Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

45. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jarraitu batak besteari maitasun leiala erakusten

Jarraitu batak besteari maitasun leiala erakusten

«Joka ezazue batak bestearekin maitasun leialez eta errukiz» (ZA 7:9NWT).

sn 50. KANTA Jehoba, maitasunaren eredua

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zer arrazoi on ditugu batak besteari maitasun leiala erakusteko?

BATAK besteari maitasun leiala erakusteko arrazoi onak ditugu. Zeintzuk dira hauetako batzuk? Bibliako esaera zahar hauek galdera honi erantzuten laguntzen digute: «Ez itzazu gal ontasuna eta leialtasuna [...]. Onespena eta harrera ona izango dituzu Jainkoaren eta gizakien aldetik». «Bihotz onekoak bere buruari egiten dio on». «Zuzen eta zintzo izaten saiatzen dena luzaro eta ohorez betea biziko da» (Es 3:3, 4; 11:17; 21:21). *

2 Esaera zahar hauek maitasun leiala erakusteko hiru arrazoi aipatzen dituzte. Lehenik, ezaugarri hau erakusteak Jehobarentzat oso baliotsu egiten gaitu. Bigarrenik, maitasun leiala erakustea gure onerako da, adibidez, lagun onak egiten laguntzen digu. Hirugarrenik, etorkizunean bedeinkapenak jasoko ditugu, esaterako, betirako biziko gara. Dudarik gabe, arrazoi onak ditugu Jehobaren aholku hau jarraitzeko: «Joka ezazue batak bestearekin maitasun leialez eta errukiz» (Za 7:9NWT).

3. Zer galdera erantzungo ditugu artikulu honetan?

3 Artikulu honetan, lau galdera erantzungo ditugu: Nori erakutsi behar diogu maitasun leiala? Zer ikasten dugu maitasun leiala erakusteari buruz Rut liburutik? Nola erakutsi dezakegu maitasun leiala gaur egun? Nola laguntzen digu maitasun leiala erakusteak?

NORI ERAKUTSI BEHAR DIOGU MAITASUN LEIALA?

4. Nola imitatu dezakegu Jehoba maitasun leiala erakustean? (Markos 10:29, 30)

4 Zer ulertu genuen aurreko artikuluan maitasun leialari buruz? Jehobak bera maite dutenei eta zerbitzatzen dutenei bakarrik erakusten diela (Dn 9:4NWT). «Beraren seme-alaba maite» garenez, «Jainkoaren antzekoak» izan nahi dugu (Ef 5:1). Horregatik, gure anai-arrebekiko maitasun leiala sentitu nahi dugu (Irakurri Markos 10:29, 30).

5, 6. Nola erabiltzen da normalean «leialtasun» hitza? Eman adibide bat.

5 Zenbat eta argiago ulertu maitasun leiala zer den, orduan eta hobeto erakutsi ahal izango diegu gure anai-arrebei. Horretarako, konparatu dezagun «leialtasun» hitzari normalean ematen zaion esanahiarekin. Aztertu dezagun adibide bat.

6 Enpresa berean urtetan lan egin duen langilea, langile leiala dela esan ohi da. Baina, denbora horretan, agian ez ditu jabeak ezagutu eta ez dago enpresaren politikarekin beti ados. Ez du enpresa maite, dirua behar duelako egiten du lan bertan. Erretiratu arte hor jarraituko du, lanpostu hobea eskaintzen ez badiote behintzat.

7, 8. a) Zerk bultzatzen du norbait maitasun leiala erakustera? b) Zergatik aztertuko ditugu Rut liburuko pasarte batzuk?

7 Aurreko paragrafoan aipatutako leialtasunaren eta maitasun leialaren arteko desberdintasuna pertsonaren motibazioan dago. Zergatik erakutsi zuten maitasun leiala biblia-garaiko Jehobaren zerbitzariek? Ez zuten behartuta sentitzen zirelako erakutsi, nahi zutelako baizik. Adibidez, Dabidek bere lagun min Jonatani maitasun leiala erakutsi nahi izan zion, nahiz eta honen aitak bera hil nahi izan. Jonatan hil eta urte batzuk geroago ere, Dabidek Jonatanen seme Mefi-Boxeti maitasun leiala erakusten jarraitu zuen (1 Sm 20:9, 14, 15; 2 Sm 4:4; 8:15; 9:1, 6, 7). *

8 Rut liburuko pasarte batzuk aztertuz asko ikasi dezakegu maitasun leialari buruz. Zer ikasi dezakegu pertsonaia bakoitzetik? Nola jarri dezakegu ikasitakoa praktikan kongregazioan? *

ZER IKASTEN DUGU MAITASUN LEIALA ERAKUSTEARI BURUZ RUT LIBURUTIK?

