Saltatu edukira

Zergatik errespetatu behar dute emakumeek buruzagitza antolaketa?

Zergatik errespetatu behar dute emakumeek buruzagitza antolaketa?

Zergatik errespetatu behar dute emakumeek buruzagitza antolaketa?

«Emakumearen buru gizona» da (1 KO 11:3).

1, 2. a) Zer idatzi zuen Paulo apostoluak Jehobaren buruzagitza antolaketari buruz? b) Zer galdera aztertuko ditugu artikulu honetan?

 PAULO apostoluak «gizon ororen buru Kristo dela eta Kristoren buru Jainkoa» dela esan zuen. Antolakuntza hau Jehobak berak erabaki du (1 Ko 11:3). Jesusek pozik errespetatzen du bere Buruaren, Jehobaren, agintea. Hau berarentzat ohore bat da. Bestalde, gizon kristauen burua Jesu Kristo da. Bera errukitsua eta atsegina zen jendearekin, eta ez zuen berekoikeriaz jokatzen. Beraz, kristauek era berean jokatu behar dute besteekin, bereziki euren emaztearekin.

2 Eta nor da emakumeen burua? «Emakumearen buru gizona» dela idatzi zuen Paulok. Zer ikuspuntu izan beharko lukete emakumeek adierazpen honen inguruan? Errespetatu behar al du emazte batek bere senarraren agintea hau Jehobaren zerbitzaria ez denean ere? Esan nahi al du printzipio honek ezin duela pentsatzen edo sentitzen duena adierazi familian erabakiak hartzerakoan? Nola lortu dezake emazteak senarraren errespetua?

Gizonarentzat laguntzaile bat

3, 4. Zergatik da buruzagitza antolaketa jarraitzea ezkon harremanean lagungarria?

3 Buruzagitza antolaketa Jainkoarengandik dator. Adam sortu ostean, Jehobak ondorengoa esan zuen: «Ez da on gizona bakarrik egotea; egin diezaiodan berari dagokion laguna». Eba sortua izan eta gero, poz-pozik Adamek ondorengoa esan zuen lagunduko zion adiskide bat zuelako: «Hau bai dela ene hezurraren hezur, ene haragiaren haragi!» (Has 2:18-24). Adamek eta Ebak gizaki perfektu guztien aita eta ama izateko helburu zoragarria zuten. Denak batera lur osoa paradisu bihurtu eta bertan zoriontsu biziko ziren.

4 Gure lehen gurasoek Jainkoa desobeditu zutenez, betirako bizitzeko aukera galdu zuten (Irakurri Erromatarrei 5:12). Baina buruzagitza antolaketak indarrean jarraitzen du. Modu egokian jarraitzean, ezkon bizitzan zoriontasuna eta emaitza onak lortzen dira. Jesusek bere Buruaren, Jehobaren, agintea errespetatzean duen poztasun berdina izan dezakete bikoteek. Lurrera etorri aurretik Jesusek Jehobaren aurrean eten gabe «gozatzen» zuen (Es 8:30, Biblia, José Antonio Uriarte). Noski, inperfektuak garenez, senarrak ezin dio bere emazteari gida perfektua eman eta honek ere ezin du gida hau modu perfektuan jarraitu. Hala ere, senar-emazteek antolaketa hau errespetatzeko ahal duten guztia egiten badute, gaur egun eduki daitekeen ezkon harremanik zoriontsuena lortuko dute.

5. Zergatik jarraitu beharko lukete ezkonduek Erromatarrei 12:10⁠eko aholkua?

5 Zoriontsuak izateko, ezkonduek Bibliako aholku hau jarraitu behar dute: «Anaiarteko maitasunez maite egizue alkar, alkarri lehenengo tokia emonez» (Erm 12:10, Euskal Biblia, Jaime Kerexeta, ortografia egokituta). Gainera, senar-emazteak gogor saiatu behar dira hurrengo aholkua betetzen: «Izan zaitezte elkarrentzat on eta bihozbera, elkarri barkatuz» (Ef 4:32).

Ezkontideak Jehoba zerbitzatzen ez duenean

6, 7. Zer gertatu daiteke emazte kristau batek senarraren agintea errespetatzen badu, nahiz eta hau Jehobaren zerbitzaria ez izan?

6 Zer gertatzen da ezkontide batek ez badu Jehoba zerbitzatzen? Askotan senarra da Lekukoa ez dena. Egoera horietan, nola tratatu beharko luke emazteak bere senarra? Bibliak dio: «Zuek ere, emazteok, izan zaitezte zeuen senarren menpeko; horrela, horietakoren batzuek salbamen-mezua onartzen ez badute ere, emazteen jokabideak, eta ez hitzek, salbamenerako irabaz ditzan, zuen jokabide garbi eta errespetuzkoa ikusteak, alegia» (1 P 3:1, 2).

