Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

10. IKASKETARAKO ARTIKULUA

«Izaera zaharra» erantzi dezakezu!

«Izaera zaharra» erantzi dezakezu!

«Izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi» (KOL 3:9).

sn 34. KANTA Gure izenarekin bat bizi

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Nolakoa zen zure bizitza Biblia aztertzen hasi baino lehen?

 NOLAKOA zen zure bizitza Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi baino lehen? Gutako askorentzat bizimodu hori gogoratzea ez da oso atsegina. Gure itxura eta izaera mundu honen araberakoa zen. Sistema gaizto honek esaten zigun zer zegoen ondo eta zer gaizki. Garai hartan «itxaropenik gabe eta Jainkoa gabe bizi» ginen munduan (Ef 2:12). Biblia ikasteak hori goitik behera aldatu zuen!

2. Zertaz konturatu zinen Biblia aztertzen hasi zinenean?

2 Biblia aztertzen hasi zinenean zeruan asko maite zaituen Aita bat duzula konturatu zinen. Bera poztu eta bere familiaren parte izateko, zure bizimodu, itxura eta pentsaeran aldaketak egitea beharrezkoa zela ikusi zenuen. Beraz, Jehobaren arauekin bat bizi behar zenuela ulertu zenuen (Ef 5:3-5).

3. ⁠Kolosarrei 3:9, 10⁠aren arabera, zer egiteko eskatzen digu Jehobak eta zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Gure Aita eta Sortzaileak, Jehobak, gure portaera nolakoa izan behar den erabakitzeko eskubidea du. Bataiatu aurretik esfortzu bat egiteko eskatzen digu: «Izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi» * (Irakurri Kolosarrei 3:9, 10). Artikulu honek bataiatu nahi dutenei hiru galdera erantzuten lagunduko die: 1) Zer da «izaera zaharra»? 2) Zergatik eskatzen digu Jehobak eranzteko? 3) Nola egin dezakegu? Gainera, dagoeneko bataiatuta daudenei izaera zaharra berriro ez janzteko zer egin behar duten ikusten lagunduko die.

ZER DA «IZAERA ZAHARRA»?

4. Nolakoa da izaera zaharraren menpe bizi den pertsona?

4 Izaera zaharraren menpe bizi den pertsonak, orokorrean, desira txarren arabera pentsatu eta jokatzen du. Horrelako pertsona agian berekoia, esker txarrekoa, harroputza eta erraz haserretzen den horietakoa da. Baliteke pornografia eta pelikula moralgabe eta biolentoak ikusteko ohitura izatea. Beharbada, pertsona bezala ezaugarri onak ditu eta, neurri batean, egiten dituen gauzengatik errudun sentitzen da. Baina ez du aldaketak egiteko motibaziorik (Ga 5:19-21; 2 Tm 3:2-5).

«Izaera zaharra» eranztean ez gaude jadanik jarrera eta jokaera txarren menpe (Ikusi 5. paragrafoa) *

5. Guztiz erantzi al dezakegu izaera zaharra? Azaldu (Eg 3:19).

5 Inperfektuak garenez, ezin ditugu gure pentsamendu eta desira txar guztiak gure barnetik guztiz ezabatu. Batzuetan, normala da esan eta egindakoaz damutzea (Jr 17:9; St 3:2). Izaera zaharra eranzten dugunean, honen menpe egoteari uzten diogu. Jarrera eta jokaera horiek jadanik ez dute definitzen zer-nolako pertsonak garen (Is 55:7; Irakurri Eginak 3:19).

6. Zergatik eskatzen digu Jehobak pentsamendu okerrak eta ohitura txarrak baztertzeko?

6 Jehobak pentsamendu okerrak eta ohitura txarrak baztertzeko eskatzen digu. Zergatik? Asko maite gaituelako eta guk bizitzaz gozatzea nahi duelako (Is 48:17, 18). Jehobak badaki, izaera zaharraren arabera jokatzeak, guri eta ingurukoei kalte egiten digula. Hori ikusteak Jehoba asko mintzen du.

7. ⁠Erromatarrei 12:1, 2⁠aren arabera, zer aukera dugu?