9. Zergatik pentsatu zuen Noemik Jehoba bere aurka zegoela?

9 Rut liburuan, Noemi, bere erraina Rut, eta Jainkoa maite zuen Booz izeneko gizonaren istorioa irakurri dezakegu. Azken hau Noemiren senarraren familiartekoa zen. Israelen gosetea egon zen garai batean, Noemi, bere senarra eta bi semeak Moabera joan ziren bizitzera. Han zeudela, Noemiren senarra hil egin zen. Bere bi semeak ezkondu egin ziren, baina zoritxarrez, beraiek ere hil egin ziren (Rt 1:3-5; 2:1). Kolpe haien ondorioz, Noemik behea jo zuen. Hain lur jota zegoen, non Jehoba bere aurka zegoela pentsatzen zuen. Begira zer esan zuen Jehobari buruz: «Aurka jarri zait Jauna», «Jainko Ahaltsuak zoritxarrez bete bainau». Ikusten denez, Jehobak «zoritxarra erakarri» ziola ondorioztatu zuen (Rt 1:13, 20, 21).

10. Nola jokatu zuen Jehobak Noemiren hitz gogorren aurrean?

10 Nola jokatu zuen Jehobak Noemiren hitz gogorren aurrean? Ez zen bere zerbitzari atsekabetuaren aurka jarri. Horren ordez, enpatia erakutsi zion. Jehobak zapalkuntzak «zuhurra ere ergel [...] bihurtzen» duela ulertzen du (Koh 7:7). Hala ere, Noemik Jehoba bere alboan zegoela ikusteko laguntza behar zuen. Nola lagundu zion Jehobak? (1 Sm 2:8). Rut maitasun leiala erakustera bultzatu zuen. Rutek, gogo onez eta goxotasunez, oreka emozional eta espirituala berreskuratzen lagundu zion. Zer ikasten dugu Ruten eredutik?

11. Zergatik saiatzen dira bihotz oneko anai-arrebak lur jota daudenei laguntzen?

11 Maitasun leialak lur jota daudenei laguntzera bultzatzen gaitu. Rutek Noemiren ondoan jarraitu zuen bezala, bihotz oneko anai-arreba askok triste edo desanimaturik daudenen ondoan jarraitu nahi dute. Anai-arrebak maite dituzte, eta laguntzeko edozer egiteko prest daude (Es 12:25; 24:10). Hau bat dator Paulo apostoluak emandako aholkuarekin: «Eman adore bihozgabetuei, eutsi ahulei, izan eroapen guztiekin» (1 Ts 5:14).

Adi-adi entzunez, desanimatuta dagoen anaia edo arreba bat lagundu dezakegu (Ikusi 12. paragrafoa)

12. Askotan, zein da desanimatuta dagoen anaia edo arreba bati laguntzeko modurik onena?

12 Askotan, desanimatuta dagoen anaia edo arrebari laguntzeko modurik onena, entzutea eta maite dugula gogoraraztea da. Jehobaren ardi baliotsuei ematen diezun arreta ez da Jainkoarentzat oharkabean pasatzen (Sal 41:2 [41:1, NWT]). Esaera Zaharrak 19:17⁠ak dio: «Jende xeheaz errukitzen denak Jaunari ematen dio eta berak itzuliko dio ordainsaria».

Rutek Noemi, bere amaginarreba, besotik heltzen du, Orpa Moabera itzultzen den bitartean. Rutek Noemiri esaten dio: «Zu nora joan, hara joango bainaiz ni ere» (Ikusi 13. paragrafoa).

13. Zer ezberdintasun egon zen Rut eta Orparen erabakien artean eta nola erakutsi zuen Rutek maitasun leiala? (Ikusi azaleko irudia)

13 Noemiren senarra eta bi semeen heriotzaren ondoren gertatutakoan pentsatzen badugu, hobeto ulertuko dugu maitasun leiala zer den. «Entzun zuen Noemik Jauna bere herriari aldeko agertu zitzaiola uzta ugaria emanez», beraz, etxera itzultzea erabaki zuen (Rt 1:6). Bi errainak berarekin abiatu ziren. Baina bidean, Noemik hiru aldiz eskatu zien Moabera itzultzeko. Zer gertatu zen? «Orpak bere amaginarreba besarkatu zuen eta bere herrira itzuli zen. Rut ordea, amaginarrebarekin gelditu zen» (Rt 1:7-14). Itzultzea erabakitzean, Orpa Noemik esandakoa egiten ari zen, berarengandik espero zena. Rutek aldiz, hori baino gehiago egin zuen. Etxera itzultzeko aukera izan zuen, baina Noemirekin geratzea erabaki zuen (Rt 1:16, 17). Rut ez zen Noemirekin geratu behartuta zegoelako, nahi zuelako baizik. Rutek maitasun leiala erakutsi zuen. Zer ikasten dugu pasarte honetatik?

