41. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Zer ikasi dezakegu Pedroren bi gutunetatik?
«Ez naiz aspertuko zuei gauza hauek gogorarazten» (2 P 1:12).
sjj 127. KANTA Zer-nolakoa izan behar dut?
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Pedro hiltzeko gutxi falta zenean, zer eginkizun berri eman zion Jehobak?
URTE askotan zehar, Pedro apostoluak leialki zerbitzatu zuen Jehoba. Jesusekin batera predikatu zuen, bera izan zen judutarrak ez zirenei predikatu zien lehenengoa eta zuzendari batzordearen kide izatera iritsi zen. Hau gutxi balitz, laster hilko zela jakin zuenean, Jehobak eginkizun berri bat eman zion. K.o. 62-64 urteen inguruan, inspirazioz bi gutun idatzi zituen: Pedroren lehena eta bigarrena Bibliako liburuak. Pedrok liburu hauek kristauentzat lagungarriak izatea espero zuen bera hil ondoren (2 P 1:12-15).
2. Zergatik izan ziren hain lagungarriak Pedrok idatzitako gutunak?
2 Pedrok bere gutunak idatzi zituen garaian, anai-arrebak «zenbait probaldi» sufritzen ari ziren (1 P 1:6). Gizon maltzur batzuk kongregazioan irakaspen faltsuak eta jokabide zikinak sartzen saiatu ziren (2 P 2:1, 2, 14). Bestalde, Jerusalemen bizi ziren kristauek laster «gauza guztien azkena» sufrituko zuten: hiriaren eta tenpluaren suntsipena erromatarren eskuetan (1 P 4:7). Dudarik gabe, Pedroren gutunak oso lagungarriak izan ziren kristauentzat. Momentu hartan zituzten zailtasunen aurrean irauten eta etorkizunean izango zituzten zailtasunetarako prest egoten lagundu zien. b
3. Zergatik aztertu beharko genituzke Pedroren gutunak?
3 Nahiz eta Pedrok bere gutunak lehen mendeko kristauei zuzendu, Jehoba gutun hauek Biblian egoteaz ziurtatu zen. Horrela, guk gaur egun ere probetxu handia atera dezakegu gutun hauetatik (Erm 15:4). Bizi garen munduak jokabide zikinak bultzatzen dituenez, guk ere Jehoba zerbitzatzea zailtzen duten erronkei aurre egin behar diegu. Are gehiago, larrialdi bat bizituko dugu laster, eta Jerusalem hiria eta bertako tenplua suntsitu zituena baino handiagoa izango da. Gauza hauek kontuan izanik, gogoratu behar ditugun ideia garrantzitsu batzuk topatuko ditugu Pedroren bi gutunetan. Hauek Jehobaren eguna gogotsu itxaroten, gizakiaren beldur ez izaten eta elkarren artean maitasun bizia garatzen lagunduko digute. Gainera, Pedroren hitzak oso lagungarriak izan daitezke adindunentzat, kongregazioko anai-arrebei sendo irauten laguntzeko.
GOGOTSU ITXARON
4. 2 Pedroren 3:3, 4 bertseten arabera, zerk jarri dezake kolokan gure fedea?
4 Gure inguruan bizi diren pertsona askok ez dute federik Bibliako profezietan. Urte askoz amaiera datorrela esaten ibili garenez, gure aurkariek iseka egin ahal digute. Batzuek amaiera inoiz helduko ez dela ere esaten dute (Irakurri 2 Pedro 3:3, 4). Predikazioan aurkitzen dugun norbaitek, lankide batek edo senide batek honelako zerbait esaten badigu, gure fedea kolokan jarri daiteke. Horrelako zerbait gertatzen bazaigu, Pedrok esandakoak lagunduko digu.
5. Zerk lagunduko digu sistema honen amaierari buruz ikuspuntu egokia izaten? (2 Pedro 3:8, 9)
5 Batzuen ustez, Jehoba mundu gaizto hau suntsitzeko eguna atzeratzen ari da. Baina Pedroren hitzek ikuspuntu egokia mantentzen laguntzen digute. Izan ere, Jehobak denbora ikusteko duen modua eta gizakiok duguna zeharo desberdina dela gogoratzen digute (Irakurri 2 Pedro 3:8, 9). Jehobarentzat mila urte egun bat bezalakoak dira. Jehobak pazientzia du eta ez du inor suntsitua izaterik nahi. Hala ere, bere eguna iristen denean sistema hau amaitu egingo da. Bitartean, geratzen den denbora mundu osoko pertsonei predikatzeko erabili dezakegu. Hau bai ohorea!
