Saltatu edukira

Barkamena eskatzea: Bakeak egiteko gakoa

Barkamena eskatzea: Bakeak egiteko gakoa

Barkamena eskatzea: Bakeak egiteko gakoa

«BARKAMENA eskatzea oso boteretsua da. Herrialdeen arteko gatazkak eta arazoak biolentziarik gabe konpontzen ditu. Gobernuek euren herritarren sufrimendua ulertzen dutela erakusten du. Eta adiskidetasunak berreskuratzen laguntzen du», idatzi zuen Deborah Tannen Washington, D.C.-ko Georgetown Unibertsitateko soziolinguista eta idazle famatuak.

Bibliaren arabera, bihotzez barkamena eskatzea kaltetutako harremanak konpontzeko oso modu ona da askotan. Hauxe erakutsi zuen Jesusek seme galduaren parabolarekin. Semea etxera itzuli eta bihotzez barkamena eskatu zuenean, aitak gogotsu hartu zuen berriz etxean (Lukas 15:17-24). Bai, behar bezain apalak izan behar dugu harrokeria alde batera utzi eta barkamena eskatzeko. Izan ere, bihotzez apalak bagara, errazagoa egingo zaigu barkamena eskatzea.

Barkamena eskatzearen boterea

Abigailek, antzinako Israelgo emakume zentzudun batek, ongi erakutsi zuen barkamena eskatzeak duen boterea, nahiz eta okerra bere senarrak, Nabalek, egin. Basamortuan bizi ziren bitartean, beranduago Israelgo errege izango zen Dabidek eta bere gizonek Nabalen artaldeak babestu zituzten. Baina Dabiden gizon gazteek janaria eta ura eskatu ziotenean, Nabal oso zakarra izan zen eta ez zien ezertxo ere eman. Dabid haserre bizian jarri zen eta 400 gizon hartu zituen Nabal eta bere gizonak hiltzeko. Abigailek egoera hura jakin zuenean, Dabidengana joan zen. Ikusi zuenean, oinetaraino makurtuz, esan zion: «Neurea, bai, neurea dut errua, jauna! Uztazu, otoi, mintzatzen eta entzun zeure mirabe honen hitzak». Abigailek egoera azaldu zion Dabidi eta janaria eta edaria oparitu zizkion. Orduan, Dabidek esan zion: «Igo bakean zeure etxera. Aditu dut zure ahotsa. Onartu dut zure eskaria» (1 Samuel 25:2-35).

Abigailek apaltasunez barkamena eskatu zuen eta, ondorioz, bizitza asko salbatu zituen. Dabidek ere eskerrak eman zizkion, berari esker ez zituelako errugabeak hil. Nahiz eta Abigail ez zen izan Dabid eta bere gizonak gaizki tratatu zituena, bere senarraren erruaren erantzule egin zen eta Dabidekin bakeak egin zituen.

Barkamena eskatzearen beste eredu bat Paulo apostolua izan zen. Behin, bere burua Sanedrinaren aurrean, hau da, juduen Biltzar Nagusiaren aurrean, defendatu behar izan zuen. Ananias apaiz nagusia asko haserretu zen Paulok esandakoarengatik eta honi ahoan jotzeko agindu zuen. Orduan, Paulok esan zion: «Jainkoak joko zaitu, horma zuritu hori! Ni legearen arabera epaitzeko zaude hor eseria; nola hausten duzu legea ni jotzeko aginduz?». Bertan zeudenek apaiz nagusia iraindu zuela esan ziotenean, Paulok berehala onartu zuen bere akatsa esanez: «Anaiok, ez nekien apaiz nagusia zenik. Bai, Liburu Santuak dio: “Ez madarikatu zeure herriko buruzagia”» (Eginak 23:1-5).

Paulok esan zuena zuzena zen. Epaile batek ez luke biolentziarik erabili behar. Hala ere, barkamena eskatu zuen apaiz nagusiari hitz egin zion moduarengatik. a Ondorioz, Sanedrina bera entzuteko prest egon zen. Paulok bazekienez Sanedrinaren kideak berpizkundearen sinesmenaren inguruan ados ez zeudela, bera berpizkundean sinesteagatik zegoela epaiketa hartan esan zien. Ondorioz, haien artean eztabaida piztu eta fariseuak Pauloren alde jarri ziren (Eginak 23:6-10).