14. a) Gaur egun, zer erabakitzen dute anai-arreba askok? b) Hebrearrei 13:16⁠aren arabera, zer-nolako opariak atsegin ditu Jainkoak?

14 Maitasun leialak espero dena baino gehiago egitera bultzatzen gaitu. Gaur egun ere, anai-arreba askok fedekideei maitasun leiala erakustea erabaki dute, nahiz eta askotan elkar ez ezagutu. Adibidez, hondamendi natural bat gertatzean, segituan jakin nahi dute nola lagundu dezaketen. Kongregazioko norbaitek arazo ekonomikoak dituenean, berehala saiatzen dira pertsona horrek zer behar duen jakiten eta laguntzen. Lehen mendeko mazedoniarrek bezala, beraiengandik espero dena baino gehiago egiten dute, ahal dutena «eta gehiago ere» emanez (2 Ko 8:3). Sakrifizio handiak egiten dituzte beharrean dauden anai-arrebei laguntzeko. Jehobak asko atsegin ditu horrelako maitasun ekintzak! (Irakurri Hebrearrei 13:16).

NOLA ERAKUTSI DEZAKEGU MAITASUN LEIALA GAUR EGUN?

15, 16. Nola erakutsi zuen Rutek ez zuela etsi?

15 Rutek Noemiri lagundu zion modutik, gauza asko ikasi ditzakegu. Aztertu ditzagun batzuk.

16 Segi, ez etsi. Rut amaginarrebarekin Judara joateko eskaini zenean, hasieran Noemik ez zuen nahi izan. Rutek, hala ere, berarekin jarraitu zuen, ez zuen etsi. Zein izan zen ondorioa? «Rutek bere erabakia harturik zeukala ikusirik, amore eman zuen Noemik» (Rt 1:15-18)

17. Zerk lagunduko digu berehala ez etsitzen?

17 Ikasten duguna: Desanimaturik edo atsekabeturik daudenei laguntzeko pazientzia behar da, baina ez etsi. Laguntza behar duen arreba batek agian ez du hasieran onartuko. * Baina, hala ere, maitasun leialak bere ondoan jarraitzeko ahal dugun guztia egitera bultzatuko gaitu (Ga 6:2). Denborarekin gure laguntza eta kontsolamendua onartzea espero dugu.

18. Seguraski zerk minduko zuen Rut?

18 Ez gaizki hartu. Noemi eta Rut Belenera iritsi zirenean, Noemik bere lehengo bizilagunak topatu eta esan zien: «Asebeterik alde egin nuen hemendik; Jaunak, ordea, esku-hutsik itzularazi nau» (Rt 1:21). Imajinatu nola sentituko zen Rut hitz hauek entzutean! Ahal zuen guztia egin zuen Noemi laguntzeko. Berarekin negar egin, kontsolatu eta egunak eman zituen bere ondoan bidaiatzen. Hau guztia egin arren, Noemik esan zuen: «Jaunak, ordea, esku-hutsik itzularazi nau». Rut hantxe zegoen bere ondoan, baina hitz hauek esatean, bazirudien ez zela Rutek emandako laguntzaz konturatu. Zein mingarria izango zen hau Rutentzat! Hala ere, berarekin geratu zen.

19. Zerk lagunduko digu desanimatuta dagoen norbaiten ondoan jarraitzen?

19 Ikasten duguna: Desanimaturik dagoen arreba bati laguntzen saiatu arren, agian honek hitz gogorrak esango dizkigu. Baina gaizki ez hartzen saiatu behar dugu. Arreba horren ondoan jarraituko dugu. Honetaz gain, kontsolatzeko modua aurkitzen lagundu gaitzan eskatuko diogu Jehobari (Es 17:17).

Nola imitatu dezakete adindunek Booz? (Ikusi 20 eta 21 paragrafoak)

20. Zerk eman zion Ruti aurrera egiteko indarra?

20 Beharra dagoenean animoa eman. Rutek maitasun leiala erakutsi zion Noemiri, baina berak ere animoa behar zuen. Jehobak Booz erabili zuen hori egiteko. Boozek esan zion Ruti: «Jaunak ordain diezazula egin duzun guztia eta eman diezazula saria luzaroan Israelgo Jainko Jaunak, honen babesera etorri baitzara». Hitz goxo hauek zeharo hunkitu zuten Rut. Erantzunez, esan zion: «Bai ona zarela nirekin, jauna! Zure mirabeetako edozein baino gutxiago nauzun honi bihotzera mintzatu zatzaizkio» (Rt 2:12, 13). Boozek momentu egokian esandako hitz hauek aurrera egiteko indarra eman zioten Ruti.

