Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

1. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Ziur egon Jainkoaren Hitza egia dela

Ziur egon Jainkoaren Hitza egia dela

2023KO URTEKO AIPUA: Zure hitzaren esentzia egia da (SAL 119:160).

sjj 96. KANTA Jainkoaren liburua altxor bat da

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zergatik ez dute askok Biblian konfiantzarik jartzen?

 GAUR egun jende askok ez daki konfiantza norengan jarri. Politikariak, zientzialariak eta enpresariak errespetatzen dituzte, baina zalantzan jartzen dute benetan beraien alde lan egiten ari ote diren. Erlijioburuez ere ez dira asko fidatzen eta, hauek Biblia jarraitzen dutela esaten dutenez, Biblian ere ez dute konfiantzarik jartzen.

2. ⁠119. Salmoa 160⁠aren arabera, zertaz egon gaitezke konbentziturik?

2 Jehoba «egiaren Jaungoikoa» da eta guretzat beti onena nahi du. Horretaz guztiz konbentzituta gaude bere zerbitzariok (Sal 30:6, Ur [31:5, NWT]; Is 48:17). Biblian irakurtzen dugun guztian konfiantza daukagu, bere «hitzaren esentzia egia» delako b (Irakurri 119. Salmoa 160NWT c). Biblia aditu batek idatzi zuenarekin guztiz ados gaude: «Jainkoak esan duenetik ez dago gezurrezkoa den edo huts egingo duen ezer. Jainkoaren herriak berarengan konfiantza duenez, berak esandakoan konfiantza izan dezake».

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Nola lagundu ahal diegu besteei Jainkoaren Hitzean guk dugun konfiantza bera izaten? Biblian konfiantza izateko hiru argumentu aztertuko ditugu: bere zehaztasuna, profezien betetzea eta biziak aldatzeko duen boterea.

BIBLIAREN MEZUA EZ DA ALDATU

4. Zergatik pentsatzen dute batzuek Biblia aldatua izan dela?

4 Jehobak 40 bat gizon leial erabili zituen Bibliako liburuak idazteko. Baina jatorrizko eskuizkribuek ez dute gaur egun arte iraun. d Kopien kopiak besterik ez ditugu. Horregatik jende askok pentsatzen du: «Mezu bera al du gaur egun Biblian idatzia dagoenak eta hasiera batean idatzi zenak?». Zergatik egon gaitezke ziur hala dela?

Idazki Hebrearren kopiatzaileek izugarrizko esfortzua egin zuten Jainkoaren Hitza modu zehatzean kopiatu ahal izateko (Ikusi 5. paragrafoa)

5. Nola kopiatu ziren Idazki Hebrearrak? (Ikusi azaleko irudia)

5 Bibliaren mezua babesteko, Jehobak kopiak egiteko agindua eman zion bere herriari. Israelgo erregeek legearen kopia pertsonalak egin behar zituzten eta lebitarrek legea erakutsi behar zioten herriari (Dt 17:18; 31:24-26; Ne 8:7). Babiloniako desterrutik itzuli ondoren, kopista profesional talde batek Hebrear Idazkien kopia ugari egin zituen (Esd 7:6NWT). Gizon hauek arduratsuak ziren. Guztia zehatz kopiatzen zutela ziurtatzeko, denborarekin, hitzak kontatzeaz gain, letrak ere kontatzen zituzten. Hala ere, inperfektuak zirenez, akats txiki batzuk egin zituzten. Baina testu berdinaren kopia asko egin zirenez, akats horiek ikustea posible izan da. Ikus dezagun nola.

6. Nola identifikatu daitezke Bibliako kopietan egindako akatsak?

6 Adituek modu on bat dute Biblia kopiatu zutenek egindako akatsak identifikatzeko. Pentsa 100 gizonek orrialde bat eskuz kopiatu behar dutela. Hauetako batek akats txiki bat egiten du. Besteek egindako kopiekin konparatuz, akats hori non dagoen aurkitzeko gai izango ginateke. Era berean, Bibliako eskuizkribu asko konparatuz, adituek kopista batek egindako akatsak identifikatu ditzakete.

