Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

46. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Ezkonberriok, Jehobaren zerbitzuari lehentasuna eman

Ezkonberriok, Jehobaren zerbitzuari lehentasuna eman

«Jauna dut indar [...] Berarengan izan dut konfiantza» (SAL 28:7).

sn 36. KANTA Jehobak lotu duena

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. a) Zergatik izan beharko lukete Jehobarengan konfiantza ezkonberriek? (37. Salmoa 3, 4) b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

EZKONTZEKOTAN zabiltza edo ezkonberria zara? Hala bada, ziur hainbeste maite duzun pertsona horrekin bizitzaz gozatzeko irrikan zaudela. Baina, noski, ezkonduta egoteak erronkak ditu. Gainera, bikote bezala erabaki inportanteak hartu behar dira. Erronka eta erabaki horiei aurre egiten diezuen moduak, hurrengo urteetan eragin handia izango du zuen zoriontasunean. Jehobarengan konfiantza baduzue, erabaki onak hartuko dituzue, zuen harremana sendotuko da eta zoriontsuago izango zarete. Baina Jainkoa ez baduzue kontuan hartzen, seguruenik arazoak izango dituzue eta ez zarete zoriontsu izango (Irakurri 37. Salmoa 3, 4).

2 Nahiz eta artikulu hau ezkonberriei zuzendua izan, ezkondutako bikote guztiek izan ditzaketen erronkak aztertuko ditu. Bibliako gizon-emakume leialen ereduak ikusiko ditugu. Hauetatik ikasten duguna bizitzako arlo desberdinetan eta ezkon-bizitzan nola aplikatu dezakegun ikusiko dugu. Gaur egungo bikote batzuen bizipenetatik ere zer ikasi dezakegun aztertuko dugu.

ZER ERRONKA IZAN DITZAKETE EZKONBERRIEK?

Zer erabakik oztopatu dezakete ezkonberriek Jehobaren zerbitzuan gehiago egitea? (Ikusi 3 eta 4 paragrafoak)

3, 4. Zer erronka izan ditzakete ezkonberriek?

3 Batzuek ezkonberriak bizitza «normala» eramatera animatzen dituzte. Adibidez, baliteke gurasoek eta beste senideek lehenbailehen haurrak izateko presionatzea. Edo asmo oneko lagun eta familia-kideek etxe bat erosi eta gauza politez bete behar dutela esatea.

4 Bikotea adi ez badabil, zor handitan sartu daiteke. Ondorioz, bai senarrak, baita emazteak ere, ordu asko egin beharko dituzte lan. Honen eraginez biblia-ikasketa, familia-adorazioa eta predikaziorako denbora gutxiago izango dute. Diru gehiago lortzeko eta lanak mantentzeko, agian, ordu estrak egin behar dituzte eta bilerak galdu. Hau dela eta, Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko aukera paregabeak galtzen dituzte.

5. Zer ikasten duzu Klaus eta Marisarengandik?

5 Gauza asko edukitzen saiatzeak ez du zoriontasunik ekartzen. Hau frogatzen duten bizipen asko daude. Ikusi dezagun zer gertatu zitzaion Klaus eta Marisa izeneko bikote bati. * Ezkondu zirenean, bizitza erosoa eramateko, biek denbora osoz egiten zuten lan. Baina barru-barruan ez ziren pozik sentitzen. Klausek aitortzen du: «Behar genituen gauzak baino gehiago genituen, baina espiritualki ez genuen helbururik. Egia esateko bizitza konplikatua zen, estresaz betea». Agian zuek ere konturatu zarete gauza asko lortzen saiatzeak ez dizuela poztasunik ekarri. Hala bada, ez desanimatu. Besteen eredu ona aztertzeak lagundu zaitzakete. Lehenik, aztertu dezagun senarrek zer ikasi dezaketen Josafat erregearengandik.

JOSAFAT ERREGEA: JEHOBARENGAN KONFIANTZA IZAN

6. Josafat erregeak erronka handi bati aurre egin behar izan zionean, nola jarri zuen praktikan Esaera Zaharrak 3:5, 6⁠ko printzipioa?

6 Senarrok, zuen ardurak zama handiegia direla sentitzen al duzue? Hala bada, Josafat erregearen ereduak lagunduko zaituzte. Izan ere, errege bezala, Josafat nazio oso baten segurtasunaren erantzule zen. Zer egin zuen ardura izugarri hori betetzeko? Bere esku zegoen guztia egin zuen herria babesteko. Judako hiriak indartu eta 1.160.000 soldaduz osaturiko armada elkartu zuen (2 Kro 17:12-19). Geroago, Josafatek izugarrizko erronkari aurre egin behar izan zion. Amondarrek, moabdarrek eta Seir mendietakoek gudaroste handi bat elkartu zuten bera, bere familia eta herria mehatxatzeko (2 Kro 20:1, 2). Zer egin zuen? Jehobarengana laguntza eta indar bila jo. Esaera Zaharrak 3:5, 6ko aholkua jarraitu zuen (Irakurri). 2 Kronikak 20:5-12 pasartean irakurtzen dugun otoitz apalak, Josafatek Jehobarengan zenbateko konfiantza zuen erakusten du. Nola erantzun zuen Jehobak Josafaten otoitza?