21. Isaias 32:1, 2⁠ak deskribatzen duen bezala, zer egingo dute adindunek?

21 Ikasten duguna: Maitasun leiala erakusten dutenek ere batzuetan animoa behar dute. Noemirekin zein ona izan zen ikusi zuenean, Boozek Rut zoriondu zuen. Gaur egun ere, anai-arrebak besteei laguntzen ari direla ikusten dutenean, adindunek zoriondu egiten dituzte. Momentu egokian bihotzez zoriontzeak aurrera egiteko behar duten indarra emango die anai-arrebei (Irakurri Isaias 32:1, 2).

NOLA LAGUNTZEN DIGU MAITASUN LEIALA ERAKUSTEAK?

22, 23. Nola aldatu zuen Noemik bere jarrera eta zergatik? (136. Salmoa 23, 26)

22 Handik denboratxo batera, Boozek janaria oparitu zien Rut eta Noemiri (Rt 2:14-18). Nola erantzun zion Noemik Boozen eskuzabaltasunari? Esan zuen: «Jaunak bedeinka dezala gizon hori, Jaunak bere onginahia [“maitasun leiala”, NWT] agertzen baitie biziei nahiz hilei» (Rt 2:20⁠a). Zer nolako aldaketa Noemirentzat! Lehenago, Jehoba bere aurka zegoela esan zuen, baina orain, poz-pozik, Jehobak maitasun leiala agertu ziola esan zuen. Zerk lagundu zion Noemiri jarrera aldatzen?

23 Azkenean Noemi Jehobaren eskua ikusten hasi zen. Judarako bidean behar zuen laguntza emateko, Jehobak Rut erabili zuen (Rt 1:16). Boozen bidez ere ikusi zuen Noemik Jehobaren eskua. Legez beraiek «zaintzeko ardura» zutenen arteko bat zen eta oso eskuzabala izan zen beraiekin (Rt 2:19, 20⁠b). * «Orain ulertzen dut. Jehobak ez nau utzi. Nirekin egon da denbora guztian!», pentsatuko zuen seguruenik (Irakurri 136. Salmoa 23, 26). Zein eskertuta sentituko zen Noemi Rut eta Boozek ez zutelako amore eman! Noemik Jehoba zerbitzatzeko poza eta indarra berreskuratu zituenean, zeinen pozik egongo ziren hirurak!

24. Zergatik jarraitu nahi dugu gure anai-arrebei maitasun leiala erakusten?

24 Zer ikasi dugu Rut liburutik maitasun leialari buruz? Desanimatuta dauden anai-arrebei laguntzean, maitasun leialak amore ez ematera eta laguntzeko ahalegin bereziak egitera bultzatzen gaitu. Adindunek bihotzez eta momentu egokian animoa eman behar diete maitasun leiala erakusten dutenei. Poz handia sentitzen dugu desanimatuta zeudenek indar espirituala berreskuratzen dutela ikusten dugunean (Eg 20:35). Baina, hala ere, zein da maitasun leiala erakusten jarraitzeko arrazoi nagusia? Jehoba poztu eta imitatzea, bera maitasun leialez betea baita (Ir 34:6; Sal 33:22).

sjj 130. KANTA Barkatzeko prest egon

^ § 5 Jehobak kongregazioko anai-arrebei maitasun leiala erakustea nahi du. Antzinako Jehobaren zerbitzariek maitasun leiala nola erakutsi zuten aztertuz, ezaugarri hau zer den hobeto ulertuko dugu. Artikulu honetan, Rut, Noemi eta Boozen ereduetatik zer ikasi dezakegun ikusiko dugu.

^ § 1 Aipu hauetan «ontasuna», «bihotz oneko» eta «zintzo» bezala itzuli den jatorrizko esamoldeak «maitasun leiala» esan nahi du.

^ § 7 Paragrafo honetan agertzen diren aipuetan «onginahia» itzuli den jatorrizko esamoldeak «maitasun leiala» esan nahi du.

^ § 8 Artikulu honi etekin osoa ateratzeko Rut liburuko 1. eta 2. kapituluak irakurtzera animatzen zaitugu.

^ § 17 Noemiren eredua aztertzen ari garenez, beharra duten arrebei buruz hitz egiten ari gara, baina artikulu honetako ideiek anaientzako ere balio dute.

^ § 23 Boozen eginkizunari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, ikusi aldizkari honen «Ejemplos de fe: “Una mujer excelente”» «(Imitez leur foi — “ Une excellente femme ”») artikulua 2012⁠ko urriak 1⁠eko alean.