Saltatu edukira

BIZIPENA

Nire lehen maitasuna gogoratzeak irauten lagundu dit

Nire lehen maitasuna gogoratzeak irauten lagundu dit

1970. urteko udararen hasiera zen. Estatu Batuetan nengoen, Pennsylvaniako Phoenixville-ko ospitale bateko ohean. Ordu erdiro, erizain batek odol-presioa neurtzen zidan. 20 urteko soldadua nintzen eta gaixotasun larri bat nuen. Erizaina ni baino zahartxoagoa zen eta larrituta zirudien. Izan ere, nire odol-presioak behera eta behera egiten zuen. Orduan, esan nion: «Ez duzu inor hiltzen ikusi, ezta?». Mutila zurbil-zurbil jarri zen eta erantzun zidan: «Ez, inoiz ez».

Une hartan etorkizun iluna nuela zirudien. Baina nola amaitu nuen ospitale hartako ohean? Utzidazu kontatzen.

GERRAK EMAN ZIDAN ONGIETORRIA

Vietnamgo gerran ebakuntza-gelako laguntzaile nintzen bitartean gaixotu nintzen. Asko gustatzen zitzaidan zaurituei eta gaixo zeudenei laguntzea. Beraz, zirujau izan nahi nuen. Vietnamera 1969⁠ko uztailean iritsi nintzen. Iritsi berri guztiei bezala, astebete eman zidaten ordutegi berrira eta bero itogarrira ohitzeko.

Gero, Dong Tam-eko ospitale kirurgiko batean hasi nintzen lanean. Segituan, hildako eta zauritutako soldaduz beteta zeuden helikopteroak etortzen hasi ziren. Oso abertzalea nintzen eta lan egitea gustatzen zitzaidan; beraz, berehala lanari ekin nion. Zaurituak prestatu eta presa handiarekin aire girotua zuten kontenedore txiki batzuetan sartzen genituen. Horiek ziren genituen kirofanoak. Toki txiki haietan, zirujauak, anestesistak eta bi erizainek ahal zuten guztia egiten zuten biziak salbatzeko. Helikopteroetatik ez zituztela poltsa beltz handi batzuk jaisten konturatu nintzen. Gerran hildako soldaduen gorputz zatiak zirela esan zidaten. Hori izan zen gerrak eman zidan ongietorria.

JAINKOAREN BILA HASI NINTZEN

Gaztea nintzenean egiarekin kontaktua izan nuen

Gazteagoa nintzenean, nire amak Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen zuen. Niri asko gustatzen zitzaidan bere ondoan eserita egotea ikastaroan zehar Bibliari buruz gauza asko ikasten nituelako, baina ama ez zen inoiz bataiatu. Garai berean, behin, nire aitaordekoarekin nihoala bilera areto baten ondotik pasa ginen eta galdetu nion: «Zer da hori?». Orduan esan zidan: «Ez zaitez inoiz gerturatu jende horrengana!». Nire aitaordekoa asko maite nuen eta erabateko konfiantza neukan berarengan. Beraz, kasu egin nion eta Lekukoekin harremana galdu nuen.

Vietnamdik itzuli nintzenean, Jainkoaren beharra sentitu nuen. Oroitzapen mingarriek oinaze emozional izugarria sortu zidaten. Bazirudien inork ez zuela ulertzen Vietnamen gertatzen ari zena. Adibidez, Estatu Batuetako soldaduek Vietnamen haurrak hiltzen zituzten zurrumurrua zabaldu zen. Horregatik, protesta ugari egoten ziren kaleetan soldaduak haur hiltzaileak zirela esanez.

Nire behar espirituala asetzeko, hainbat elizetara joaten hasi nintzen. Beti sinetsi izan nuen Jainkoarengan, baina eliza haietan ikusitakoa ez zitzaidan batere gustatu. Azkenean, Floridako Delray Beach hiriko Jehobaren lekukoen bilera-areto batera joan nintzen. 1971⁠ko otsaileko igande bat zen.

Iritsi nintzenean, hitzaldi publikoa amaitzear zegoen. Beraz, Talaiaren ikasketan gelditu nintzen. Ez dut gogoratzen zer aztertu zen, baina ahazten ez dudana haurrek beraien Biblietan bertsetak bilatzen zituztela da. Aho zabalik gelditu nintzen! Adi-adi egon nintzen entzuten eta guztia begiratzen. Aretotik irteten ari nintzela 80 bat urteko anaia bat gerturatu zitzaidan: Jim Gardner. Liburu bat erakutsi eta irakurri nahi al nuen galdetu zidan. * Hantxe bertan hurrengo ostegunean Biblia aztertzeko hitzordua jarri genuen.