7. Nola erantzun zuen Jehobak Josafaten otoitza?

7 Jehobak Jahaziel izeneko lebitar baten bidez erantzun zion Josafati. Jaungoikoak esan zuen: «Egon bertan geldi, eta ikusiko duzue nola salbatzen zaituzten Jaunak» (2 Kro 20:13-17). Hori ez zen borrokara joateko ohiko modua, ezta? Hala ere, instrukzio horiek ez zituen gizon batek eman, Jehobak berak eman zituen. Jainkoarengan konfiantza osoa ipiniz, Josafatek eskatutakoa egin zuen. Bera eta herria etsaiengana atera zirenean, ez zituen lehen lerroan soldadu trebeenak jarri, armarik gabeko kantariak baizik. Jehobak ez zion Josafati huts egin; etsaiak garaitu zituen (2 Kro 20:18-23).

Ezkonberriek Jehobaren zerbitzuari lehentasuna eman ahal diete otoitz eginez eta bere Hitza aztertuz. (Ikusi 8 eta 10 paragrafoak)

8. Zer ikasi dezakete senarrek Josafaten eredutik?

8 Senarrok, Josafaten eredutik asko ikasi dezakezue. Familia zaintzeko ardura duzunez, gogor egiten duzu lan etxekoak mantendu eta babesteko. Erronkei aurre egitean, arazoak zeure kabuz konpontzeko gai zarela pentsatu dezakezu. Baina ez izan konfiantza zeure indarrean. Horren ordez, otoitz pertsonaletan Jehobari laguntza eskatu. Gainera, zeure emaztearekin otoitz egin bihotzez. Jehobaren gida bilatu. Horretarako, Bibliak eta Jainkoaren erakundeak ematen dituen argitalpenak aztertu eta bertako aholkuak praktikan jarri. Besteak, agian, ez dira zure erabakiarekin ados egongo eta ergel jokatzen ari zarela esango dizute. Familiarentzat babes onena dirua eta honek erosi dezakeena dela esan dezakete. Baina gogoratu Josafat. Jehobarengan konfiantza izan zuen eta bere ekintzetan ikusi zen. Jehobak ez zuen gizon leial hura bertan behera utzi. Zu ere ez zaitu utziko (Sal 37:28; Heb 13:5). Zer egin dezakete bikoteek elkarrekin bizitza zoriontsua izango dutela ziurtatzeko?

ISAIAS PROFETA ETA BERE EMAZTEA: JEHOBAREN ZERBITZUARI LEHENTASUNA EMAN

9. Zer esan dezakegu Isaias profeta eta bere emazteaz?

9 Isaias eta bere emaztearen bizitzan Jehobaren zerbitzuak izan zuen lehentasuna. Isaias profeta zen eta, seguruenik, bere emazteak ere eginkizun profetikoak zituen, Biblian «profetesa» deitzen baitzaio (Is 8:1-4). Bikote bezala, argi dago Isaias eta emazteak Jehobaren adorazioa jarri zutela lehen tokian. Zein eredu bikaina gaur egungo bikote ezkonduentzat!

10. Nola laguntzen die bikote ezkonduei Bibliako profeziak aztertzeak?

10 Nola imitatu ditzakete gaur egungo bikote ezkonduek Isaias eta bere emaztea? Jehobaren zerbitzuan ahal duten guztia eginez. Biblia-profeziak elkarrekin aztertuz eta nola betetzen diren ikusiz, Jehobarengan duten konfiantza indartu dezakete (Tt 1:2). * Honakoan pentsatu ahal dute: «Zer egin dezakegu profezien betetzean parte hartzeko?». Adibidez, azkena iritsi baino lehen, mundu guztian zehar berri onak predikatzeari buruzko Jesusen profezia betetzen lagundu dezakete (Mt 24:14). Zenbat eta seguruago egon Bibliako profeziak betetzen ari direla, orduan eta handiagoa izango da Jehobaren zerbitzuan ahal duten guztia egiteko gogoa.

