Saltatu edukira

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Zergatik erabaki zuen gizon batek txikitan izandako erlijiora bueltatzea? Zerk lagundu zion gizon gazte bati Jehoba bere Aita bezala ikusten? Irakur dezagun zer dioten.

«Jehobarengana itzuli behar nuen» | ELIE KHALIL

JAIOTZE-URTEA: 1976

JATORRIZKO HERRIALDEA: ZIPRE

HISTORIA: SEME GALDUA

NIRE IRAGANA: Zipren jaio nintzen, baina Australian hazi nintzen. Gurasoak Jehobaren lekukoak ziren eta asko saiatu ziren nire bihotzean Jehoba eta bere Hitzarekiko maitasuna pizten. Baina nerabezaroan errebelatu egin nintzen. Gauez, ezkutuan, etxetik alde egiten nuen beste gazteekin elkartzeko. Kotxeak lapurtzen genituen eta arazoetan sartzen nintzen.

Hasiera batean, gauza hauek ezkutuan egiten nituen ez nituelako gurasoak tristetu nahi. Baina, denborarekin, beldur hori galdu nuen. Ni baino helduagoak zirenekin elkartzen hasi nintzen. Hauek ez zuten Jehoba maite eta influentzia txarra izan zuten nigan. Azkenean, gurasoei ez nuela Jehobaren lekuko izan nahi esan nien. Beraiek pazientziaz ni laguntzen saiatu ziren, baina nik ez nien kasurik egin. Gurasoak lur jota gelditu ziren.

Etxetik alde egin ondoren, drogak probatzen hasi nintzen. Gainera, marihuana landatzen eta kopuru handitan saltzen hasi nintzen. Bizimodu moralgabea nuen eta denbora asko pasatzen nuen festaz festa gaueko klubetan. Azkar haserretzeko joera nuen. Norbaitek gustatzen ez zitzaidan zerbait esan edo egiten bazuen, biziki haserretzen nintzen. Askotan, jendeari garrasi egiten nion eta jotzera ere iristen nintzen. Kristau batek egin behar ez dituen gauza guztiak egiten nituen.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Txikitan aita galdu zuen drogazale baten lagun min egin nintzen. Askotan, berandu arte gelditzen ginen hizketan. Gau horietako batzuetan, aitaren falta zenbat somatzen zuen kontatzen zidan. Haurra nintzenetik berpizkundearen promesa ezagutzen nuenez, Jesusek hildakoak berpiztu zituela eta etorkizunean gauza bera egingo duela azaldu nion (Joan 5:28, 29NWT). Esaten nion: «Imajina ezazu, zure aita berriro ikusiko duzu eta guztiok lurreko paradisuan betirako bizitzeko aukera izango dugu». Promes hauek bere bihotza ukitu zuten.

Beste batzuetan, Trinitatea, azken egunak eta antzeko gaiei buruz hitz egin nahi zuen. Orduan, bere Bibliarekin, Jehoba, Jesus eta azken egunei buruzko egia erakusten nion (Joan 14:28; 2 Timoteori 3:1-5). Elkarrizketa horien ondorioz, Jehobari buruz gehiago pentsatzen hasi nintzen.

Honi esker, gurasoek nire bihotzean landaturiko haziak poliki-poliki loratzen hasi ziren. Adibidez, batzuetan festa batean lagunekin drogak hartzen ari nintzela, bat-batean, Jehobarengan pentsatzen hasten nintzen. Lagun askok Jainkoa maite zutela esan arren, euren ekintzek kontrakoa adierazten zuten. Beraiek bezalakoa izan nahi ez nuenez, egin behar nuenaz konturatu nintzen: Jehobarengana itzuli behar nuen.

Noski, zer egin jakitea erraza izaten da, baina praktikan jartzea askoz ere zailagoa da. Erraza egin zitzaidan aldaketa batzuk egitea. Aurreko lagunak eta drogak utzi nituen, eta kongregazioko adindun batekin Biblia aztertzen hasi nintzen.

Beste aldaketa batzuk egitea, aldiz, oso zaila egin zitzaidan. Nire jenio txarra aldatzea bereziki zaila izan zen. Denboraldi batez, haserretu gabe irauten nuen, baina ondoren, joera honetan berriro erortzen nintzen. Hori gertatzen zenean, errudun sentitzen nintzen eta aldatzeko gai izango ez nintzela pentsatzen nuen. Desanimatuta nengoen eta nirekin Biblia aztertzen zuen anaiarekin hitz egitea erabaki nuen. Berak asko lagundu zidan. Pazientzia erakutsi zuen eta atsegina izan zen. Behin, La Atalaya-ren artikulu bat irakurri zuen nirekin. Amore ez ematearen garrantziari buruz hitz egiten zuen. a Berriro haserretuz gero egin beharko nuenari buruz hitz egin genuen. Pixkanaka-pixkanaka artikulu honen ideiak kontuan hartuz eta Jehobari otoitz asko eginez, nire jenio txarra kontrolatzea lortu nuen. Azkenean, 2000⁠ko apirilean, Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen. Gurasoak pozez zoratzen zeuden.

NIRE ONERAKO IZAN DA: Orain, barne bakea eta kontzientzia garbia dut, jada ez dudalako drogarik hartzen eta ez dudalako bizimodu moralgaberik eramaten. Nire bizitzako arlo guztietan lehen baino askoz ere zoriontsuagoa naiz.

Jehobari nire gurasoengatik eskerrak ematen dizkiot. Beraiek ez dira inoiz nitaz ahaztu. Joan 6:44an agertzen diren Jesusen hitzak ere gogoratzen ditut: «Ezin da inor niregana hurbildu, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu». Jehobak berriro bere ondora erakarri nau. Oso hunkituta nago berarengana itzultzeko aukera izan dudalako.

