen otoitz ereduarekin bat dator. Gure aurka bekatu egin dutenei barkatzeko esan zigun bertan (Mt 6:9, 12). Paulo apostoluak ere fedekideei esan zien: «Ene maiteok, ez egin mendekurik zeuen kontura» (Erm 12:19). Hau egitera ere animatu zituen: «Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu» (Kol 3:13). Jehobaren printzipioak ez dira aldatzen. Lebitarrena 19:18⁠ko legearen atzean dauden printzipioek gaur egun ere indarrean jarraitzen dute.

Zauri bat dugunean hobe da ukitzen ez ibiltzea. Era berean, hobe da ofentsetan pentsatzen ez jarraitzea. Ahazten saiatu behar genuke. (Ikusi 15. paragrafoa) *

15. Zer adibidek erakusten digu zergatik den beharrezkoa barkatu eta ahaztea?

15 Ikus dezagun adibide bat. Mindutako sentimenduak zauri fisikoekin konparatu daitezke. Batzuk txikiak dira, beste batzuk larriagoak. Adibidez, gutun-azal bat irekitzean, hatz batean zauri txiki bat egin dezakegu. Mingarria izan daiteke, baina normalean azkar sendatuko da. Egun pare bat pasa ondoren, agian ez dugu gogoratu ere egingo zauria non zegoen. Era berean, ofentsa batzuk txikiak izaten dira. Adibidez, lagun batek hanka sartu dezake eta mintzen gaituen zerbait egin edo esan dezake, eta erraz barkatzen diogu. Baina zauria sakonagoa bada, beharbada medikuak puntuak eman eta zauria lotu beharko digu. Denbora guztian zauria ukitzen jarraitzen badugu, ez da sendatuko eta okertu egingo da. Tamalez, norbaitek zerbait antzekoa egin dezake bere sentimenduak oso minduta daudenean. Bere zauri emozionalean eta besteak eragindako minean pentsatzen egon daiteke behin eta berriz. Baina erresumina dutenek euren burua bakarrik kaltetzen dute. Askoz hobea da Lebitarrena 19:18⁠ko aholkua obeditzea!

16.⁠ Lebitarrena 19:33, 34⁠aren arabera, nola nahi zuen Jehobak israeldarrek atzerritarrak tratatzea eta zer ikasten dugu honetatik?

16 Jehobak israeldarrei lagun hurkoa maitatzeko esan zienean, ez zuen esan nahi beraien arraza eta herrikoak bakarrik maitatzeko. Beraien artean zeuden etorkinak ere maitatu behar zituzten. Mezu hau argi eta garbi ikusten dugu Lebitarrena 19:33, 34⁠an (Irakurri). Israeldarrek etorkina «bertako bat bezala» tratatu behar zuten eta euren buruak bezala maitatu. Adibidez, etorkinei eta pobreei soro bazterrean utzitakoa biltzen utzi behar zieten (Lb 19:9, 10). Atzerritarrak maitatzeari buruzko printzipioak indarrean jarraitzen du kristauontzat (Lk 10:30-37). Nola? Milioika etorkin daude eta batzuk gure artean bizi dira. Inportantea da gizon, emakume eta haur hauek duintasunez eta errespetuz tratatzea.

LEBITARRENA 19AN AIPATZEN EZ DEN LAN GARRANTZITSU BAT

17, 18. a) Zer egitera animatzen gaituzte Lebitarrena 19:2 eta 1 Pedro 1:15⁠ak? b) Zer lan inportante egitera animatu gintuen Pedro apostoluak?

17 Lebitarrena 19:2 eta 1 Pedro 1:15⁠ak Jainkoaren herriak santu izan behar duela esaten dute. Lebitarrena 19. kapituluko beste bertset askok Jehobaren onespena lortzeko zer egin behar dugun ikusten laguntzen digute. Aztertu ditugun bertsetetan, egin behar ditugun gauza positibo batzuk eta egin behar ez ditugun gauza negatibo batzuk ikusi ditugu. * Idazki Grekoek ere Jehobak printzipio horiek gure bizitzan jarraitzea nahi duela erakusten digute. Baina Pedro apostoluak zerbait gehiago esan zuen.

18 Egia da jarduera espiritual askotan eta ekintza on ugaritan parte hartzen dugula, baina Pedrok bat azpimarratu zuen. Biziera guztian santu izateko esan aurretik, honakoa esan zuen: «Prestatu zeuen gogoa zerbitzurako» (1 P 1:13, 15). Zer zerbitzu da hori? Pedrok kristau gantzutuei esandakoa: «Deitu zaituzten Jainkoaren egintza bikainak iragar ditzazuen» (1 P 2:9). Gaur egun, kristau guztiok dugu lan inportante honetan parte hartzeko ohorea, beste ezerk baino mesede handiagoa egiten duena. Jainkoaren herri santuarentzat ohore berezia da berri onak gogo biziz predikatu eta irakastea! (Mk 13:10). Lebitarrena 19. kapituluko printzipioak betetzeko ahal dugun guztia egitean, Jainkoa eta lagun hurkoa maite ditugula frogatuko dugu. Gainera, gure biziera guztian santu izan nahi dugula erakutsiko dugu.

sjj 111. KANTA Zer-nolako poza dugun!

^ § 5 Kristauak ez gaude Moisesen Legepean, baina Lege honek egin behar ditugun eta egin behar ez ditugun gauza asko aipatzen ditu. Hauei buruz ikasteak besteei maitasuna erakusten eta Jainkoa pozten lagunduko digu. Artikulu honetan, Lebitarrena 19. kapitulutik zer ikasi dezakegun eta honek nola laguntzen digun aztertuko dugu.

^ § 17 Artikulu hauetan aztertzen ez diren bertset batzuek gai hauei buruz ere hitz egiten dute: besteak bereizkeriaz tratatzea, salaketa faltsuak egitea, odola jatea, igarleak kontsultatzea eta sexu moralgabekeria eta espiritismoa praktikatzea (Lb 19:15, 16, 26-29, 31). (Ikusi ale honetako «Irakurleen galderak»).

^ § 52 IRUDIAREN AZALPENA: Lekuko batek anaia gor bati medikuarekin komunikatzen laguntzen dio.

^ § 54 IRUDIAREN AZALPENA: Pintura negozio bat duen anaia batek soldata ematen dio bere langile bati.

^ § 56 IRUDIAREN AZALPENA: Arreba batek erraz ahaztu dezake zauri txiki bat. Berdina egitea erabakiko al du zauri larriago batekin?