Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

19. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Ezer ez da zuzenentzat oztopo izango

Ezer ez da zuzenentzat oztopo izango

«Bake-bakean bizi dira zure legea maite dutenak: ez da ezer eroraraz ditzakeenik» (SAL 119:165).

sn 32. KANTA Iraun sendo!

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. a) Zer esan zuen idazle batek? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

GAUR egun milioika lagunek Jesusengan sinesten dutela esaten dute, baina ez dute jarraitzen berak irakatsitakoa (2 Tm 4:3, 4). Izan ere, idazle batek esan zuen: «Gaur egun Jesusen antzeko gizon bat egongo balitz eta gauzak Jesusek esan zituen moduan esango balitu, [...] baztertuko al genuke duela 2.000 urte egin genuen bezala? [...] Erantzuna baiezkoa da».

2 Lehen mendeko pertsona askok Jesusen irakaspenak entzun eta bere mirariak ikusi zituzten, baina ez zuten berarengan federik jarri. Zergatik? Aurreko artikuluan, Jesusek esan eta egin zuenagatik bera onartzeko izan zituzten lau oztopo aztertu genituen. Aztertu ditzagun beste lau. Hau egin ahala, gaur egungo Jesusen jarraitzaileak jendeak zergatik baztertzen dituen ikusiko dugu. Gainera, Jehobarengan dugun fedea ezerk oztopatu ez dezan zer egin behar dugun ikasiko dugu.

1. JESUSEK EZ ZUEN BEREIZKETARIK EGITEN

Askorentzako Jesusek aukeratu zuen lagunartea oztopoa izan zen. Nola oztopatu gaitzake honek gaur egun? (Ikusi 3. paragrafoa) *

3. Zergatik baztertu zuten batzuek Jesus?

3 Lurrean egon zenean, Jesus era guztietako jendearekin elkartu zen. Aberats eta boteretsuekin jan zuen, baina, era berean, behartsu eta bihotz zapalduekin denbora asko igaro zuen. Gainera, besteek bekataritzat zituztenekin ere errukitsua izan zen. Harroak ziren batzuek Jesusek egiten zuenagatik baztertu egin zuten. Bere jarraitzaileei honakoa esan zieten: «Nolatan jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin?». Jesusek erantzun zien: «Ez dute osasundunek sendagilea behar, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihozberri daitezen» (Lk 5:29-32).

4. ⁠Isaias profetaren arabera, zer espero beharko zuketen judutarrek Mesiasi buruz?

4 Zer esaten zuten Idazki Hebrearrek? Mesias etorri baino askoz lehenago, munduak ez zuela onartuko aurresan zuen Isaias profetak. Profeziak honakoa zioen: «Mespretxatua zen, eta jendeak baztertua [...]. Ikusteak ere nazka ematen duen norbait bezalaxe, mespretxatu egin genuen, eta aintzakotzat hartu ez» (Is 53:3). «Jendeak» Mesias baztertu egingo zuen. Beraz, lehen mendeko judutar haiek Jesus baztertua izatea espero beharko zuketen.

5. Zer ikuspuntu dute askok Jesusen benetako jarraitzaileei buruz?

5 Gauza bera gertatzen al da gaur egun? Bai. Elizgizon asko beraien elizetan jende ospetsu, aberats eta munduaren arabera jakintsuak direnak edukitzeko irrikan daude, nahiz eta askotan hauen bizimodu moralgabea Jainkoaren arauen aurka egon. Elizgizon horiek mespretxatu egiten dituzte bizimodu garbia daramaten Jehobaren zerbitzariak, munduaren arabera inportanteak ez direlako. Paulok esan bezala, Jainkoak «mespretxagarri» direnak aukeratzen ditu (1 Ko 1:26-29). Baina, Jehobarentzat, bere zerbitzari leial guztiak dira baliotsuak.