Floridako Boca Raton-eko ospitale bateko larrialdietan lan egiten nuen eta igande hartan gaueko txanda nuen. Txanda 23:00⁠etan hasi eta 7:00⁠etan bukatzen zen. Gau lasaia izaten ari zenez, liburua irakurtzen hasi nintzen. Orduan, erizainen arduraduna hurbildu zitzaidan, eta liburua eskutik kenduz oihukatu zidan: «Ez zara horietakoa egingo, ezta?». Liburua hartu eta esan nion: «Erdia bakarrik irakurri dut, baina hala izango dela uste dut». Beraz, erizaina joan egin zen eta nik gau hartantxe liburu osoa irakurri nuen.

Nire biblia-irakaslea Jim Gardner izan zen, Russell anaia ezagutu zuen anaia gantzutu bat

Osteguna iritsi zenean, Gardner anaiari galdetu nion lehenengo gauza honakoa izan zen: «Zer aztertuko dugu?». «Eman nizun liburua», erantzun zidan. Orduan, esan nion: «Baina dagoeneko irakurri dut». Gardner anaiak goxotasunez esan zidan: «Beno, aztertu dezagun behintzat lehenengo kapitulua». Zur eta lur gelditu nintzen gauza asko ez nituela ulertu ikustean. Aipuak nire Biblian bilatzeko esan zidan. Azkenik, benetako Jainkoa, Jehoba, ezagutzen ari nintzen. Goiz hartan, Jim-ek, honela deitzen nion modu maitekorrean Gardner anaiari, liburuko hiru kapitulu aztertu zituen nirekin. Handik aurrera, ostegun goizero 3 kapitulu aztertzen genituen elkarrekin. Zenbat gozatzen nuen! Izugarrizko ohorea izan zen Russell anaia ezagutu zuen gantzututako anaia honekin ikastea.

Aste gutxi batzuetan, berri-emaile izateko prest nengoen. Hasieran, Jim-ek asko lagundu zidan, oso urduri jartzen bainintzen, batez ere etxez etxe predikatzean (Eg 20:20). Jim-ekin predikatzen nuen heinean, geroz eta gehiago disfrutatzen nuen predikatze-lanaz. Gaurdaino daukadan ohorerik handiena dela pentsatzen dut. Ez dago lan honetan Jehobari laguntzea baino ezer hoberik! (1 Ko 3:9).

JEHOBARI IZAN NION LEHEN MAITASUNA

Orain barren-barrenekoa den gauza batez hitz egingo dut: Jehobari izan nion lehen maitasuna (Ap 2:4). Maitasun horrek gerra garaiko oroitzapen mingarriei eta beste zailtasun batzuei aurre egiten lagundu dit (Is 65:17).

Jehobari diodan maitasunak gerra garaiko oroitzapen mingarriei eta beste zailtasun batzuei aurre egiten lagundu dit

1971⁠ko uztailean bataiatu nintzen, Yankee Stadiumean ospatutako biltzarrean

1971⁠ko udaberriko egun berezi bat gogoratzen dut. Denbora gutxi zen nire aitaordekoak bizitzeko gurasoek utzi zidaten apartamentutik bota ninduela. Bere jabegotzan Jehobaren lekuko bat izateko ez zegoen prest! Garai hartan ez nuen diru askorik. Ospitalean bi astero ordaintzen zidaten eta ia diru guztia predikatzeko arropa egokiak erosten gastatu nuen. Banuen diru pixka bat aurreztuta, baina Michigango banku batean zegoen, hazi nintzen estatuan. Beraz, egun batzuk kotxean pasa behar izan nituen eta gasolindegira joaten nintzen garbitu eta bizarra mozteko.

Kotxean bizi nintzen egun horietako batean, predikatzeko bilera baino pare bat ordu lehenago iritsi nintzen bilera-aretora. Lanetik nentorren eta aretoko atzeko aldean aparkatu nuen, inork ikusi ezin ninduen toki batean. Orduan, Vietnamgo oroitzapen izugarriak hasi zitzaizkidan burura etortzen: erretako giza haragiaren usaina, odola alde guztietan… Eta soldadu gazteak «Biziko al naiz? Biziko al naiz?» erreguka entzun eta ikusi nitzakeen. Banekien ezetz, baina ahal nuen guztia egin nuen haiek kontsolatzeko eta nire aurpegian gertatuko zena nabaritu ez zezaten. Han eserita nengoela, emozionalki hautsi nintzen.

