Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Otoitza: Nola?

Otoitza: Nola?

OTOITZARI dagokionez, erlijio-tradizio askok otoitz egiteko moduari jartzen diote arreta, esaterako, gorputz jarrerari, hitzei eta errituei. Hala ere, Bibliak garrantzi gehiago duten gauzetan jartzen du arreta.

Bibliak Jainkoaren zerbitzari leialak erakusten ditu leku eta gorputz jarrera desberdinetan otoitz egiten. Isilean edo ozenki egiten zuten otoitz, egoerak agintzen zuenaren arabera, baita zerura begira edo makurtuta ere. Irudi, arrosario edo otoitz-liburuak erabili beharrean, bihotzetik egiten zuten otoitz euren hitzetan. Zergatik entzun zituen Jainkoak otoitz haiek?

Aurreko artikuluan aipatu bezala, Jainko bakar bati zuzendu zizkioten euren otoitzak: Jehobari. 1 Joan 5:14⁠ak beste baldintza garrantzitsu bat ere azaltzen du: «Konfiantza osoa dugu Jainkoarengana jotzeko, ongi baitakigu, bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, entzun egiten digula». Gure otoitzak Jainkoaren nahiarekin bat egon behar dira. Zer esan nahi du honek?

Lehenik eta behin, Jainkoaren nahia zein den jakin behar dugu. Beraz, honetarako, ezinbestekoa da Biblia aztertzea. Esan nahi al du honek Jainkoak ez dituela gure otoitzak entzungo biblia-adituak ez bagara? Ez. Baina Jainkoak bere nahia ezagutu, ulertu eta bete dezagun espero du (Mateo 7:21-23). Biblian ikasten dugunarekin bat egonez otoitz egin behar dugu.

Gure otoitzak Jainkoak entzun ditzan, bere nahiarekin bat egon behar dute, fedea izan behar dugu eta Jesusen izenean egin behar ditugu.

Jehoba eta bere nahiari buruz ikasten dugun heinean, gure fedea sendotu egiten da. Hau otoitzerako funtsezko beste baldintza bat da. Jesusek honakoa esan zuen: «Otoitzean sinesmenez eskatzen duzuen edozer gauza lortuko duzue» (Mateo 21:22). Sinesmena edo fedea izateak ez du esan nahi gauzak besterik gabe sinetsi behar ditugunik. Eta, zer esan nahi du orduan? Froga argietan oinarrituta dauden gauzetan sinestea, hauek ikusi ezin baditugu ere (Hebrearrei 11:1). Nahiz eta ezin dugun ikusi, Jehoba benetakoa eta fidagarria dela azaltzen duten frogez beteta dago Biblia, baita berarengan fedea dutenen otoitzak erantzuten dituela ere. Gainera, beti eskatu dezakegu fede gehiago. Izan ere, Jehobari guk behar duguna ematea gustatzen zaio (Lukas 17:5; Santiago 1:17).

Hona hemen otoitz egiteko moduaren beste baldintza garrantzitsu bat. Jesusek esan zuen: «Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik» (Joan 14:6). Beraz, Jesus, gure Aita Jehobarengana hurbiltzeko bidea da. Horregatik, Jesusek bere jarraitzaileei bere izenean otoitz egiteko esan zien (Joan 14:13; 15:16). Horrek ez du esan nahi Jesusi otoitz egin behar diogunik, baizik eta bere izenean otoitz egin behar diogula Jehobari. Jesusi esker, perfektua eta santua den Aitarengana hurbildu gaitezkeela gogoratu behar dugu.

Behin, Jesusi bere jarraitzaileek eskatu zioten: «Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten» (Lukas 11:1). Argi dago bazekitela nola egin behar zen otoitz. Beraz, jakin nahi zutena zeri buruz otoitz egitea zen.