Saltatu edukira

Ohoratu «Jainkoak uztartu duena»

Ohoratu «Jainkoak uztartu duena»

«Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska» (MK 10:9).

sn 36 eta sjj 132. KANTAK

1, 2. Hebrearrei 13:4 aipuaren arabera, nola ikusi beharko genuke ezkontza bizitza?

 GUZTIOK Jehoba ohoratzeko desioa dugu. Guk bera ohoratzea merezi du eta hala egiten badugu, ohoratuko gaituela promesten du (1 Sm 2:30; Es 3:9; Ap 4:11). Jainkoak gizakiak ere ohoratu ditzagun nahi du, adibidez, agintariak (Erm 12:10NWT; 13:7). Baina, bereziki, honako arloan erakutsi behar dugu ohorea edo errespetua: ezkontza bizitzan.

2 Paulo apostoluak honakoa idatzi zuen: «Hartzazue denok ezkontza errespetu handiz, eta izan garbi ezkontza-harremanetan» (Heb 13:4). Hitz hauekin, Paulo ez zen komentario orokor bat egiten ari. Horren ordez, ezkontza bizitza estimatzeko, hau da, baliotsua den zerbait bezala ikusteko agindu zien kristauei. Horrela ikusten al duzu ezkontza bizitza orokorrean? Eta ezkonduta bazaude, berdin ikusten al duzu zeure ezkontza bizitza?

3. Zer aholku garrantzitsu eman zuen Jesusek ezkontza bizitzari buruz? (Ikusi azaleko irudia).

3 Ezkontza bizitza ohoratzen dugunean Jesusen eredua jarraitzen ari gara, berak hala egin zuelako. Fariseuek Jesusi dibortzioaren inguruan galdetu ziotenean, berak Jainkoak lehenengo ezkontzari buruz esandakoa aipatu zuen: «Horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, eta biak bat izango dira». Jesusek, gainera, esan zuen: «Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska» (Irakurri Markos 10:2-12; Has 2:24).

4. Zein zen Jehobaren nahia ezkontza sortu zuenean?

4 Jainkoak ezkontza sortu zuela eta lotura hau iraunkorra izatea nahi zuela azaldu zuen Jesusek. Jainkoak ez zien Adam eta Ebari esan dibortzioak ezkontza eten zezakeenik. Jehobak ezarri zuen lehenengo ezkontza monogamoa zen; «biak» elkarrekin betirako egotea nahi zuen.

DENBORA BATEKO ALDAKETAK EZKONTZA BIZITZAN

5. Zer eragin du heriotzak ezkontza bizitzan?

5 Ondo dakigunez, Adamen bekatuak aldaketak ekarri zituen, esaterako, heriotza. Honek eragina izango zuen ezkontza bizitzan. Ideia hau Paulo apostoluak kristauak Moisesen Legepean ez daudela azaldu zuenean ikusi daiteke. Heriotzak ezkontza eteten duela eta bizirik gelditzen den ezkontidea berriro ezkondu daitekeela esan zuen (Erm 7:1-3).

6. Nola laguntzen digu Moisesen Legeak Jainkoak ezkontza bizitzari buruz nola pentsatzen duen jakiten?

6 Jainkoak israeldarrei emandako Legean, ezkontza bizitzari buruzko hainbat xehetasun ikusi ditzakegu. Azter dezagun hauetako xehetasun bat. Poligamia Jainkoak Israeli Legea eman aurretik existitzen zen. Praktika hau baimendu arren, Jainkoak legeak ezarri zituen emazteak babesteko. Adibidez, israeldar bat esklabo batekin ezkontzen bazen, eta beranduago bigarren emazte bat hartzen bazuen, lehenengo emazteari janaria eta arropa ematen jarraitu behar zion, baita ezkontza harremanetako eginbideak bete ere. Jainkoak senarrari emaztea babesteko eta zaintzeko agintzen zion (Ir 21:9, 10). Gaur egun Legepean ez gauden arren, Jehobak ezkontza bizitzari buruz erakusten duen interesa ikusi dezakegu bertan. Dudarik gabe, honek Jainkoak bezala ezkontza bizitza estimatzen laguntzen digu.

7, 8. a) Deuteronomioa 24:1 aipuaren arabera, zer esaten zuen Legeak dibortzioari buruz? b) Zer pentsatzen du Jehobak dibortzioari buruz?

