Saltatu edukira

«Gainean da Jaunaren egun handia»: Aurrera egin heldutasunera

«Gainean da Jaunaren egun handia»: Aurrera egin heldutasunera

«Gainean da Jaunaren egun handia»: Aurrera egin heldutasunera

«Egin dezagun aurrera heldutasunera» (HEB 6:1NWT).

1, 2. Zergatik egin behar zuten ihes Judeako kristauek, eta nola egin ahal izan zuten?

 BEHIN Jesusen jarraitzaileak berarengana gerturatu eta esan zioten: «Esaguzu noiz gertatuko den hori, eta zein izango den zure etorreraren eta munduaren azkenaren ezaugarria». Jesusek profezia batekin erantzun zien, eta honen lehen betekuntza lehen mendean gertatu zen. Jesusek gertaera harrigarri batez hitz egin zuen eta, honek, amaiera bertan zegoela adieraziko zuen. Hau gertatzen ikustean, Judean bizi zirenek honakoa egin behar zuten: «Ihes egin bezate mendietara» (Mt 24:1-3, 15-22). Antzemango al zuten Jesusen jarraitzaileek ezaugarri edo seinale hau? Eta jarraituko al zituzten jasotako argibideak?

2 30 bat urte beranduago, 61. urtean, Paulo apostoluak aholku argia emateko gutun bat idatzi zien Jerusalem eta inguruko kristauei. Paulo eta beste kristauek oraindik ez zekiten arren, bost urte inguru bakarrik gelditzen ziren Jesusen profezia betetzeko (Mt 24:21). Erromatarrek, 66. urtean, Zestio Galo buru zutela, Jerusalem inguratu zuten. Baina garaipena eskura zutenean, Zestio Galok handik joateko agindu zien soldaduei. Horrela, Jerusalemgo kristauek ihes egiteko aukera izan zuten.

3. Zer aholku eman zien Paulok kristauei, eta zergatik?

3 Kristauek bereizmen espirituala behar zuten gertatzen ari ziren gauzen esanahia antzemateko eta ihes egiteko beharra ikusteko. Hala ere, batzuk «ulertzeko motel» bihurtu ziren. Izan ere, espiritualki «esnea» behar zuten haur txikiak bezalakoak ziren (Irakurri Hebrearrei 5:11-13). Nahiz eta batzuk denbora luzez kristauak izan, Jainkoarengandik aldenduta zeuden (Heb 3:12). Batzuek kristau bilerak galtzeko ohitura zuten «Jaunaren eguna hurbiltzen» ari zen garai hartan (Heb 10:24, 25). Horregatik, Paulok aholku hau eman zien: «Kristoren oinarrizko irakaspenak atzean utzi ditugunez, egin dezagun aurrera heldutasunera» (Heb 6:1NWT).

4. Zergatik da garrantzitsua espiritualki erne egotea, eta zerk lagunduko digu erne egoten?

4 Jesusen profeziaren azken betekuntzaren garaian bizi gara. «Gainean da Jaunaren egun handia», hau da, Jainkoak Satanasen mundua suntsituko duen eguna (So 1:14). Inoiz ez bezala, espiritualki erne egon behar dugu (1 P 5:8). Benetan ari al gara hau egiten? Kristau heldutasunak azken egunetan bizi garela ez ahazten lagunduko digu.

Zer da kristau heldutasuna?

5, 6. a) Zer esan nahi du espiritualki heldu izateak? b) Heldutasunera aurrera egiteko, zer bi gauza egin behar ditugu?

5 Paulok Jerusalemgo kristauek heldutasunera aurrera egin behar zutela esan zien, baita heldua izateak zer esan nahi duen ere (Irakurri Hebrearrei 5:14, NWT). Helduak direnek «esnea» baino gehiago nahi dute, «janari sendoa» nahi dute. Horregatik, egiari buruzko funtsezko gauzak ezagutzen dituzte, baita gauza sakonak ere (1 Ko 2:10). Are gehiago, ezagutzen dutenaren erabileraren bidez, ona eta txarra bereizteko gaitasuna entrenatu dute. Horrela, erabaki bat hartu behar dutenean, Biblia printzipioetan oinarritzeko eta praktikan jartzeko gai dira.

