Saltatu edukira

Zergak ordaindu behar al ditugu?

Zergak ordaindu behar al ditugu?

Zergak ordaindu behar al ditugu?

JENDEAREN gehiengoak ez du zergak ordaintzea gustuko. Askoren ustez zergen dirua xahutu egiten da ustelkeriarengatik, iruzurkeriarengatik edo gaizki erabiltzen delako. Beste batzuk ordea, arrazoi moralengatik zergak ez ordaintzea erabakitzen dute. Hori da Ekialde Hurbileko herri bateko biztanle batzuen kasua. Honela defendatzen dute zergak ez ordaintzeko hartu duten erabakia: «Ez ditugu ordainduko gure seme-alabak hilko dituzten balak».

Horrelako pentsaerak ez dira berriak, ezta arraroak ere. Mohandas Gandhi lider hinduak, bere kontzientziak zergak ordaintzen zergatik ez zion uzten honela adierazi zuen: «Indar armatuak dituen estatu baten alde zuzenean edo zeharka egiten duenak, bekatu horretan parte hartzen du. Gizaki guztiak, gazte nahiz zahar, bekatu horren konplize dira zergak ordainduz estatua mantentzen laguntzean».

Era berean, XIX. mendeko Henry David Thoreau filosofoak arrazoi moralak aipatu zituen gerraren alde egiten zuten zergak ez ordaintzeko. Honakoa galdetu zuen: «Momentu batez bada ere, jarri behar al du hiritar batek bere kontzientzia legegile baten menpean? Orduan zertarako du gizaki bakoitzak kontzientzia?».

Gai hau oso garrantzitsua da kristauentzako. Izan ere, Bibliak argi irakasten du gauza guztietan bihotz edo kontzientzia garbia izan behar dugula (2 Timoteori 1:3). Bestalde, giza gobernuek zergak jasotzeko eskubidea dutela ere esaten du Bibliak: «Gizaki orok izan behar du ezarritako [giza] agintarien menpeko. Ez baita aginterik Jainkoarengandik ez denik, eta oraingo agintariak ere hark ezarriak dira. Horregatik, beharrezko da agintarien menpeko izatea, baina zigorraren beldurrez ez ezik, baita kontzientziaren eraginez ere. Horrexegatik ordaintzen dituzue zergak ere, agintariak Jainkoaren ordezkari direlako, horretarako jarriak direlako. Eman bakoitzari zor diozuena: zergak, kontribuzioak» (Erromatarrei 13:1, 5-7).

Horregatik, lehen mendeko kristauak zergak garaiz ordaintzeagatik ezagunak ziren, nahiz eta diruaren zati handi bat helburu militarretara joan. Gauza bera gertatzen da gaur egun Jehobaren lekukoekin. Nola azaldu daiteke itxurazko kontraesan hau? Zergak ordaintzeko garaian alde batera utzi behar al dute kristauek euren kontzientzia?

Zergak eta kontzientzia

Egia da lehen mendeko kristauek ordaintzen zituzten zergen zati bat ejerzitura bideratzen zela. Jasotako diruari ematen zaion erabilera honek bultzatu zituen Gandhi eta Thoreau zergak ordaindu nahi ez izatera.

Kristauek Erromatarrei 13⁠ko agindua obeditu zuten «zigorraren beldurrez ez ezik, baita kontzientziaren eraginez ere» (Erromatarrei 13:5). Kristau batek zergak nola erabiltzen diren gustukoa ez izan arren, bere kontzientziak hauek ordaintzera behartzen du. Hau ondo ulertzeko kontzientziak nola funtzionatzen duen ulertu behar dugu. Egiten ditugun ekintzak zuzenak edo okerrak diren esaten digun barneko zentzua da kontzientzia.

Thoreau-k esan zuen bezala, denok dugu barruko zentzu hori, baina ez da beti fidagarria. Jainkoa pozteko, gure kontzientziak bere arau moralekin bat egin behar du. Jainkoa gu baino jakintsuago da. Beraz, askotan gure pentsaera aldatu eta berak bezala pentsatzen ikasi behar dugu (19. Salmoa 8 [19:7NWT]). Horregatik, Jainkoak giza gobernuei buruz pentsatzen duena ulertzen saiatu beharko genuke. Eta zein da bere ikuspuntua?

Paulo apostoluak giza gobernuak «Jainkoaren ordezkari direla» idatzi zuen (Erromatarrei 13:6). Zer esan nahi du honek? Ordena mantentzen dutela eta gizartearentzako beharrezko diren gauza onak egiten dituztela. Gobernurik ustelenak ere normalean oinarrizko zerbitzuak eskaintzen ditu, esaterako, posta, hezkuntza publikoa, baita suhiltzaileak eta polizia ere. Nahiz eta Jainkoak gobernuek batzuetan gauza txarrak egiten dituztela badakien, izaten uzten die eta guk hauek errespetatzea eta zergak ordaintzea nahi du.

