Irakurleen galderak
Zergatik dio 2 Samuel 21:7-9 pasarteak Dabidek Mefi-Boxeti «barkatu egin» ziola, baina gero Mefi-Boxet exekutatzeko entregatu zuela?
Pasarte hau azkar-azkar irakurri duten batzuek galdera hau egin dute. Baina aipu hauetan bi Mefi-Boxet desberdinez hitz egiten da. Gertatutakoa errepasatzen badugu, zerbait ikasi dezakegu.
Israelgo Saul erregeak zazpi seme eta bi alaba eduki zituen. Lehensemea Jonatan izan zen. Gero, bere ohaide Ritzparekin beste seme bat izan zuen, Mefi-Boxet izenekoa. Jonatanek ere bere seme bati Mefi-Boxet izena jarri zion. Beraz, Saul Erregeak Mefi-Boxet izeneko semea eta izen bereko biloba zituen.
Momenturen batean, Saul erregea israeldarren artean bizi ziren gabaondarrak gorrotatzen eta denak hil nahian hasi zen. Dirudienez, batzuk hilarazi zituen. Baina argi dago ez zela ondo jokatzen ari. Zergatik? Josueren garaian, Israeldar buruzagiek bake-akordio bat egin zutelako beraiekin (Jos 9:3-27).
Akordio horrek oraindik indarrean jarraitzen zuen Saul erregearen garaian. Itunak zioenari kasurik egin gabe, gabaondarrak akabatzen saiatu zen. Ondorioz, Jehobak esan zuen: «Odola zor dute oraino Saulek eta beroren senitartekoek» (2 Sm 21:1). Azkenean, Dabid errege izatera iritsi zen. Sarraskitik bizirik atera ziren gabaondarrek, gertatutakoari buruz hitz egin zioten. Dabidek Saulen jokaera gaiztoagatik nola ordaindu ahal zien galdetu zien, horrela, Jehobak lurraldea bedeinkatu zezan. Dirua eskatu beharrean, suntsitu nahi izan zituen gizonaren, hau da, Saulen, zazpi semeak emateko eta hiltzeko eskatu zuten (Zen 35:30, 31). Dabidek eskaera onartu zuen (2 Sm 21:2-6).
Ordurako, Saul eta Jonatan gerran hilda zeuden. Baina Mefi-Boxet, Jonatanen semea, bizirik zegoen. Txikitan izan zuen istripu baten ondorioz elbarri geratu zen eta bere aitonak gabaondarren kontra antolatu zuen erasoaldian ez zuen parte hartu. Gainera, Dabidek Jonatanekin adiskidetasun akordio bat egina zuen bere ondorengoak babesteko, Mefi-Boxet barne (1 Sm. 18:1; 20:42). Bibliak dio: «Mefi-Boxeti, ordea, Saulen seme Jonatanen semeari, barkatu egin zion, Jonatanek eta Davidek Jaunaren aurrean egina zuten zinarengatik» (2 Sm 21:7).
Hala ere, Dabidek gabaondarren eskaera onartu zuen. Saulen bi seme eta bost biloba entregatu zituen. Bi semeetako bat Mefi-Boxet izenekoa zen (2 Sm 21:8, 9). Dabidek egindakoarekin, lurraren odol-errua ordaindu zen.
Pasarte hau historia hutsa baino gehiago da. Jainkoaren legeak argi eta garbi esaten zuen: «Ez da gurasorik seme-alaben erruarengatik heriotzara emango, ezta seme-alabarik ere gurasoenagatik» (Dt 24:16). Errugabeak izan balira, Jehobak ez luke onartuko Saulen bi semeen eta bost biloben heriotza. Lege horrek berak zioen: «Nor bere bekatuagatik hilko dute». Dirudienez, hildako Saulen zazpi ondorengoek gabaondarren aurkako sarraskian nolabait parte hartu zuten. Ondorioz, zazpiek beraien gaiztakeriagatik ordaindu zuten.
Zer irakasten digu pasarte honek? Pertsona batek gaizki egiten badu, ezin duela instrukzioak jarraitzen ari zela esanez edo pentsatuz, bere burua zuritu. Egindakoaren erantzukizuna norberarena da. Esaera zahar batek dioen bezala: «Pentsa ongi zeure oinak non jarri, izan bitez seguruak zure ibilbide guztiak. Ez zaitez desbidera ez eskuin, ez ezkerretara; urrundu oinak gaiztakeriatik» (Es 4:24-27; Ef 5:15).