Saltatu edukira

2. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehoba goraipatu kongregazioan

Jehoba goraipatu kongregazioan

«Goretsiko zaitut batzarraren erdian» (SAL 22:23 [22:22, NWT]).

sn 9. KANTA Goretsi Jehoba, gure Jainkoa!

ZER AZTERTUKO DUGU? *

1. Zer sentitzen zuen Dabidek Jehobarengatik eta zer egitera bultzatu zuen honek?

DABID ERREGEAK honakoa idatzi zuen: «Handia da Jauna, guztiz goresgarria» (Sal 145:3). Jehoba maite zuen eta maitasun horrek Jainkoa «batzarraren erdian» gorestera bultzatu zuen (Sal 22:23 [22:22, NWT]; 40:6 [40:5, NWT]). Dudarik gabe, zuk ere Jehoba maite duzu eta Dabiden hitz hauekin ados egongo zara: «Gora Zu, Yaube [Jehoba], gure arbaso Israelen Jainkoa, menderen mendetan» (1 Kro 29:10-13, Ol, euskara batura egokituta).

2. a) Nola goratu dezakegu Jehoba? b) Zer erronkari egin behar diote aurre askok eta zer ikusiko dugu artikulu honetan?

2 Gaur egun, Jehoba goratzeko modu bat bileretan iruzkinak egitea da. Hala ere, anai-arreba askorentzat hau erronka handia da. Bileretan parte hartu nahi dute baina ez dira ausartzen. Zer egin dezakete beldur hori gainditzeko eta zer aholku praktikok lagundu gaitzakete komentario animagarriak egiten? Galdera hauek erantzun aurretik, ikus ditzagun iruzkinak egiteko ditugun lau arrazoi nagusi.

ZERGATIK KOMENTATZEN DUGU BILERETAN?

3-5. a) Hebrearrei 13:15⁠aren arabera, zergatik komentatzen dugu bileretan? b) Iruzkin mota berdinak egin behar al ditugu guztiok? Azaldu.

3 Jehobak bera goresteko ohorea ematen digu (Sal 50:23). Bileretan egiten ditugun iruzkinak, Jehobari goresteko eskaintzen dizkiogun oparien artean daude eta inork ezin ditu eskaintza horiek gure partez egin (Irakurri Hebrearrei 13:15). Eskatzen al digu Jehobak gutako bakoitzari eskaintza edo iruzkin berdinak egitea? Ez, noski!

4 Jehobak badaki gaitasun eta egoera desberdinak ditugula eta bihotzez estimatzen du bakoitzak eskaini ahal dioguna. Pentsa dezagun israeldarrengandik onartzen zituen sakrifizio edo eskaintza motetan. Batzuek arkume edo ahuntz bat eskaini zezaketen. Behartsuek, ordea, «bi usapal edo bi usakume» eskaini zitzaketen. Baina israeldar batek bi txori ere ezin bazituen eskaini, Jehobak «ogi-irin garbi» kopuru txiki bat ere onartzen zion (Lb 5:7, 11). Irina merkeagoa zen. Hala ere, Jehobak sakrifizio hura estimatzen zuen «ogi-irin garbi» zen bitartean.

5 Gure Jainko maitekorrak gauza bera pentsatzen du gaur egun ere. Komentatzen dugunean, ez du espero gu Apolo bezain hizlari bikainak edo hitzekin Paulo bezain trebeak izatea (Eg 18:24; 26:28). Eskatzen diguna iruzkinak ahal ditugun hoberen egitea da. Gogoratu bi sos eman zituen alarguna. Ahal zuen guztia eman zuelako, Jehobarentzat oso baliotsua zen (Lk 21:1-4).

Bileretan komentatzea gure onerako da, baita besteen onerako ere. (Ikusi 6 eta 7 paragrafoak) *

6. a) Hebrearrei 10:24, 25⁠aren arabera, zer eragin dute gugan entzuten ditugun komentarioek? b) Nola erakutsi dezakezu anai-arrebek ematen dituzten erantzunak estimatzen dituzula?