Zer ikasi dezakegu Bibliako bi eredu hauetatik? Bi kasuetan barkamena eskatu zutelako egon ziren besteak entzuteko prest. Beraz, barkamena eskatzeak bakeak egiten laguntzen digu. Gure akatsak onartzeak eta egindako kaltearengatik barkamena eskatzeak arazoak modu errazagoan konpontzea lortu dezake.

«Baina, nik ez dut ezer txarrik egin»

Guk esan edo egindako zerbaitengatik norbait mindu dela ikusten dugunean, ez dela arrazoitsua izaten ari edo sentikorregia dela pentsatu dezakegu agian. Baina, Jesu Kristok honakoa aholkatu zien bere jarraitzaileei: «Aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu, utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera» (Mateo 5:23, 24).

Adibidez, anaia batek bere kontra zerbait egin duzula pentsa dezake. Horrelako egoeratan, zuk «lehenbizi senidearekin bakeak egitera» joan behar duzula esan zuen Jesusek, nahiz eta zuk ezer txarrik egin ez duzula pentsatu. Adierazpen honetan erabilitako hitz grekoak «haserrealdi baten ondoren batak besteari kontzesioak egitea» esan nahi du (Diccionario expositivo de palabras del Antiguo y del Nuevo Testamento exhaustivo, W.E. Vine, Guillermo Cook-ek itzulia eta berrikusia). Izan ere, biren artean desadostasun bat dagoenean, seguruenik neurri bateraino biek izango dute errua, biak direlako inperfektuak. Horregatik da beharrezkoa bakoitzak bere erruak onartzea eta batak besteari kontzesioak egitea.

Kontua ez da nork duen arrazoia, baizik eta nork ematen duen lehen pausoa bakea lortzeko. Paulo apostoluak korintoarrek euren anai-arrebak diru kontuengatik epaitegietara eramaten zituztela jakin zuenean, honakoa esanez zuzendu zituen: «Zergatik ez bidegabekeria jasan eta zeuen buruak larrutzen utzi?» (1 Korintoarrei 6:7). Pauloren hitz hauen arabera, kristauek ez lukete epaitegietara joan behar euren arteko kontuak zabaltzera. Irakaspena argia da: Kristauen arteko bakea mantentzea arrazoia nork duen erakustea baino garrantzitsuagoa da. Norbaitek bere aurka zerbait egin dugula pentsatzen duenean, printzipio hau gogoan izateak barkamena eskatzen lagunduko digu.

Eskatu barkamena bihotzez

Pertsona batzuk, ordea, beti ari dira barkamena eskatzen. Adibidez, Japonian, sumimasen hitza, barkamena eskatzeko erabiltzen dena, askotan entzuten da egunean zehar. Eskerrak emateko ere erabili daiteke, adibidez, jasotako mesede bat ezin duzunean bueltatu. Hainbeste erabiltzen denez, batzuek zalantzan jartzen dute bihotzez eskatutako barkamena ote den. Gauza bera gertatzen da beste kultura eta hizkuntza batzuetan.

Zein hizkuntzatan ari garen inporta gabe, beti eskatu behar dugu barkamena bihotzez. Hitzek eta tonuak ere benetan sentitzen dugula erakutsi behar dute. Jesukristok honakoa irakatsi zien bere jarraitzaileei Mendiko Hitzaldian: «Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator» (Mateo 5:37). Barkamena eskatzen baduzu, benetakoa izan dadila. Jarri dezagun adibide bat: Aireportuko ilara batean gizon bat itxaroten dago. Bere maletarekin, ondoan duen emakume bati kolpe bat eman eta barkamena eskatzen dio. Minutu batzuk beranduago, ilaran aurrera egiten dutenean, berriz ere beste kolpe bat ematen dio. Beste behin, edukazio handiarekin, barkamena eskatzen dio. Berriz ere gauza bera gertatzen denean, emakumearekin doan gizonak honakoa esaten dio: «Esan duzuna benetan sentituko bazenu, berriz ere kolperik ez emateaz ziurtatuko zinateke». Beraz, akats batengatik bihotzez barkamena eskatzen badugu, gogor saiatu behar dugu akats hori berriz ez errepikatzen.