Ahal dudan guztia egin dut Jehobari izan nion lehen maitasun hori inoiz ez galtzeko, batez ere proba eta zailtasunen aurrean

Malkotan nengoela, otoitz egin nuen (Sal 56:9 [56:8, NWT]). Berpizkundearen itxaropenean hausnartzen hasi nintzen. Bat-batean, Jehobak egingo duena ulertu nuen: Berpizkundearen bidez, ikusi nuen sarraski guztia ezabatu eta hainbestek sufritu dugun min emozionala sendatuko du. Gizon gazte haiek berpiztuko ditu eta bera ezagutzeko aukera emango die (Eg 24:15). Momentu hartan, bihotza Jehobari nion maitasunez gainezka sentitu nuen. Sentimendu hori barru-barruraino iritsi zitzaidan. Egun horrek oso berezia izaten jarraitzen du niretzat. Handik aurrera, ahal dudan guztia egin dut Jehobari izan nion lehen maitasun hori inoiz ez galtzeko, batez ere proba eta zailtasunen aurrean.

JEHOBA OSO ONA IZAN DA NIREKIN

Gerra garaian jendeak gauza izugarriak egiten ditu eta ni ez nintzen salbuespena izan. Baina oso gustuko ditudan bi aiputan hausnartzeak asko lagundu dit. Lehenengoa, Apokalipsia 12:10, 11 da. Bertset hauen arabera, Deabrua ez da aitortu dugun mezuaz bakarrik garaitzen; Bildotsaren odolaz ere garaitzen da. Bigarrena, Galaziarrei 2:20 da. Aipu honek Jesu Kristok bere bizia «nire alde» eskaini zuela erakusten dit. Jesusen eskaintzari esker, Jehobak egin nuen guztia barkatu dit. Hau jakiteak barrua lasai izaten, hau da, kontzientzia garbia izaten lagundu dit. Gainera, besteei gure Jainko errukiorra ezagutzen laguntzeko ahal dudan guztia egitera bultzatu nau (Heb 9:14).

Atzera begiratzen dudanean, Jehobak beti zaindu nauela ikusten dut. Adibidez, Jim-ek kotxean bizi nintzela jakin zuen egunean bertan, gelak alokatzen zituen arreba batekin jarri ninduen harremanetan. Ziur nago Jehobak Jim eta arreba maite hura nik bizitzeko leku on bat izateko erabili zituela. Jehoba oso ona da eta bere zerbitzari leialak ederki zaintzen ditu!

PREDIKATZEAN OREKATSUA IZATEN IKASI BEHAR IZAN DUT

1971⁠ko maiatzean, Michiganera joan behar izan nuen kontu batzuk konpontzera. Delray Beach kongregazioa utzi aurretik, kotxeko maletategia argitalpenez bete nuen. Floridatik iparraldera abiatu nintzen estatu-arteko 75 errepidea hartuz. Bidaiaren erdia egin baino lehen, hutsik nuen maletategia. Sutsu predikatzen nituen berri onak leku guztietan. Hainbat espetxetan predikatu nuen eta atsedenlekuetako komunetan zeuden gizonei ere esku-orriak uzten nizkien. Batzuetan, neure buruari galdetzen diot hazi horietakoren batek fruitua emango ote zuen (1 Ko 3:6, 7).

Onartu beharra dut egia ikasi nuenean eta horri buruz senideekin hitz egiten nuenean, ez nintzela oso goxoa edo malgua. Jehobari nion lehen maitasun hori oso sutsua zenez, ausardiaz predikatzen nuen. Baina batzuetan zakarra ere izaten nintzen. Nire anaiak, John eta Ron, asko maite nituenez, nahitaez entzutera behartzen nituen. Noski, beranduago barkamena eskatu behar izan nien hain tematia izateagatik. Hala ere, otoitz egiten jarraitzen dut noizbait egia onartu dezaten. Ordudanik Jehobak irakatsi egin dit eta kontu handiagoarekin predikatu eta irakasten diot jendeari (Kol 4:6).