7. Zelako lana egin zuten Biblia kopiatu zutenek?

7 Bibliako eskuizkribuak kopiatzen zituztenak gogor saiatu ziren lan hori zehatz egiteko. Adibidez, Leningradoko Kodexa Idazki Hebrear osoen eskuizkribu zaharrena da eta K.o. 1008 edo 1009 urtean egin zen. Hala ere, orain dela gutxi, Leningradoko Kodexa baino 1.000 bat urte zaharragoak diren eskuizkribuak eta beste eskuizkribu batzuen zatiak aurkitu dituzte. Norbaitek esan dezake: «1.000 urte baino gehiagoz behin eta berriz kopiatuak izan eta gero, ez dut uste Leningradoko Kodexak beste eskuizkribuen antza handirik izango duenik». Ba bai, antza dute. Adituek eskuizkribu zaharrak eta berriak konparatu zituzten eta, hitz batzuetan desberdintasun txiki batzuk egon arren, esanahia ez dela batere aldatu esan zuten.

8. Zer ezberdintasun dago Idazki Grekoen eta antzinako beste liburuen kopien artean?

8 Lehen kristauek ere idazkien kopiak egiten zituzten. Idazki Grekoen 27 liburuen kopiak egiten zituzten kontu handiz, eta bileretan eta predikazioan erabiltzen zituzten. Gaur egun arte iraun duten Idazki Grekoen eskuizkribuak eta garai bereko beste lan batzuk konparatu ondoren, aditu batek esan zuen: «Orokorrean, [Idazki Grekoen kopia] gehiago daude […] eta normalean, osoagoak dira». Itun Berriari buruzko liburu batek dio: «[Idazki Grekoen] itzulpen on bat irakurtzen badugu, ziur egon gaitezke jatorrizko idazleek idatzi zuten gauza bera irakurtzen ari garela» (Anatomy of the New Testament).

9. ⁠Isaias 40:8⁠aren arabera, zer gertatu da Bibliarekin?

9 Mendeetan zehar kopistek egin zuten lan gogorrari esker, gaur egun irakurtzen eta aztertzen dugun Biblia zehatza da. e Jainkoak guretzat duen mezuak denboran zehar iraun du eta zehatz iritsi zaigu. Zalantzarik gabe, Jehobak lortu du hori (Irakurri Isaias 40:8). Hala ere, batzuentzat, Bibliak iraun izanak ez du frogatzen Jainkoak inspiratu duenik. Beraz, aztertu ditzagun argumentu gehiago.

BIBLIAKO PROFEZIAK FIDAGARRIAK DIRA

Ezkerra: C. Sappa/DeAgostini/Getty Images; eskubia: Image © Homo Cosmicos/Shutterstock

Bibliako profeziak iraganean eta orain betetzen ari dira (Ikusi 10 eta 11 paragrafoak) g

10. Zergatik esan dezakegu 2 Pedro 1:21⁠ak esaten duena egia dela? Eman adibide bat. (Ikusi irudiak)

10 Biblian, bete diren profezia asko aurkitu ditzakegu. Hauetako batzuk ehundaka urte lehenago aurresan ziren eta historiak bete zirela frogatzen du. Hau ez da harritzekoa, Jehoba baita profezia hauen egilea (Irakurri 2 Pedro 1:21). Hauetako batzuk antzinako Babilonia hiriaren suntsipenari buruzkoak dira. K.a. VIII. mendean, Isaias profetak Babilonia hiri boteretsua menderatua izango zela aurresan zuen. Gainera, Ziro izeneko gizon batek menderatuko zuela esan zuen, baita nola egingo zuen ere (Is 44:27-45:2). Honetaz gain, Babilonia denborarekin suntsitua izango zela eta inor ez zela bertan gehiago biziko profetizatu zuen Isaiasek (Is 13:19, 20). Horixe gertatu zen zehatz-mehatz. K.a. 539⁠an, mediar eta pertsiarrek Babilonia garaitu zuten, eta hiri handi eta ospetsu hura harri pila da gaur egun. (Ikusi Bibliak Babiloniaren suntsipena aurresan zuen bideoa Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren bertsio elektronikoan, 3. ikasgaia 5. ideia).