6. Zer esan zuen Jesusek Mateo 11:25, 26⁠an eta nola imitatu dezakegu?

6 Zer egin behar dugu gure fedea ezerk oztopatu ez dezan? (Irakurri Mateo 11:25, 26). Ez utzi Jainkoaren herriari buruzko munduko ikuspuntuak zugan eraginik izan dezan. Onartu ezazu Jehobak apalak bakarrik erabiltzen dituela bere nahia burutzeko (Sal 138:6). Eta pentsatu ezazu zenbat gauza lortu dituen munduaren ikuspuntutik jakintsu eta ikasiak ez direnak erabiliz.

2. JESUSEK IRAKASPEN FALTSUAK AGERIAN UTZI ZITUEN

7. Zergatik deitu zien Jesusek fariseuei itxurazale eta nola erantzun zuten hauek?

7 Jesusek ausardiaz bere garaiko erlijioburuak salatu zituen. Zergatik? Ez ziotelako jendeari Jehoba modu egokian adoratzen irakasten. Adibidez, fariseuen itxurakeria agerian utzi zuen. Eskuak garbitzeko zuten moduari garrantzi handiagoa ematen zioten gurasoak zaintzeari baino (Mt 15:1-11). Jesusen jarraitzaileak agian harrituta geratuko ziren salaketa honekin. Izan ere, honakoa galdetu zioten: «Ba al dakizu hitz horiekin fariseuak sumindurik utzi dituzuna?». Jesusek erantzun zien: «Zeruko nire Aitak landatu ez duen landare oro sustraitik aterako dute. Utz itzazue! Itsu dira, eta itsu-gidari. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak zulora eroriko dira» (Mt 15:12-14). Nahiz eta erlijioburuak Jesusekin amorru bizian egon, Jesusek ez zion egia esateari utzi.

8. Nola erakutsi zuen Jesusek Jainkoak ez dituela sinesmen guztiak onartzen?

8 Jesusek erlijio irakaspen batzuk faltsuak zirela ere erakutsi zuen. Ez zuen esan Jainkoak sinesmen guztiak onartzen dituenik. Horren ordez, asko hondamenera daraman bide lasaian ibiliko direla eta gutxi batzuk bizira daraman bide meharrean ibiliko direla esan zuen (Mt 7:13, 14). Argi utzi zuen batzuek Jainkoa zerbitzatzen zutenaren itxura emango zutela. Honako abisua eman zuen: «Kontuz sasiprofetekin! Ardi-larruz jantzirik badatozkizue ere, otso harrapari dira barrutik. Beren egintzetatik antzemango diezue» (Mt 7:15-20).

Askorentzako Jesusek sinesmen eta praktika faltsuak kondenatzea oztopo izan zen. Nola oztopatu gaitzake honek gaur egun? (Ikusi 9. paragrafoa) *

9. Zer irakaspen faltsu utzi zituen Jesusek agerian?

9 Zer esaten zuten Idazki Hebrearrek? Mesias Jehobaren etxearen «maiteminak» erreko zuela aurresan zuen Bibliak (Sal 69:10 [69:9, NWT]; Jn 2:14-17). Maitasun sentimendu bizi horrek erlijio faltsuaren sinesmen eta praktikak agerian uztera bultzatu zuen Jesus. Adibidez, fariseuek arima ez dela inoiz hiltzen sinesten zuten; Jesusek, ordea, hildakoak lo daudela irakatsi zuen, hau da, dagoeneko ez direla existitzen (Jn 11:11). Saduzearrek berpizkunderik ez dagoela esaten zuten; baina Jesusek Lazaro, bere laguna, berpiztu zuen (Jn 11:43, 44; Eg 23:8). Fariseuen arabera, Jainkoak edo ikusten ez dugun indar batek guztia aldez aurretik erabakitzen du; Jesusek, aldiz, gizakiek Jainkoa zerbitzatuko duten edo ez erabaki dezaketela irakatsi zuen (Mt 11:28).

