Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Zer iritzi izan beharko lukete Jehobaren lekukoek ezkontidea aurkitzeko webguneei buruz?

Dudarik gabe, Jehobak bi pertsona ezkontzean bikotea zoriontsu izatea eta iraungo duen harreman estua edukitzea nahi du (Mt 19:4-6). Ezkondu nahi baduzu, nola aurkitu dezakezu ezkontide ona? Jehoba gure Sortzailea denez, badaki zer egin behar dugun ezkonbizitza zoriontsua izateko. Beraz, berak eman dizkigun printzipioak jarraitzen badituzu, emaitzarik onenak izango dituzu. Ikus ditzagun hauetako printzipio batzuk.

Lehenengo, honakoa ulertu behar dugu: «Ez da ezer giza bihotza baino maltzurragorik, sendaezinagorik» (Jr 17:9). Ezkondu nahi duten bi pertsona ezagutu eta elkarrekin ateratzen hasten direnean, bata bestearekiko sentimenduak azkar indartu daitezke. Hau gertatzen denean, zaila izaten da erabaki zentzudunak hartzea. Bikoteak ezkontzeko erabakia emozioetan bakarrik oinarrituta hartzen badu, askotan biek bihotz hautsita bukatuko dute (Es 28:26). Horregatik, ez da zentzuduna harremanaren hasieran sentimendu sakonak adieraztea edo bata bestea ondo ezagutu baino lehen promesak egitea.

Esaera Zaharrak 22:3⁠ak dio: «Arriskua ikusi eta gorde egiten da zentzuduna, heldugabeak aurrera segitu eta kaltea jasan behar». Zer arrisku egon daitezke ezkontidea aurkitzeko webgune edo aplikazioetan? Tamalez, batzuek esperientzia txar bat izan dute interneten ezagutu duten norbaitek beraien sentimenduekin jokatu duenean. Gainera, beste batzuek profil faltsuak sortu dituzte pertsona inozoak engainatzeko eta hauei dirua lapurtzeko. Batzuetan, pertsona gezurti hauek Lekukoak direla esaten dute.

Ikusi dezagun beste arrisku bat. Webgune batzuek algoritmoak erabiltzen dituzte bikote egokia aurkitzeko. Hala ere, metodo hauek funtzionatzen duten frogarik ez dago. Askok ezkontzarekin lotuta dagoen erabaki inportante hau gizakiak egindako horrelako programen esku uzten dute. Baina, zentzuduna ote da hori egitea? Programa informatikoak ezin dira Bibliako printzipioekin konparatu ere egin (Es 1:7; 3:5-7).

Esaera Zaharrak 14:15⁠eko printzipioak honela dio: «Esaten den guztia sinesten du heldugabeak, nondik ibiliko aztertzen zentzudunak». Norbait zuretzat ezkontide ona izango dela erabaki aurretik, pertsona hori ondo ezagutu behar duzu. Baina webgune hauen bidez elkar ondo ezagutzea zaila izan daiteke. Nahiz eta bata bestearen profilaren informazioa ikusi eta elkarrekin mezuak partekatzen denbora asko igaro, pertsona hori benetan ezagutzen duzula esan al dezakezu? Batzuek benetako maitasuna aurkitu zutela pentsatu zuten. Baina, beste pertsona aurrez aurre ezagutzean, zur eta lur gelditu ziren.

Salmogileak esan zuen: «Ez naiz gezurtien mahaikide izan, ez eta itxuratiekin batera ibili» (Sal 26:4). Batzuentzat normala da webgune hauetako profiletan gezurrak esatea besteentzat erakargarriagoak izateko. Besteekin online harremanetan daudenean, beraien benetako izaera ezkutatzen dute edo euren ezaugarri txarrak ez dira agerian geratzen. Batzuek Jehobaren lekukoak direla esan arren, bataiatutako kristauak al dira benetan? Espiritualki helduak al dira? Jehobarekin harreman estua al dute? Izen ona al dute beraien kongregazioan? Edo gauza zentzugabeak egiten dituzte? Lagun txarrak al dira? (1 Ko 15:33; 2 Tm 2:20, 21). Biblia-printzipioen arabera ezkontzeko aske al daude? Galdera hauen erantzunak jakin behar dituzu. Baina, ondo ezagutzen duen beste Lekuko batekin hitz egiten ez baduzu, zaila izan daiteke erantzunak lortzea (Es 15:22). Eta, noski, Jehobaren zerbitzari leial batek ez luke pentsatu ere egingo «sinesgabekoekin uztartu» edo ezkontzea (2 Ko 6:14, IZB; 1 Ko 7:39).

Ezkontidea aurkitzeko webguneak erabiltzea arriskutsua dela ikusi dugunez, zure senarra edo emaztea izango dena ezagutzeko aukera aproposagoak bilatu ditzakezu. Non aurkitu dezakezu zure ezkontidea izan daitekeen norbait? Elkartzea debekaturik ez dagoenean, beste anai-arrebak ezagutzeko aukerak izan ditzakegu, adibidez, kongregazioko bileretan, biltzarretan eta beste ekitaldi batzuetan.

Elkarrekin denbora gehiago pasatzen duzuen heinean, helburu berdinak dituzuen argiago ikusiko duzu

Horrelako ekitaldi publikoak ospatu ezin direnean, adibidez COVID-19⁠aren pandemian zehar, kongregazioko bilerak gailu elektronikoen bidez egiten ditugu. Bertan ezkongabe dauden anai-arrebak ezagutzeko aukerak dituzu. Bileretan nola parte hartzen duten ikusi eta euren fedea erakusten duten iruzkinak entzun ditzakezu (1 Tm 6:11, 12). Gainera, bilera ondorengo talde murriztuetan, elkarrekin hitz egiteko aukera izan dezakezue. Bestalde, beste Lekukoekin bilera sozial birtualetan ere, zure interesa piztu duen pertsona horrek besteekin nola jokatzen duen ikusi dezakezu. Horrela, bere benetako izaera zein den antzemango duzu (1 P 3:4). Denborarekin, gehiago ezagutzen zareten heinean, helburu berdinak dituzuen eta elkarrekin ondo konponduko ote zareten jakingo duzue.

Ezkongabeek ezkontidea bilatzeko biblia-printzipioak erabiltzen dituztenean, ezkon-bizitza zoriontsuagoa izateko aukera gehiago dituzte. Esaera Zahar honek esaten duen moduan: «Emazte [edo senar] ona aurkitu duenak zoriona aurkitu du; Jaunak egiten du horrelako mesedea» (Es 18:22).