6 Gure iruzkinekin elkarri adore ematen diogu (Irakurri Hebrearrei 10:24, 25). Denok estimatzen dugu bileretan mota askotako iruzkinak entzutea. Adibidez, haurrek bihotzetik egiten dituzten komentario errazak asko gustatzen zaizkigu. Anaia edo arreba batek gogo biziz ikasi berri duen egia bat aipatzen duenean, hunkitu egiten gara. Eta asko pozten gaitu lotsatiek edo gure hizkuntza ikasten hasi direnek «ausardiaz» iruzkinak egiten dituztela ikusteak (1 Ts 2:2). Nola erakutsi dezakegu beraien ahaleginak estimatzen ditugula? Alde batetik, bilera amaitutakoan, beraien komentario animagarriengatik eskerrak emanez. Eta bestetik, guk geuk komentatuz. Modu honetara, adorea jasotzeaz gain, eman ere egiten dugu (Erm 1:11, 12).

7. Zer modutan laguntzen digu iruzkinak egiteak?

7 Iruzkinak egitea gure onerako da (Is 48:17). Nola? Lehenengo, komentario bat egiteko helburua badugu, bilerarako ondo prestatuta egotera motibatuta sentituko gara. Ondo prestatzen garenean hobeto ulertzen dugu Jainkoaren Hitza eta zenbat eta ulermen handiagoa izan, orduan eta hobeto aplikatu ahal izango dugu ikasitakoa. Bigarrena, bileran murgilduta gaudenez, gehiago disfrutatuko dugu. Hirugarrena, komentatzeak ahalegina eskatzen duenez, aipatu ditugun ideiak aurrerago ere gogoratuko ditugu.

8, 9. a) Malakias 3:16⁠aren arabera, nola uste duzu ikusten dituela Jehobak gure iruzkinak? b) Nola sentitzen dira batzuk hala eta guztiz ere?

8 Jehoba pozten dugu gure fedeari buruz hitz egiten dugunean. Ziur egon gaitezke Jehobak entzuten digula eta bihotzez estimatzen duela bileretan komentatzeko egiten dugun ahalegina (Irakurri Malakias 3:16). Gainera, estimu hori gu bedeinkatuz erakusten du (Ml 3:10).

9 Argi dago bileretan komentatzeko arrazoi onak ditugula. Hala ere, batzuek eskua altxatzeko beldurra izaten jarraitzen dute. Horrela sentitzen bazara, ez desanimatu. Aztertu ditzagun bileretan gehiago komentatzen lagunduko diguten biblia-printzipio batzuk, Bibliako hainbat eredu eta zenbait aholku praktiko.

BELDURREI AURRE EGITEKO MODUAK

10. a) Zeren beldur gara gutako asko? b) Zergatik da seinale ona iruzkinak egitearen beldur izatea?

10 Bileran eskua jasotzearen ideia bakarrak urduri jartzen al zaitu? Horrela bada, ez zara bakarra. Izan ere, gehienok urduri samar jartzen gara komentatzean. Urduritasun horrek komentatzea oztopatzen badizu, zure beldurraren arrazoia zein den jakin behar duzu. Esan nahi duzuna ahaztu edo oker dagoen zerbait esatearen beldur al zara? Zure iruzkina besteenen bezain ona ez izateak kezkatzen al zaitu? Izatez, beldur horiek seinale ona dira. Apala zarela eta besteak zu baino hobeak direla pentsatzen duzula adierazten dute. Jehobak asko atsegin du apaltasuna (Sal 138:6; Flp 2:3). Baina Jehobak goratu dezazun eta anai-arrebak bileretan animatu ditzazun nahi du (1 Ts 5:11). Maite zaitu eta behar duzun ausardia emango dizu.

11. Zer biblia-printzipiok lagundu gaitzakete?

11 Ikus ditzagun biblia-printzipio batzuk. Hitz egiterakoan, denok huts egiten dugula dio Bibliak (St 3:2). Jehobak ez du espero gu perfektuak izatea, ezta gure anai-arrebak ere (Sal 103:12-14). Gure familia espirituala dira eta maite gaituzte (Mk 10:29, 30; Jn 13:35). Ondo ulertzen dute batzuetan ez zaizkigula hitzak nahi bezala ateratzen.

12, 13. Zer irakasten digute Nehemias eta Jonasen ereduek?

