Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

39. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Lasaitasunaren balioa

Lasaitasunaren balioa

«Jaunaren esklabo batek ez du borrokatzeko beharrik, baizik eta guztiekin atsegina […] izan behar du» (2 TM 2:24).

sjj 120. KANTA Imitatu Jesusen goxotasuna

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer galdera egin ahal dizkigute lanean edo eskolan?

 NOLA sentitzen zara lankide edo eskolakide batek zure sinesmenei buruz galderak egiten dizkizunean? Urduri sentitzen al zara? Gutako asko bai. Baina, horrelako galderek pertsona horrek zer pentsatzen edo sinesten duen jakiten lagundu ahal digute eta, ondorioz, berarekin berri onei buruz hitz egiteko aukera izan dezakegu. Hala ere, batzuetan, galdera hauen helburua gurekin eztabaidatzea besterik ez da. Honek ez gintuzke harritu beharko. Azken finean, batzuek gure sinesmenei buruzko ideia okerrak entzun dituzte (Eg 28:22). Hala ere, «azken egunetan» bizi garenez, pertsona asko ez daude adostasun batera iristeko prest eta batzuk «basati[ak]» ere dira (2 Tm 3:1, 3).

2. Zergatik izan nahi dugu pertsona lasaiak?

2 Agian honakoa galdetzen diozu zeure buruari: Nola izan naiteke atsegina norbaitek nire sinesmenei buruz eztabaidatu nahi duenean? Lasaia izateak lagunduko zaitu. Pertsona lasaia ez da erraz haserretzen probokatzen dutenean edo nola erantzun ez dakienean (Es 16:32). Noski, hau egitea ez da beti erraza. Nola ikasi dezakezu pertsona lasaia izaten? Nola erantzun dezakezu modu lasaian norbaitek zure sinesmenei buruz eztabaidatu nahi duenean? Gurasoa bazara, nola irakatsi ahal diozu zure seme edo alabari bere fedea lasaitasunez defendatzen? Ikus dezagun.

NOLA IKASI DEZAKEGU PERTSONA LASAIAK IZATEN?

3. Zergatik esan dezakegu norbait lasaia izateak ez duela ahula denik esan nahi? (2 Timoteo 2:24, 25, NWT)

3 Norbait lasaia izateak ez du esan nahi ahula denik. Izan ere, barne indar handia behar da egoera zailetan lasaitasuna mantentzeko. Lasaitasuna «espirituaren fruitua[ren]» alderdi bat da (Ga 5:22, 23, NWT). Lasaitasun bezala itzulitako hitz grekoa domestikatua izan den zaldi basati bat deskribatzeko erabiltzen zen batzuetan. Irudikatu otzana, edo lasaia, izatera iritsi den zaldi basati bat. Zaldia orain otzana izan arren, indartsu izaten jarraitzen du. Eta guk nola ikasi dezakegu lasaiak eta aldi berean indartsuak izaten? Hau ez da gure kabuz lortu dezakegun zerbait. Otoitzean Jainkoari bere espiritu santua eskatu behar diogu ezaugarri eder hau garatzen lagundu gaitzan. Pertsona askok lasaiak izaten ikasi dute. Adibidez, anai-arreba askok lasaitasuna erakutsi dute norbait beraiekin eztabaidatzen saiatzean. Ondorioz, pertsona batzuk Lekukoen inguruan iritzi hobea izatera iritsi dira (Irakurri 2 Timoteo 2:24, 25, NWT b). Nola lortu dezakezu lasaitasuna zure ezaugarri bereizgarrietako bat izatea?

4. Zer irakasten digu Isaaken ereduak lasaitasuna erakusteari buruz?

4 Biblian, pertsona lasaiak izatearen balioa azpimarratzen duten hainbat pasarte daude. Aztertu dezagun, adibidez, Isaaken eredua. Gerar-ko filistearren eremuan bizi zela, bere bizilagunek, inbidiak jota, Abrahamen zerbitzariek zulatutako putzuak lurrez bete zituzten. Bere eskubideen alde borrokatu beharrean, Isaak beste toki batera joan zen bizitzera eta putzu berriak zulatu zituen (Has 26:12-18). Baina, filistearrek putzu horietako ura ere beraiena zela aldarrikatu zuten. Hala eta guztiz ere, Isaakek modu baketsuan jokatu zuen (Has 26:19-25). Zerk lagundu zion lasai mantentzen besteen probokazioen aurrean? Dudarik gabe, bere gurasoen ereduan arreta jarri zuen, Abrahamen jokabide baketsutik eta Sararen «espiritu gozo eta baketsu[tik]» asko ikasiz (1 P 3:4-6; Has 21:22-34).

