Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

21. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehobak indarra emango dizu

Jehobak indarra emango dizu

«Ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu» (2 KO 12:10).

sjj 73. KANTA Emaguzu kemena

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1, 2. Zer zailtasun dituzte Lekuko askok?

PAULO apostoluak Timoteo bere zerbitzua ongi betetzera animatu zuen (2 Tm 4:5). Aholku hau kristau guztiontzat da eta ahal dugun guztia egin behar dugu betetzeko. Baina hau egitea ez da batere erraza. Anai-arreba batzuek ausardia handia behar dute predikatzeko (2 Tm 4:2). Pentsatu, adibidez, gure lana mugatuta edo debekatuta dagoen lekuetan bizi diren anai-arrebengan. Predikatzen jarraitzen dute beraien askatasuna jokoan egon arren!

2 Jehobaren zerbitzariak hainbat arazorengatik desanimatuta sentitu daitezke. Adibidez, askok luze eta gogor egin behar dute lan familiarentzat oinarrizkoa dena besterik ez ekartzeko etxera. Predikazioan gehiago egin nahiko lukete, baina astea amaitzean ia indarrik gabe daude. Beste batzuek gaixotasun kroniko edo adinarengatik oso gutxi egin dezakete Jehobaren zerbitzuan; batzuek ezin dute etxetik ere atera. Eta beste anai-arreba batzuek ez dutela ezertarako balio sentitzen dute behin eta berriz. Ekialde Hurbilean bizi den Mary-k * dio: «Sentimendu negatiboekin borrokan aritzeak emozionalki leher eginda uzten nau. Honek Jehoba zerbitzatzeko denbora eta indarrak kentzen dizkidanez, gero errudun sentitzen naiz».

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Gure egoera zein den axola gabe, Jehobak zailtasunei aurre egiteko eta bere zerbitzuan ahal dugun guztia egiteko indarra eman ahal digu. Artikulu honetan Jehobak nola lagundu gaitzaken ikusiko dugu. Baina, aurretik, aztertu dezagun Jehobak nola indartu zituen Paulo eta Timoteo beraien zerbitzua ongi betetzeko zailtasunak izan zituzten arren.

PREDIKATZEN JARRAITZEKO INDARRA

4. Zer zailtasuni egin zien aurre Paulok?

4 Paulok zailtasun asko izan zituen. Adibidez, indarra behar izan zuen jipoitua, harrikatua eta kartzelaratua izan zenean (2 Ko 11:23-25). Ez zen lotsatu batzuetan sentimendu negatiboekin borrokatu behar zuela esateaz (Erm 7:18, 19, 24). «Haragian sartutako eztena» bezalakoa zen osasun arazo bat ere bazuen eta Jehobak kentzeko desesperatuta zegoen (2 Ko 12:7, 8).

Zerk lagundu zion Paulori bere zerbitzua ongi betetzen? (Ikusi 5 eta 6 paragrafoak) *

5. Zer lortu zuen Paulok zailtasunak izan arren?

5 Paulok zailtasun asko izan arren, Jehobak bere zerbitzua ongi betetzeko indarra eman zion. Ikus dezagun zer lortu zuen Paulok. Adibidez, Erroman etxean atxilotuta egon zen denboran, berri onak sutsu defendatu zituen askoren aurrean, agian funtzionarioen aurrean ere (Eg 28:17; Flp 4:21, 22). Gobernariaren jauregiko Pretoriar Guardiako askori ere predikatu zien, baita bisitan etorri zitzaizkion guztiei ere (Eg 28:30, 31; Flp 1:13). Garai berean, inspiratutako gutunak idatzi zituen eta gaur egungo benetako kristauontzat ere lagungarriak dira. Gainera, bere ereduak Erromako anai-arrebak indartu zituen eta, ondorioz, «Jainkoaren mezua beldurrik gabe hots egiteko» ausardia izan zuten (Flp 1:14). Paulok ezin izan zuen nahi zuen guztia egin. Hala ere, bere egoeran ahal zuen guztia egin zuen eta hori «berri onaren aurrerapenerako lagungarri gertatu» zen (Flp 1:12).

6. ⁠2 Korintoarrei 12:9, 10⁠aren arabera, zerk lagundu zion Paulori bere zerbitzua ongi betetzen?