12 Azter ditzagun gure beldurrei aurre egiten lagunduko diguten Bibliako bi eredu. Has gaitezen Nehemiasekin. Errege boteretsu baten gortean zerbitzatzen zuen. Oso triste zegoen Jerusalemgo harresi eta ateak suntsituta zeudela entzutean (Ne 1:1-4). Imajinatu ezazu zer nolako urduritasuna izango zuen, erregeak hain goibel zergatik zegoen galdetu zionean! Nehemiasek segituan otoitz egin zuen erantzun aurretik. Horri esker, erregeak Jainkoaren herriari izugarri lagundu zion (Ne 2:1-8). Pentsa dezagun orain Jonasen ereduan. Jehobak Niniveko biztanleekin hitz egiteko eskatu zionean, beldurtu eta kontrako norabidean ihes egin zuen (Jon 1:1-3). Baina, Jehobaren laguntzarekin, Jonasek bere eginkizuna bete zuen eta bere hitzek Niniveko biztanleei asko lagundu zien (Jon 3:5-10). Zer ikasten dugu? Nehemiasen eredutik, erantzun aurretik otoitz egitearen garrantzia. Eta Jonasen eredutik, Jehobak bera zerbitzatzen lagundu gaitzakeela, zein beldurtuta gauden axola gabe. Azken finean, gure anai-arrebak ez dira Niniveko biztanleak bezain beldurgarriak, ezta?

13 Zer aholkuk lagunduko digute bileretan iruzkin animagarriak egiten? Ikus ditzagun batzuk.

14. a) Zergatik prestatu behar ditugu ongi bilerak? b) Noiz prestatu ditzakegu?

14 Bilera bakoitzerako prestatu. Aurrez antolatu eta ongi prestatzen bagara, konfiantza handiagoa izango dugu komentatzean (Es 21:5). Noski, denok ez dugu ordutegi berdina izan beharrik. Adibidez, 80 urte baino gehiago dituen Eloise izeneko alargun bat astean goiz hasten da Talaia prestatzen. Honakoa dio: «Bilerez gehiago gozatzen dut aurrez prestatzen baditut». Joy izeneko arrebak denbora osoz egiten du lan eta Talaia bileraren aurreko egunean prestatzen du. Berak dio: «Horrela errazagoa egiten zait ikasten dudana gogoratzea». Ike-k, oso lanpetuta dagoen adindun eta aitzindariak, dio: «Dena batera ikasi beharrean, niretzat astean zehar tarteka egitea da onena».

15. Nola prestatu dezakegu ongi bilera bat?

15 Nola prestatu gaitezke ongi bilerarako? Lehenik eta behin, Jehobari bere espiritu santua emateko eskatu behar diogu (Lk 11:13; 1 Jn 5:14). Gero, hartu ditzagun minututxo batzuk artikulua gainetik berrikusteko: izenburua, azpitituluak, irudiak eta taulak. Paragrafo bakoitza aztertu ahala, irakurri ditzagun ahal ditugun biblia-aipu guztiak. Hausnartu dezagun informazioan, komentatu nahi ditugun ideietan arreta jarriz. Zenbat eta hobeto prestatu, orduan eta lagungarriagoa izango zaigu eta komentatzea errazagoa egingo zaigu (2 Ko 9:6).

16. Zer tresna dituzu eskuragarri eta nola erabiltzen dituzu?

16 Gure hizkuntzan eskuragarri dauden tresna elektronikoak erabili. Jehobak, bere erakundearen bidez, bilerak prestatzen laguntzeko tresna elektronikoak eman dizkigu. JWLibrary® aplikazioaren bidez, ikasteko argitalpenak jaitsi ditzakegu gailu mugikorretan. Era honetara, edonoiz eta edonon ikasi dezakegu edo, behintzat, jaitsitakoa irakurri edo entzun. Batzuek, laneko edo eskolako etenaldian, edo bidaiatzean, erabiltzen dute aplikazio hau. Bestalde, Watchtower ONLINE LIBURUTEGIA eta Watchtower Library aplikazioaren bidez oso erraza da aztertu nahi dugun gaiari buruz ikerketa egitea.

Noiz hartzen duzu denbora bilerak prestatzeko? (Ikusi 14-16 paragrafoak) *

17. a) Zergatik da ona iruzkin bat baino gehiago prestatzea? b) Zer ikasi duzu Izan Jehobaren laguna. Prestatu ongi iruzkinak bideotik?