7 Zer esaten zuen Legeak dibortzioari buruz? Jainkoak ezkontza oso baliotsua ikusten jarraitzen zuen arren, israeldarrak dibortziatzea onartu zuen (Irakurri Deuteronomioa 24:1). Gizon israeldar batek bere emaztearengandik dibortziatu zezakeen «emakumeagan zerbait lotsagarria aurkitzen» bazuen. Legeak ez zuen azaltzen zer zen zerbait «lotsagarria» egitea, baina lizuna edo larria zen zerbait izan behar zuen, eta ez akats txiki bat (Dt 23:15 [23:14, NWT]). Tamalez, Jesusen egunetan, judutar asko «edozein arrazoigatik» dibortziatzen ziren (Mt 19:3). Noski, guk ez dugu beraien jarrera imitatu nahi.

8 Malakias profetak Jainkoak dibortzioari buruz zer pentsatzen zuen azaldu zuen. Malakiasen garaian ohikoa zen gizonak euren «gaztaroko emazteari» traizio egin eta dibortziatzea, Jainkoa adoratzen ez zuen emakume gazteago batekin ezkontzeko agian. Malakiasek honen inguruan Jainkoaren ikuspuntua zein zen idatzi zuen: «Nik gorroto dautsat ezkontzausteari» (Ml 2:14-16, Euskal Biblia, Jaime Kerexeta). Hau Jainkoaren Hitzak lehenengo ezkontzari buruz esandakoarekin bat dator: «Gizonak bere aita-amak utziko ditu bere emaztearekin elkartzeko, eta bat bera izango dira» (Has 2:24). Jesus bere Aitak pentsatzen zuenaren alde jarri zen honakoa esaterakoan: «Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska» (Mt 19:6).

DIBORTZIATZEKO OINARRI BAKARRA

9. Nola ulertu behar dira Markos 10:11, 12 bertsetetako Jesusen hitzak?

9 Agian norbaitek honakoa galdetu dezake: «Ba al dago oinarririk kristau bat dibortziatu eta berriro ezkontzeko?». Jesusek honela azaldu zuen dibortzioari buruz pentsatzen zuena: «Bere emaztea utzi eta beste bat hartzen duenak adulterio egiten du lehenengoaren aurka; eta bere senarra utzi eta beste bat hartzen duen emakumeak adulterio egiten du era berean» (Mk 10:11, 12; Lk 16:18). Argi dago Jesusek ezkontza bizitza ohoratzen zuela eta besteek gauza bera egitea nahi zuela. Edozein aitzakia zela eta, norbait leiala zen ezkontidearengandik dibortziatu eta beste batekin ezkontzen bazen, adulterio egiten ari zen. Hau hala da, besterik gabe dibortziatzeak ez baitu ezkontza eteten. Jainkoaren begietan biek «bat bera» izaten jarraitzen dute. Are gehiago, errugabea zen emaztearengandik dibortziatzen zenak ezkontidea adulterio egiteko arriskuan jartzen zuela esan zuen Jesusek. Zergatik? Garai hartan emakume dibortziatu bat berriro ezkontzera behartuta sentitu zitekeelako, bizitzarako beharrezkoa lortzearren. Bigarren ezkontza hau adulterio egitea bezala zen.

10. Zer arrazoirengatik dibortziatu eta berriro ezkondu daiteke kristau bat?

10 Jesusek ezkontza eteteko arrazoi bakarra zein zen azaldu zuen: «Hona esaten dizuedana: Inor emazteaz dibortziatu –moralgabekeria sexualarengatik [grekoz, porneia] ez bada behintzat– eta beste batekin ezkontzen bada, adulterio egiten du» (Mt 19:9NWT). Jesusek ideia bera azpimarratu zuen Mendiko Hitzaldian (Mt 5:31, 32NWT). Bi aldi hauetan «moralgabekeria sexuala[z]» hitz egin zuen. Esamolde honen barne, ezkontzatik kanpo egiten diren hurrengo bekatu sexualak daude, esaterako: adulterioa, prostituzioa, ezkongabekoen arteko sexu harremanak, homosexualitatea eta animaliekin sexu harremanak izatea. Demagun, ezkonduta dagoen gizon batek bere emaztea ez den emakume batekin sexu harremanak dituela. Emazteak dibortziatu nahi duen ala ez erabaki dezake. Senarrarengandik dibortziatzen bada, Jainkoaren aurrean ezkontza amaitutzat emango litzateke.