6. Nola izan dezakegu «kontu-kontuan» Jehobaren eguna? (2 Pedro 3:11, 12)
6 Pedrok Jehobaren eguna «kontu-kontuan» izatearen garrantziaz ohartarazten gaitu (Irakurri 2 Pedro 3:11, 12). Nola? Mundu berrian jasoko ditugun bedeinkapenetan hausnartuz, ahal bada egunero-egunero. Honakoa egiten irudikatu dezakezu zeure burua: aire garbia arnasten, janari osasuntsua jaten, maite dituzun berpiztuei ongietorria ematen eta aspaldi-aspaldi bizi izan zirenei Bibliako profezien betekuntzei buruz irakasten. Honetan hausnartzeak gogotsu itxaroten lagunduko dizu. Gainera, sistema honen amaiera laster datorren ziurtasuna izango duzu. Badakigu zer gertatuko den etorkizunean; «aldez aurretik jakinaren gainean» gaude. Beraz, irakaspen faltsuek ez gaituzte «liluraturik» utziko, hau da, ez gaituzte desbideratuko (2 P 3:17).
GIZAKIARI BELDURRA GAINDITU
7. Nola eragin dezake gugan gizakiaren beldur izateak?
7 Jehobaren eguna laster datorrela dakigunez, ahal dugun guztia egin nahi dugu berri onak zabaltzeko. Baina, batzuetan, hitz egiteko ausardia falta zaigula sentitu dezakegu. Zergatik? Agian, gizakiaren beldur izan gaitezkeelako. Horixe da Pedrori gertatu zitzaiona. Jesus epaitu zuten gauean, Pedrok, beldurrak jota, bere jarraitzailea zela ukatu zuen. Ez hori bakarrik, Jesus ez zuela ezagutzen esan zuen hiru aldiz (Mt 26:69-75). Baina Pedrok bere beldurra gainditu zuenez, beranduago honakoa esan ahal izan zuen: «Ez izan inoren beldur, ez ikaratu» (1 P 3:14). Pedroren hitzek honakoa ziurtatzen digute: gizakiari beldurra gainditu dezakegula.
8. Gizakiari beldurra badiogu, zerk lagundu gaitzake hau gainditzen? (1 Pedro 3:15)
8 Zer egin dezakegu gizakiari beldurra badiogu? Pedrok honakoa dio: «Aitortu zeuen bihotzetan Kristo Jauna dela» (Irakurri 1 Pedro 3:15). Jesu Kristo gure Errege eta Jaun dela, eta botere handia duela gogoratu behar dugu. Beraz, besteekin berri onak partekatzeko aukera duzunean beldurra eta urduritasuna sentitzen baduzu, saiatu honakoa irudikatzen: gure Erregea Jesus zeruan agintzen, milioika eta milioika aingeruz inguratuta. Gogoratu berak duela «ahalmen osoa […] zeru-lurretan». Gainera, honakoa promestu digu: «Zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte» (Mt 28:18-20). Pedrok gure fedea defendatzeko «beti prest» egon behar dugula esan zuen. Gustatuko al litzaizuke lanean, eskolan edo beste egoera informal batean predikatzea? Aldez aurretik pentsatu noiz izango zenuke hitz egiteko aukera eta, ondoren, zer esango duzun prestatu. Otoitzean ausardia eskatu eta ziur egon Jehobak gizakiari beldurra gainditzen lagunduko dizula (Eg 4:29).
«BIZI-BIZI» MAITATU
9. Zein egoeratan ez zuen maitasunik erakutsi Pedrok? (Ikusi irudia ere)
9 Pedrok maitasuna nola erakutsi ikasi zuen. Berak Jesusen hurrengo hitzak entzun zituen: «Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar» (Jn 13:34). Hala ere, beranduago, presioak bultzatuta, Pedrok jentilak ziren anai-arrebekin jateari utzi zion. Paulo apostoluak Pedrok egindakoari «itxurakeria» deitu zion (Ga 2:11-14). Pedrok Pauloren zuzenketa onartu eta lezioa ikasi zuen. Izan ere, bere bi gutunetan honakoa azpimarratu zuen: Ez da nahikoa maitasuna sentitzea, anai-arrebei maitasuna erakutsi ere egin behar diegu.