17 Ahal bada, prestatu dezagun artikulu bakoitzeko iruzkin bat baino gehiago. Zergatik? Agian eskua altxatzen dugun bakoitzean ez digutelako iruzkina egiteko aukera emango. Seguruenik, beste batzuek ere aldi berean jasoko dute eskua eta, beharbada, zuzentzen duenak beste bat aukeratuko du. Gainera, bilera garaiz bukatzeko, agian iruzkinen kopurua murriztu beharko du. Beraz, ez gara haserretu edo desanimatu behar hasierako paragrafoetan ez badugu komentatzen. Iruzkin bat baino gehiago prestatzen badugu, parte hartzeko aukera gehiago izango dugu. Gure komentarioetako bat aipu baten irakurketa izan daiteke. Baina, ahal badugu, prestatu dezagun gure hitzetan egingo dugun iruzkin bat. *

18. Zergatik egin behar ditugu komentario laburrak?

18 Egin komentario laburrak. Normalean, iruzkin animagarrienak motzak eta sinpleak izaten dira. Beraz, saiatu gaitezen erantzun laburrak ematen, gehienez, 30 segundokoak (Es 10:19; 15:23). Urtetan bileretan parte hartzen aritu bagara, eredu ona jarri beharko genuke komentatzean laburrak izanez. Hainbat minutu irauten duten iruzkin konplexuak egiten baditugu, agian batzuk ez dira eskua altxatzera ausartuko, horrelako erantzunak emateko gai ez direla pentsatuz. Bestalde, komentario laburrek bileretan jende gehiagok komentatzeko aukera ematen dute. Batez ere paragrafoko lehen komentarioa egitean, galderaren erantzun sinple eta zehatza eman dezagun; ez ditzagun paragrafoko ideia guztiak aipatu. Ideia nagusia aztertua izan eta gero, beste ideia batzuk gehitu daitezke (Ikusi « Zer komentatu dezaket?» taula).

19. Nola lagundu gaitzake zuzendariak eta zer egin behar dugu guk?

19 Esan zuzendariari paragrafo zehatz batean komentatzea nahiko genukeela. Hau egitea erabakitzen badugu, anaiarekin hitz egin dezagun denborarekin bilera hasi aurretik. Paragrafora heltzerakoan, altxatu dezagun eskua azkar eta zuzendariak ikusteko moduan.

20. Zertan dira antzekoak bilerak eta lagunekin egiten ditugun otorduak?

20 Kongregazioko bilerak lagunekin egiten ditugun otorduen antzekoak dira. Imajinatu kongregazioko lagun batzuek bazkari batera gonbidatzen gaituztela eta jateko zerbait eramateko eskatzen digutela. Zer egingo dugu? Agian urduri samar egon gaitezke. Baina, seguruenik, guztien gustuko den zerbait prestatzen ahaleginduko gara. Jehobak gauza onez beteta dagoen bere mahaira gonbidatzen gaitu (Sal 23:5; Mt 24:45). Eta opari txiki bat ematen diogunean ere, asko pozten da dugun hoberena ematen badiogu. Beraz, prestatu gaitezen ondo eta parte hartu dezagun ahal dugun guztia. Horrela, Jehobaren mahaitik jateaz gain, gure opariarekin besteek ere bertatik jan dezaten lagunduko dugu.

sjj 2. KANTA Jehoba da zure izena

^ § 5 Dabid salmogilearen antzera, guztiok maite dugu Jehoba eta bera gorestea asko atsegin dugu. Kongregazioan Jainkoa gurtzeko elkartzen garenean, berari diogun maitasuna adierazteko aukera paregabea dugu. Hala ere, gutako batzuentzat zaila da bileretan komentatzea. Hori bada zure kasua, artikulu honek komentatzeak zergatik beldurtzen zaituen ulertzen eta beldur hori gainditzeko neurriak hartzen lagunduko dizu.

^ § 17 Ikusi ezazu jw.org-n Izan Jehobaren laguna. Prestatu ongi iruzkinak bideoa. BIBLIAKO IRAKASPENAK > HAURRAK atalean.

^ § 63 IRUDIAREN AZALPENA: Kongregazio bateko anai-arrebak pozik ari dira Talaiaren ikasketan parte hartzen.

^ § 65 IRUDIAREN AZALPENA: Talaiaren ikasketan parte hartu duten aurreko irudiko anai-arrebak batzuk. Nahiz eta bakoitzak egoera desberdinak izan, denek atera dute denbora artikulua aztertzeko.