11. Zergatik erabaki dezake kristau batek ez dibortziatzea, hori egiteko Biblia oinarria izan arren?

11 Adierazgarria da Jesusek ez zuela esan errugabea den ezkontidea senar edo emaztearen moralgabekeriagatik (porneia) dibortziatu behar denik. Adibidez, emakume batek ezkonduta jarraitzea erabaki dezake, senarra desleiala izan den arren. Agian oraindik maite du, barkatzeko prest egon daiteke eta elkarrekin euren ezkontza bizitza hobetzen saiatu nahi du. Errealistak izanik, emazteak dibortziatzea eta berriro ez ezkontzea erabakitzen badu, hainbat arazo izan ditzake. Nola asetuko ditu bere behar material eta sexualak? Eta bakarrik sentitzen bada? Seme-alabak al dituzte? Zailduko al du dibortzioak seme-alabak egian heztea? (1 Ko 7:14). Argi dago dibortziatzen den ezkontide errugabeak zailtasunak izango dituela.

12, 13. a) Zer gertatu zen Oseasen ezkontza bizitzan? b) Zergatik itzuli zen Oseas Gomer-ekin, eta zer irakasten digu honek ezkontza bizitzari buruz?

12 Asko ikasi dezakegu Oseas profetaren bizipenetik. Jainkoak Gomer izeneko emakume batekin ezkontzeko eskatu zion Oseasi, honakoa esanez: «Hartzazu emagaldu bat emaztetzat eta izan harekin sasiko haurrak». Denborarekin, «Gomer-ek haurdun gelditu eta semea eman zion» (Os 1:2, 3). Beranduago, Gomer-ek alaba eta seme bat izan zituen, seguruenik beste gizon batekin. Gomer-ek behin baino gehiagotan adulterio egin arren, Oseasek berarekin ezkonduta jarraitu zuen. Azkenean, Gomer-ek Oseas utzi zuen eta esklabo bihurtu zen. Hala ere, Oseasek erosi egin zuen (Os 3:1, 2). Jehobak egoera hau erabili zuen desleial izan zen Israelgo nazioa behin baino gehiagotan barkatu zuela irudikatzeko. Zer ikasten dugu?

13 Kristau bat sexu moralgabekerian erortzen bada, errugabea den ezkontide kristauak erabaki bat hartu beharko du. Ezkontide errugabeak dibortziatzeko eta berriro ezkontzeko oinarria izango zuela esan zuen Jesusek. Bestalde, desleial izan den ezkontidea barkatzea erabaki dezake. Hori egitea ez legoke gaizki. Oseas Gomer-ekin itzuli zen. Hortik aurrera, Gomer-ek ez zituen beste gizonekin sexu harremanik izan. Denbora batez, Oseasek ez zituen Gomer-ekin sexu harremanik izan (Os 3:3NWT, oharra). Baina, beranduago, ziurrenik, berarekin sexu harremanak izaten hasi zen berriz. Jainkoak bere herria onartu eta berarekin harremana berreskuratzeko nahia irudikatu zuen honek (Os 2:2 [1:11, NWT]; 3:3-5). Zer irakasten digu honek? Ezkontide errugabeak bere ezkontza mantentzea erabakitzen badu, berriro sexu harremanak izaten hastea ezkontide desleiala barkatu duen seinale da (1 Ko 7:3, 5). Kasu horretan, ez luke dibortziatzeko baliozko arrazoirik izango. Hortik aurrera, biak euren ezkontza sendotzeko ahaleginak egin beharko lituzkete.

OHORATU EZKONTZA BIZITZA ZAILTASUNAK IZAN ARREN

14. 1 Korintoarrei 7:10, 11 bertseten arabera, zer gertatu daiteke ezkontza bizitzan?

14 Kristau guztiok ezkontza bizitza ohoratzen saiatu behar gara, Jehobak eta Jesusek bezala. Hala ere, kristau batzuek ez dute hau egitea lortzen, gizaki guztiok inperfektuak garelako (Erm 7:18-23). Horregatik, ez da harritzekoa lehenengo mendean ezkonduta zeuden kristau batzuek arazoak izatea. Paulok honakoa idatzi zuen: «Emaztea ez dadila banandu senarrarengandik» (Irakurri 1 Korintoarrei 7:10, 11). Hala ere, horrelako egoerak gertatu ziren.

Zer egin daiteke ezkontza bizitza salbatzeko, zailtasun handiak izan arren? (Ikusi 15. paragrafoa)

15, 16. a) Zer egiten saiatu behar dira ezkontideak arazoak izan arren, eta zergatik? b) Gauza bera gertatzen al da ezkontideak Jainkoa zerbitzatzen ez badu?

