11. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Jarraitu izaera berria janzten bataiatu ondoren ere
«Eta [izaera] berria jantzi» (KOL 3:10).
sn 11. KANTA Poztu Jehobaren bihotza
ZER AZTERTUKO DUGU? *
1. Zerk eragiten du gehien gure izaeran?
AGIAN egun gutxi batzuk daramatzazu bataiatuta, edo beharbada hamarkadak. Hala ere, guztiok jarraitu nahi dugu Jehobak atsegin dituen ezaugarriak garatzen. Hau lortzeko, gure pentsamenduak kontrolatu behar ditugu. Zergatik? Gure izaeran eragin handia dutelako. Adibidez, giza-grinak buruan bueltaka izaten baditugu, gauza txarrak esan eta egiten bukatuko dugu (Ef 4:17-19). Bestalde, onak diren gauzetan pentsatzen badugu, esaten eta egiten dugunarekin Jehoba poztu ahal izango dugu (Ga 5:16).
2. Zer galdera erantzungo ditugu artikulu honetan?
2 Aurreko artikuluan ikusi genuen bezala, noizean behin pentsamendu txarrak izango ditugu. Baina pentsatzen dugun hori ez egitea gure esku dago. Bataiatu aurretik, ezinbestekoa da Jehobak gorroto duena esan eta egiteari uztea. Horixe da izaera zaharra eranzteko modu nagusiena. Baina Jehoba gurekin pozik egoteko, beste zerbait ere egin behar dugu: Izaera berria janztea (Kol 3:10). Zer da izaera berria? Zer egin behar dugu jantzi eta soinean eramaten jarraitzeko? Artikulu honetan galdera hauek erantzungo ditugu.
ZER DA IZAERA BERRIA?
3. Zer da izaera berria eta nola janzten dugu? (Galaziarrei 5:22, 23)
3 Izaera berria janzten duen pertsonak Jehobaren izaera imitatzen du. Horretarako Jainkoaren espiritu santuari bere pentsaera, sentimendu eta ekintzetan eragina izaten uzten dio. Ondorioz, espirituaren fruituaren ezaugarriak adierazten ditu bere bizitzan (Irakurri Galaziarrei 5:22, 23, NWT *). Adibidez, Jehoba eta bere herria maite ditu (Mt 22:36-39). Zailtasunen aurrean ere poza mantentzen du (St 1:2-4). Bakegilea da (Mt 5:9). Besteekin pazientzia du eta atsegina da (Kol 3:13). Ona dena maite du eta egiten du (Lk 6:35). Bere ekintzek Jainkoarengan fede handia duela frogatzen dute (St 2:18). Zirikatzen dutenean lasai jokatzen du eta tentaldien aurrean autokontrola dauka (1 Ko 9:25, 27; Tt 3:2).
4. Izaera berria janzteko, zergatik da beharrezkoa Galaziarrei 5:22, 23 eta beste biblia-pasarte batzuetan agertzen diren ezaugarri guztiak erakustea?
4 Izaera berria janzteko, ezinbestekoa da Galaziarrei 5:22, 23 eta beste biblia-pasarte batzuetan agertzen diren ezaugarriak lantzea. * Hauek ez dira banaka janzten ditugun jantzi desberdinak bezalakoak. Izan ere, beraien artean lotuta daude. Adibidez, maitasuna erakusteko, atseginak izan eta pazientzia eduki behar dugu. Edota, benetan onak izateko, behar-beharrezkoa da baretasuna eta autokontrola erakustea.
NOLA JANTZI DEZAKEGU IZAERA BERRIA?
5. Zer esan nahi du «Kristoren pentsamendua» edukitzeak eta zergatik aztertu behar dugu Jesusen bizitza? (1 Korintoarrei 2:16).
