Nola estutu dezakete aitek semeekin duten harremana?
Nola estutu dezakete aitek semeekin duten harremana?
«Aitatxo, nola dakizu hainbeste?». Harritu al zaitu inoiz zure haurtxoak horrelako galdera batekin? Momentu hartan, ziurrenik harro sentitu zinen aita izateaz. Baina, zure semeak zure aholkuak jarraitzeagatik emaitza onak lortzen baditu, oraindik zoriontsuago izango zara zalantzarik gabe a (Esaera Zaharrak 23:15, 24).
Hala ere, urteak pasa ahala, zure semeak txikitan zurekiko zuen mirespen berdina al du orain? Edo denboran zehar gutxitu dela uste al duzu? Nola mantendu dezakezu zure semearekin harreman estua heldua egiten den heinean? Lehendabizi, aztertu dezagun aita batek izan ditzakeen erronkak.
Hiru ohiko erronka
1) DENBORA FALTA: Herrialde askotan, aita da familia mantentzeko diru sarrera handiena ekartzen duena. Askotan, bere lanagatik, etxetik kanpo denbora asko pasa behar du, eta horregatik, oso denbora gutxi du seme-alabekin egoteko. Adibidez, duela gutxi Frantzian egindako inkesta baten arabera, aitek egunean bataz beste 12 minutu baino gutxiago pasatzen dituzte beraien seme-alabekin.
PENTSA EZAZU HONETAN: Zenbat denbora pasatzen duzu zure semearekin? Zergatik ez duzu hurrengo astebetean edo bi astetan zehar, zure semearekin pasatzen duzun denbora apuntatzen? Emaitzak harritu zaitzake.
2) EREDU ON BAT EZ IZATEA: Gizon batzuk erlazio gutxi izan dute euren aitarekin. Frantzian bizi den Jean-Marie-k bere aitarekin oso erlazio gutxi zuela dio. Zer eragin izan zuen honek Jean-Marierengan? Berak honakoa dio: «Inoiz imajinatu ez ditudan arazoak sortu dizkit. Adibidez, zaila egiten zait nire semeekin gai inportanteetaz hitz egitea». Beste kasu batzuetan aldiz, gizonezko batzuek euren aita ondo ezagutzen dute, baina ez dute erlazio on bat. Philippek 43 urte ditu eta honakoa dio: «Nire aitari zaila egiten zitzaion maite ninduela erakustea, ondorioz, gogor egin behar dut lan nire semeari maite diodala erakusteko».
PENTSA EZAZU HONETAN: Sentitzen al duzu zure aitarekin duzun harremanak zure semearekin duzun harremanean eragina duela? Konturatu al zara zure aitaren ohitura txar eta onak jarraitzen dituzula? Zertan nabaritu duzu?
3) ERAGIN KULTURALA: Kultura batzuetan, haurrak heztearen lana aitena ez dela pentsatzen da. Mendebaldeko Europako herrialde batean hazi zen Luca-k honakoa dio: «Haurrak zaintzea, emaztearen lana zela pentsatzen zuen jendeak». Beste kultura batzuetan, aiten ardura, beraien seme-alabak gogorki disziplinatzea da bakarrik. George, adibidez, Afrikako herrialde batean hazi zen. Berak dio: «Nire kulturan, aitek ez dute beraien seme-alabekin jolasten, aitek duten autoritatea galtzeko beldur direlako. Beraz, niri ere zaila egin zait nire semearekin denbora pasatzeaz disfrutatzea».
PENTSA EZAZU HONETAN: Zure kulturan, zer da aitengandik espero dena? Seme-alabak heztea emakumeen lana bakarrik dela erakusten da? Semeei maitasuna adierazteko ohitura dago, edo gaizki ikusten da?
Erronka hauetako bati edo gehiagori aurre egin behar diozun aita bazara, nola egin dezakezu? Aztertu hurrengo aholkuak.