6 Paulo honakoaz konturatu zen: Jehobaren zerbitzuan egin zuen guztia Jainkoaren indarrari esker egin zuela, ez bere indarrari esker. Jainkoaren indarra bete betean «ahulezian agertzen» zela onartu zuen (Irakurri 2 Korintoarrei 12:9, 10). Nahiz eta pertsekuzioa jasan, kartzelaratua izan eta beste erronka batzuei aurre egin, Jehobak Paulori bere zerbitzua ongi betetzeko indarra eman zion espiritu santuaren bidez.

Zerk lagundu zion Timoteori bere zerbitzua ongi betetzen? (Ikusi 7. paragrafoa) *

7. Zer zailtasun gainditu behar izan zituen Timoteok bere zerbitzua ongi betetzeko?

7 Timoteok, Pauloren lagun gazteak ere, Jehobaren indarrean jarri behar izan zuen konfiantza bere zerbitzua ongi betetzeko. Timoteok Paulori misio bidaia luzeetan lagundu zion. Gainera, Paulok kongregazioak bisitatzera eta animatzera bidali zuen (1 Ko 4:17). Timoteok, agian, eginkizun hartarako ez zegoela prest sentitzen zuen. Eta, beharbada, horregatik gomendatu zion Paulok honakoa: «Ez zaitzala inork gutxiets gaztea zarelako» (1 Tm 4:12). Honetaz gain, garai hartan Timoteok ere bere eztena zuen haragian. Izan ere, sarritan ondoezik egoten zen (1 Tm 5:23). Baina bazekien Jehobak, bere espiritu santu boteretsuaren bidez, behar zituen indarrak emango zizkiola berri onak predikatzeko eta anai-arrebak zerbitzatzeko (2 Tm 1:7).

ZAILTASUNAK IZAN ARREN LEIAL MANTENTZEKO INDARRA

8. Nola indartzen du Jehobak bere herria?

8 Gaur egun, Jehobak «indar harrigarria» ematen dio bere herriari leial izaten jarraitzeko (2 Ko 4:7, EABLB). Ikus ditzagun Jehobak gu indartzeko eta leial izaten jarraitzeko ematen dizkigun lau opari: otoitza, Biblia, anai-arrebak eta predikazioa.

Jehobak otoitzaren bidez indartzen gaitu. (Ikusi 9. paragrafoa)

9. Nola lagundu gaitzake otoitzak?

9 Otoitza. Efesoarrei 6:18⁠an, Paulok Jehobari «etengabe» otoitz egitera gonbidatzen gaitu. Jainkoak gu indartuz erantzungo digu. Bolivian bizi den Jonnie-k hainbat arazo izan zituenean, Jehobak nola lagundu zion ikusi zuen. Bere emazte eta gurasoak aldi berean larriki gaixotu ziren. Jonnie-ri oso zaila egin zitzaion hirurak batera zaintzea. Ama hil egin zen eta denbora asko pasatu zen emaztea eta aita sendatu ziren arte. Garai zail hura gogoratzean, hau dio: «Izugarrizko presioa sentitzen nuenean, otoitzetan zehatza izateak beti lagundu zidan». Jehobak aurrera egiteko beharrezko zituen indarrak eman zizkion. Bolivian bizi den Ronald izeneko adindunak bere amak minbizia zuela jakin zuen. Ama handik hilabetera hil zen. Zerk lagundu zion aurrera egiten? Honakoa dio: «Jehobari otoitz egiten diodanean, bihotza ireki eta sentitzen dudan guztia esaten diot. Badakit inork baino hobeto ulertzen nauela, nik neure burua ulertzen dudana baino hobeto». Batzuetan, gure arazoak gaindiezinak direla eta otoitzean zer esan ez dakigula sentitu dezakegu. Baina Jehobak berari otoitz egitera gonbidatzen gaitu, sentitzen eta pentsatzen duguna adieraztea zaila izan arren (Erm 8:26, 27).

Jehobak Bibliaren bidez indartzen gaitu (Ikusi 10. paragrafoa)

10. ⁠Hebrearrei 4:12⁠aren arabera, zergatik da hain inportantea Biblia irakurtzea eta irakurtzen dugun horretan hausnartzea?

