Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIZIPENA

Bizitzaren zentzuaren bila ibili naiz

Bizitzaren zentzuaren bila ibili naiz

MEDITERRANEO itsaso erdian nabigatzen nindoala, belaontziak zulo bat zuela eta ur pila bat sartzen ari zela konturatu nintzen. Orduan ekaitzak jo zuen. Izuturik nengoen eta, aspaldiko partez, lehenengo aldiz otoitz egiten hasi nintzen. Nolatan iritsi nintzen egoera horretara? Hasiera-hasieratik kontatuko dizuet.

Zazpi urte nituenean, nire familiarekin batera Brasilen bizi nintzen

Herbehereetan jaio nintzen 1948⁠an. Hurrengo urtean, São Paulora, Brasilera joan ginen bizitzera. Gurasoak asko joaten ziren elizara eta afaldu ondoren Biblia irakurtzeko ohitura genuen familian. 1959⁠an Brasil utzi eta Estatu Batuetara joan ginen bizitzera, Massachusetts estatura.

Etxean zortzi ginen eta aitak gogor lan egiten zuen familia mantentzeko. Lan desberdinak izan zituen: komertzial-lana, errepideak eraikitzen eta nazioarteko airelinea batean ere lan egin zuen. Azken hau lortu zuenean, familian poz-pozik geunden, bidaiatzeko aukera asko ematen baitzigun.

Institutuan askotan galdetzen nion neure buruari: «Zer egingo dut handitzen naizenean?». Nire lagun batzuek unibertsitatera joatea aukeratu zuten, beste batzuek aldiz, militar izatea. Baina niretzako soldadutza ez zen aukera bat, ez zitzaidalako istilutan ibiltzea gustatzen, eta are gutxiago borrokan. Beraz, soldadutzara ez joatearren, unibertsitatea aukeratu nuen. Baina barru-barruan besteei lagundu nahi nien, horrek nire bizitzari zentzua emango ziola pentsatzen nuelako.

UNIBERTSITATEKO BIZITZA

Urte asko pasa nituen bizitzaren zentzuaren bila

Unibertsitatean antropologia interesatzen zitzaidan, biziaren jatorriari buruzko jakin-mina bainuen. Eboluzioa irakatsi ziguten eta egia bezala onartzea espero zuten. Nire ustez, azalpen batzuek ez zuten logikarik eta hauek sinesteko fede itsua behar zen. Hau metodo zientifikoaren guztiz aurkakoa zen.

Klaseetan ez zizkiguten balore moralak erakusten. Horren ordez, kosta ala kosta arrakasta izateari ematen zioten garrantzia. Parrandan ibiltzeak eta drogak probatzeak sentsazio onak ematen zizkidan, baina ez zuten asko irauten. Neure buruari galdetzen nion: «Hau al da nire bizitzari zentzua emango diona?».

Garai horretan, Bostonera joan nintzen bizitzera eta han unibertsitatean matrikulatu nintzen. Ikasketak ordaintzeko, udaran lan egin nuen eta han izan nuen Jehobaren lekukoekin nire lehen kontaktua. Lankide batek Daniel liburuko 4. kapituluan «zazpi denboraldiz» hitz egiten duen profezia azaldu eta azken egunetan bizitzen ari ginela esan zidan (Dn 4:13-17, oharra). Berehala konturatu nintzen elkarrizketa horiekin jarraitzen banuen eta serio hartzen banituen, bizimodua aldatu beharko nuela. Beraz, lankide horrekin ez egoten saiatzen nintzen.

Unibertsitatean, Hego Amerikan boluntario izateko prestatuko ninduten klaseak hartu nituen. Lan humanitarioetan ibiltzeak nire bizitzari zentzua emango ziola pentsatzen nuen. Baina berehala konturatu nintzen horrek ere ez ziola nire bizitzari zentzurik emango. Ilusioa zeharo galduta, seihilekoaren bukaeran unibertsitatea utzi nuen.