6 Paulok honakoa idatzi zuen: «Gero eta arreta handiagoa jarri behar dugu entzun dugun mezuan, bidetik oker ez gaitezen» (Heb 2:1). Fedearen bidetik konturatu gabe okertu gaitezke. Hori ez gertatzeko, «gero eta arreta handiagoa jarri behar dugu» Biblia aztertzean. Horregatik, gutako bakoitzak honako galderak egin beharko lituzke: «Funtsezko gauzak bakarrik aztertzen al ditut? Benetan gustatzen al zait Biblia irakurtzea ala mekanikoki egiten dut? Nola sendotu dezaket nire fedea?». Heldutasunera aurrera egiteko, bi gauza egiten saiatu behar dugu: batetik, Biblia ondo ezagutu behar dugu eta, bestetik, obeditzen ikasi behar dugu.

Ondo ezagutu Biblia

7. Nola lagunduko digu Jainkoaren Hitza hobeto ezagutzeak?

7 Paulok hurrengoa idatzi zuen: «Esnez elikatzen jarraitzen duenak ez du justiziaren hitza ezagutzen, haur txiki bat delako» (Heb 5:13NWT). Heldutasuna lortzeko Jainkoaren mezua sakonki ezagutu behar dugu. Mezu hori Biblian dagoenez, Jainkoaren Hitza eta morroi leial eta zentzudunaren argitalpenak arreta osoz aztertu behar ditugu (Mt 24:45-47). Horrela, Jainkoaren pentsaera barneratu eta bereizteko gaitasuna sendotuko dugu. Ikus dezagun Rosari gertatutakoa. a Berak dio: «Biblia egunero irakurtzen hasi nintzenean, nire bizitza aldatu zen. Bi urte inguru behar izan nituen Biblia osoa irakurtzeko, baina lehen aldiz nire Sortzailea benetan ezagutzen ari nintzela sentitzen nuen. Gauza asko ikasi nituen Jehobari buruz, esaterako, zer gustatzen zaion eta zer gorroto duen, eta zein boteretsua eta jakintsua den. Biblia egunero irakurtzea euskarri bat izan da nire bizitzako momentu zailenetan».

8. Nola laguntzen digu Biblia irakurtzeak?

8 Biblia irakurtzeko ohitura badugu, «eragin handikoa» izango da guretzat (Irakurri Hebrearrei 4:12). Honek gure izaera moldatzen eta Jehoba pozten lagunduko digu. Uste al duzu Biblia irakurtzeko eta honetan hausnartzeko denbora gehiago hartu beharko zenukeela?

9, 10. Zer esan nahi du Jainkoaren Hitza sakonki ezagutzeak? Jarri adibide bat.

9 Biblia ezagutzea inportantea den arren, ez da nahikoa. Pauloren garaiko Jerusalemgo kristauek Jainkoaren Hitzak zioena ezagutzen zuten seguruenik. Baina ezagutzen zuten hori ez zuten praktikan jartzen eta ez zituzten aholku horiek kontuan hartzen erabakiak hartzerako garaian.

10 Ezin dugu esan Jainkoaren Hitza sakonki ezagutzen dugunik bere irakaspenak ez baditugu praktikan jartzen. Kyle izeneko arreba baten bizipenak hau nola egin daitekeen erakusten digu. Lankide batekin eztabaida bat izan zuenean, zerk lagundu zion arazo hura konpontzen? Hau dio: «Segituan gogoratu nuen Bibliak Erromatarrei 12:18⁠an dioena: “Zeuen aldetik eta ahal den neurrian, izan bakean guztiekin”. Lana amaitu ostean, berarekin hitz egitea erabaki nuen». Elkarrizketa oso ondo joan zen eta lankidea harrituta geratu zen Kylek emandako pausoarengatik. «Biblia printzipioak jarraituz gero, gauzak beti hobeto ateratzen direla ikasi nuen», dio Kylek.