7 Bibliaren arabera, emazte kristauak senarraren agintea errespetatu behar du, nahiz eta hau Jehobaren zerbitzaria ez izan. Honela jokatzen badu, agian senarrari jakinmina piztuko zaio. Orduan, Biblia aztertzen hasi daiteke eta azkenean egia onartzera ere heldu daiteke.

8, 9. Zer egin dezake kristaua den emazteak ondo jokatu arren senarrak Jehoba ez zerbitzatzea erabakitzen badu?

8 Baina zer gertatzen da Lekukoa ez den senarrak Jehoba zerbitzatzea erabakitzen ez badu? Bibliak ezaugarri kristauak une oro erakustera animatzen du emaztea, nahiz eta hau egitea erraza ez izan. Esaterako, 1 Korintoarrei 13:4 k (NWT) «maitasuna pazientziaduna» dela dio. Ondorioz emazteak «apal, otzan eta jasankor, elkar maitekiro eramanez» jokatu behar du (Ef 4:2). Jainkoaren espiritu santuaren laguntzarekin, egoera zailenetan ere ezaugarri kristauei eustea lortu daiteke.

9 «Altxor baliotsu hau buztinezko ontzitan daramagu, garbi ager dadin honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik», idatzi zuen Paulok (2 Ko 4:7). Jainkoaren espirituari esker, kristaua den ezkontideak bere kabuz egin ahal ezingo zituzkeen gauza asko egin ditzake. Adibidez, Lekukoa ez den senarrak emaztea zakar tratatzen duenean, erraza izan daiteke berdin erantzun nahi izatea. Hala ere, Bibliaren arabera kristauok honela jokatu behar dugu: «Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde. […] Liburu Santuak hau baitio: “Neuri dagokit mendekua, neuk emango diot bakoitzari berak merezia”. Hau dio Jaunak» (Erm 12:17-19). Antzera, 1 Tesalonikarrei 5:15 ak honako aholkatzen digu: «Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde eta saia zaitezte beti elkarri eta denei ongi egiten». Jehobaren espiritu santuaren laguntzarekin, gure indarrez ezinezkoa dena posible bihurtzen da. Horregatik da hain garrantzitsua Jainkoari bere espiritua eskatzea!

10. Nola erantzun zuen Jesusek besteen ekintza eta hitz zakarren aurrean?

10 Jesusek eredu bikaina jarri zigun. Ikusi dezagun nola erantzun zuen gaizki tratatu zutenean eta gauza zakarrak esan zizkiotenean. 1 Pedro 2:23 ak dio: «Iraintzen zutenean, ez zuen irainez erantzuten; sufriarazten ziotenean, ez zuen mehatxurik egiten; aitzitik, zuzen epaitzen duenaren eskuetan jartzen zuen bere burua». Saia gaitezen bere eredu paregabea imitatzen eta gaizki ez erantzuten. Kristau guztiok ondorengo aholkua bete beharko genuke: «Izan zaitezte denok gogo eta sentiera bateko, elkarren senide on, errukior eta apal. Ez erantzun gaiztakeriari gaiztakeriaz, ezta irainari irainaz ere» (1 P 3:8, 9).

Begirale isilak besterik ez?

11. Zer eginkizun berezi dute emakume kristau batzuek?

11 Esan nahi al du senarraren agintea errespetatzeak emakumeak ezin duela familia edo beste arlo batzuetako kontuetan iritzirik eman? Ez noski! Jehobak, bai gizonei, bai emakumeei, eginkizun bereziak eman dizkie. Hausnartu, adibidez, 144.000 gantzutuei eman dien ohorean. Hauek errege eta apaiz izango dira Jesu Kristorekin batera lurraren gain agintzen dutenean. Eta hauen artean emakumeak daude (Ga 3:26-29). Argi dago Jehobak toki garrantzitsu bat eman diola emakumeari bere erakundean.

12, 13. Biblia garaian emakumeek profetizatu zuten adibide bat eman.

12 Biblia garaian, esaterako, emakumeek profetizatu egin zuten. Joel 3:1, 2 ak [2:28, 29NWT] dio: «Ondoren, neure espiritua isuriko diet gizaki guztiei. Zuen seme-alabek profetizatu egingo dute […]. Morroi eta mirabeei ere neure espiritua isuriko diet egun haietan».