BIZITZARI ZENTZUA BILATUZ URRUNEKO HERRIALDEETAN

1970⁠eko maiatzean, Amsterdamera joan nintzen bizitzera eta nire aitak lan egin zuen airelinea berdinarentzat lan egin nuen. Lan honi esker, asko bidaiatu nuen. Afrikan, Amerikan, Europan eta Asian herrialde asko bisitatu nituen. Segituan konturatu nintzen bisitatzen nituen herrialde guztiek arazo handiak zituztela eta konponbide gutxi. Merezi zuen zerbait egiteko gogoa berrituta, Estatu Batuetara itzuli eta, berriro ere, Bostoneko unibertsitatean matrikulatu nintzen.

Hala ere, klaseetara itzuli nintzenean, azkar konturatu nintzen ez nintzela bizitzaren zentzuari buruzko erantzunak aurkitzen ari. Galduta sentitzen nintzenez, antropologiako irakaslearengana joan nintzen aholku eske. Bere erantzunak harritu ninduen: «Zertarako jarraitu? Zergatik ez duzu uzten?». Behin bakarrik esan behar izan zidan; unibertsitatea utzi nuen.

Nire bizitza hutsik zegoela sentitzen nuenez, hippy mugimenduan murgiltzea erabaki nuen. Lagun batzuekin batera, autostop egin genuen Estatu Batuetan zehar Acapulcoraino, Mexiko. Komuna hippyetan bizi ginen. Bazirudien arazorik gabeko bizitza zutela, baina beraiekin bizitzean, segituan konturatu nintzen beraien bizimoduak ez zuela zentzurik, ezta zorionik ekartzen ere. Horren ordez, faltsukeriaz eta leialtasun faltaz beterik zegoela ikusi nuen.

NIRE BILAKETAK BELAONTZI BATEAN JARRAITU ZUEN

Lagun batekin batera, paradisu antzeko uharte baten bila ibili nintzen

Bitartean, txikitako amets bat gogoratzen hasi nintzen. Itsasoak zeharkatu nahi nituen, baina ez marinel huts bezala, kapitain bezala baizik. Hau egiteko modu bakarra neure belaontzia izatea zen. Tom izeneko nire lagunak berdin egin nahi zuenez, elkarrekin munduan barrena nabigatzea erabaki genuen. Uharte tropikal batean paradisua aurkitu eta sistematik kanpo bizi nahi genuen.

Tom eta biok Bartzelonatik gertu dagoen Arenys de Mar-era bidaiatu genuen. Han ia 9,5 metro zituen belaontzi bat erosi genuen, Llygra izenekoa. Itsasoan ibili ahal izateko konpondu egin genuen. Gure helmugara iristeko presarik ez genuenez, motorra kendu eta toki hori edateko ur gehiago sartzeko erabili genuen. Portu txikietan ibiltzeko, 5 metroko bi arraun erosi genituen. Azkenean, Indiako ozeanoan dauden Seychelleetara abiatu ginen. Gure asmoa Afrika Mendebaldeko kosta zeharkatu eta Esperantza Oneko lurmuturra inguratzea zen. Norabide zuzenean gindoazela ziurtatzeko, izarrak, mapak, liburuak eta tresna sinpleak erabili genituen. Harrigarria iruditzen zitzaidan gure posizio zehatza jakin ahal izatea.

Laster konturatu ginen egurrezko belaontzi zahar hura ez zela itsasoan ibiltzeko aproposa. Orduko 22 litro ur sartzen ziren barrura. Hasieran esan dudan bezala, ekaitz batek izutu eta, aspaldiko partez, lehenengo aldiz otoitz egin nion Jainkoari. Bizirik ateratzen banintzen, bera ezagutzen saiatuko nintzela hitzeman nion. Ekaitza baretu egin zen eta, oraingoan bai, nire hitza bete nuen.

Itsasoan geundela Biblia irakurtzen hasi nintzen. Imajinatu zein atsegina den Mediterraneoaren erdian arrain hegalari, izurde eta amaigabeko itsasertzez inguraturik egotea. Gauean, Esne Bidea galaxiak liluratzen ninduen. Gero eta argiago nuen gizakiez arduratzen den Jainko bat existitzen dela.