Zintzoak bagara, gaizki egin dugula onartu, barkamena eskatu eta egindako kaltea konpontzen saiatu behar dugu. Minduta sentitu denak aldiz, berehala barkatu beharko lioke damutu denari (Mateo 18:21, 22; Markos 11:25; Efesoarrei 4:32; Kolosarrei 3:13) Denok inperfektuak garenez, hau egitea beti ez da erraza izango. Hala ere, barkamen hitzak oso garrantzitsuak dira bakeak egiteko.

Noiz ez dugu barkamenik eskatu behar?

Nahiz eta bakeak egiteko barkamena eskatzea garrantzitsua izan, pertsona zentzudunak badaki beti ez dela egokia hori egitea. Honen adibideak dira Jainkoari diogun leialtasunarekin zerikusia duten egoerak. Jesukristo lurrean egon zenean, «apaldu egin zuen bere burua, heriotzaraino menpeko eginez», tortura habean hiltzeraino (Filipoarrei 2:8). Sufrimendua arintzearren ez zuen bere sinesmenengatik barkamenik eskatu, ezta apaiz nagusiak honakoa agindu zionean ere: «Jainko biziarengatik eskatzen dizut: Esaguzu zinez zu al zaren Mesias, Jainkoaren Semea». Barkamena eskatu ordez, hauxe erantzun zuen ausardiaz Jesusek: «Zeuk esan duzu. Eta gehiago diotsuet: Oraindanik “Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei gainean etortzen” ikusiko duzue» (Mateo 26:63, 64). Jesusentzat bere Aitari leial izatea garrantzitsuagoa zen apaiz nagusiarekin bakean egotea baino.

Kristauek ohorea eta errespetua erakusten diete agintea dutenei. Hala ere, ez dute zertan barkamenik eskatu Jainkoari leial izateagatik eta euren anai-arrebak maitatzeagatik (Mateo 28:19, 20; Erromatarrei 13:5-7).

Bakea hautsi dezakeen ezer ez dagoenean

Gaur egun denok egiten ditugu akatsak Adamengandik inperfekzioa eta bekatua jaso dugulako (Erromatarrei 5:12; 1 Joan 1:10). Berez, Adam eta Eba perfektuak eta bekaturik gabeak ziren, baina Adam inperfektu bihurtu zen bere Sortzailearen aurka errebelatu zelako. Hala ere, gizakiak berriz perfektu egingo dituela promestu du Jainkoak. Bekatua eta honek sortu dituen ondorio guztiak kenduko ditu (1 Korintoarrei 15:56, 57).

Imajinatu horrek zer esan nahiko duen! Mingainaren erabileraren inguruan honakoa esan zuen Santiagok Jesusen anaiordeak: «Hizketan hutsik egiten ez duena bete-beteko pertsona da, bere izate osoa menpean edukitzeko gauza dena» (Santiago 3:2). Perfektua den pertsonak bere mingaina modu perfektuan menperatu dezake. Beraz, ez du inoiz barkamenik eskatu beharko esandakoarengatik. Bere «izate osoa menpean» edukitzeko gauza da. Zoragarria izango da perfektuak izatea! Jendearen arteko bakea hausten duen arazorik ez da egongo. Bien bitartean, zerbait gaizki egiten dugunean barkamena eskatzeak asko lagunduko du bakea mantentzen.

[Oin-oharra]

a Paulok agian ez zuen apaiz nagusia ezagutu ikusmen eskasa zuelako.

[Irudia]

Zer ikasi dezakegu Pauloren eredutik?

[Irudia]

Guztiak perfektu izatean ez du ezerk bakea hautsiko