5 Irakurri 1 Korintoarrei 2:16. Izaera berria janzteko, beharrezkoa da «Kristoren pentsamendua» edukitzea, hau da, bere pentsatzeko era ondo ezagutu eta imitatzea. Jesusek bete-betean erakutsi zituen espirituaren fruituaren ezaugarriak. Garden-gardena den ispiluaren antzera, argi eta garbi erakusten du Jehobaren ezaugarriak nolakoak diren (Heb 1:3). Beraz, Jesusen pentsaerara zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta hobeto erakutsiko ditugu bere jokatzeko modua eta izaera (Flp 2:5, NWT).
6. Zer izan behar dugu gogoan izaera berria janzten saiatzean?
6 Posible al da Jesusen eredua segitzea? Agian pentsatuko duzu: «Baina Jesus perfektua da. Ezin izango naiz sekula bera bezalakoa izan!». Horrela sentitzen bazara, gogoan izan ideia hauek: 1) Jehoba eta Jesus bezalakoa izateko diseinatua izan zinen, beraz, beraiek imitatzea aukeratu eta lortu dezakezu, neurri bateraino behintzat (Has 1:26). 2) Unibertsoko indarrik handiena daukazu zure alde. Jainkoaren espiritu santuari esker, zeure kabuz inoiz lortuko ez zenukeena lortzeko gai izango zara. 3) Jehobak ez du espero oraintxe bertan espirituaren fruitua modu perfektuan erakustea. Izan ere, lurrean bizitzeko itxaropena dutenei 1.000 urte emango dizkie perfektu izatera iristeko (Ap 20:1-3). Jehobak gugandik orain espero duena, ahal dugun guztia egitea eta bere laguntza eskatzea da.
7. Zer aztertuko dugu orain?
7 Zer egin dezakegu Jesus imitatzeko? Aztertu ditzagun labur-labur Jainkoaren espirituak sortzen dituen lau ezaugarri. Ikusi dezagun Jesusek ezaugarri bakoitza erakutsi zuen modutik zer ikasi dezakegun, eta galderen bidez izaera berria zenbateraino jantzi dugun ikusiko dugu.
8. Nola erakutsi zuen maitasuna Jesusek?
8 Jesusek Jehoba asko maite duenez, sakrifizioak egin ditu bere Aitaren eta gure alde (Jn 14:31; 15:13). Lurrean izan zuen bizimoduarekin ere jendea biziki maite zuela erakutsi zuen. Gainera, batzuk bere aurka jarri arren, egunero-egunero bihozbera eta errukiorra izan zen. Eta bereziki, Jainkoaren Erreinuari buruz irakatsiz frogatu zuen bere maitasuna (Lk 4:43, 44). Jehoba eta guregatik sentitzen duena heriotza krudela sufritzeko prest egonez ere erakutsi zuen. Honi esker betirako bizitzeko aukera zabaldu digu.
9. Nola erakutsi dezakegu maitasuna Jesusek bezala?
9 Jehoba maite dugunez, geure burua berari eskaini eta bataiatu egin ginen. Beraz, Jesusek egin zuen bezala, maitasun hori besteak ondo tratatuz erakutsi behar dugu. Joan apostoluak idatzi zuen: «Ikusten duen senidea maite ez duenak ezin du maite ikusten ez duen Jainkoa» (1 Jn 4:20). Galdetu zeure buruari: «Maitasun handia al diot jendeari? Errukia erakusten al diet besteei, nirekin zakarrak direnean ere? Bultzatzen al nau maitasunak nire denbora eta daukadana besteei Jehobari buruz irakasteko erabiltzera? Gogo onez egiten al dut, nahiz eta jende gehienak ez baloratu edo aurka jarri? Eman al dezaket denbora gehiago predikatzeko eta irakasteko lanean?» (Ef 5:15, 16).