Itsasoan aste batzuk pasa ondoren, Alacanten lehorreratu ginen. Bertan gure ontzia salgai jarri genuen hobeago bat erosteko asmoarekin. Ez da harritzekoa saltzea zaila izatea, zaharra izateaz gain, motorrik gabe eta zulatua baitzegoen. Bestalde, nire Biblia irakurtzeko garai ezin hobea izan zen.

Biblia zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta argiago ikusi nuen zoriontsu izateko gida ematen digun liburu bat dela. Harrituta nengoen Bibliak zeinen argi hitz egiten duen bizitza moralki garbia eramateari buruz. Neure buruari galdetzen nion: «Zergatik pentsatzen dugu jende askok kristauak garela, gero ez badugu Bibliak esaten duena egiten?».

Nire bizitza garbitzeko aldaketa handiak egitea erabaki nuen. Beraz, drogak utzi nituen. Bibliaren arau moralak betetzen zituen jendea egon behar zuela pentsatu nuen, eta ezagutu nahi nituen. Bigarren aldiz otoitz egin nion Jainkoari, hauek aurkitzeko laguntza eske.

EGIAZKO ERLIJIOAREN BILA

Niretzako logikoa zirudien erlijioak banan-banan aztertzen joatea egiazkoa aurkitu arte. Alacanteko kaleetan barrena nenbilela, eraikin erlijioso asko ikusi nituen. Baina gehienek imajinak zituztenez, argi ikusi nuen ez zirela egiazko erlijioa.

Igande arratsalde batean, mendi magalean portura begira nengoela, Santiago 2:1-5 irakurri nuen. Hor aberatsak pobreak baino hobeto tratatzea gaizki dagoela esaten du. Ontzirako bidean, eraikin erlijioso bat zirudiena aurkitu nuen. Atean kartel bat zegoen: Jehobaren lekukoen bilera-aretoa.

Pentsatu nuen: «Jende hau proban jarriko dut. Ea ongietorria ematen didaten». Beraz, hankutsik, bizardun eta bakero hautsiak jantzita sartu nintzen bilera-aretoan. Aretozainak adineko emakume baten ondoan esertzeko esan zidan. Honek hizlariak aipatzen zituen bertsetak aurkitzen lagundu zidan. Bilera ondoren, harrituta nengoen agurtzera etorri zirenak hain atseginak zirela ikustean. Gizon batek bere etxera Bibliari buruz hitz egitera gonbidatu ninduen. Baina Biblia irakurtzeaz oraindik bukatu ez nuenez, esan nion: «Prest nagoenean abisatuko dizut». Bitartean, bilera guztietara joaten hasi nintzen.

Aste batzuk beranduago, gizon hura bere etxean bisitatu nuen eta Bibliari buruz nituen galderak erantzun zizkidan. Hurrengo astean, arropa dotorez betetako poltsa bat eman zidan. Arroparen jabea kartzelan zegoela esan zidan, elkar maitatzeko eta gerrarako ez prestatzeko biblia-aginduak obeditzeagatik (Is 2:4; Jn 13:34, 35). Orain ziur nengoen bilatzen ari nintzena aurkitu nuela: Bibliako balore moralak jarraitzen dituen jendea! Nire helburua jadanik ez zen uharte batean paradisua aurkitzea, Biblia sakonki ikertzea baizik. Orduan, Herbehereetara itzuli nintzen.

LAN BILA

Lau egun pasa nituen autostop egiten Herbehereetako Groningen hirira iritsi arte. Han lan bat bilatu behar nuen mantentzeko. Aroztegi bateko lan-eskaerak zein erlijio nuen galdetzen zuen. «Jehobaren lekukoak» idatzi nuen. Jabeak irakurri zuenean, aurpegia aldatu zitzaiola konturatu nintzen. «Deituko zaitut», esan zidan. Baina ez zuen sekula egin.