7 Izaera zaharra eranzten goazen heinean, gure lagun eta familiakide batzuek agian barre ere egingo digute (1 P 4:3, 4). Gure kabuz pentsatzeko eta guk nahi duguna egiteko eskubidea dugula esango digute. Baina hori pentsatzen dutenak, ez dira beraiek uste bezain independenteak, Satanasen munduak beraien pentsaeran eragina baitu (Irakurri Erromatarrei 12:1, 2). Bi aukera ditugu: Bekatuak eta Satanasen munduak moldatu duen izaera zaharra mantentzea, edo Jehobari gu transformatzen uztea. Jaungoikoaren eskuetan jartzen bagara, oraintxe bertan izan gaitezkeen pertsona onenak izaten lagunduko digu (Is 64:7 [64:8, NWT]).

NOLA «ERANTZI» DEZAKEZU IZAERA ZAHARRA?

8. Zer laguntzarekin kontatu dezakegu aldaketak egiteko?

8 Jehobak badaki aldaketak egiteko denbora beharko duzula eta ahalegin handiak egin beharko dituzula (Sal 103:13, 14). Baina dagoeneko lagundu dizu. Nola? Bere Hitza, espiritua eta erakundearen bidez jakinduria, indarra eta zure barruan aldaketak egiteko laguntza emanez. Aztertu dezagun orain zer gehiago egin dezakezun izaera zaharra eranzteko eta bataiorako baldintzak betetzeko.

9. Zer egin dezake Bibliak zure alde?

9 Erabili Biblia zeure burua aztertzeko. Jainkoaren Hitza ispilu bat bezalakoa da. Zure izaera, pentsamendu eta ekintzak nolakoak diren ikusten laguntzen dizu (St 1:22-25). Gainera, zure biblia-irakasleak eta beste kristau helduek gida eman dezakete. Adibidez, Biblia erabiliz, zure gaitasunak eta ahuleziak zeintzuk diren antzematen lagunduko dizute. Ohitura txarrak gainditzeko Jainkoaren Hitzean oinarritutako informazioa nola bilatu dezakezun ere esango dizute. Honetaz gain, kontuan izan Jehoba beti dagoela zu laguntzeko prest. Berak badaki zuri laguntzeko modurik hoberena zein den. Barru-barruan zarena ikusteko gai da (Es 14:10; 15:11). Beraz, berari otoitz egiteko ohitura izan eta egunero-egunero Biblia aztertu.

10. Zer ikasi duzu Elieren bizipenetik?

10 Ziur egon Jehobaren arauak hoberenak direla. Jehobak irakasten diguna beti gure onerako da. Geure burua estimatzen, bizitzan helburu bat izaten eta benetako poza lortzen laguntzen digu (Sal 19:8-12 [19:7-11, NWT]). Giza grinen arabera jokatzeak aldiz, sufrimendua besterik ez du ekartzen. Jainkoaren arauak baztertzeagatik begira zer gertatu zitzaion Elie izeneko gizon bati. Bere gurasoak Jehobaren lekukoak ziren baina, bere gaztaroan, komeni ez zitzaizkion lagunekin ibiltzen hasi zen. Droga, moralgabekeria eta lapurreta munduan sartu zen. Horren ondorioz, gero eta biolentoagoa zela nabaritu zuen. «Irakatsi zidatenaren guztiz kontrakoa egitera iritsi nintzen», aitortzen du. Baina txikitan ikasitakoa ez zuen inoiz ahaztu. Denborarekin berriro Biblia ikasten hasi zen, bizimodua aldatzeko gogor lan egin eta 2000. urtean bataiatu zen. Nola lagundu dio Jehobaren arauak betetzeak? Berak dio: «Gaur egun kontzientzia garbia dut eta barneko bakea sentitzen dut». * Bizipen honek erakusten duen bezala, Jehobaren arauak baztertzen dituztenek euren buruari kalte egiten diote. Momentu horietan ere, Jehoba irrikan dago aldaketak egiten laguntzeko.

