Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

40. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Pedrok bezala, ez etsi!

Pedrok bezala, ez etsi!

«Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz eta!» (LK 5:8).

sjj 38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer sentitu zuen Pedrok Jesusek mirari baten bitartez arrain asko harrapatzen lagundu zionean?

 PEDROK gau osoa arrantzan jardun arren, ez zuen arrain bat bera ere harrapatu. Orduan, harrigarria bazen ere, Jesusek honakoa esan zion: «Jo itsas zabalera eta bota sareak arrantzurako» (Lk 5:4). Pedrok ez zuen uste arrainik harrapatuko zuenik. Hala ere, Jesusek esandakoa egin zuen, eta harrapatu zuten arrain pilagatik, sareak puskatzeko zorian egon ziren. Pedro eta berarekin lan egiten ari zirenak «zur eta lur» gelditu ziren mirari bat ikusi berri zutelako. Horren ostean, Pedrok honakoa esan zion Jesusi: «Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz eta!» (Lk 5:6-9). Dirudienez, Pedrok ez zuela Jesusekin egotea merezi sentitu zuen.

2. Zergatik da lagungarria guretzat Pedroren eredua aztertzea?

2 Pedrok arrazoi zuen; «bekataria» zen. Berak egindako edo esandako gauza batzuez beranduago damutu egin zela aipatzen da Biblian. Sentitu al zara inoiz Pedro bezala? Agian, aspalditik zure izaera hobetzen edo ahuleziaren bat baztertzen saiatzen ari zara. Horrela bada, Pedroren eredua aztertzeak itxaropena eman ahal dizu. Zergatik? Pentsatu honetan: Pedroren akatsak Bibliatik lasai asko ezabatuak izan ahal ziren, baina bertan idatzita utzi ziren gure irakaspenerako (2 Tm 3:16, 17). Ahuleziak eta gure antzeko sentimenduak zituen gizon honi buruz ikasteak honako hau ulertzen lagunduko digu: Jehobak ez duela gugandik perfekziorik espero. Horren ordez, ahuleziak izan arren, guk amore ez ematea, hau da, saiatzen jarraitzea nahi du.

3. Zergatik ez dugu etsi behar?

3 Zergatik ez dugu etsi behar? Esamolde batek honakoa dio: «Ezina ekinez egina». Hau ulertzeko jarri dezagun adibide bat: Musikari batek urte asko eman ditzake bere musika tresna jotzen trebea bihurtu arte. Denbora horretan, milaka nota oker joko ditu seguruenik. Baina, praktikatzen jarraitzen badu, hobetzen joango da. Musikari trebea izatera iristen bada ere, noizbehinka, akatsen bat egin dezake. Baina, ez du amore ematen, baizik eta praktikatzen jarraitzen du. Antzera, nahiz eta ahuleziaren bat gainditu dugula pentsatu, akats horretan berriro erori gaitezke. Hala eta guztiz ere, hobetzen saiatzen gara. Denok damutu gara noizbait esan edo egin dugun zerbaitez. Edonola ere, amore ematen ez badugu, Jehobak hobetzen jarraitzen lagunduko digu (1 P 5:10, NWT). Pedrok akatsak egin arren, Jesusek errukia erakutsi zion, eta honek, etsi gabe aurrera jarraitzen lagundu zion. Beraz, bere eredua aztertzeak Jehobari zerbitzatzen jarraitzera motibatuko gaitu.

PEDROREN AHULEZIAK ETA BEDEINKAPENAK

Zer egingo zenuke Pedroren antzeko egoera baten aurrean? (Ikusi 4. paragrafoa)

4.Lukas 5:5-10 bertseten arabera, nola ikusten zuen Pedrok bere burua? Baina, nola lasaitu zuen Jesusek?

4 Bibliak ez du esaten Pedrok zergatik esan zuen «bekataria» zela, edo hau esatean berak egindako zer bekatu etorri zitzaion burura (Irakurri Lukas 5:5-10). Baliteke bekatu larri batzuk egin izana. Jesusek bazekien Pedro beldur zela, agian bere burua gutxiesten zuelako. Baina Jesusek bazekien ere Pedro leial mantendu ahal zela. Horregatik esan zion goxotasunez: «Ez beldurtu». Jesusek Pedrorengan konfiantza izan zuen, eta honek eragin handia izan zuen Pedroren bizitzan. Ondoren, Pedrok eta bere anaia Andresek beraien arrantza negozioa utzi eta Mesias denbora osoz jarraitzen hasi ziren. Ondorioz, Jehobak modu askotan bedeinkatu zituen (Mk 1:16-18).

