Saltatu edukira

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

2 Korintoarrei 6:14an, nori buruz hitz egiten ari zen Paulo «sinesgabe» hitza erabiltzean?

2 Korintoarrei 6:14⁠ak honela dio: «Ez zaiteztela sinesgabekoekin uztartu» (Itun Zâr eta Berria, Erramun Olabide [Ol], euskara batura egokituta). Testuingurua aztertzen badugu, argi dago Paulo kristau kongregazioaren parte ez zirenei buruz hitz egiten ari zela. Beste aipu batzuetan Paulok erabiltzen dituen «sinesgabe» edo «sinesgabeak» terminoak azalpen honekin bat datoz.

Adibidez, Paulok kristauei errieta egin zien euren anai-arrebak auzitegira eramaten zituztelako, epaile «sinesgabeengana» eramanez (1 Korintoarrei 6:6, Ol, euskara batura egokituta). Hemen, sinesgabeak Korintoko auzitegiko epaileak ziren. Satanasek sinesgabeei adimena itsutu egin ziela esan zuen Paulok bere bigarren gutunean. Sinesgabe hauen begiak estalita zeuden berri onengandik. Pertsona hauek ez dute Jehoba zerbitzatzeko interesik erakutsi, Paulok bertset batzuk lehenago honakoa esan baitzuen: «Norbait Jaunarengana itzultzen denean bakarrik kentzen zaio estalkia» (2 Korintoarrei 3:16; 4:4).

Sinesgabe batzuek ez dute legea errespetatzen edo jainko faltsuak adoratzen dituzte (2 Korintoarrei 6:15, 16). Baina guztiak ez dira Jehobaren zerbitzarien aurka jartzen. Batzuek egian interesa azaltzen dute. Askok ezkontide kristaua dute eta beraiekin ezkonduta egoten jarraitu nahi dute (1 Korintoarrei 7:12-14; 10:27; 14:22-25; 1 Pedro 3:1, 2). Hala ere, Paulok «sinesgabea» terminoa kristau kongregazioaren parte ez direnei buruz hitz egiteko erabili zuen, kongregazioa «Jaungoikoarengan sinesten» dutenen artean osatuta dagoelako (Eginak 2:41; 5:14, Biblia, José Antonio Uriarte, euskara batura egokituta; 8:12, 13).

2 Korintoarrei 6:14⁠ko printzipioa kristau bizitzako arlo guztietarako oso baliagarria da, eta bereziki norbaitek ezkondu nahi duenean (Mateo 19:4-6). Jehobari bere burua eskaini eta bataiatu den kristauak, zuhurtziaz jokatuz, ez du sinesgabeen artean ezkontiderik bilatuko, sinesgabeen eta benetako kristauen balore, helburu eta sinesmenak oso desberdinak direlako.

Baina, zer gertatzen da Biblia aztertu eta bileretara joaten direnekin? Eta bataiatu gabeko berriemaileekin? Sinesgabeak al dira? Ez. Berri onen egia onartu eta bataiatzeko pausoak ematen ari direnei ezin zaie sinesgabe deitu (Erromatarrei 10:10; 2 Korintoarrei 4:13). Bataiatu aurretik, Korneliok «Jainkoa gurtzen zuen» eta begirunea zion (Eginak 10:2).

2 Korintoarrei 6:14⁠ko hitzek bataiatu gabeko berriemaile bati ez diotenez zentzu zorrotz batean aplikatzen, zuhurra izango al litzateke berarekin atera eta ezkontzea? Ez, ez litzateke zuhurra izango. Zergatik? Paulok honako aholkua eman zielako kristau alargunei: «Nahi duenarekin ezkontzeko libre da, Jaunarengan bada soilik» (1 Korintoarrei 7:39NWT). Aholku honen arabera, bataiatutako kristauek «Jaunarengan» daudenekin soilik ezkondu beharko lirateke.