5. Zer ereduk erakusten du gurasoek seme-alabei pertsona lasaiak izatearen balioa irakatsi ahal dietela?

5 Gurasook, zuek ere pertsona lasaiak izatearen balioa irakatsi ahal diezue seme-alabei. Ikus dezagun 17 urte dituen Max c izeneko anaiaren eredua. Haserre bizi zen jendeaz inguratuta zegoen, bai eskolan bai predikazioan. Bere gurasoek lasaitasuna garatzen lagundu zioten pazientziaz. Beraiek honakoa diote: «Maxek orain badaki probokatzen gaituztenean lasai mantentzeak, haserretzeak edo biolentziaz jokatzeak baino barne indar gehiago eskatzen duela». Maxek pertsona lasaia izaten ikasi du.

6. Nola lagundu gaitzake otoitzak lasaitasun gehiago erakusten?

6 Zer egin dezakegu besteek probokatzen gaituztenean? Adibidez, Jehobari buruz gauza txarrak esaten dituztenean edo Bibliari buruz barre egiten dutenean? Modu lasaian erantzuteko, Jehobari bere espiritua eta jakinduria eskatu beharko genioke. Eta behar ez genuen moduan erantzun dugula konturatu bagara? Honi buruz berriro ere otoitz egin dezakegu eta hurrengorako nola hobetu dezakegun pentsatu. Horrela, Jehobak bere espiritu santua emango digu gure jenioa kontrolatzeko eta lasaitasuna erakusteko.

7. Nola lagundu gaitzake egoera zailetan Biblia aipu batzuk buruz ikasteak? (Esaera Zaharrak 15:1, 18)

7 Batzuetan zaila izan daiteke lasai hitz egitea. Biblian, lasaitasuna mantentzen lagundu ahal diguten aipu asko topatu ditzakegu. Jainkoaren espirituak bertset hauek gogoratzen lagunduko digu (Jn 14:26). Esaterako, Esaera Zaharrak liburuan, lasai jokatzen laguntzen diguten printzipioak aurkitzen ditugu (Irakurri Esaera Zaharrak 15:1, 18). Gainera, Bibliako liburu honetan, egoera zailetan lasai mantentzea zein ona den ere azaltzen da (Es 10:19; 17:27; 21:23; 25:15).

NOLA LAGUNTZEN DIGU AGERIAN EZ DAGOENAZ KONTURATZEAK LASAIAK IZATEN?

8. Zergatik hartu beharko genuke kontuan pertsona batek gure sinesmenen inguruan galdera bat egiteko duen benetako arrazoia?

8 Agerian ez dagoenaz konturatzeak lagundu gaitzake (Es 19:11, NWT). Hau kontuan hartzen badugu autokontrola erakutsiko dugu norbaitek gure sinesmenei buruz eztabaidatu nahi duenean. Galdera batzuk icebergak bezalakoak dira. Hauen zatirik handiena ur azpian ezkutuan dago. Adibidez, galdera baten atzean, agerian ez dagoen arrazoi bat egon daiteke. Beraz, erantzun aurretik, agian galdera hori egitearen benetako arrazoia zein den ez dakigula hartu beharko genuke kontuan (Es 16:23, NWT).

9. Nola erakutsi zuen Gedeonek lasaitasuna eta agerian ez zegoenaz konturatu zela efraimdarrekin hitz egitean?

9 Azter dezagun nola erantzun zien Gedeonek Efraimeko gizonei. Hauek Israelgo etsaien kontra borrokatzeko zergatik ez zieten lehenago deitu galdetu zioten haserreturik Gedeoni. Baina, zein izan zen gizon hauek hain haserre egotearen benetako arrazoia? Ofendituta sentitu al ziren agian? Edonola ere, Gedeonek, zuhurtzia erakutsiz, beraien sentimenduak errespetatu zituen eta lasaitasunez erantzun zien. Zein izan zen ondorioa? Gedeonek emandako erantzunak «baretu egin zituen» (Ep 8:1-3).

10. Zerk lagunduko digu gure sinesmenei buruz galdetzen digutenei nola erantzun jakiten? (1 Pedro 3:15, 16)

10 Agian lankide edo eskolakide batek Bibliako arauak zergatik errespetatzen ditugun jakin nahi du. Egoera horretan, gure sinesmenak defendatzen eta, aldi berean, galdera hori egin duen pertsonaren ikuspuntua errespetatzen saiatu nahi dugu (Irakurri 1 Pedro 3:15, 16). Beraz, egindako galdera eraso bat bezala ikusi beharrean, pertsona horrentzat garrantzitsua zer den ulertzeko aukera bat bezala ikusi dezakegu. Galdera horren arrazoia edozein dela ere, modu lasai eta atseginean erantzun beharko genuke. Gure erantzunak pertsona horrek bere ikuspuntuan berriz pentsatzera bultzatu dezake agian. Modu zakar edo sarkastikoan hitz egin badigute ere, gure helburua modu atseginean erantzutea izan beharko litzateke (Erm 12:17).