Obedienteak izaten ikasi

11. Zerk erakusten du egoera zailen aurrean obeditzea erronka bat izan daitekeela?

11 Bibliak dioena obeditzea ez da beti erraza izaten, batez ere egoera zailetan gaudenean. Adibidez, Jehobak israeldarrak Egiptoko esklabutzatik askatu eta denbora gutxira, Moisesekin eztabaidan eta Jehoba probapean jartzen hasi ziren. Zergatik? Ez zutelako urik edateko (Ir 17:1-4). «Jaunak esandako guztia» beteko zutela zin egin eta bi hilabete baino lehenago idolatriari buruzko legea hautsi egin zuten (Ir 24:3, 12-18; 32:1, 2, 7-9). Zergatik hautsi zuten egindako promesa? Agian Moises Horeb mendian luzatzen ari zela ikustean, beldurtu egin ziren erasotuak izango ote ziren pentsatuz. Izan ere, ordurako amalektarrek eraso zieten batean, Moisesek besoei goian eutsiz garaipena lortzen lagundu zien. Zer egingo zuten orain berriro erasotzen bazieten? (Ir 17:8-16). Arrazoia zein izan zen axola gabe, israeldarrek «ez zuten haren esanik egin nahi izan» (Eg 7:39-41). Beldurraren ondorioz, israeldarrak ez ziren promestutako lurraldean sartu. Horregatik, Paulok gogor lan egitera animatu zituen kristauak, israeldarren akats bera egin ez zezaten (Heb 4:3, 11).

12. Nola ikasi zuen Jesusek lurrean egon zenean obedientea izaten eta nola lagundu zion ikasitako horrek?

12 Heldutasunera aurrera egiteko, ahal dugun guztia egin behar dugu Jehoba obeditzeko. Obedientzia, askotan, sufritzen ikasten da, Jesusi gertatu zitzaion bezala (Irakurri Hebrearrei 5:8, 9). Zeruan zegoenean, Jesusek bere Aitari beti obeditzen zion. Baina lurrera etorri zenean ez zitzaion erraza egin Jehoba obeditzea. Izan ere, sufrimendu fisiko eta emozional handia jasan behar izan zuen. Baina egoera zailenetan ere obeditzean, «bete-beteko izatera iritsi» zen Jehobak berarentzako zituen eginkizun berriak betetzeko: Errege eta Apaiz Nagusi izatea.

13. Zerk erakusten du obedienteak izaten ikasi dugula?

13 Eta gu? Prest al gaude egoera zailenetan ere Jehoba obeditzeko? (Irakurri 1 Pedro 1:6, 7). Jehobak aholku argiak ematen ditu ondorengo gaien inguruan: moraltasuna, zintzotasuna, hizkera egokia, Bibliaren irakurketa eta ikasketa, bileretara joatea eta predikatze-lanean aritzea (Jos 1:8; Mt 28:19, 20; Ef 4:25, 28, 29; 5:3-5; Heb 10:24, 25). Obeditzen al diogu Jehobari arlo hauetan egoera zailetan egonda ere? Gure obedientziak heldutasunean aurrera egiten ari garela erakusten du.

Nola laguntzen digu kristau helduak izateak?

14. Nola babestu zuen anaia bat espiritualki heldua izateak?

14 Ondo eta gaizki dagoena bereizteko gaitasuna lantzen badugu, honek «zentzu morala galdu» duen mundu honetako jendearen jarreratik babestuko gaitu (Ef 4:19). Pentsatu dezagun Jorge izeneko anaia bati gertatutakoan. Biblian oinarritutako argitalpenak irakurtzeko ohitura zuen eta asko estimatzen zituen hauek. Behin, lankide guztiak emakumeak ziren lan bat onartu zuen. Jorgek hurrengoa dio: «Emakume hauetako asko zeharo moralgabeak ziren eta ez zuten ezkutatzen. Baina lankideetako bat jatorra zirudien eta Biblian interesa agertzen hasi zen. Hala ere, gure inguruan beste inor ez zegoen batean, ni seduzitzen saiatu zen. Hasieran, txantxetan zebilela pentsatzen nuen, baina berak aurrera egin nahi izan zuen eta nik ez nekien nola geldiarazi. Orduantxe, Talaiako bizipen bat gogoratu nuen. Anaia batek nire antzeko egoera bati aurre egin behar izan zion. Artikuluan Jose eta Potifarren emaztearen pasartea aipatzen zen. Beraz, berehala nire albotik aldendu nuen eta alde egin zuen» (Has 39:7-12). Jorge oso lasai gelditu zen ez zelako ezer larririk gertatu eta kontzientzia garbi mantendu ahal izan zuelako (1 Tm 1:5).