10 Biblia. Paulok bezala, Bibliara jo dezakegu indar eta kontsolamendu bila (Erm 15:4). Jainkoaren Hitza irakurri eta irakurri dugun horretan hausnartzen dugu heinean, Jehobak bere espiritua erabili dezake aipu bat gure egoeran erabiltzen jakin dezagun (Irakurri Hebrearrei 4:12). Lehen aipatutako Ronaldek dio: «Pozik nago Biblia gauero irakurtzeko ohitura ona hartu izana. Jehobaren ezaugarrietan eta bere herria zaindu duen moduan askotan hausnartzen dut. Honek indarberritu egiten nau».

11. Nola indartu zuen Bibliak doluan zegoen arreba bat?

11 Biblian hausnartzeak gure arazoei buruzko jarrera egokia izaten laguntzen digu. Ikus dezagun nola lagundu zion Bibliak doluan zegoen alargun bati. Job liburua irakurtzen bazuen, ikasgai baliotsuak aurkituko zituela esan zion adindun batek. Irakurtzen hasi zenean, lehenengo erreakzioa Job bere pentsaera okerragatik berehala kritikatzea izan zen. Bere baitan Jobi esaten zion: «Job! Baina nolatan zara hain ezkorra!» Orduan, bere jarrera Jobenaren oso antzekoa zela konturatu zen. Honek bere ikuspuntua aldatzen lagundu zion eta senarraren heriotzak eragin zion minari aurre egiteko indarra eman zion.

Jehobak anai-arreben bidez indartzen gaitu (Ikusi 12. paragrafoa)

12. Nola erabiltzen ditu Jehobak gure anai-arrebak gu indartzeko?

12 Anai-arrebak. Jehobak kongregazioko anai-arreben bidez ere indartzen gaitu. Paulok anai-arrebekin egoteko eta «elkar adoretzeko» nahia adierazi zuen (Erm 1:11, 12). Lehen aipatutako Mary-k anai-arrebekin egotea maite du. Hau dio: «Jehobak nire arazoez ideiarik ere ez zuten anai-arrebak erabili ditu. Hitz animagarriak esan edo txartel batean bidali zizkidaten, eta horixe zen behar nuena. Antzeko arazoak izan dituzten arrebekin hitz egiteak eta beraien bizipenetatik ikasteak ere asko laguntzen dit. Eta, adindunei esker, kongregazioko anai-arrebek maite nautela sentitzen dut beti».

13. Zer egin dezakegu bileretan elkar indartzeko?

13 Elkar animatzeko lekurik onenetariko bat kongregazioko bilerak dira. Zergatik ez duzu bileran aurrea hartzen besteak indartzeko? Maite dituzula eta egiten dutena eskertzen duzula esan ahal diezu. Adibidez, bilera baten aurretik Peter izeneko adindunak hau esan zion senarra Lekukoa ez zuen arreba bati: «Ez dakizu zein animagarria den zu hemen ikustea. Beti dituzu zure sei haurrak bileretarako dotore-dotore eta komentarioak egiteko prest». Begiak malkoz beteta, horrela eskertu zion esandakoa: «Ez dakizu zenbat behar nuen gaur hitz hauek entzutea».

Jehobak predikazioaren bidez indartzen gaitu (Ikusi 14. paragrafoa)

14. Nola laguntzen digu predikazioak?

14 Predikazioa. Besteei Bibliako egiei buruz hitz egitean, indarberrituta sentitzen gara, entzuten diguten edo ez axola gabe (Es 11:25). Stacy izeneko arrebak predikazioak zenbat indartu gaitzakeen ikusi zuen. Senide bat kanporatua izan zenean, pena handia sentitu zuen eta honakoa galdetzen zion bere buruari behin eta berriz: «Laguntzeko nahikoa egin ote nuen?». Ezin zuen ideia hau burutik kendu. Zerk lagundu zion egoera zail hartan? Predikatzeak! Izan ere, predikatzean, laguntza behar zuen jendearengan pentsatzen hasi zen. Stacyk dio: «Garai hartan, ikasten zuena segituan praktikan jartzen zuen biblia-ikasle bat eman zidan Jehobak. Horrek izugarri animatu ninduen. Bizitzan oreka izaten gehien laguntzen didana predikazioa da».