Norbaitek gu urtebetetze batera gonbidatzeko dituen arrazoietan pentsatzen dugunean, erantzun hobea eman dezakegu (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak)

11, 12. a) Zer hartu beharko genuke kontuan galdera zail bat erantzun aurretik? (Ikusi irudia ere) b) Galdera batek elkarrizketa atsegin bat izatera eraman gaitzakeela erakusten duen adibide bat jarri.

11 Esaterako, lankide batek zergatik ez ditugun urtebetetzeak ospatzen galdetzen badigu, honakoa galdetu ahal diogu geure buruari: «Pentsatzen al du ondo pasatzea debekatuta dugula? Edo sentitzen al du lantokiko giroa zapuztuko dugula?» Gure lankidearen kezkak arindu ditzakegu, besteei erakusten dien interesa estimatzen dugula azalduz. Lanean giro onaz gozatu nahi dugula ere ziurtatu ahal diogu. Horrela, agian, Bibliak urtebetetzeen inguruan dioenari buruz elkarrizketa atsegina izateko aukera izango dugu.

12 Antzeko zerbait egin dezakegu norbaitek gai polemiko bati buruz galdetzen digunean. Eskolakide batek Jehobaren lekukook homosexualitateari buruz dugun ikuspuntua aldatu beharko genukeela esan ahal digu. Esan nahi al du honek Jehobaren lekukoei buruz okerreko ideia duela? Homosexuala den lagun edo senideren bat izango ote du? Pentsatzen al du homosexualak direnak gorrotatzen ditugula? Pertsona guztiei maitasuna erakusten diegula eta bakoitzak bere erabakiak hartzeko eskubidea errespetatzen dugula ziurtatu beharko genioke d (1 P 2:17). Horrela, beharbada, Bibliaren arau moralak jarraitzeak dakartzan emaitza onei buruz hitz egiteko aukera izan dezakegu.

13. Zer egin dezakegu norbaitek Jainkoarengan sinestea txorakeria hutsa dela esaten badigu?

13 Norbait gurekin oso desados dagoenean, ez genuke berak sinesten duena badakigunik segituan ondorioztatu beharko (Tt 3:2, NWT). Adibidez, nola jokatuko zenuke eskolakide batek Jainkoarengan sinestea txorakeria hutsa dela esaten badizu? Ondorioztatu beharko al zenuke eboluzioan sutsuki sinesten duela eta honi buruz asko dakiela? Agian ez du gai horri buruz gehiegi pentsatu. Zientziari buruzko eztabaida bat hasi beharrean, zure eskolakidearekin berak beranduago gai horretan hausnartzeko ideiaren bat partekatu dezakezu. JW.ORG webguneko sorkuntzari buruzko informazioa erakutsi ahal diozu. Horrela, beharbada, bertako artikulu edo bideo bati buruz hitz egiteko prest egongo da. Horrelako errespetua erakusten dugunean, besteengan Bibliari buruz kuriositatea piztu dezakegu.

14. Nola erabili zuen Niall-ek gure webgunea bere klasekide batek Jehobaren lekukoei buruz zituen ideia okerrei aurre egiteko?

14 Niall izeneko nerabe batek gure webgunea erabili zuen Jehobaren lekukoei buruzko ideia okerrei aurre egiteko. Berak dio: «Klasekide batek zientzian ez nuela sinesten esaten zidan askotan, konfiantza frogetan jarri beharrean, kondairaz beteriko liburu batean jartzen nuelako». Bere klasekideak ez zionez bere sinesmenak azaltzen utzi, Niall-ek jw.org-eko «Zientzia eta Biblia» atala erakutsi zion. Beranduago, bere klasekideak webguneko informazioa irakurri zuela konturatu zen Niall. Ondorioz, biziaren jatorriari buruz bere klasekidearekin hitz egiteko aukera izan zuen. Zuk ere antzeko emaitza izan dezakezu.

FAMILIAN PRESTATU

15. Nola lagundu ahal diete gurasoek seme-alabei lasai erantzuten klasekideek euren sinesmenei buruz galdetzen dietenean?

15 Gurasoek euren seme-alabei modu lasaian erantzuten irakatsi ahal diete beraien sinesmenei buruz galdetzen dietenean (St 3:13). Guraso batzuek trebakuntza saioak egiten dituzte familia adorazioan. Hasteko, eskolan aipatu daitezkeen gaiei buruz hitz egiten dute. Ondoren, hauei erantzuna nola eman aztertu eta entseiatzen dute. Gainera, euren seme-alabei modu lasai eta erakargarrian nola hitz egin irakasten diete (Ikusi « Trebakuntza saioak lagungarriak izan daitezke zure familiarentzat» taula).