Jainkoa giza gobernuei denbora batez bakarrik agintzen uzten ari zaie. Laster bere zeruko Erreinuak «ezeztatu» egingo ditu eta historian zehar egin duten kalte guztia konponduko du (Daniel 2:44, Bible Saindua, Jean Duvoisin; Mateo 6:10). Baina, bitartean, Jainkoak ez du kristauek desobedientzia zibilean parte hartzerik nahi, gobernuak obeditu eta zergak ordaintzea baizik.

Pentsatzen al duzu Gandhi-k bezala gerren alde egiten duten zergak ordaintzea bekatua dela? Paisaia bat leku garai batetik hobetu ikusten da, ezta? Antzera, Jehobaren pentsatzeko era gurea baino garaiagoa da. Beraz, logikoa da gure pentsaera bere pentsaerara moldatu behar izatea. Isaias profetaren bidez, Jainkoak honakoa esan zuen: «Nola zerua lurraren gainetik garai, halaxe nire jokabidea zuenaren gainetik eta nire egitasmoak zuenen gainetik» (Isaias 55:8, 9).

Nori zor diogu obedientzia osoa?

Nahiz eta Bibliak zergak ordaindu behar ditugula esaten duen, honek ez du esan nahi gobernuek guk beti obeditzea eskatu dezaketenik. Jainkoak gobernuei botere mugatua eman diela irakatsi zuen Jesusek. Gizon batek erromatar gobernuari zergak ordaindu behar al zizkioten galdetu zionean, Jesusek honakoa erantzun zion: «Eman Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari» (Markos 12:13-17).

Gobernuek dirua sortu eta honek duen balioa ezartzen dute. Beraz, Jainkoaren ikuspuntutik gobernuek zergak ordaintzea eskatzeko eskubidea dute. Baina giza erakundeek ezin dizkigutela Jainkoaren gauzak, hau da, gure bizitza eta adorazioa eskatu erakutsi zuen Jesusek. Horregatik, giza legeak Jainkoaren legeen aurka daudenean, ondorengo agindua jarraitu behar dugu kristauok: «Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena» (Eginak 5:29).

Gaur egun kristauek agian ez dute atsegin zertarako erabiltzen den euren zergen dirua. Hala ere, ez dute gobernuen aurka egiten ezta zergak ordaintzeari uzten ere. Hori egingo balute, Jainkoak gizakien arazoak konponduko dituen promesan ez dutela konfiantzarik erakutsiko lukete. Horren ordez, Jainkoarengan eta bere Erreinuan itxaroten dute pazientziaz. Jesusek honakoa esan zuen gobernu honi buruz: «Nire erregetza ez da mundu honetakoa» (Joan 18:36).

Biblia-irakaspenak jarraitzearen emaitza onak

Bibliak zergak ordaintzeari buruz irakasten duena jarraitzen baduzu, emaitza onak jasoko dituzu. Adibidez, ez diozu legea haustean jasotzen den zigorrari beldurrik izango, ezta harrapatua izateari ere (Erromatarrei 13:3-5). Are garrantzitsuagoa, kontzientzia garbia izango duzu eta Jainkoa ohoratuko duzu zure jokabidearekin. Agian diru gutxiago izango duzu zergak ordaintzen ez dituztenen edo iruzur egiten dutenen aldean. Baina ziur egon zaitezke Jainkoak bere zerbitzari leialak zainduko dituela. Dabid salmogileak Jainkoaren promesa hau honela adierazi zuen: «Gazte izan nintzen, orain zaharturik nago: ez dut sekula ikusi zintzoa bertan behera utzia, ezta haren ondorengorik ere ogi eskean» (37. Salmoa 25).

Azkenik, zergak ordaintzeari buruzko biblia-agindua ulertu eta jarraituz gero, barneko bakea izango duzu. Etxe bat alokatzen duzunean, legeak ez zaitu jabeak alokairuaren diruarekin egiten duenaren erantzule egiten. Honen antzera, Jainkoak ez zaitu gobernuek zure zergekin egiten dutenaren erantzule egiten. Bibliako egiak ezagutu aurretik, Europako hegoaldean bizi zen Stelvio izeneko gizona bere herrialdeko injustizien aurka borroka egiten saiatu zen. Honela azaldu zuen zergatik utzi zituen alde batera bere ahaleginak: «Gizakiak ezin duela munduan justizia, bakea eta anaitasuna lortu onartu behar izan nuen. Jainkoaren Erreinuak bakarrik lortu dezake gizarte berri eta hobea».

Stelvio-k bezala leialki «Jainkoarena Jainkoari» ematen badiozu, ziur egon zaitezke Jainkoak bere promesa beteko duela. Bere Erreinu zuzenak lurrean aginduko duen garaia ikusiko duzu, baita giza gobernuek sortutako kalte eta injustizia guztiak nola konpontzen dituen ere.

[Iruzkina]

Jehobaren pentsatzeko era gurea baino garaiagoa denez, gure pentsaera bere pentsaerara moldatu behar dugu

[Iruzkina]

Zergak garaiz ordainduz, kristauok Jainkoaren aurrean kontzientzia ona izango dugu eta berak gure beharrak asetuko dituen promesan konfiantza dugula erakutsiko dugu

[Irudia]

«Eman Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari»

[Kreditua]

Copyright Britaniar Museoa