13 Kristo ondorengo 33. urteko Mendekoste egunean, Jesusen 120 bat jarraitzaile Jerusalemgo etxe batean bilduta zeuden. Hauen artean gizon eta emakumeak zeuden eta Jainkoaren espiritua talde osoarengan isuri zen. Horregatik, Pedrok Joelen profezia aipatu eta haiengan betetzen ari zela azaldu zuen, bai gizon, baita emakumeengan ere: «Joel profetak esan zuena ari da hemen gertatzen: “‘Hau dio Jainkoak: Azken egunetan neure espiritua isuriko diet gizaki guztiei. Zuen seme-alabek profetizatu egingo dute […]. Neure morroi eta mirabeei ere neure espiritua isuriko diet egun haietan’ eta profetizatu egingo dute”» (Eg 2:16-18).

14. Zer lan egin zuten emakumeek kristautasuna zabaltzeko lehen mendean?

14 Lehen mendean, emakumeak kristautasuna zabaltzen gogor lan egin zuten. Jainkoaren Erreinuari buruz predikatu eta lan honekin lotutako beste gauza batzuk egiten zituzten (Lk 8:1-3). Adibidez, Paulo apostoluak Febe «Zenkreasko eliz elkartearen zerbitzari» zela esan zuen. Eta, berarekin batera lan egin zuten kristauei goraintziak bidaltzean, Paulok hainbat emakume leial aipatu zituen, horien artean, Trifena eta Trifosa, «Jaunarengatik gogoz lanean jardun» zutenak, baita «Jaunarengatik hainbeste lan» egin zuen Perside arreba maitea ere (Erm 16:1, 12).

15. Zer lan egiten dute emakumeek kristautasuna zabaltzeko gaur egun?

15 Gaur egun ere, Jainkoaren Erreinuari buruz predikatzen duten asko adin guztietako emakumeak dira (Mt 24:14). Hauetako asko, aitzindariak eta misiolariak dira edo Betelen zerbitzatzen dute. Dabid salmogileak idatzi zuen: «Jehobak agindua ematen du; ejerzitu handia dira berri onak zabaltzen dituzten emakumeak» (Sal 68:11NWT). Egia galanta da hau! Jehobak asko estimatzen du emakumeek berri onak predikatzeko eta bere nahia betetzeko egiten duten guztia. Beraz, argi dago buruzagitza antolaketa errespetatzeak ez duela esan nahi emakumeak begirale isilak besterik ez direnik.

Pentsatzen zutena esan zuten bi emakume

16, 17. Nola erakusten du Sararen ereduak emazteak ez direla begirale isilak?

16 Jehobak emakumeei eginkizun berezi asko ematen badizkie, ez al liekete senarrek emazteei euren iritzia eskatu behar erabaki garrantzitsu bat hartu aurretik? Bai, zalantzarik gabe! Euren senarrek eskatu ez arren, iritzia eman eta iniziatiba izan zuten emakumeak aipatzen dira Biblian. Ikusi ditzagun bi adibide.

17 Sarak bere senarrari, Abrahami, behin eta berriz eskatu zion bere zerbitzaria, Agar, eta haren semea kanpalekutik botatzeko. Izan ere, hauek errespetu faltaz jokatzen ari ziren. Honen ondorioz, «biziki atsekabetu zen Abraham», baina Jehobari ondo iruditu zitzaion Sarak esandakoa. Horregatik, ondorengoa esan zion Abrahami: «Ez zaitez atsekabe zeure mirabe eta mutikoagatik. Egiozu jaramon Sarak esaten dizun guztiari» (Has 21:8-12). Abrahamek Jehoba obeditu, Sarari entzun eta eskatutakoa bete zuen.

18. Zer egoeran hartu zuen iniziatiba Abigailek?

18 Hitz egin dezagun Nabalen emazteari buruz, Abigail. Saul errege jeloskorrarengandik ihesean zegoela, Dabidek Nabalen artaldeen inguruan jarri zuen bere kanpalekua. Baina gizon aberats honen ondasunak hartu beharrean, Dabid eta bere gizonek artaldeak babestu zizkioten. Hala ere, Nabal «gaiztoa» zenez, «zakar erantzun» zien Dabiden gizonei. Bera «maltzur-gaizto» eta «zital hutsa» zen. Dabiden gizonek errespetu osoz janaria eskatu ziotenean, Nabalek ez zien ezer eman nahi izan. Zer egin zuen Abigailek gertatutakoa jakitean? Nabali ezer esan gabe, «berrehun ogi, bi zahagi ardo, bost ahari burruntzian erreak, bost arroa gari xigortu, ehun mahaspasa-mordo eta berrehun piku-opil» hartu eta Dabid eta bere gizonei eraman zizkien. Zuzen jokatu al zuen Abigailek? Bibliaren arabera, «heriotzaz jo zuen Jaunak Nabal eta hil egin zen». Horren ondoren, Dabid Abigailekin ezkondu zen (1 Sm 25:3, 14-19, 23-25, 38-42).