11. Zer gorroto du Jehobak?

11 Ikasi Jehobak gorrotatzen duena gorrotatzen (Sal 97:10). Bibliak dio Jehobak jarrera eta jokaera zehatz batzuk gorrotatzen dituela. Adibidez, «begi harroak, mihi gezurtia, errugabearen odola isurtzen duten eskuak» (Es 6:16, 17). «Odolzale eta ustelak» ere ez zaizkio batere gustatzen (Sal 5: 7, Ol [5:6NWT]). Noeren garaian ere, lurra indarkeriaz bete zenean, gaizto guztiak suntsitzea erabaki zuen (Has 6:13). Malakias profetaren bidez, dibortzioa gorroto duela esan zuen. Garai hartan, ezkontide errugabea traizionatzeko azpijokoan ibiltzen zirenak salatu zituen. Jainkoak ez du horrela jokatzen dutenen adorazioa onartzen eta egin dituzten gauzengatik epaituko ditu (Ml 2:13-16NWT; Heb 13:4).

Jehobak gaizki dagoela esaten duen zerbait egitea, janari ustela jatea bezain nazkagarria izan behar da guretzat (Ikusi 11 eta 12 paragrafoak)

12. Zer esan nahi dute «higuindu gaiztakeria» hitzek?

12 Jehobak honakoa eskatzen digu: «Higuindu gaiztakeria» (Erm 12:9, Ke, ortografia egokituta). «Higuindu» hitzak asko gorrotatzen den zerbaitek sortzen duen sentipen bizia adierazten du. Imajinatu norbaitek janari ustela eskaintzen dizula. Zer erreakzio izango zenuke? Hori jateko ideia hutsak izugarrizko nazka emango lizuke, ezta? Berdin-berdin gertatu behar zaigu Jehobak gaizki dagoela esaten duenarekin. Hori egiteko ideia hutsa berehala baztertu behar genuke.

13. Zergatik kontrolatu behar ditugu gure pentsamenduak?

13 Kontrolatu zer pentsatzen duzun. Gure pentsamenduak eta gure ekintzak ez daude oso urrun. Horregatik, Jesusek bekatu larria egitera eraman gaitzaketen pentsamenduak baztertzeko esan zuen (Mt 5:21, 22, 28, 29). Gure helburua Jehoba poztea da, ezta? Horregatik, zein inportantea den burura etortzen zaizkigun pentsamendu txarrak berehala baztertzea!

14. Zer erakusten du gure hizkerak eta zer galdera egin beharko genituzke?

14 Kontrolatu zure hizkera. Jesusek esan zuen: «Ahotik ateratzen dena […] bihotz barrutik dator» (Mt 15:18). Gure hizkerak barruan duguna erakusten du. Horregatik, geure buruari galdera hauek egin behar dizkiogu: «Gezurrik ez esaten saiatzen al naiz, nahiz eta batzuetan nire kalterako izan? Ezkonduta banago, kontuz ibiltzen al naiz beste norbaitekin ez flirteatzeko? Ateratzen al da hizkera lizuna nire ahotik? Norbaitek haserrarazten banau, lasai erantzuten al diot?». Ondo etorriko zaigu galdera hauetan pentsatzea. Gure hizkera alkandora bateko botoiekin konparatu dezakegu. Botoiak askatzen baditugu, alkandora eranztea errazagoa izango da. Era berean, hizkera moralgabea, gezurrak eta irainak baztertzen baditugu, errazagoa izango da izaera zaharra eranztea.

15. Zer esan nahi du gure izaera zaharra habean iltzatzeak?

15 Aldaketak egiteko beharrezkoa den guztia egin. Paulo apostoluak oso irudi boteretsua erabili zuen aldaketak egitea behar-beharrezkoa dela adierazteko. Izaera zaharra habean iltzatu behar dugula esan zuen (Erm 6:6NWT). Guk Jesu Kristoren eredua imitatu nahi dugu. Horregatik, gure izaera zaharraren aztarnak erabat deuseztatu behar ditugu. Orduan bakarrik lortuko dugu kontzientzia garbia eta betiko bizitzeko esperantza izatea (Jn 17:3; 1 P 3:21). Azken finean, Jehobak ez ditu bere arauak gure pentsaerara moldatu behar. Gu gara aldaketak egin eta bere arauetara moldatu behar dugunak (Is 1:16-18; 55:9).