PRISZILA ETA AKILA: GAUZA GUZTIEN AURRETIK JARRI ERREINUA

11. Zer egin zuten Priszila eta Akilak, eta zergatik?

11 Bikote gazteek asko ikasi dezakete Priszila eta Akilarengandik. Bikote judutar hau Erromako hirian bizi zen eta, Jesusi buruzko berri onak entzutean, kristau bihurtu zen. Beraien egoeran pozik bizi ziren. Baina gauzak zeharo aldatu ziren Klaudio enperadoreak judu guztiak Erromatik joan behar zirela agindu zuenean. Pentsa zer suposatu zuen honek Akila eta Priszilarentzat: ezagutzen zuten ingurua atzean utzi, beste etxe bat bilatu eta toki berri batean oihal-etxolagile negozioa hastea. Egoera hainbeste aldatzean, utziko ote zioten Erreinua lehen postuan jartzeari? Seguruenik badakizu galdera honen erantzuna. Korintora bizitzera joan zirenean, hango kongregazioan murgildu eta, Paulorekin batera, anai-arrebak sendotzen hasi ziren. Gero, predikatzaileen behar handiagoa zuten tokietara mugitu ziren (Eg 18:18-21; Erm 16:3-5). Zein zoriontsu izango ziren elkarrekin lan egitean!

12. Zergatik jarri beharko lituzkete bikote ezkonduek helburu espiritualak?

12 Gaur egungo bikoteek, Erreinuaren interesak lehen postuan jarriz, Priszila eta Akila imitatu ditzakete. Bizitzako helburuei buruz hitz egiteko unerik onena, elkarrekin ateratzen ari diren garaia da. Bien artean erabakiak hartu eta helburu espiritualak lortzen saiatzen direnean, Jehobak laguntzen diela ikusteko aukera gehiago dituzte (Koh 4:9, 12). Begira zer dioten Russell eta Elizabethek. «Elkarrekin ateratzen ari ginenean, zehatz-mehatz hitz egin genuen gure helburu espiritualei buruz», dio Russellek. «Honi buruz hitz egin genuen, etorkizunean hartuko genituen erabakiak oztopo ez izateko», dio Elizabethek. Erabaki hauei esker, Russell eta Elizabethek Mikronesiara joan ahal izan zuten, han berri-emaileen behar handiagoa baitzegoen.

Ezkonberriek Jehobaren zerbitzuari lehentasuna eman ahal diete otoitz eginez eta helburu espiritualak jarriz.(Ikusi 13 paragrafoa)

13. 28. Salmoa 7⁠aren arabera, zer lortuko dugu Jehobarengan konfiantza badugu?

13 Russell eta Elizabethek bezala, bikote askok bizimodu sinplea izaten jarraitzea erabaki dute, horrela ahalik eta denbora gehiena predikatzen eta irakasten emateko. Jehobaren zerbitzuan helburu onak jartzean eta lortzeko elkarlanean aritzean, emaitza ezin hobeak lortzen dituzte. Jehobak nola zaintzen dituen ikusiko dute, berarengan duten konfiantza indartu egingo da eta oso zoriontsu izango dira (Irakurri 28. Salmoa 7).

PEDRO APOSTOLUA ETA BERE EMAZTEA: JEHOBAREN PROMESETAN KONFIANTZA IZAN

14. Nola erakutsi zuten Pedro apostoluak eta bere emazteak Mateo 6:25, 31-34⁠ko promesan konfiantza zutela?

14 Bikote ezkonduek asko ikasi dezakete Pedro apostolua eta bere emaztearengandik ere. Jesus ezagutu eta sei hilabetetik urtebete ingurura, Pedrok erabaki inportante bat hartu behar izan zuen. Pedroren ogibidea arrantza zen. Beraz, Jesusek denbora osoz bera jarraitzera gonbidatu zuenean, Pedrok bere familiaren egoera kontuan hartu behar izan zuen (Lk 5:1-11). Jesusekin joatea erabaki zuen eta ondo egin zuen! Gainera, Pedroren emaztea erabaki horrekin ados zegoela pentsatzeko arrazoi onak ditugu. Izan ere, Bibliaren arabera, batzuetan Pedrorekin batera bidaiatzen zuen Jesus berpiztua izan ondoren (1 Ko 9:5). Dudarik gabe, emakume kristau honen ereduari esker, senar eta emazte kristauei aholkuak ematerako orduan, Pedrok lasai hitz egiteko askatasuna izan zuen (1 P 3:1-7). Jainkoaren Erreinua lehen tokian jartzen bazuten, Pedro eta bere emazteak argi zuten Jehobak zainduko zituela (Irakurri Mateo 6:25, 31-34).