10. Zergatik baztertzen gaituzte askok?

10 Gauza bera gertatzen al da gaur egun? Bai. Bibliaren bidez erlijio ideia batzuk faltsuak direla agerian uzten dugulako, askok baztertu egiten gaituzte. Elizgizonek, jendea izutu eta menpean edukitzeko, Jainkoak gaiztoak infernuan zigortzen dituela irakasten dute. Maitasunaren Jainkoa, Jehoba, zerbitzatzen dugunok irakaspen hau faltsua dela agerian uzten dugu. Erlijioburuek arima ez dela hiltzen ere irakasten dute. Hau egia izango balitz, inork ez luke berpiztua izan beharrik. Baina irakaspen hau Biblian ez dagoela irakasten dugu guk. Nahiz eta erlijio askok predestinazioan sinetsi, gizakiok aukeratzeko askatasuna dugula eta Jainkoa zerbitzatzea erabaki dezakegula irakasten dugu. Nola erantzuten dute erlijioburuek irakaspen faltsu hauek agerian uzten ditugunean? Askotan amorru bizian jartzen dira!

11. ⁠Joan 8:45-47 pasarteko Jesusen hitzen arabera, zer eskatzen dio Jainkoak bere herriari?

11 Zer egin behar dugu gure fedea ezerk oztopatu ez dezan? Egia maite badugu, Jainkoaren irakaspenak onartu behar ditugu (Irakurri Joan 8:45-47). Satanas Deabruak ez zion egiari eutsi. Guk, aldiz, ez dugu inoiz egia baztertuko; ez dugu inoiz gure sinesmenekin bat ez datorren ezer egingo (Jn 8:44). Jainkoak Jesusek egin zuena egiteko eskatzen digu: «Gorrotatu gaizkia eta itsatsi ongiari» (Erm 12:9; Heb 1:9).

3. JESUS PERTSEGITUA IZAN ZEN

Askorentzako Jesus habe batean hiltzea oztopoa izan zen. Nola oztopatu gaitzake honek gaur egun? (Ikusi 12. paragrafoa) *

12. Zergatik baztertu zuten judu askok Jesus habean hiltzeagatik?

12 Zer beste arrazoirengatik baztertu zuten juduek Jesus? Kristauek predikatzean Kristo habean exekutatua izan zela esaten zuten eta hau, Paulok idatzi zuenaren arabera, «juduentzat onartezina» zen (1 Ko 1:23). Zergatik zen beraientzat Jesus habean hiltzea onartezina? Horrelako heriotzarekin gaizkile eta bekatari bat zela zirudielako, ez Mesias (Dt 21:22, 23NWT).

13. Zer ez zuten onartu nahi izan Jesus baztertu zutenek?

13 Jesus baztertu zuten juduek ez zuten onartu errugabea zenik, ezta salaketa faltsua jaso eta injustizia bat jasan zuenik ere. Jesus epaitu zutenei justiziak ez zien batere axola. Judutarren Biltzar Nagusia Jesus epaitzeko azkar-azkar bildu eta ez zuen legea jarraitu (Lk 22:54; Jn 18:24). Epaileak, Jesusen aurkako karguak eta frogak entzutean, ez ziren inpartzialak izan. Gainera, «Jesusen kontra gezurrezko lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko». Hau ezin izan zutenez lortu, apaiz nagusia Jesusek errudun egingo zuen zerbait esan zezan saiatu zen. Hau arau legalen kontra zihoan (Mt 26:59; Mk 14:55-64). Eta Jesus berpiztua izan ondoren, epaile horiek Jesusen hilobia zaintzen zuten soldaduei «dirutza on bat» eman eta, maltzurkeriaz, honako istorio faltsua esateko agindu zieten: «Esan ezazue, haren ikasleek gauez etorri eta zuek lo zeundetelarik gorpua eraman dutela» (Mt 28:11-15).