15. Nola laguntzen digu heldutasunak Jehobari diogun leialtasuna sendotzen?

15 Heldutasunak Jehobari diogun leialtasuna sendotzen ere lagunduko digu. Ez hori bakarrik, «edozein eratako doktrina arrotze[tik]» ere babesten gaitu (Irakurri Hebrearrei 13:9). Espiritualki aurrera egiten saiatzen garenean, «garrantzitsuenak» diren gauzetan jartzen dugu arreta (Flp 1:9, 10NWT). Gainera, Jehobak gure alde egin dituen gauza guztiengatik eskertuta sentitzen gara (Erm 3:24). «Irizpideetan» eta ulermenean «pertsona helduak» diren kristauek esker ona eta Jehobarekin adiskidetasun estua garatzen dute (1 Ko 14:20).

16. Zerk lagundu zion arreba bati adorea izaten?

16 Luisa izeneko arreba batek bataiatu ondoren berarentzat garrantzitsuena besteek berari buruz zuten iritzia zela onartzen du. Honakoa dio: «Ez nintzen ezer txarrik egiten ari, baina ez nuen Jehoba zerbitzatzeko desira sutsurik. Denborarekin, Jehobari hoberena emateko aldaketak egin behar nituela konturatu nintzen. Aldaketarik handiena Jehoba bihotz osoz adoratzea eta nire bizitzan Jehobaren zerbitzuari lehentasuna ematea izan zen». Ahalegin horri esker, Luisak beharrezko adorea izan zuen aurrerago osasun arazo larri bati aurre egin behar izan zionean (St 5:8). Luisak dio: «Asko sufritu nuen, baina Jehobarengandik oso gertu sentitu nintzen».

Izan obedienteak bihotzez

17. Zergatik izan zen bereziki garrantzitsua obedientzia lehen mendean?

17 Heldutasunera aurrera egiteko Pauloren aholkuak bizia salbatu zien Jerusalemen eta Judean bizi ziren kristauei. Pauloren aholkua jarraitu zutenak Jesusen seinalea antzemateko gai izan ziren. Jesusek aurretik ohartarazi zien: «Ihes egin […] mendietara». Orduan, «profanatzaile higuingarria toki santuan ezarria» ikusi zutenean, hau da, Erromako soldaduak Jerusalem inguratzen eta hirira sartzen ikusi zituztenean, ihes egiteko ordua iritsi zela konturatu ziren (Mt 24:15, 16). Kristau hauek Jesusen abisu profetikoa gogoratu eta Jerusalemdik ihes egin zuten hau suntsitua izan aurretik. Eusebio historialariaren arabera, Pela izeneko hirira joan ziren. Honi esker, Jerusalemek inoiz jasan duen suntsipenik latzenetik libratu ziren.

18, 19. Zergatik da garrantzitsua obedientzia gaur egun?

18 Helduak izateak obedienteak izaten lagunduko digu. Obedientziak bizia salbatuko digu larrialdi handiari buruzko Jesusen profezia betetzen denean (Mt 24:21). Obedituko ote ditugu etorkizunean morroi leialak emango dizkigun jarraibide guztiak? (Lk 12:42). Zein inportantea den beti bihotzez obedienteak izatea! (Erm 6:17).

19 Heldutasunera iristeko, bereizteko gaitasuna landu behar dugu. Horretarako, Jainkoaren Hitza ondo ezagutu eta obedienteak izaten ikasi behar dugu.

[Oin-oharra]

a Izen batzuk aldatuak izan dira.

Zer ikasi dugu?

• Zer esan nahi du espiritualki heldua izateak, eta nola lortzen dugu heldutasun hori?

• Nola laguntzen digu Jainkoaren Hitza ondo ezagutzeak heldutasunera aurrera egiten?

• Nola ikasten dugu obedienteak izaten?

• Nola laguntzen digu kristau helduak izateak?

[Ikasketako galderak]

[Irudia]

Bibliako aholkuak praktikan jartzeak arazoei heldutasunez aurre egiten laguntzen digu

[Irudia]

Jesusen aholkua jarraitzeak bizia salbatu zien lehen mendeko kristauei