10. Zerk lagunduko digu «elkar benetan maita[tzen]»? Azaldu. (1 Pedro 1:22)
10 Pedrok kongregazioko anai-arrebok «elkar benetan maita[tu]» beharko genukeela esan zuen (Irakurri 1 Pedro 1:22). Sentimendu mota hau «egiaren mezuari obedi[tzearen]» ondorioa da. Egia honen barne «Jainkoak ez duela bereizketarik egiten» dago (Eg 10:34, 35). Kongregazioko anai-arreba guztiak maitatu beharrean, batzuk bakarrik maite baditugu, ez gara Jesusek maitasunari buruz emandako araua obeditzen ari. Noski, Jesusek bezala, guk ere anai-arreba batzuekin besteekin baino harreman estuagoa izan dezakegu (Jn 13:23; 20:2). Baina, Pedrok gure «anaiarte osoa» maitatzen saiatu behar garela gogorarazi zigun, gure familiaren parte baitira (1 P 2:17, NWT).
11. Zer esan nahi du besteak «bihotzez eta sutsu» maitatzeak?
11 Pedrok honakoa egiteko esan zigun: «Maita ezazue, bada, batak bestea bihotzez eta sutsu». Testuinguru honetan, «sutsu» maitatzeak hau esan nahi du: gutako bakoitzak maitatzeko dugun joera naturala baino haratago joatea. Adibidez, nola erreakzionatzen dugu anaia edo arreba batek ofenditu edo mintzen bagaitu? Maitasuna erakutsi beharrean, agian, hasiera batean gurekin jokatu duen modu berean jokatzeko erreakzioa izan dezakegu. Baina Jainkoari ez zaio atsegin guk mendeku hartzerik. Hau da Pedrok Jesusengandik ikasi zuena (Jn 18:10, 11). Pedrok idatzi zuen: «Ez erantzun gaiztakeriari gaiztakeriaz, ezta irainari irainaz ere, bedeinkazioz baizik» (1 P 3:9). Sutsu maitatzen dugunean, min egiten digutenekin ere atseginak izango gara.
12. a) Zer gehiago egiten lagunduko digu bizi-bizi maitatzeak? b) Cuidemos nuestra valiosa unidad bideoan azaltzen den bezala, zer egiteko determinazioa duzu?
12 Bere lehen gutunean, Pedrok antzeko esamolde bat erabili zuen: maitasun «bizi-bizi[a]». Maitasun mota honek «bekatu asko» barkatzen ditu, ez gutxi batzuk bakarrik (1 P 4:8). Jesusek urte batzuk lehenago barkamenari buruz irakatsi ziona gogoratu zuen ziurrenik. Momentu hartan, Pedrok eskuzabala zela pentsatzen zuen bere anai-arrebak «zazpi aldiraino» barkatzeko prest egongo zela esan zuelako. Baina Jesusek, bai berari baita gu guztioi ere, honakoa irakatsi zigun: «hirurogeita hamazazpi» aldiz barkatu beharko genukeela, hau da, mugarik gabe (Mt 18:21, 22, Ur). Aholku hau praktikan jartzea zaila egiten bazaizu, ez desanimatu! Jehobaren zerbitzari guztiontzat izan da zaila barkatzea noizbait. Garrantzitsuena, anai-arrebak barkatzeko eta beraiekin bakean egoteko ahal duzun guztia egitea da. c
ADINDUNOK, JEHOBAREN ARDITXOAK GOXO ZAINDU
13. Zergatik izan daiteke zaila adindunentzat anai-arrebak zaintzea?
13 Ziurrenik, Pedrok ez zituen sekula ahaztuko Jesusek berpiztu ondoren esandako hitz hauek: «Zaindu nire ardiak» (Jn 21:16). Adinduna bazara, gogoan izan Jesusen hitz hauek zuk ere bete behar dituzula. Hala ere, adindun batentzat zaila izan daiteke eginkizun garrantzitsu hau betetzeko denbora ateratzea. Adindunek, lehenik, euren familia fisikoki, emozionalki eta espiritualki zaindu behar dute. Gainera, predikazioan aurrea hartzen dute, eta bilera eta biltzarretan dituzten parte hartzeak prestatu eta aurkezten dituzte. Adindun batzuek Ospitale-harremanetarako Batzorde eta Bertako Diseinu eta Eraikuntza Departamentuan ere laguntzen dute. Dudarik gabe, adindunek galtzak bete lan dute!