11. Nola betetzen ari da gaur egun Daniel 2:41-43?

11 Biblia profeziak ez ziren iraganean bakarrik bete, gaur egun ere betetzen ari dira. Adibidez, harrigarria da Danielen profeziak Angloamerikar potentziari buruz esaten zuena nola betetzen ari den (Irakurri Daniel 2:41-43). Profeziaren arabera, potentzia hau, alde batetik «indartsua» izango zen burdina bezala, eta bestetik «ahula» buztina bezala. Erresuma Batuak eta Estatu Batuek burdina bezain indartsuak direla erakutsi dute, bi Mundu Gerretan oso eragin handia eta militarki oso boteretsuak izanez. Baina sindikatu, eskubide zibilen kanpaina eta independentziaren aldeko mugimenduen bidez, hiritarrek ahuldu egin dute. Mundu mailako politikan aditua den gizon batek dio: «Gaur egun munduan ez dago politikoki Estatu Batuak bezain banaturik dagoen herrialde demokratikorik». Potentzia honen beste aldean ere, Erresuma Batuan, azken urte hauetan oso banatuta egon dira. Izan ere, Europear Batasuneko herrialdeekin zein harreman izan erabakitzean, iritzi kontrajarri asko daude. Banaketa hauek direla eta, Angloamerikar potentziari ia-ia ezinezkoa egiten zaio hartutako erabakiak gauzatzea.

12. Zertaz konbentzitzen gaituzte Bibliako profeziek?

12 Dagoeneko bete diren Bibliako profeziek, etorkizunekoak ere beteko direla ziurtatzen digute. Salmogileak Jehobari otoitzean esandakoarekin bat gatoz: «Zure salbamenaren irrikaz nago, zure hitza nire esperantza baita» (Sal 119:81NWT). Jehobak «itxaropenez beteriko etorkizuna» eman digu Biblian (Jr 29:11). Etorkizunerako esperantza hori dugu, ez gizakiek zerbait lortuko dutela uste dugulako, Jehobak promestu duelako baizik. Jarrai dezagun Jainkoaren Hitzean dugun konfiantza sendotzen. Horretarako Biblia profezien ikasle finak izan gaitezke.

BIBLIAKO AHOLKUEK MILIOIKA PERTSONEI LAGUNTZEN DIETE

13. ⁠119. Salmoa 66, 138 aipuen arabera, zein da Biblian konfiantza izateko beste arrazoi bat?

13 Badugu Biblian konfiantza izateko beste arrazoi bat: bere aholkua jarraitzen dutenei laguntzen diela (Irakurri 119. Salmoa 66, 138). Adibidez, dibortziatzeko zorian zeuden bikoteak, orain elkarrekin zoriontsu dira. Beraien seme-alabak ere familia kristau batean seguru eta maitatuak sentitzen dira (Ef 5:22-29).

14. Jendearen bizitza hoberako aldatzen duela erakusten duen adibide bat eman.

14 Bibliaren aholku onei esker, gaizkile arriskutsuek ere bizitzan aldaketa handiak egin dituzte. Hala gertatu zen Jack izeneko preso batekin. f Oso biolentoa zen. Heriotzaren korredorean zeuden presoen artean arriskutsuenetakoa zen. Baina egun batean, Jack Biblia ikastaro batean egon zen. Anaiak hain atseginak izateak bihotza ukitu zion eta bera ere Biblia ikasten hasi zen. Biblian ikasitakoa praktikan jartzen joan zen heinean, jokaera eta izaera hobetzen joan zen. Denborarekin, berriemailea izateko baldintzak bete zituen eta bataiatzera iritsi zen. Beste presoei Jainkoaren Erreinuari buruz gogo handiz predikatzen zien eta gutxienez hauetako lauri egia ikasten lagundu zien. Exekuzioaren egunean, Jack gizon berri bat zen. Bere abokatu batek honakoa esan zuen: «Jack ez da duela 20 urte ezagutu nuen pertsona bera. Jehobaren lekukoen irakaspenek bizitza aldatu zioten». Jack exekutatua izan zen, baina bere bizipenak Jainkoaren Hitzean konfiantza izan dezakegula eta bizitzak aldatzeko boterea duela erakusten du (Is 11:6-9).