NIRE BIZITZAKO BESTE MAITASUNAK

Beti gogoratzen dut Jehobari diodan maitasuna, baina ez ditut ahazten bizitzan ditudan beste maitasunak. Banekien Jehoba zerbitzatzen lagunduko zidan lagun bat nahi nuela, eta lagun hori Susan da, nire emazte maitea. Bera da nire bigarren maitasuna. Susanek Jehobarengan fede sendoa du. Behin, ezkongaiak ginenean, bera ikustera joan nintzen bere etxera eta ez dut egun hori ahazten. Cranston-en bizi zen, Rhode Island estatuan, eta han ikusi nuen gurasoen etxeko atarian Talaia irakurtzen. Artikulu sekundario bat irakurtzen ari zen, biblia-aipu guztiak bilatzen, eta horrek asko harritu ninduen. «Hau bai emakume espirituala!», pentsatu nuen. 1971⁠ko abenduan ezkondu ginen eta, ordudanik, nire alboan egon da beti laguntzen, eta asko eskertzen diot. Susanek asko maite nau, baina are gehiago maite du Jehoba, eta hori da gehien gustatzen zaidana.

Susan nire emaztearekin eta gure semeekin, Paul eta Jesse

Susan eta biok bi seme eder izan genituen, Jesse eta Paul. Hazten zihoazen heinean, Jehoba beraiekin egon zen beti (1 Sm 3:19). Ohore handia ekarri digute Jehoba zerbitzatzea erabaki dutelako. Eta hori egiten jarraitu dute ez dutelako Jehobari izan zioten lehen maitasuna ahaztu. Biak egon dira 20 urte baino gehiagoz denbora osoko zerbitzuan. Gainera, bi errain xarmant ditut, Stephanie eta Racquel, nire alabak bezalakoak direnak. Jesse eta Paul Jehoba gogo osoz maitatzen duten emakumeekin ezkondu ziren (Ef 6:6).

Familia osoak gutxi predikatzen zen eremuetan berri onak zabaltzeaz gozatzen genuen

Bataiatu ondoren, 16 urtez Rhode Island-en zerbitzatu nuen eta han oso lagun onak egin nituen. Adindun bikainekin aritu nintzen elkarlanean eta horien oroitzapen zoragarriak ditut. Gainera, asko eskertzen diet bisitatu gintuzten arduradun-ibiltari guztiei nigan izan zuten eragin ona. Jehobari izan zioten lehen maitasuna bizirik mantentzen duten gizonekin lan egitea ohore izugarria izan da! 1987⁠an Ipar Carolinara joan ginen anai-arrebei predikatze-lanean laguntzera eta han ere lagun bikainak aurkitu genituen. *

Predikatzeko bilera bat zuzentzen ibiltari lanean nenbilenean

2002⁠ko abuztuan, Estatu Batuetako Pattersongo Betelen zerbitzatzen hasi ginen. Nik Predikatze-sailean egiten nuen lan eta Susanek, garbitegian. Ikaragarri gustatzen zitzaion han lan egitea! Orduan, 2005⁠eko abuztuan, Zuzendari-batzordeko kide izendatu ninduten. Oso txikia sentitu nintzen eginkizun hura betetzeko. Nire emazte maitea larrituta zegoen horrek suposatzen zuen ardura, lan eta bidaiengatik. Izan ere, Susani ez zaio hegazkinean bidaiatzea inoiz gustatu eta, orain, hegaldi pila bat egin behar izaten ditugu! Zuzendari-batzordeko beste kideen emazteen hitz atseginek asko lagundu diotela esaten du Susanek. Niri laguntzeko ahal duen guztia egin duela esan dezaket eta horrek are gehiago maitatzera bultzatzen nau.

Bulegoan niretzako esanahi handia duten argazki asko ditut. Bizitza txundigarria izan dudala gogorarazten didate. Dagoeneko bedeinkapen zoragarri asko jaso ditut Jehobari nion lehen maitasuna gogoratzeko ahal dudan guztia egin dudalako!

Nire familiarekin denbora pasatzeak zorion handia ematen dit

^ § 13 La verdad que lleva a vida eterna edo La vérité qui conduit à la vie éternelle.

^ § 31 Morris anaiaren denbora osoko zerbitzuaren xehetasun gehiago jakiteko, jo 2006⁠ko martxoaren 15⁠eko La Atalaya edo La Tour de Garde aldizkariaren 26. orrialdera.