14. Zerk motibatu ditzake adindunak artaldea zaintzera? (1 Pedro 5:1-4)
14 Pedrok honakoa betetzeko esan zien adindunei: «Larra [edo zaindu] ezazue Jainkoak zuen esku jarri duen artaldea» (Irakurri 1 Pedro 5:1-4). Adinduna bazara, badakigu anai-arrebak maite eta zaindu nahi dituzula. Hala ere, batzuetan, hain lanpetuta edo nekatuta sentitzeagatik eginkizun hau ezin duzula guztiz bete sentitu dezakezu. Orduan, zer egin dezakezu? Zure kezkak eta nola sentitzen zaren Jehobari kontatu. Pedrok honakoa idatzi zuen: «Zerbitzuren bat duenak bete dezala Jainkoak ematen dien indarraz» (1 P 4:11). Anai-arreben zailtasun batzuk ezingo dira sistema honetan guztiz konpondu. Baina, gogoratu «artzain nagusi[a]» den Jesu Kristok inork baino hobeto lagundu ahal diela, bai orain, baita mundu berrian ere. Jainkoak adindunei eskatzen diena anai-arrebak maitatzea, zaintzea eta «artaldearentzat eredu» izatea besterik ez da.
15. Nola zaintzen du artaldea adindun batek? (Ikusi irudia ere)
15 William denbora luzez izan da adinduna, eta badaki zein garrantzitsua den anai-arrebak zaintzea. COVID-19 pandemia hasi zenean, berak eta kongregazioko beste adindunek astero taldeetako anai-arrebekin kontaktuan jartzeari lehentasuna eman zioten. Zergatik? Honakoa dio berak: «Anai-arreba batzuk bakar-bakarrik zeuden etxean, eta erraza zen momentu haietan pentsamendu negatiboak agertzea». Anaia edo arreba batek zailtasunak dituenean, Williamek arretaz entzuten dio, bere kezkak eta beharrak zeintzuk diren jakiteko. Ondoren anaia edo arreba animatu dezakeen argitalpen edo bideoren bat bilatzen saiatzen da gure webgunean. Berak dio: «Anai-arrebak zaintzea ez da inoiz orain bezain garrantzitsua izan. Jendeak Jehoba ezagutu dezan esfortzu handiak egiten ditugu. Beraz, gure anai-arrebak zaintzen gogor saiatu behar gara, Jehobaren ardiak egian mantentzen lagunduz».
UTZI JEHOBAK ZURE TREBAKUNTZA AMAITZEN
16. Nola jarri dezakegu praktikan Pedroren bi gutunetatik ikasitakoa?
16 Pedroren bi gutunetatik irakaspen gutxi batzuk baino ez ditugu aztertu. Agian aztertutako arloren batean hobetu nahi duzula ikusi duzu. Adibidez, gustatuko al litzaizuke mundu berriko bedeinkapenetan gehiagotan hausnartzea? Lanean, eskolan edo beste egoera informal batean predikatzeko helburua al duzu? Anai-arrebei benetako maitasuna are gehiago erakusteko moduak ikusten al dituzu? Adindunok, Jehobaren ardiak gogotsu zaintzeko determinazioa al duzue? Geure burua aztertzean, hobetu ditzakegun hainbat gauza ditugula ikusi dezakegu, baina ez desanimatu! «Jauna [Jesus] […] ona» da, eta hobetzen lagunduko digu (1 P 2:3). Pedrok honakoa ere ziurtatzen digu: «Jainkoak, […] berak amaituko du zuen trebakuntza. Tinko egingo zaituzte, sendo egingo zaituzte, oinarri sendo batean finkatuko zaituzte» (1 P 5:10, NWT).
17. Etsitzen ez badugu eta Jehobaren trebakuntza onartzen badugu, zer lortuko dugu?
17 Behin, Pedrok ez zuela Jainkoaren Semearekin egotea merezi sentitu zuen (Lk 5:8). Baina, Jehoba eta Jesusen laguntza maitekorrari esker, Jesusen jarraitzaile leiala izan zen Pedro. Ondorioz, «Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailearen betiko erreinuko ateak» ireki zitzaizkion (2 P 1:11). Zer-nolako oparia! Pedrok bezala, guk ere etsitzen ez badugu eta Jehobaren trebakuntza onartzen badugu, betirako bizitzeko oparia jasoko dugu. Gure «fedearen helburua» lortuko dugu: salbamena (1 P 1:9).
sjj 109. KANTA Bihotz-bihotzez maitatu
a Artikulu honetan, hainbat irakaspen aterako ditugu Pedroren gutunetatik. Hauek zailtasunen aurrean irauten lagunduko digute. Bestalde, adindunei beraien artzain lana betetzen zerk lagunduko dien ikusiko dugu.
b Erromatarrek K.o. 66. urtean Jerusalem lehen aldiz erasotu aurretik, Palestinan bizi ziren kristauek Pedroren bi gutunak jaso zituzten seguruenik.
c Ikusi Cuidemos nuestra valiosa unidad (Préservons l’unité, un cadeau précieux) bideoa, jw.org webgunean.