14. Zer aurresan zuten Idazkiek Mesiasen heriotzari buruz?

14 Zer esaten zuten Idazki Hebrearrek? Jesusen garaiko judu askok ez zuten espero Mesiasek hil behar izango zuenik. Baina hara zer esaten zuten Idazkiek Mesiasi buruz: «Jendetza ugaria emango diot ordainetan, [...] bere burua heriotzara eman zuelako eta bekatarien kide iritzi ziotelako, guztien bekatuak bere gain hartu eta bekatarien alde erregutu zuelako» (Is 53:12). Mesias bekatari gisa exekutatua izango zela aurresanda zegoen. Beraz, Jesus modu horretan hil zenean, juduek ez zuten bera baztertzeko arrazoirik.

15. Zer salaketak eragin dute batzuek Jehobaren lekukoak baztertzea?

15 Gauza bera gertatzen al da gaur egun? Bai noski! Jesusek salaketa faltsua jaso eta erruduntzat jo zuten, eta gaur egun gauza berbera gertatzen da Jehobaren lekukoekin. Hona hemen adibide batzuk. Estatu Batuetan, pasa den mendeko 30 eta 40. hamarkadetan, Jainkoa adoratzeko askatasuna defendatu behar izan zen behin eta berriz auzitegietan. Aurreiritzien ondorioz, epaile batzuk gure aurka argi eta garbi zeuden. Quebec-en, Kanadan, Eliza eta Estatua gure lana gelditzeko elkarlanean ibili ziren. Berri-emaile asko besteei Jainkoaren Erreinuari buruz hitz egiteagatik soilik kartzelaratuak izan ziren. Alemanian, Nazien gobernuak Lekuko gazte leial asko exekutatu zituen. Eta azken urteotan Errusian, agintariek Bibliari buruz hitz egitea «jarduera estremista» dela esaten dutenez, anai-arreba asko kondenatuak eta espetxeratuak izan dira. Errusierazko Traducción del Nuevo Mundo edo Traduction du monde nouveau biblia-itzulpena ere debekatu egin dute. Zergatik? Jehobaren izena erabiltzen duenez, «informazio estremista» dela esaten dutelako.

16. ⁠1 Joan 4:1 kontuan hartuta, zergatik ez gintuzkete engainatu behar Jehobaren herriari buruzko kontu faltsuek?

16 Zer egin behar dugu gure fedea ezerk oztopatu ez dezan? Egia zein den argitu. Mendiko Hitzaldian, Jesusek bere entzuleei «gezurrez gaizki-esaka» beraien aurka ibiliko zirela esan zien (Mt 5:11). Gezur hauen jatorria Satanas da. Deabruak egia maite dugunon kontra gezur maltzurrak zabaldu nahi ditu eta hau egitera bultzatzen ditu gure aurkariak (Ap 12:9, 10). Gure kontra daudenen gezurrak baztertu behar ditugu. Ez genieke inoiz horrelako gezurrei gu beldurtzen edo gure fedea ahultzen utzi behar (Irakurri 1 Joan 4:1).

4. JESUS SALDU ETA UTZI EGIN ZUTEN

Askorentzako Judasen traizioa oztopoa izan zen. Nola oztopatu gaitzake honek gaur egun? (Ikusi 17 eta 18 paragrafoak) *

17. Zer eragin izan zezaketen batzuengan Jesusen heriotzaren aurreko gertakariek?

17 Bere heriotza baino lehen, Jesusen 12 apostoluetako batek saldu egin zuen. Beste batek hiru aldiz ukatu zuen. Eta guztiek Jesus utzi eta ihes egin zuten bere heriotzaren aurreko gauean (Mt 26:14-16, 47, 56, 75). Jesusentzat ez zen harritzekoa izan, guzti hau gertatuko zela aurresan baitzuen (Jn 6:64; 13:21, 26, 38; 16:32). Gertakari hauek ikustean, baten batek Jesusen jarraitzaile ez izatea erabaki zezakeen honakoa pentsatuz: «Jesusen apostoluak horrelakoak badira, ez dut talde horren parte izan nahi».