Goraipamena bilatzen duen emakumea

19, 20. Zer gauzek egiten dute emakume bat goresgarri?

19 Bibliak gauzak Jehobaren erara egiten dituzten emazteak zoriontzen ditu. Esaera Zaharrak liburuak «etxekoandre jatorra» goraipatzen du honakoa esanez: «Koralek baino askoz gehiago balio du. Konfiantza osoa du senarrak harengan, ez da sekula beharrean aurkituko. Zoriona ekartzen dio, eta ez zoritxarra, bizitzako egun guztietan». Gainera, «zuhurtziaz hitz egiten du eta onginahiz beteriko irakaspena ematen. Etxeko burubideaz arduratzen da, ez du bere ogia merezi gabe jaten. Zorionak ematen dizkiote seme-alabek» eta horregatik «senarrak […] goraipatzen du» (Es 31:10-12, 26-28).

20 Zer gauzek egiten dute emakume bat goresgarri? Esaera Zaharrak 31:30 ak dio: «Gezurrezkoa da xarma, hutsala edertasuna; goresgarria, ordea, Jauna errespetatzen duen emakumea». Jehoba errespetatzen duen emakumeak buruzagitza antolaketa ere gogo onez errespetatu behar duela ulertzen du. Honen arabera, «gizon ororen buru Kristo» eta «Kristoren buru Jainkoa» den bezala, «emakumearen buru gizona» da (1 Ko 11:3).

Eskertu Jainkoaren oparia

21, 22. a) Zer arrazoi dituzte ezkonduta dauden kristauek Jainkoari eskertuta egoteko? b) Zergatik errespetatu behar dugu beti Jehobaren buruzagitza antolaketa? (Ikusi 17. orrialdeko taula)

21 Ezkondutako kristauek Jainkoari eskerrak emateko arrazoi asko dituzte. Hauetako bat bizitzan elkarrekin ibili daitezkeela da. Baina are garrantzitsuagoa da elkarrekin Jehoba zerbitzatu dezaketela (Rt 1:9; Mi 6:8). Ezkon bizitzaren Sortzaileak badaki bikoteek zer behar duten zoriontsuak izateko. Beraz, onena gauzak bere modura egitea da. Horrela, arazoz beteriko mundu batean bizi arren, Jehobarengandik datorren pozak babestuko ditu (Ne 8:10).

22 Kristaua den senarrak emaztea bere burua bezala maite du eta aurrea modu goxo eta maitekorrean hartzen du. Bestalde, kristaua den emazteak bere senarra errespetatu eta berarekin batera lan egiten du. Ondorioz, senarrak bera maitatzeko oraindik arrazoi gehiago ditu. Baina, garrantzitsuena euren ezkon bizitza eredugarriak Jehobari ohorea ematen diola da.

Gogoratzen al duzu?

• Zein da Jehobak ezarritako buruzagitza antolaketa?

• Zergatik elkar ohoratu behar dute ezkontideek?

• Nola jokatu beharko luke kristaua den emazte batek Jehoba zerbitzatzen ez duen senarrarekin?

• Zergatik galdetu beharko lioke senarrak emazteari bere iritzia erabaki garrantzitsu bat hartu aurretik?

[Ikasketako galderak]

[Taula 17orrialdean]

Zergatik errespetatu behar dugu buruzagitza antolaketa?

Jehobak izaki adimentsu guztien artean agintea nork izan behar duen eta nola erabili behar duen erabaki du. Hau gizaki eta aingeru guztien onerako egin du. Antolaketa honek Jainkoa bakean eta elkarturik zerbitzatzeko aukera ematen die (Sal 133:1).

Kristau gantzutuek Jesusen agintea errespetatzen dute (Ef 1:22, 23). Aldi berean, Jesusek Jehobaren agintea errespetatzen duenez, denborarekin, «Semea bera menpean jarriko zaio gauza guztiak menpean jarri zizkionari, eta Jainkoa guztietan guztia izango da» (1 Ko 15:27, 28). Beraz, antzera, Jehoba zerbitzatzen duten kristau guztiek buruzagitza antolaketa errespetatu beharko lukete, bai kongregazioan, baita familian ere (1 Ko 11:3; Heb 13:17). Hau egitean, Jehobaren onespena eta bedeinkapena jasotzen dituzte (Is 48:17).

[Irudia 13orrialdean]

Otoitzak emazteari ezaugarri kristauak adierazten lagundu diezaioke

[Irudiak 15orrialdean]

Jehobak asko estimatzen du emakumeek Erreinuaren alde egiten duten lana