Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Animaliak erabili zitezkeen emaztegaiaren prezioa ordaintzeko

Ba al zenekien?

Ba al zenekien?

Zergatik ordaintzen zuten emaztegaiaren prezioa antzinako israeldarrek?

BIBLIA garaian bikote bat ezkontzekotan zegoenean, emaztegaiaren prezioa ordaintzeko ohitura zegoen. Emaztegaiaren prezioa objektu baliotsu, animalia edo diruarekin ordaindu zitekeen. Kasu batzuetan ere, senargaiak lan eginez ordaintzen zuen. Adibidez, Jakob zazpi urtez lan egiteko prest egon zen Rakelekin ezkondu ahal izateko (Has 29:17, 18, 20). Zein zen ohitura honen helburua?

Carol Meyers biblia-adituak honakoa dio emaztegaiaren prezioari buruz: «Nekazal giroan bizi zirenez, emaztegaiaren familiari ezkondu eta gero alabak egingo ez zuen lana ordaintzeko balio zezakeen». Bestalde, emaztegaiaren prezioak bi familien arteko harremana estutzeko balio zuen. Horrela, garai zailak iristen baziren, elkar lagundu ahal zuten. Gainera, emaztegaiaren prezioak emakumea konprometituta zegoela erakusten zuen, aitaren babesetik senarraren babesera pasatuz.

Emaztegaiaren prezioa ordaintzeak ez zuen esan nahi emakumea erosi edo saldu zitekeen objektua zenik. Antzinako Israelgo bizimodu eta instituzioei buruzko liburu batek honela dio: «Diru kopuru bat ordaintzeko betebeharra dela eta, Israelgo ezkontzek erosketa itxura izan dezakete guretzat. Baina [emaztegaiaren prezioa] emaztegaiaren familia nolabait konpentsatzeko erabiltzen zen» (Les institutions de l’Ancien Testament edo Instituciones del Antiguo Testamento).

Gaur egun herrialde batzuetan ohitura hau mantentzen da. Jehobaren lekukoak diren gurasoek, arrazoitsuak direla erakusten dute zentzuzkoa dena baino gehiago eskatzen ez dutenean (Flp 4:5; 1 Ko 10:32, 33). Era horretara, diruzaleak ez direla erakutsiko dute (2 Tm 3:2). Bestalde, gurasoek arrazoizkoa ez den emaztegaiaren prezioa eskatzen badute, senargaia ezkontza atzeratzera behartuta egon daiteke hau ordaindu ahal izateko. Baliteke aitzindaritza ere utzi behar izatea, emaztegaiaren prezioa ordaintzeko ordu asko bota beharko dituelako lanean.

Munduko toki batzuetan emaztegaiaren prezioa legez araututa dago. Kasu hauetan, Lekuko diren gurasoek lege hauek betetzen dituzte. Zergatik? Jainkoaren Hitzak hala eskatzen duelako. Honela dio: «Gizaki orok izan behar du ezarritako agintarien menpeko» (Erm 13:1; Eg 5:29).