16. Zergatik nahi duzu borrokan jarraitu desira txarren aurka?

16 Jarraitu desira txarren aurka borrokatzen. Bataiatu ondoren ere, joera txarren aurka borrokatzen jarraitu beharko duzu. Hori da Mauricio izeneko gizon bati gertatu zitzaiona. Gaztea zenean bizimodu homosexuala izaten hasi zen. Urte batzuk beranduago, Jehobaren herria ezagutu, Biblia ikasten hasi eta beharrezko aldaketak egin ondoren, 2002⁠an bataiatu zen. Jehoba zerbitzatzen urte asko daramatzan arren, honakoa esaten du: «Aitortu beharra dut batzuetan egokiak ez diren pentsamenduen aurka borroka egin behar dudala». Baina horrek ez du desanimatzen. Horren ordez, berak dio: «Asko lasaitzen nau grina txarrei eustean Jehoba pozten ari naizela jakiteak». *

17. Nola animatzen zaitu Nabiharen bizipenak?

17 Eskatu laguntza Jehobari otoitzean, eta izan konfiantza bere espirituan, ez zeure buruan (Ga 5:22; Flp 4:6). Determinazio handia izan behar dugu izaera zaharra erantzi eta berriro ez janzteko. Aztertu dezagun Nabiha izeneko emakume bati gertatutakoa. Sei urte besterik ez zituenean, bere aitak abandonatu egin zuen. «Emozionalki lur jota utzi ninduen» dio berak. Hazten zihoan heinean, gero eta amorru handiagoa zuen eta ondorioz emakume agresiboa bihurtu zen. Droga trafikatzaile izatera iritsi eta urte batzuk pasa zituen kartzelan. Preso zegoela, Jehobaren lekukoen bisita jaso, Biblia aztertu eta aldaketa sakonak egiten hasi zen. «Bizio batzuk uztea ez zen zaila izan, baina erretzeari uztea beste kontu bat izan zen». Urtebete baino gehiagoz borrokatu ondoren, lortu zuen. «Jehobari etengabe otoitz egitea izan zen gakoa». Gaur egun honakoa esaten die besteei: «Jehoba pozteko aldaketak egiteko gai izan banaiz, ziur nago edozeinek egin ditzakeela!». *

BATAIORAKO BALDINTZAK BETE DITZAKEZU!

18. ⁠1 Korintoarrei 6:9-11⁠ko pasartearen arabera, zer egiteko gai izan dira Jainkoaren zerbitzari asko?

18 Lehen mendean Jehobak Jesusekin agintzeko aukeratu zituen kristau batzuek, bizimodu txarra eramaten zuten baiatu aurretik. Horietako batzuk adulteriogileak, homosexualak eta lapurrak ziren. Baina Jainkoaren espiritu santuaren laguntzari esker, aldaketak egitea lortu zuten (Irakurri 1 Korintoarrei 6:9-11). Gaur egun ere, Bibliak milioika pertsonen bizitzak aldatu ditu. * Batzuek izaera hori sakonki errotuta zuten. Zer frogatzen dute anai-arreba hauen ereduek? Zuk ere zure bizimoduan eta izaeran aldaketak egin eta bataiatzeko baldintzak bete ditzakezula.

19. Zer ikusiko dugu hurrengo artikuluan?

19 Izaera zaharra eranzteaz gain, bataiorako baldintzak betetzeko ezinbestekoa da izaera berria janzteko esfortzuak egitea. Hurrengo artikuluan, hori nola egin dezakegun eta besteek nola lagundu gaitzaketen ikusiko dugu.

sjj 41. KANTA Entzun, mesedez, nire otoitza

^ § 5 Bataiatzeko baldintzak betetzeko, gure izaeran aldaketak egiteko prest egon behar dugu. Artikulu honek galdera hauek erantzungo ditu: Zer da izaera zaharra? Zergatik erantzi behar dugu? Nola egin dezakegu? Hurrengoan, bataiatuta gaudenean ere izaera berria janzten jarraitzeko zer egin behar dugun aztertuko dugu.

^ § 3 ZER ESAN NAHI DU? «Izaera zaharra eranztea» Jehobari gustatzen ez zaizkion jokabide eta joerak baztertzea da. Hori bataiatu baino lehen hasi behar da egiten (Ef 4:22).

^ § 16 Gehiago jakiteko ikusi «La Biblia les cambió la vida: “Mi vida parecía ideal”» edo «La Bible transforme des vies: “ Tout semblait me réussir “» artikulua aldizkari honen 2012⁠ko maiatzaren 1⁠eko alean.

^ § 64 IRUDIAREN AZALPENA: Jarrera eta jokaera txarrak baztertzea jantzi zahar bat eranztea bezalakoa da.