5. Zer bedeinkapen jaso zituen Pedrok bere beldurrak gainditzeagatik eta Jesusen gonbidapena onartzeagatik?

5 Pedrok bizipen paregabe asko izan zituen Jesu Kristoren jarraitzaile bezala. Jesusek gaixoak sendatu, deabruak bota eta hildakoak berpiztu zituenean, Pedro hauen testigu izan zen b (Mt 8:14-17; Mk 5:37, 41, 42). Gainera, ikuskari batean, etorkizunean Jesus Jainkoaren Erreinuko errege bezala ikusi zuen, eta ez zuen gertakari hau inoiz ahaztu (Mk 9:1-8; 2 P 1:16-18). Hala da, Pedrok inoiz espero ez zituen gauzak ikusi zituen. Ziur oso pozik egongo zela izandako sentimendu negatiboak gainditzeagatik eta bizitako bedeinkapenak ez galtzeagatik.

6. Azkar gainditu al zituen Pedrok bere ahuleziak? Azaldu.

6 Aurretik aipatutako guztiaren lekuko izan arren, Pedrok bere ahuleziekin borrokatzen jarraitu behar izan zuen. Azter ditzagun adibide batzuk. Jesusek Bibliako profeziak betetzeko sufritu eta hil behar zuela azaldu zuenean, Pedrok Jesus zuzendu zuen (Mk 8:31-33). Behin baino gehiagotan, Pedro eta beste apostoluek beraien artean handiena nor ote zen eztabaidatu zuten (Mk 9:33, 34). Jesus hil aurreko azken gauean, Pedrok gizon baten belarria moztu zuen inpultsiboki (Jn 18:10). Eta gau hartan bertan, beldurrak jota, bere lagun Jesus hiru aldiz ukatu zuen (Mk 14:66-72). Ondorioz, Pedrok negarrari eman zion saminki (Mt 26:75).

7. Zer aukera jaso zuen Pedrok Jesus berpiztua izan ondoren?

7 Pedro lur jota zegoen, baina Jesusek ez zuen baztertu. Jesus berpiztua izan ondoren, Pedrok berriro ere berari zion maitasuna erakusteko aukera izan zuen. Jesusek bere arditxoak apalki zaintzera gonbidatu zuen Pedro (Jn 21:15-17). Eta bera Jesusek eskatutakoa betetzeko prest egon zen. Izan ere, Jerusalemen Mendekoste egunean gantzutuak izan ziren lehenengoetakoen artean egon zen Pedro.

8. Zer akats larri egin zuen Pedrok Antiokian?

8 Gantzutua izan ondoren ere, Pedrok bere ahuleziei aurre egiten jarraitu behar izan zuen. K.o. 36. urtean, Jainkoak zirkunzidatuta ez zegoen Kornelio izeneko jentilarengana bidali zuen Pedro. Orduan, Jainkoak espiritu santuz gantzutu zuen Kornelio. Honela, argi geratu zen «Jainkoak ez duela bereizketarik egiten» eta jentilek ere kristau kongregazioaren parte izan ahal zutela (Eg 10:34, 44, 45). Honen ondoren, Pedro aurretik inoiz bururatuko ez zitzaiona egiten hasi zen: jentilekin jatea (Ga 2:12). Baina, juduak ziren kristau batzuen ustez, juduek eta jentilek ezin zuten elkarrekin jan. Behin, horrela pentsatzen zuten batzuk Antiokiara heldu ziren. Ondorioz, Pedrok jentilak ziren kristauekin jateari utzi zion, ziurrenik juduak ziren kristauak mintzeko beldur zelako. Paulo apostoluak Pedrok egindakoa ikusi ondoren, denen aurrean zuzendu zuen (Ga 2:13, 14). Akats hau egin arren, Pedrok ez zuen etsi. Zerk lagundu zion?

ZERK LAGUNDU ZION PEDRORI EZ ETSITZEN?

9. Nola azpimarratzen du Joan 6:68, 69​ko pasarteak Pedroren leialtasuna?

9 Pedro leiala izan zen, eta ez zuen inoiz Jesus jarraitzeari utzi. Behin, Jesusek esandako zerbait bere jarraitzaileek ulertu ez zutenean, Pedrok leiala zela erakutsi zuen (Irakurri Joan 6:68, 69). Jesusek azalpen bat ematera itxaron beharrean, askok bere jarraitzaile izateari utzi zioten. Pedro, aldiz, leiala izan zen, eta honakoa esan zion Jesusi: «Betiko bizia dute zure irakatsiek».