Hasi zure semea gaztea denean
Semeak beraien aita imitatzeko desioarekin jaiotzen dira. Beraz, zure semea txikia den bitartean, zu imitatzeko duen desira aprobetxatu. Nola egin dezakezu hau? Nondik aterako duzu astia, berarekin denbora gehiago pasatzeko?
Posible den guztietan, zure semea kontuan hartu egunero dituzun betebeharretan. Adibidez, etxeko lanetan lagundu ahal dizu. Eman zure semeari eskoba edo pala txiki bat. Dudarik gabe, hainbeste miresten duen bere aitatxorekin lan egitea asko gustatuko zaiola! Agian etxeko lana bukatzeak denbora gehiago emango dizu, baina ziur zuen arteko harremana estutu egingo dela eta langile on bat izaten irakatsiko diozula. Duela asko, Bibliak aitak animatzen zituen beraien seme-alabekin lan egitera, eta denbora hau, elkarrekin hitz egiteko eta irakasteko aprobetxatzera (Deuteronomioa 6:6-9). Aholku hau gaur egunerako ere oso praktikoa da.
Semearekin lana egiteaz gain, berarekin jolasteko denbora hartu. Jolasteak ondo pasatzea baino emaitza on gehiago ditu. Ikerketen arabera, aitek semeekin jolasten dutenean, iniziatiba gehiago izaten eta ausartagoak izaten laguntzen diete.
Badago oraindik beste arrazoi inportante bat semeekin jolasteko. Michel Fize ikertzaileak honela azaltzen du: «Haur bat bere aitarekin hobeto komunikatzen da jolasean dagoen bitartean». Momentu horietan aitak maitasuna erakutsi dezake hitz eta ekintzen bidez. Hori eginez, berdina egiten irakasten dio semeari. Alemaniako André izeneko aita batek dio: «Nire semea txikia zenean, askotan jolasten genuen elkarrekin. Besarkatzen nion, eta berak niri maitasuna erakusten ikasi zuen».
Semearekin harremana estutzeko beste momentu on bat oheratzeko garaia da. Istorio bat irakurri iezaiozu, eta egunean izan dituen poz eta kezkak kontatzen dizkizunean, entzun arretaz. Hau egitean, heldua egiten den heinean, zurekin komunikatzen jarraitzea erraza egingo zaio.
Jarraitu elkarrekin gauzak egiten
Adoleszenteak diren seme batzuei aitek komunikatzeko egiten dituzten esfortzuak ez zaiela axola ematen du. Semeak zure galderak erantzuten ez baditu, ez pentsatu ez duela inolaz ere zurekin hitz egin nahi. Agian, zurekin gehiago irekiko da komunikatzeko modu desberdinak bilatzen badituzu.
Frantzian bizi den Jacques izeneko aita bati zaila egiten zaio bere seme Jérôme-kin hitz egitea. Bere semea hitz egitera behartu beharrean, zerbait desberdina egin zuen. Futbolean hasi zen jolasten berekin. «Jolastu ondoren,» dio Jacquesek, «belarretan esertzen ginen pixka bat deskantsatzeko. Momentu haietan, askotan, nire semeak bere bihotza irekitzen zidan. Biok bakarrik egoten ginenez, adiskidetasun berezi bat sortu zen gure artean».
Eta zure semeari kirolak ez bazaizkio gustatzen? Andrék ondo gogoratzen du bere semearekin izarrak begiratzen pasatzen zituen orduak. «Gauetan kanpoan esertzen ginen, manta batekin bilduta, te bat eskuan eta zerura begira geratzen ginen. Izarrak sortu zituenari buruz hitz egiten genuen, baita gauza pertsonalei buruz ere. Ia denari buruz hitz egiten genuen» (Isaias 40:25, 26).