15 Paulok ez zuen azaldu zergatik banandu ziren bikote horiek, baina ez zen senarra desleiala izan zelako. Hori ez zen arrazoia, egoera horretan emazteak dibortziatu eta berriro ezkontzeko oinarria izango zukeelako. Banatutako emazteari buruz, Paulok honakoa esan zuen: «Ez dadila berriro ezkon, edo bakeak egin ditzala senarrarekin». Beraz, Jainkoaren aurrean biak elkartuta jarraitzen zuten. Paulok honako aholkua eman zien ezkontideei: Sexu moralgabekeriarik gertatu ez bazen, bakeak egiten saiatu behar ziren, zein arazo izan zituzten axola gabe. Bikoteak kongregazioko adindunei laguntza eskatu ahal zien. Adindunek, bata edo bestearen alde jarri beharrean, Biblian oinarritutako aholkuak emango lituzkete.

16 Seguruenik, ezkontidea Jainkoa zerbitzatzen ez duen norbaitekin ezkonduta bazegoen, egoera zailagoa izango zen. Banatzeko arrazoirik al zegoen arazoak bazituzten? Ikusi dugun bezala, Bibliaren arabera, dibortziatzeko oinarri bakarra sexu moralgabekeria da, baina ez du banatzeko arrazoiak zeintzuk diren azaltzen. Paulok honakoa idatzi zuen: «Emakume batek, kristau ez den batekin ezkondua egon eta senarra berarekin bizitzeko prest baldin badago, ez dezala zapuztu [utzi] senarra» (1 Ko 7:12, 13). Printzipio honek gaur egun ere indarrean jarraitzen du.

17, 18. Zergatik erabaki dute ez banatzea kristau batzuek, nahiz eta ezkontza bizitzan arazo larriak izan?

17 Onartu beharra dago, kasu batzuetan, «kristau ez den» senarrak bere ekintzekin emazte kristauarekin «bizitzeko prest» ez dagoela erakusten duela. Agian, senarrak abusu fisiko oso larriak eragin dizkio ezkontideari, eta honek bere osasuna edo bizitza arriskuan dagoela sentitzen du. Baliteke senarrak emaztea edo familia mantendu nahi ez izatea, edo senarraren eraginarengatik emazteari Jehoba zerbitzatzea ia ezinezkoa egitea. Kasu hauetan, emazte kristau batzuek hurrengoa ondorioztatu dute: senarrak banandu nahi ez duela esan arren, bere ekintzek emaztearekin «bizitzeko prest» ez dagoela erakusten dutela, eta beraz, banatzea beharrezkoa dela. Antzeko egoera batean, beste emazte kristau batzuk, aldiz, irauten eta ezkontza bizitza hobetzen saiatu dira. Zergatik?

18 Nahiz eta banatuta egon, ezkonduta egoten jarraitzen dute. Banatuta bizi badira, lehen aipatutako zailtasunak izango dituzte. Paulo apostoluak elkarrekin jarraitzeko beste arrazoi bat eman zuen. Honakoa idatzi zuen: «Kristau ez den senarra Jaunarentzat sagaratua dago emaztearekin bizi duen batasunagatik; orobat kristau ez den emaztea, senarrarekin bizi duen batasunagatik. Hala ez balitz, zuen seme-alabak ez lirateke Jainkoarenak izango; baina egiaz Jaunarentzat sagaratuak dira» (1 Ko 7:14). Kristau leial askok ezkontide sinesgabearekin egoten jarraitu dute, zailtasun handiak izan arren. Irauteaz pozik daude, denborarekin ezkontidea Jehoba zerbitzatzera iritsi delako (Irakurri 1 Korintoarrei 7:16; 1 P 3:1, 2).

19. Zergatik daude kongregazioetan ezkontza bizitzan arrakasta duten hainbeste senar-emazte?

19 Jesusek dibortzioari buruz hitz egin zuen, eta Paulo apostoluak banatzeari buruzko Jainkoarengandik datozen aholkuak eman zituen. Biek, Jainkoaren zerbitzariek ezkontza bizitza ohoratzea nahi zuten. Gaur egun, mundu osoko kongregazioetan ezkontza bizitzan arrakasta izan duten eredu asko daude. Ziurrenik gure kongregazioan bikote zoriontsu asko ezagutzen ditugu. Leial eta maitekorrak diren senar-emazte hauek ezkontza bizitza zoriontsua izatea posible dela erakusten dute. Pozik gaude milioika senar-emaztek Jainkoaren hurrengo hitzak egia direla erakusten dutelako: «Horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, eta biak bat izango dira» (Ef 5:31, 33).