Zergatik animatzen zaitu Jesusek Pedrorengan jarritako konfiantzak? (Ikusi 10. paragrafoa)

10. Nola erakutsi zuen Jesusek Pedrorengan konfiantza zuela? (Ikusi irudia ere)

10 Jesusek ez zuen Pedro baztertu. Lurrean egon zen azken gauean, Jesusek bazekien Pedro eta beste apostoluek bera alde batera utziko zutela. Hala ere, Jesus ziur zegoen Pedro bueltatu eta leial mantenduko zela, eta Pedrori jakinarazi zion (Lk 22:31, 32). Jesusek bazekien «espiritua prest dagoela, baina haragia, aldiz, ahula dela» (Mk 14:38, NWT). Horregatik, Jesusek ez zuen Pedro baztertu, nahiz eta honek bera ukatu. Jesus berpiztua izan ondoren, Pedrori agertu zitzaion, beharbada bakarrik zegoenean (Mk 16:7; Lk 24:34; 1 Ko 15:5). Pedro lur jota zegoela jakinda, zenbat animatuko zuen honek!

11. Nola ziurtatu zion Jesusek Pedrori Jehobak zainduko zuela?

11 Jesusek Jehobak zainduko zuela ziurtatu zion Pedrori. Berpiztu ondoren, Jesusek beste mirari bat egin zuen Pedro eta beste apostoluen aurrean (Jn 21:4-6). Oraingoan ere, arrainak harrapatzen lagundu zien. Mirari honek honakoa ziurtatu zion Pedrori: Jehobak berak zituen behar materialak erraz asetu ahal zituela. Honek, agian, Jesusen hitz batzuk gogorarazi zizkion Pedrori: Jainkoaren Erreinuari lehentasuna ematen dietenei Jehobak behar dutena emango diela (Mt 6:33). Horrekin bat eginez, Pedrok predikazioari eman zion lehentasuna, eta ez arrantza negozioari. K.o. 33. urteko Mendekoste egunean, ausardiaz predikatu zuen eta, ondorioz, milaka pertsonek berri onak onartu zituzten (Eg 2:14, 37-41). Beranduago, samariar eta jentilei Jesu Kristori buruz ikasten eta honen jarraitzaileak izaten lagundu zien. Honela, mota guztietako pertsonak erakarriak izan ziren kongregaziora (Eg 8:14-17; 10:44-48). Dudarik gabe, Jehobak modu paregabean erabili zuen Pedro.

ZER IKASTEN DUGU?

12. Nola lagundu ahal digu Pedroren ereduak aspaldiko ahulezia batekin borrokan ari bagara?

12 Jehobak ez etsitzen lagunduko digu. Aurrera jarraitzea zaila izan daiteke, bereziki, ahulezia berdinarekin aspalditik borrokan ari bagara. Batzuetan, Pedroren egoerarekin konparatuz, geure ahuleziei aurre egitea zailagoa dela pentsatu dezakegu. Baina, Jehobak amore ez emateko indarrak eman ahal dizkigu (Sal 94:17-19). Ikus dezagun egia ikasi aurretik hainbat urtetan bizimodu homosexuala izan zuen anaia baten adibidea. Bere bizimodua zeharo aldatu zuen, Bibliako arauekin bat eginez. Hala ere, noizbehinka, desio txarren aurka borrokatu behar izaten zuen. Zerk lagundu zion ez etsitzen? Berak dio: «Jehobak indartzen nau». Honakoa ere dio: «Jehobaren espirituari esker, […] egiaren bidetik jarraitzea posible dela ikasi dut. […] Jehobak bera zerbitzatzen utzi dit eta, ahuleziak izan arren, sendotzen jarraitzen nau».

Horst Henschel anaia 1950​eko urtarrilaren 1​ean hasi zen denbora osoko zerbitzuan eta bere bizitza Jehoba zerbitzatzeko erabili zuen. Damutu zela uste al duzu? (Ikusi 13 eta 15 paragrafoak) d

13.Eginak 4:13, 29, 31 bertseten arabera, nola imitatu dezakegu Pedroren eredua? (Ikusi irudia ere)

13 Gizakien beldur zenez, Pedrok akats larri batzuk egin zituen. Baina, otoitzean indarra eskatuz, Pedrok ausardiaz jokatu ahal izan zuen (Irakurri Eginak 4:13, 29, 31). Guk ere gure beldurrak gainditu ditzakegu. Ikus dezagun Alemania nazian bizi izan zen Horst izeneko anaia gazte bati gertatu zitzaiona. Behin baino gehiagotan, eskolako presioaren aurrean etsi eta «Heil Hitler!» esan zuen. Baina, bere gurasoek errieta egin ordez, berarekin batera Jehobari otoitz egin zioten, Horst gaztetxoarentzat ausardia eskatuz. Bere gurasoen laguntzari eta Jehobarengan zuen konfiantzari esker, Horstek tinko eusteko indarra lortu zuen denborarekin. Berak beranduago esan zuen: «Jehobak ez ninduen inoiz utzi». c