10. Zer egin zuen Jesusek bakegilea izateko?
10 Jesus gizon baketsua zen. Gaizki tratatzen zutenean, ez zuen gaitzik gaitz orde itzultzen. Bakeak egiteko lehenengo pausoa eman zuen eta besteei gauza bera egiten irakatsi zien. Adibidez, Jehobak gure adorazioa onartzeko, lehenengo gure anai-arrebekin bakean egon behar dugula azaldu zien (Mt 5:9, 23, 24). Apostoluak norgehiagokan hasten zirenean ere, behin eta berriz esan zien handiena nor zen eztabaidatzeari uzteko (Lk 9:46-48; 22:24-27).
11. Zer egin dezakegu bakegileak izateko?
11 Bakegilea izatea eztabaidak ez hastea baino gehiago da. Bakeak egiteko lehenengo pausoa ematea da eta, gainera, besteak gauza bera egitera animatzea (Flp 4:2, 3; St 3:17, 18). Galdetu zeure buruari: «Zer sakrifizio egiteko prest nago bakeak egitearren? Amorratuta segitzen al dut norbaitek mintzen nauenean? Zer egiten dut bakea hausten denean? Besteek lehen pausoa eman arte itxaron? Edo nik eman, tirabira besteak sortu duela iruditzen bazait ere? Egokia denean, bakeak egitera animatzen al ditut besteak?».
12. Nola erakutsi zuen Jesusek atsegina zela?
12 Jesus atsegina izan zen (Mt 11:28-30). Egoera zailetan ere goxoa eta arrazoitsua izaten jarraitu zuen. Adibidez, emakume feniziarrak bere alaba sendatzeko eskatu zionean, hasiera batean ez zuen egin. Baina fede handia zuela ikusi zuenean, goxotasunez, bere alaba sendatu zuen (Mt 15:22-28). Hitz egiteko beharra ikusten zuenean, atsegina izanez hitz egiten zuen. Batzuetan, maite zituenak zuzenduz egiten zuen hau. Esaterako, Pedrok Jehobaren nahia egiteko oztopoa jarri zionean, Jesusek besteen aurrean zuzendu zuen (Mk 8:32, 33). Hau ez zuen bera umiliatzeko egin. Bere asmoa Pedrori hobetzen laguntzea eta beste ikasleei handiputz izatearen arriskua azpimarratzea zen. Zalantzarik gabe, Pedro lotsatuta sentituko zen, baina zuzenketa lagungarria izan zitzaion.
13. Nola izan gaitezke bihotzez atseginak?
13 Bihotzez atseginak izateko, batzuetan maite ditugunei argi baina, era berean, goxotasunez hitz egin behar diegu. Horrelakoetan, Jesusek egin zuen bezala, aholku emateko Jainkoaren Hitza erabili behar dugu. Aholkuari ondo erantzungo diola pentsatu. Azken finean, Jehoba eta gu maite gaitu. Galdetu zeure buruari: «Maite dudan norbait gaizki egiten ari bada, ba al daukat zerbait esateko ausardiarik ala isilik geratzen naiz? Aholkua eman behar denean, nola ematen dut? Zorrotz ala goxo? Zergatik eman nahi diot aholkua? Bere onerako delako ala haserre nagoelako?».
14. Nola erakutsi zuen Jesusek ontasuna?
14 Jesusek ona zer den badaki, eta bere Aita maite duenez, ona dena egiteaz gain, motibazio egokiarekin egiten du. Ona izatea besteak laguntzeko moduaren bila ibiltzea eta beraien alde gauza onak egitea da. Beraz, ez da nahikoa ona zer den jakitea. Beharrezkoa da egitea eta motibazio egokia izatea. Baina norbaitek pentsa dezake: «Posible al da ona dena motibazio okerrarekin egitea?». Bai. Adibidez, Jesusek hori egiten zutenei buruz hitz egin zuen. Behartsuei limosna ematen zieten, baina egiten zutena besteek ikusteko helburuarekin egiten zuten. Jehobaren aurrean itxurazko ekintza on horiek ez zuten batere baliorik (Mt 6:1-4).
15. Nola izan gaitezke benetan pertsona onak?
15 Benetan pertsona onak izateko, ona dena arrazoi berekoirik gabe egin behar dugu. Galdetu zeure buruari: «Ona dena jakiteaz gain, egiten al dut? Zein da nire motibazioa?».