16, 17. Nola izan daitezke lagungarriak gazteentzat trebakuntza saioak?

16 Trebakuntza saio hauek oso lagungarriak izan daitezke gazteentzat. Beraien sinesmenez konbentzituta egoten laguntzeaz gain, besteei hauek azaltzen ikasi dezakete. JW.ORG webgunean, «Los jóvenes preguntan» artikulu saila eta «Ponlo por escrito» e atala daude. Atal honek gazteei euren sinesmenak sendotzen laguntzen die, baita euren hitzetan erantzunak prestatzen ere. Artikulu sail hau familian aztertuz, guztiok gure fedea modu lasai eta erakargarrian defendatzen ikasi dezakegu.

17 Matthew izeneko gazte batek trebakuntza saioek nola lagundu dioten azaltzen du. Familia adorazioan, Matthew eta bere gurasoek eskolan eztabaidatu daitezkeen gaiak ikertzen dituzte askotan. Berak dio: «Suertatu daitezkeen egoeretan pentsatzen dugu eta egindako ikerketaren arabera, hauetan nola jokatu entseiatzen dugu. Nire sinesmenen arrazoiak argi ditudanean, konfiantza gehiago dut eta errazagoa egiten zait besteei modu lasaian erantzutea».

18. Zer egitearen garrantzia erakusten digu Kolosarrei 4:6​ak?

18 Noski, batzuetan arrazoiketa on bat ematea ez da nahikoa izango pertsona batzuk konbentzitzeko. Baina, tentuz eta modu lasaian hitz egitea lagungarria izan daiteke (Irakurri Kolosarrei 4:6). Gure sinesmenei buruz hitz egitea pilota bat norbaiti pasatzearekin konparatu daiteke. Pilota suabe-suabe pasa edo zakarki bota dezakegu. Suabe botatzen dugunean, errazagoa da bestearentzat jasotzea eta jolasten jarraitzea. Era berean, tentuz eta modu lasaian hitz egiten badugu, errazagoa izan daiteke besteak gu entzuteko eta elkarrizketarekin jarraitzeko prest egotea. Noski, norbaitek gurekin eztabaidatu edo gutaz barre egin nahi badu, ez dugu elkarrizketarekin jarraitu beharrik (Es 26:4). Baina, pertsona gehienek ziurrenik ez dute horrela erantzungo. Alderantziz, askok beharbada entzungo dute.

19. Zerk bultzatu beharko gintuzke lasaiak izatera gure sinesmenak defendatzen ditugunean?

19 Argi dago emaitza onak lortzen ditugula pertsona lasaiak izaten ikasten dugunean. Galdera polemikoak egiten dizkigutenean edo modu injustuan kritikatzen gaituztenean, Jehobari modu lasaian erantzuteko indarra eskatu otoitzean. Gogoan izan jarrera lasaiak desadostasun bat eztabaida bihurtzea saihestu dezakeela. Modu lasaian eta errespetuz erantzuten badugu, pertsona batzuek guri eta Bibliari buruz duten ikuspuntua aldatu dezakete. Beraz, «egon [gaitezen] beti prest» gure sinesmenen arrazoia eskatzen digunari lasaitasunez eta errespetu handiz «erantzuna emateko» (1 P 3:15). Bai, izan dadila lasaitasuna gure ezaugarri bereizgarrietako bat!

sjj 88. KANTA Azaldu niri zure bideak

a Artikulu honetan, probokatzen gaituztenean edo gurekin eztabaidatu nahi dutenean gure sinesmenak lasaitasunez defendatzeko gomendio batzuk ikusiko ditugu.

b 2 Timoteo 2:24, 25, NWT: «Jaunaren esklabo batek ez du borrokatzeko beharrik, baizik eta guztiekin atsegina eta irakasteko gaitasuna izan behar du, gaizki tratatzen dutenean bere burua kontrolatu behar du, eta jarrera ona ez dutenei lasaitasunez irakatsi behar die. Horrela, agian, Jainkoak egiaren ezaguera zehatzera daraman damua emango die».

c Izena aldatua izan da.

d Aholku praktikoak irakurtzeko, ikusi «¿Qué dice la Biblia sobre la homosexualidad?» («Que dit la Bible au sujet de l’homosexualité ?») artikulua, ¡Despertad! (Réveillez-vous !) aldizkariko 2016​ko 4. alean.

e «Les jeunes s’interrogent» artikulu saileko «Fiches de réflexion pour ados» atala.

f Gomendio lagungarriak aurkituko dituzu «Gazteen galderak» eta «Jehobaren lekukooi buruzko ohizko galderak» artikulu sailetan, jw.org webgunean.