Beste aroztegi batean, nagusiari laguntza behar al zuen galdetu nion. Tituluak eta erreferentziak eskatu zizkidan. Egurrezko belaontzi batean konponketak egin nituela azaldu nion. Bere erantzunarekin harrituta gelditu nintzen: «Gaur arratsaldean hasi zaitezke, baina baldintza batekin. Ez dut nire tailerrean arazorik sortzea nahi, Jehobaren lekukoa naiz eta Bibliaren printzipioen arabera bizi naiz». Aho zabalik gelditu eta esan nion: «Baita ni ere!». Nire ilea luzea eta bizarra ikusita, esan zidan: «Orduan, Biblia ikasiko dut zurekin!». Pozik onartu nuen. Orain argi nuen zergatik ez zuen beste arotzak deitu. Jehoba nire bihotzak eskatzen zuena ematen ari zitzaidan (Sal 37:4). Anaia horren tailerrean lan egin nuen urtebetez. Denbora horretan, nirekin Biblia aztertu zuen. Ondoren, 1974⁠ko urtarrilean, bataiatu nintzen.

AZKENIK, BIZITZARI ZENTZUA AURKITU NION!

Hurrengo hilabetean, izugarrizko poza eman zidan proiektu berri batean murgildu nintzen: aitzindaritza. Hilabete beranduago, Amsterdam-era joan nintzen hasi berria zen gaztelania talde batean zerbitzatzera. A zer gozamena gaztelaniaz eta portugesez biblia-ikastaroak zuzentzea! 1975⁠eko maiatzean aitzindari berezi bezala zerbitzatzen hasteko opari ederra jaso nuen.

Egun batean, Ineke izeneko aitzindari berezi bat gaztelaniako bilera batera etorri zen. Boliviako bere biblia-ikasleak gaztelaniaz hitz egiten zuten anai-arrebak ezagutzea nahi zuen. Inekek eta biok gutun bidez elkar ezagutzea erabaki genuen eta, laster, helburu berdinak genituela konturatu ginen. 1976⁠an ezkondu ginen eta aitzindari berezi bezala zerbitzatzen jarraitu genuen, 1982⁠an Galaadeko 73. klasera gonbidatu gintuzten arte. Harrituta baina, era berean, oso pozik jarri ginen Ekialdeko Afrikara bidali gintuztenean. Mombasan, Kenyan, bost urtez zerbitzatu genuen. Gero, 1987⁠an, Tanzaniara bidali gintuzten. Han predikatzeko debekua altxatu berria zen. 26 urte eman genituen han. Gero Kenyara itzuli ginen.

Ekialdeko Afrikan besteei Bibliaren egiak irakasteak poz handia eman digu

Esker oneko jendeari Bibliako egiak irakasteak, benetako zentzua eman dio geure bizitzari. Adibidez, Mombasan izan nuen lehenengo biblia-ikaslea predikatzen ari nintzela ezagutu nuen. Bi aldizkari eskaini ondoren, esan zidan: «Eta hauek bukatzean, zer egin behar dut?». Hurrengo astean, swahili hizkuntzan atera berria zen Usted puede vivir para siempre en la tierra (Vous pouvez vivre éternellement sur une terre qui deviendra un paradis) liburua erabiliz, berarekin Biblia aztertzen hasi nintzen. Urtebete beranduago bataiatu zen eta aitzindari erregularra izaten hasi zen. Ordutik, bera eta bere emazteak ia-ia 100 pertsonari lagundu diete Jehobari beraien burua eskaintzen eta bataiatzen.

Inekek eta biok gure azalean sentitu dugu Jehobak bere zerbitzariei zentzuz beteriko bizitza ematen diela

Bizitzaren helburua zein zen lehen aldiz ulertu nuenean, harribitxia aurkitzen duen merkataria bezala sentitu nintzen, ez nuen galdu nahi (Mt 13:45, 46). Besteei bizitzaren zentzua aurkitzen laguntzeko erabili nahi nuen neure bizitza. Nire emazte maiteak eta biok gure azalean sentitu dugu Jehobak bere herriari zentzuz beteriko bizitza izaten laguntzen diola.