Bibliako aholkuek jatorri askotako jende askoren bizitza hobetu dute (Ikusi 15. paragrafoa) h

15. Bibliako printzipioak jarraitzean, zertan da desberdina Jehobaren herria? (Ikusi irudia)

15 Bibliako printzipioak praktikan jartzen dituenez, Jehobaren herria elkartuta dago (Jn 13:35; 1 Ko 1:10). Mundu honetan dagoen banaketa politiko, etniko eta sozialarekin konparatuz, daukagun bakea eta elkartasuna oso nabaria da. Jean izeneko gizon gazte bat oso harrituta geratu zen Jehobaren lekukoen artean dagoen batasuna ikustean. Bera Afrikako herrialde batekoa da eta, gerra zibila hasi zenean, armadan sartu zen. Gero, aldameneko herrialde batera egin zuen ihes eta han Jehobaren lekukoak ezagutu zituen. Jeanek dio: «Benetako erlijioa dutenek politikan parte hartzen ez dutela eta elkarturik daudela konturatu nintzen. Batak bestea maite dute». Gainera dio: «Nire bizia herrialde bati eman nion, baina Bibliako egia ezagutu nuenean, Jehobari ematea erabaki nuen». Jeanen bizitza goitik behera aldatu zen. Desberdina den jendearen aurka borrokan ibili beharrean, topatzen duen jende guztiarekin Bibliako mezu baketsua konpartitzen du. Hain jatorri desberdineko pertsonek Bibliako printzipioak praktikan jartzen dituztenean, emaitza paregabeak lortzen dituzte. Ez al da hau Biblian konfiantza izateko pisuzko arrazoi bat?

SEGI JAINKOAREN EGIAZKO HITZEAN KONFIANTZA IZATEN

16. Zergatik da behar-beharrezkoa Jehobaren Hitzean dugun konfiantza sendotzea?

16 Mundu hau okerrera doanez, egian dugun konfiantza probapean jarriko da. Jendea gugan zalantzak sortzen saiatu daiteke, adibidez, Biblia benetan egia ote den edo Jehobak morroi leial eta zentzuduna gu gidatzeko erabiltzen ari ote den. Baina Jehobaren Hitza guztiz egia dela zeharo konbentzituta bagaude, horrelako erasoei aurre egingo diegu. Salmogileak egin zuen gauza bera egingo dugu: «Nire bihotza Zure aginduetara makurtu dut: zehatz eta beti betetzeko» (Sal 119:112, Ol, euskara batura egokituta). Besteei egiari buruz «lotsarik gabe» hitz egingo diegu eta Biblia printzipioak jarraitzera animatuko ditugu (Sal 119:46). Honetaz gain, egoera zailenak, baita pertsekuzioa ere, pazientziaz eta pozez jasateko gai izango gara (Kol 1:11; Sal 119:143, 157).

17. Zer gogoratzen lagunduko digu urteko aipuak?

17 Zenbat eskertzen dugun Jehobak egia irakatsi izana! Gero eta nahasiagoa eta kaotikoagoa den mundu honetan lasaitasuna, konfiantza eta gida ematen dizkigu. Egiak etorkizun hobe baten esperantza ematen digu: Jainkoaren Erreinupean izango ditugun bedeinkapenak. Beraz, gogoan izan dezagun 2023⁠ko urteko aipua. Lagundu gaitzala Jehobaren Hitz osoa, bai, bere esentzia, egia dela gogoratzen! (Sal 119:160NWT).

sjj 94. KANTA Jainkoaren Hitzarengatik esker ona

a 2023⁠rako aukeratu den aipuak fedea indartuko digu: «Zure hitzaren esentzia egia da» (Sal 119:160NWT). Seguru zu ere hitz hauekin ados zaudela. Baina jende askok ez du sinisten Biblia egia denik eta bere aholkuak guretzat onak direnik. Zer egin dezakegu bihotz onekoak horretaz konbentzitzeko? Aztertu ditzagun erabili ditzakegun hiru argumentu.

b ZER ESAN NAHI DU? Bertset honetan «esentzia» itzultzen den hitz hebrearrak zerbaiten osotasuna edo oinarria esan nahi du.

c 119. Salmoa 160NWT: «Zure hitzaren esentzia egia da, eta zure epai zuzen guztiek betirako irauten dute».

d «Eskuizkribua» eskuz eskribitutako edo idatzitako antzinako testua da.

e Bibliak gaur egun arte iraun duen moduari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo jw.org webgunera eta bilatzailean «Historia eta Biblia» idatzi.

f Izen batzuk aldatuak izan dira.

g IRUDIAREN AZALPENA: Jainkoak aurresan bezala, Babiloniako hiri ospetsua harri pila bihurtu zen.

h IRUDIAREN AZALPENA: Antzezpena. Borrokan ibili beharrean, gizon gazte batek bakean nola ibili ikasten du Bibliatik eta besteei gauza bera egiten laguntzen die.