Zer esan nahi dute «Jaunarengan» eta honekin erlazionatuta dagoen «Kristorengan» esamoldeek? Paulok Erromatarrei 16:8-10 (NWT) eta Kolosarrei 4:7 (NWT) pasarteetan «Kristorengan» eta «Jaunarengan» zeuden pertsonei buruz hitz egin zuen. Pasarte hauetan, pertsona hauei lankide, onetsi, anaia maite, zerbitzari leial eta esklabokide deitzen zaie.

Noiz bihurtzen da norbait «Jaunarengan esklabokide»? Esklabo batek egin behar duena gogo onez egiten duenean eta bere buruari uko egiten dionean. Jesusek honakoa esan zuen: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea [“torturarako habea”, NWT] hartu eta jarrai biezat» (Mateo 16:24). Pertsona bat Jesu Kristo jarraitzen eta Jainkoaren nahia guztiz betetzen hasten da bere burua Jainkoari eskaintzen dionean. Ondoren, bataiatu egiten da, Jehobarekin adiskidetasun estua lortuz. a Beraz, Jaunarengan ezkontzea benetako sinestuna dela frogatu duen norbaitekin ezkontzea esan nahi du, hau da, «Jainkoaren eta Jesus Jaunaren morroi» izateko bere burua eskaini duen norbaitekin ezkontzea (Santiago 1:1, Ol, euskara batura egokituta).

Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen eta espiritualki aurrera pausoak ematen ari dena oso ondo egiten ari da. Hala ere, oraindik ez dio bere burua Jehobari eskaini eta ez du bere bizitza Jehobaren zerbitzuan erabiltzeko hitzik eman. Ezkontzan pentsatu aurretik, bere bizitzan aldaketak egin behar ditu eta bere burua Jehobari eskaini behar dio.

Demagun kristau batek Biblia aztertzen ari den eta espiritualki aurrera pausoak ematen ari den pertsona batekin atera nahi duela, agian, bataiatu ondoren berarekin ezkontzeko helburuarekin. Gomendagarria izango al litzateke horrela jokatzea? Ez. Biblia ikasle batek Biblia aztertzeko motibazio okerra izan dezake, bataiatu orduko kristau bat berarekin ezkonduko dela baldin badaki.

Normalean, pertsona bat denbora batez bakarrik izaten da bataiatu gabeko berriemailea, hau da, bataiatzen den arte. Beraz, Jaunarengan soilik ezkontzeko aholkua arrazoitsua da. Orduan, zer gertatzen da ezkontzeko adinean dagoen norbait txikitatik familia kristau batean hezi bada eta kongregazioan urte askoz zerbitzatu badu, baina oraindik bataiatu gabeko berriemailea bada? Zergatik ez dio oraindik Jehobari bere bizitza eskaini? Zerk oztopatzen dio pauso hori ematea? Zalantzarik al du? Egia da ez dela sinesgabea, baina ezin da esan «Jaunarengan» dagoenik.

Paulok ezkontzari buruz eman zuen aholkua gure onerako da (Isaias 48:17). Bi pertsonak ezkondu nahi badute, bataiatuta egon beharko lirateke. Jehobarekin duten adiskidetasun estuak ezkon bizitza sendoa izaten lagunduko die. Balio moral eta helburu berdinak dituztenez, errazagoa egingo zaie ezkon bizitza zoriontsua izatea. Are gehiago, Jaunarengan ezkontzen bagara, Jehobari leialtasuna erakutsiko diogu eta betirako bedeinkapenak jasoko ditugu, Jehoba «leialarentzat leial» baita (18. Salmoa 26 [18:25, NWT]).

[Oin-oharra]

a Paulok hitz hauek kristau gantzutuei idatzi zizkien. Beraien kasuan, «Jaunarengan esklabokide» izatea, Jainkoaren seme eta Kristoren anaia bezala gantzutu izatea ere esan nahi zuen.

[Irudia]

«Leialarentzat leial zara»