18. Zer profezia bete ziren Jesusen heriotza baino lehen?

18 Zer esaten zuten Idazki Hebrearrek? Ehunka urte lehenago, Jehobak Mesias zilarrezko 30 txanponen truke saldua izango zela aurresan zuen bere Hitzean (Za 11:12, 13). Salduko zuena bere lagun min bat izango zen (Sal 41:10 [41:9, NWT]). Zakarias profetak honakoa ere idatzi zuen: «Jo artzaina: ardiak sakabanatu egingo dira» (Za 13:7). Baina bihotz oneko pertsonentzat gertakari hauek ez ziren Jesus onartzeko oztopo izango. Izan ere, Jesusengan profezia hauek betetzen ikustean, beraien fedea indartu egingo zen.

19. Zer dakite bihotz onekoek?

19 Gauza bera gertatzen al da gaur egun? Bai. Gaur egun, ezagunak diren Lekuko gutxi batzuek Jehoba zerbitzatzeari utzi diote. Apostata bihurtu eta besteak desbideratzen saiatu dira. Jehobaren lekukoei buruzko txosten negatiboak, erdi egiak eta gezurrak zabaldu dituzte komunikabideetan eta Interneten. Baina bihotz onekoek badakite Bibliak horrelako gauzak gertatuko zirela aurresan zuela. Beraz, ez dituzte engainatzen (Mt 24:24; 2 P 2:18-22).

20. Zer egin dezakegu egia utzi dutenek ez engainatzeko? (2 Timoteori 4:4, 5)

20 Zer egin behar dugu gure fedea ezerk oztopatu ez dezan? Gure fedea sendo mantendu behar dugu ikasteko ohitura izanez, etengabe otoitz eginez eta Jehobak eman digun lanean lanpetuta egonez (Irakurri 2 Timoteori 4:4, 5). Fedea badugu, ez gara kezkatuko Jehobaren lekukoei buruzko gauza negatiboak entzutean (Is 28:16). Jehobari, bere Hitzari eta anai-arrebei maitasuna badiegu, ez dugu utziko egia utzi dutenek engainatu gaitzaten.

21. Nahiz eta gehienek gure mezua baztertu, zertaz egon gaitezke ziur?

21 Lehen mendean, jende askok Jesus baztertu zuen. Hala ere, beste askok onartu egin zuten. Hauen artean judutar Sanedrineko kide bat behintzat bazegoen, baita «apaiz asko ere» (Eg 6:7; Mt 27:57-60; Mk 15:43). Gaur egun ere milioika lagunek Jesus jarraitzea erabaki dute. Zergatik? Bibliako egiak ezagutu eta maite dituztelako. Jainkoaren Hitzak dio: «Bake-bakean bizi dira zure legea maite dutenak: ez da ezer eroraraz ditzakeenik» (Sal 119:165).

sjj 124. KANTA Beti leial izan

^ § 5 Lehen mendean jende askok Jesus baztertu zuen eta, gaur egun ere, askok bere jarraitzaileak baztertzen dituzte. Aurreko artikuluan, jendeak Jesus onartzeko izan zituen lau oztopo ikusi genituen eta, artikulu honetan, beste lau aztertuko ditugu. Gainera, Jainkoa maite duten bihotz oneko pertsona askok zergatik ez duten Jehoba baztertzen ikusiko dugu.

^ § 60 IRUDIAREN AZALPENA: Jesusek Mateo eta zergalariekin otordu bat egiten du.

^ § 62 IRUDIAREN AZALPENA: Jesusek merkatariak tenplutik botatzen ditu.

^ § 64 IRUDIAREN AZALPENA: Jesus torturarako habea eramatera behartua da.

^ § 66 IRUDIAREN AZALPENA: Judasek Jesus muxu batekin saltzen du.