Eta zure semeari interesatzen zaizkion gauzak, ez bazaizkizu gustatzen? Orduan, agian, zure gustu pertsonalak alde batera utzi beharko dituzu (Filipoarrei 2:4). «Nire seme Vaughan-i baino askoz gehiago gustatzen zitzaizkidan niri kirolak» dio Hego Afrikan bizi den Ian-ek. «Berari hegazkinak eta ordenagailuak gustatzen zitzaizkionez, nik ere interesa jarri nuen gauza haietan. Hegaldi erakustaldiak ikustera eramaten nuen eta ordenagailuan hegaldi simulagailuetan jolasean ibiltzen nintzen berarekin. Elkarrekin asko disfrutatzen genuenez, Vaughan ez zen nirekin hitz egiteko beldur».
Indartu bere autoestimua
«Begira aitatxo, begira!». Esan al dizu horrelako zerbait zure ume txikiak? Agian, zerbait berria egiten ikasi duenean? Orain adoleszentea bada, zure aprobazioa lehen bezain argi bilatzen jarraitzen al du? Agian ez. Baina oraindik zure aprobazioa behar du gizon orekatsu bat izatera heltzeko.
Ikusi Jehobak bere seme bati buruz esandakoa. Jesusek bere lurreko bizitzan etapa berri bat hasi behar zuenean, Jainkoak denen aurrean berari zion maitasuna erakutsi zuen hau esanez: «Hau da nire Semea, nire maitea; berau dut atsegin» (Mateo 3:17; 5:48). Egia da zure semeari disziplina ematea eta irakastea zure lana dela (Efesoarrei 6:4). Baina, bilatzen al dituzu zure semeak ondo egiten dituen gauzengatik zoriontzeko aukerak?
Gizon batzuei zaila egiten zaie euren semeei zoriontzea eta maitasuna adieraztea. Agian, euren gurasoek zoriontzea baino, egiten zituzten akatsak azpimarratzen zituztelako. Zure kasua bada, gogor saiatu beharko zara zure semearen autoestimua indartzen. Nola egin dezakezu? Lehen aipatutako Lucak bere 15 urteko semearekin, Manuelekin, erregularki etxeko lanak egiten ditu. «Batzuetan,» dio Lucak, «Manueli lan batekin hasteko esaten diot, eta behar banau, lagunduko diodala. Gehienetan bera bakarrik konpontzen da. Lan bat ondo ateratzen zaionean, bere buruarekin ondo sentitzen da, eta ondo egin duelako zoriondu egiten dut. Egindako lana espero zuen moduan ez zaionean ateratzen ere, egin dituen esfortzuak asko estimatzen ditudala gogoratzen diot».
Zure semearen autoestimua indartzeko beste modu bat, bere bizitzan helburu inportanteak lortzen lagunduz da. Baina, espero zenuena baino polikiago lortzen baditu helburu horiek? Edo bere helburuak, txarrak ez badira ere, zuk beretzat nahi zenituen helburuen desberdinak badira? Kasu horretan, zure espektatibak aldatu beharko dituzu. Lehen aipatutako Jacquesek dio: «Nire semeari lortu ahal zituen helburuak jartzen laguntzen saiatu nintzen, baina berak jarri nahi zituen helburuak zirela ziurtatu nintzen, eta ez nik nahi nituenak. Gero, nire semeak bere helburuak betetzeko bere erritmoa duela gogorarazten diot neure buruari». Bere erabakiak errespetatzen, ondo egiten duenagatik zoriontzen, eta zerbait gaizki egin arren, etsi gabe jarraitzen animatzen baduzu, bere helburuak lortzen lagunduko duzu.
Errealistak izanda, zure semearekin duzun harremanak tirabirak izango ditu, baina gerora, zure semeak zurekin egon nahiko du. Azken finean, nork ez du arrakasta izaten laguntzen dion norbaiten ondoan egon nahi?
[Oin-oharra]
a Nahiz eta artikulu honek aita eta semeen arteko harremanari buruz hitz egin, bertan azaltzen diren printzipioak baliagarriak dira ere aita eta alaben harremanentzat.