14. Nola lagundu ahal diete adindun maitekorrek desanimatuta sentitzen direnei?

14 Jehobak eta Jesusek ez gaituzte alde batera utziko. Jesu Kristo ukatu ondoren, Pedrok erabaki garrantzitsu bat hartu behar izan zuen: «Amore eman ala Jesusen jarraitzaile izaten jarraituko zuen?». Jesusek Jehobari laguntza erregutu zion Pedroren fedeak iraun zezan. Jesusek Pedrori otoitz hau aipatzeaz gain, berarengan konfiantza erakutsiz, anai-arrebak sendotzeko gai izango zela esan zion (Lk 22:31, 32). Zer-nolako lasaitasuna emango zion Pedrori hitz hauetan pentsatzeak! Gure kasuan ere, erabaki inportante bat hartu behar dugunean, Jehobak bere artzain maitekorrak erabili ditzake. Beraiei esker, guk leial mantentzeko behar dugun konfiantza izan dezakegu (Ef 4:8, 11). Denbora luzez adindun bezala zerbitzatu duen Paul izeneko anaia bat kontsolamendu hori ematen saiatzen da. Amore emateko zorian daudenei, Jehobak egiara lehen aldiz erakarri zituen moduan hausnartzera animatzen ditu. Gero, ondorengoa ziurtatzen die: Jehobak, bere maitasun leialagatik, ez dituela inoiz alde batera utziko. Berak dio: «Desanimatutako anai-arreba asko ez etsitzen ikusi ditut Jehobaren laguntzarekin».

15. Nola erakusten dute Pedro eta Horst anaiaren ereduek Mateo 6:33​ko hitzak egia direla?

15 Jehobak Pedroren eta beste apostoluen behar materialak asetu zituen. Era berean, gure behar materialak ere asetuko ditu gure bizitzan predikazioari lehentasuna ematen badiogu (Mt 6:33). Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, lehen aipatutako Horst anaiak aitzindaritza hastea pentsatu zuen. Baina, oso pobrea zen eta ez zuen uste denbora osoko zerbitzuan egonda bere beharrak asetzeko gai izango zenik. Zer egingo ote zuen? Jehoba probapean jartzea erabaki zuen, eskualde arduradunaren bisita osoan zehar predikatuz. Astearen amaieran, zur eta lur geratu zen eskualde arduradunak gutun-azal anonimo bat eman zionean. Gutun-azalean, aitzindari bezala hainbat hilabetez zerbitzatzeko nahiko diru zegoen. Horstek opari hau Jehobak bere beharrak asetuko zituela erakusten zuen froga bat bezala ikusi zuen. Hortik aurrera, bere bizitza osoan zehar, Erreinuari lehentasuna eman zion (Ml 3:10).

16. Nola laguntzen digu Pedrori eta berak idatzitakoari buruz gehiago ikasteak?

16 Artikulu honetako aipu nagusian aipatzen den bezala, Pedrok Jesusi berarengandik aldentzeko eskatu zion behin. Baina, Jesusek ez zuen hori egin. Zein pozik sentituko zen Pedro! Jesusek Pedro trebatzen jarraitu zuen apostolu leiala eta kristauontzat eredu bikaina izatera iristeko. Eta gauza baliotsu asko ikasi ditzakegu Pedrok jasotako trebakuntzatik. Irakaspen horietako batzuk lehen mendeko kongregazioetara bidalitako gutunetan aipatu zituen Pedrok. Hurrengo artikuluan, irakaspen hauetako batzuk ikusiko ditugu eta hauek praktikan nola jarri ditzakegun aztertuko dugu.

sn 43. KANTA Erne, sendo eta indartsu

a Jehobaren zerbitzari askok ahulezien aurka borrokatu behar dugu. Artikulu honetan, honako ideia lasaigarria aztertuko da: ahuleziak gainditu ditzakegula eta leial izaten jarraitu dezakegula.

b Artikulu honetan aipatzen diren aipu asko Markosen ebanjeliotik hartu dira. Dirudienez, Markosek Pedrorengandik zuzenean entzundakoa idatzi zuen, gertaera horien lekuko izan baitzen.

c Horst Henschel-en biografia ezagutzeko, ikusi «Motivado por la lealtad de mi familia a Dios» («Affermi par la fidélité de ma famille») artikulua, ¡Despertad! (Réveillez-vous !) aldizkariaren 1998​ko otsailaren 22​ko alean.

d IRUDIAREN AZALPENA: Antzezpen honetan ikusten den moduan, Horst Henschelek tinko eusteko zuen determinazioa sendotzeko, bere gurasoek berarekin batera egin zuten otoitz.