NOLA MANTENDU DEZAKEGU IZAERA BERRIA EGOERA ONEAN?
16. Zer egin behar dugu egunero eta zergatik?
16 Ez dezagun pentsatu bataiatzean izaera berria guztiz jantzi dugunik eta ez dugula gehiago egin beharrik. Jantzi berri hau egoera onean mantendu beharra dugu. Horretarako, besteak beste, espirituaren fruituaren ezaugarriak erakutsi behar ditugu egunero-egunero. Zergatik? Zenbat eta gehiago ahalegindu ezaugarri hauek erakusten, orduan eta gehiago lagunduko digulako Jainkoaren espirituak. Izan ere, Jehoba ekintzazko Jainkoa da eta bere espiritua martxan dago beti (Has 1:2). Beraz, behar-beharrezkoak dira ekintzak. Adibidez, Santiagok idatzi zuen: «Fedea […] egintzarik ez badu, hila dago» (St 2:26). Berdin-berdin gertatzen da espirituaren fruituaren beste ezaugarriekin ere.
17. Zer egin behar genuke espiritu santuaren fruitua erakustean huts egiten dugunean?
17 Aspaldi bataiatu direnek ere, batzuetan huts egiten dute espiritu santuaren fruitua erakustean. Garrantzitsuena, hala ere, amore ez ematea da. Adibidez, zure jantzi gogokoena urratzen baduzu, ez zenuke berehala botako, ezta? Ahal bada, konpontzen saiatu eta hurrengoan kontu handiagoz ibiliko zinateke. Modu berean, atsegina izaten eta pazientzia eta maitasuna erakusten huts egiten baduzu, ez desanimatu. Bihotzez barkamena eskatzeak urratutako harremana konpontzen eta mantentzen lagundu dezake. Honetaz gain, gogor saia zaitez hurrengoan hobeto jokatzen.
18. Zertaz egon gaitezke ziur?
18 Zenbat eskertzen dugun Jesusen eredua! Jesusen pentsaera imitatzen badugu, errazagoa egingo zaigu berak bezala jokatzea. Honek izaera berria hobeto janztera eramango gaitu. Artikulu honetan espirituaren fruituaren lau ezaugarri bakarrik aztertu ditugu. Zergatik ez aztertu gainontzeko ezaugarriak eta gure bizitzan nola adierazten ari garen hausnartu? Gai honi buruzko artikuluak Guía de estudio para los Testigos de Jehová argitalpenean aurkitu ditzakezu (Vida cristiana > Fruto del espíritu). * Ziur egon ahal duzun guztia egiten baduzu, Jehobak izaera berria janzten eta eramaten lagunduko dizula.
sjj 127. KANTA Zer-nolakoa izan behar dut?
^ § 5 Gure bizitza orain arte nolakoa izan den axola gabe, guztiok jantzi dezakegu izaera berria. Horretarako, gure pentsaera moldatu eta Jesusen eredua imitatzen ahalegindu behar dugu. Artikulu honetan, Jesusen pentsaera eta ekintza batzuk aztertuko ditugu eta bataiatu ondoren ere bera imitatzen nola jarraitu dezakegun ikusiko dugu.
^ § 3 Galaziarrei 5:22, 23, NWT: «Bestalde, espirituaren fruitua hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, atsegina izatea, ontasuna, fedea, baretasuna, autokontrola. Horrelako gauzen kontra ez dago legerik».
^ § 4 Galaziarrei 5:22, 23an ez dira agertzen Jainkoaren espirituari esker landu ditzakegun ezaugarri guztiak. Gehiago jakiteko, jo aldizkari honen 2020ko ekaineko alearen «Preguntas de los lectores» edo «Questions des lecteurs» artikulura.
^ § 18 Guide de recherche pour les Témoins de Jéhovah > Mode de vie chrétien > Fruit de l’esprit