15. Zer ikasten duzu Tiago eta Estherren bizipenetik?

15 Dagoeneko urte batzuk badaramatzazue ezkonduta, zer egin dezakezue Jehobaren alde gehiago egiteko gogoa handitzen jarraitzeko? Beste bikote batzuen bizipenetatik ondorioak atera ditzakezue. Adibidez, «Gogo onez eskaini zuten euren burua» artikulu-saileko bizipenak irakurri ditzakezue. Horrelako artikuluek asko lagundu zieten Tiago eta Estherri. Hauei esker, Brasileko bikote honi behar handiagoa zegoen tokietan zerbitzatzeko gogoa handitu zitzaion. Tiagok dio: «Jehobak gaur egungo zerbitzariei nola lagundu dien irakurtzeak, bere gida eta zaintza sentitu nahi izatera bultzatu gintuen». Denborarekin, Paraguaira joan ziren eta 2014 geroztik portuges eremuan zerbitzatzen dute. Estherrek dio: «Asko gustatzen zaigu Efesoarrei 3:20. Gure zerbitzuan behin eta berriz betetzen ikusi dugu». Efesoarrei bidalitako gutun horretan, Jehobak eskatzen dioguna baino askoz gehiago emango digula promestu zuen Paulok. Ziur egon, promesa hori benetan betetzen da!

Ezkonberriek Jehobaren zerbitzuari lehentasuna eman ahal diete otoitz eginez eta bikote helduei aholkuak eskatuz. (Ikusi 16 paragrafoa)

16. Noren aholkua eskatu dezakete bikote gazteek euren helburuak aztertzean?

16 Gaur egungo bikote gazteek asko ikasi dezakete Jehobarengan konfiantza izaten ikasi dutenengandik. Bikote batzuek hamarkadak pasa dituzte denbora osoko zerbitzuan. Zeuen helburuak aztertzen ari bazarete, zergatik ez dizkiezue aholkuak eskatzen? Jehobarengan konfiantza erakusteko beste modu bat da hau (Es 22:17, 19). Adindunek ere ezkondutako bikote gazteei helburuak jartzen eta betetzen lagundu ahal diete.

17. Zer gertatu zitzaien Klaus eta Marisari, eta zer ikasi dezakegu euren bizipenetik?

17 Batzuetan, hala ere, gure zerbitzuan gehiago egiteko erabakia ez da espero bezala ateratzen. Hasieran aipatu ditugun Klaus eta Marisaren kasua honen adibide da. Hiru urtez ezkonduta egon ondoren, etxea atzean utzi eta Finlandiako sukurtsalean eraikuntza-lanean aritu ziren. Baina sei hilabete baino gehiago egoteko aukerarik egongo ez zela jakin zutenean, hasieran, pena handia eman zien. Hala ere, handik gutxira, arabiera ikastaro batera gonbidatu zituzten eta, orain, beste herrialde bateko arabiera eremuan zerbitzatzen dute. Atzera begira, Marisak honakoa aitortzen du: «Beldur pixka bat ematen du zure erosotasun zonatik ateratzea eta Jehobarengan konfiantza osoa jartzea. Baina Jehobak beti espero gabeko moduetan lagundu gaituela ikusi dut. Hau bizi eta gero, Jehobarengan dudan konfiantza sendoagoa da». Adibide honek erakusten duen bezala, ziur egon zaitezkete Jehobarengan konfiantza osoa baldin baduzue, beti sarituko zaituztela.

18. Zer egin dezakete bikote ezkonduek Jehobarengan konfiantza izaten jarraitzeko?

18 Ezkon-bizitza Jehobaren oparia da (Mt 19:5, 6). Bikoteek opari hori disfrutatzea nahi du (Es 5:18). Bikote gazteok, aztertu zer egiten ari zareten zeuen bizitzarekin. Jehobak opari asko eman dizkizue. Ahal duzuen guztia egiten al duzue zuen esker ona erakusteko? Hitz egin Jehobarekin otoitzean. Zuen egoerarekin zerikusia duten printzipioak bilatu Biblian. Jehobak ematen dizuen aholkua jarraitu. Jehobaren zerbitzuari lehentasuna ematen badiozue, bizitza zoriontsua izango duzue. Ziur egon zaitezkete!

sjj 132. KANTA Orain bat gara

^ § 5 Bizitzan hartzen ditugun erabaki batzuek, Jehobaren zerbitzuari zenbat indar eta denbora eskainiko dizkiogun baldintzatzen dute. Ezkonberriek bereziki, beraien bizitza osoan eragina izango duten erabakiak hartu behar dituzte. Artikulu honek bizitza zoriontsua izateko erabaki onak hartzen lagunduko die.

^ § 5 Izen batzuk aldatuak izan dira.

^ § 10 Adibide bezala, La adoración pura de Jehová: ¡por fin restaurada! (Le culte pur de Jéhovah enfin rétabli !liburuko 67 eta 19. kapituluko ikasgaiak aztertu.