15. Zer ikasten duzu Mary-k esandakotik?

15 Bizi duten egoerarengatik, batzuek predikazioan ez direla asko egiteko gai sentitu dezakete. Horrela sentitzen bazara, gogoratu Jehoba, ahal duzun guztia egiten baduzu, horrekin pozik dagoela. Lehen aipatutako Mary-ri gertatutakoa ikus dezagun. Beste hizkuntza bat hitz egiten zen toki batera joan zenean, oso mugatuta sentitu zen. Berak dio: «Denbora batez, predikatzean esaldi sinple bat esan, biblia-bertset bat irakurri edo esku-orri bat eskaini besterik ezin nuen egin». Besteek bezain ongi hitz egiteko gai ez zenez, gaizki sentitzen zen. Baina pentsaera aldatu zuen. Hizkuntza ongi hitz egin ez arren, Jehobak erabili zezakeela konturatzen hasi zen. Berak dio: «Bibliako egiak errazak dira, eta egia hauek dira jendearen bizitza aldatzen dutenak».

16. Zerk emango die indarra etxetik atera ezinik daudenei?

16 Jehobak predikazioan aritzeko dugun nahia ikusi eta estimatzen du, baita etxetik atera ezinik bagaude ere. Zaintzaile, mediku edo erizainei predikatzeko aukerak sortu ditzake. Orain egiten duguna lehen egiten genuenarekin konparatzen badugu, desanimatu egin gaitezke. Baina Jehoba orain nola ari zaigun laguntzen ulertzen badugu, edozein arazo poztasunez jasateko indarra edukiko dugu.

17. ⁠Kohelet 11:6⁠aren arabera, zergatik jarraitu behar dugu predikatzen, nahiz eta emaitzak berehala ez ikusi?

17 Ez dakigu landatzen dugun egiaren zein hazi errotu eta hazten hasiko den (Irakurri Kohelet 11:6). Adibidez, Barbara izeneko arrebak 80 urte baino gehiago ditu eta telefonoz eta eskutitzez predikatzeko ohitura du. Bidalitako eskutitzetako batean aldizkari honen 2014⁠ko martxoaren 1⁠eko ale bat sartu zuen. Aldizkari horretan Jainkoak gure alde egin duenaz hitz egiten zuen artikulu bat zegoen. Berak jakin gabe, kongregaziotik kanporatuta zegoen bikote bati bidali zion eskutitz hau. Aldizkaria behin eta berriz irakurri zuten. Senarra Jehoba berari zuzen-zuzenean hitz egiten ari balitzaio bezala sentitu zen. Bikotea bileretara joaten hasi zen eta azkenean, 27 urte ondoren, berriz ere Lekuko egin ziren. Eskutitz bakar baten emaitza positiboak ikustean, imajinatu zein animatuta eta indartuta sentituko zen Barbara!

Jehobak honako opariekin indartzen gaitu: 1) otoitza, 2) Biblia, 3) anai-arrebak eta 4) predikazioa (Ikusi 9-10, 12 eta 14 paragrafoak)

18. Zer egin behar dugu Jainkoak gu indartzeko?

18 Jehobak opari askoren bidez indartzen gaitu, adibidez, otoitza, Biblia, anai-arrebak eta predikazioa. Ziur gaude Jehobak guri laguntzeko gaitasuna eta nahia duela. Opari hauek erabiltzen ditugunean, gure zeruko Aitarengan konfiantza dugula erakusten dugu. Beraz, jarraitu dezagun konfiantza hau izaten, Jehobak «indarra ematen baitie bihotz osoarekin berarengan sinesten dutenei» (2 Kro 16:9, BJU).

sn 17. KANTA Aurrera lekukook!

^ § 5 Garai latzetan bizi gara, baina Jehobak zailtasunei aurre egiteko behar dugun laguntza ematen digu. Nahiz eta Paulo eta Timoteok arazoak izan, Jehoba zerbitzatzen jarraitu zuten. Jehobak hori egiten nola lagundu zien ikusiko dugu artikulu honetan. Gainera, bera zerbitzatzen jarraitzeko gaur egun ematen dizkigun lau opari ere aztertuko ditugu.

^ § 2 Izena aldatu egin da.

^ § 53 IRUDIAREN AZALPENA: Erroman, etxean atxilotuta dagoen bitartean, Paulok hainbat kongregaziori gutunak idazten dizkie eta bere bisitariei berri onei buruz hitz egiten die.

^ § 55 IRUDIAREN AZALPENA: Timoteok kongregazioak bisitatu ahala, anaiak animatzen ditu.