Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Ba al zenekien?

Ba al zenekien?

Erabiltzen al zuten biblia-garaian papiroa ontziak eraikitzeko?

Papiro landarea

ANTZINAKO Egipton idazteko material nagusia papiroa zela aski ezaguna da. Grekoek eta erromatarrek papiroan idazten zuten. * Baina jende gutxik daki papiroa ontziak eraikitzeko ere erabiltzen zela.

Egiptoko hilobi baten barruan aurkitutako papirozko ontzien bi maketa

Duela 2.700 urte baino gehiago, Etiopiako ibaien lurraldean bizi zen jendeak «mandatariak itsasoz papirozko ontzietan» bidali zituztela idatzi zuen Isaias profetak. Mende batzuk lehenago, Job patriarkak arranoak «ihizko [edo papirozko] ontziak bezain arin» zirela esan zuen (Is 18:1, 2, BJU; Jb 9:26).

Biblia Jainkoak inspiratua da. Beraz, biblia-ikasleentzat ez da harritzekoa biblia-garaian ontziak eraikitzeko papiroak erabiltzen zirela erakusten duten froga arkeologikoak egotea (2 Tm 3:16). Zer aurkitu dute arkeologoek? Egipton papirozko ontziak eraikitzen ziren froga zehatzak.

NOLA EGITEN ZIREN PAPIROZKO ONTZIAK?

Egiptoko hilobietako paretetan, jendeak papiroa jaso eta, ondoren, ontziak nola egiten zituzten erakusten duten margoak eta erliebeak aurkitu dira. Gizonek papiroaren zurtoinak moztu, fardoetan lotu eta, gero, fardo hauek bata bestearekin estu lotzen zituzten. Papiro-zurtoinek triangelu forma dute. Beraz, elkarrekin estu-estu lotzen direnean, zurtoinek fardo sendo-sendoa osatzen dute. Egiptoko historiari buruzko liburu baten arabera (A Companion to Ancient Egypt), papirozko ontziek 17 metroko luzera baino gehiago izan zezaketen eta 10 edo 12 arraun eduki zitzaketen alde bakoitzean.

Papirozko ontziak nola egiten ziren erakusten duen egiptoar erliebea

ZERGATIK ERABILTZEN ZUTEN ONTZIGILEEK PAPIROA?

Niloko haranean papiro landare asko hazten ziren. Gainera, papirozko ontziak egitea nahiko erraza zen. Jendea ontzi handiak eraikitzeko egurra erabiltzen hasi zenean ere, dirudienez, arrantzaleek eta ehiztariek papirozko baltsak eta txalupak erabiltzen jarraitu zuten.

Papirozko ontziak denbora luzean zehar erabili ziren. Izan ere, lehen eta bigarren mendeen artean bizi izan zen Plutarko idazle greziarrak garai hartan oraindik erabiliak zirela esan zuen.

^ § 3 Papiro landarea leku heze, aintzira eta ibai bazterretan hazten da. Landarea bost bat metroraino hazi daiteke eta zurtoinak bere oinarrian 15 zentimetro inguruko diametroa izan dezake.