«Aita baten maitasuna jaso nahi nuen» | MARCO ANTONIO ALVAREZ SOTO

JAIOTZE-URTEA: 1977

JATORRIZKO HERRIALDEA: TXILE

HISTORIA: DEATH-METAL TALDE BATEKO MUSIKARIA

NIRE IRAGANA: Amarekin hazi nintzen Punta Arenasen, Hego Amerikako hegoaldetik gertu dagoen Magallaes itsasarteko hiri lasai batean. Bost urte nituenean, gurasoak banatu egin ziren eta, ondorioz, abandonatuta sentitu nintzen. Aita baten maitasuna jaso nahi nuen.

Ama Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi zen eta bileretara eramaten ninduen, baina nik bilerak gorroto nituen eta, askotan, bilera aretorako bidean sekulako kasketa hartzen nuen. Hamahiru urte nituenean, bileretara joateari utzi nion.

Garai hartan, musika maitatzera iritsi nintzen eta, gainera, talentua nuela konturatu nintzen. Hamabost urterekin, heavy-metal eta death-metala jotzen nuen musika jaialdi, taberna eta ekitaldi pribatuetan. Musikari onekin elkartzen nintzen eta hauek musika klasikoan interesa piztu zidaten. Ondoren, kontserbatorioan musika ikasten hasi nintzen eta hogei urte nituenean, Santiagora, hiriburura, bizitzera joan nintzen ikasketekin jarraitzeko. Gainera, heavy-metal eta death-metal taldeetan jotzen jarraitu nuen.

Denbora horretan zehar hutsik sentitu nintzen. Sentimendu horiek baretu nahian, taldekideekin mozkortu eta drogak hartzen nituen. Taldekideak nire familia ziren. Jarrera errebeldea nuen eta hau nire itxuran nabaritzen zen. Arropa iluna janzten nuen, bizarra utzi nuen eta ilea ia gerriraino iristen zitzaidan.

Nire jarreragatik behin eta berriz liskarretan sartzen nintzen eta poliziarekin arazoak izaten nituen. Behin, gehiegi edan ondoren, nire lagunak molestatzen ari zen droga-trafikatzaile talde bat erasotu nuen. Ondorioz, sekulako jipoia jaso nuen eta masailezurra hautsi zidaten.

Baina kolperik mingarriena gehien maite nituenengandik jaso nuen. Behin, nire neska-laguna nire lagun minarekin urtetan engainatu ninduela konturatu nintzen. Gainera, lagun guztiek horren berri izan arren, ez zidaten ezer esan. Lur jota nengoen.

Punta Arenasera itzuli nintzen eta, bertan, musika irakasle eta biolontxelista bezala lan egiten hasi nintzen. Gainera, heavy-metal eta death-metal taldeekin jotzen eta grabatzen jarraitu nuen. Sussan izeneko emakume eder bat ezagutu nuen eta elkarrekin bizitzera joan ginen. Sussanen amak Trinitatean sinesten zuen. Baina, nik Trinitatean sinesten ez nuela jakin zuenean, honakoa galdetu zidan: «Orduan, zein da egia?». Trinitatea sinesmen faltsua zela esan nion, baina ezin nuela Bibliarekin frogatu. Hala ere, banekien nortzuk frogatu zezaketen hau. Jehobaren lekukoek Bibliarekin gai honi buruzko egia erakutsi ahal ziotela esan nion. Orduan, urtetan egin ez nuen zerbait egin nuen: Jainkoari otoitz egin nion laguntza eskatuz.

Egun batzuk beranduago, ezaguna egiten zitzaidan gizon bat ikusi nuen eta ea Jehobaren lekukoa zen galdetu nion. Nire itxuragatik urduri samar jarri zen arren, bilerei buruz egin nizkion galderak gustu handiz erantzun zizkidan. Elkarrizketa hura nire otoitzen erantzuna izan zela argi ikusi nuen. Bilera aretora joan nintzen eta azkeneko ilaran eseri nintzen inork ez ikusteko. Hala ere, askok ezagutu egin ninduten txikitan bileretara joaten nintzela gogoratzen zutelako. Eman zidaten ongietorri bero eta maitekorra eta gero, izugarrizko bakea sentitu nuen. Etxera itzultzea bezala izan zen. Biblia txikitan irakatsi zidan gizona ikusi nuenean, berarekin Biblia berriro aztertzeko eskatu nion.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Egun batean, Esaera Zaharrak 27:11 aipua irakurri nuen. Bertan dio: «Izan zuhur, seme: emadazu poz hori». Gizaki xume batek unibertsoko Sortzailea poztu dezakeela pentsatzeak hunkitu ninduen. Orduan ulertu nuen Jehoba zela bizitza osoan bilatzen egon nintzen Aita!

Nire zeruko Aita poztu eta bere nahia egin nahi nuen, baina aspalditik hasitako drogen eta alkoholaren menpekotasunarekin borrokan jarraitzen nuen. Garai hartan, Mateo 6:24an dauden Jesusen hitzak ulertu nituen: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan». Aldaketak egiteko borrokan ari nintzela, 1 Korintoarrei 15:33ko hitzek eragin sakona izan zuten nigan: «Lagun txarrek ohitura onak usteldu egiten dituzte». Leku berberetara joaten eta pertsona berberekin elkartzen jarraitzen banuen, nituen ohitura kaltegarriak uztea ezinezkoa egingo zitzaidala konturatu nintzen. Bibliaren aholkua argia zen: Jainkoa zerbitzatu nahi banuen, erabateko aldaketak egin behar nituen (Mateo 5:30NWT).

Musika hainbeste maite nuenez, gehien kostatu zitzaidana heavy-metala uztea izan zen. Baina kongregazioko anai-arreben laguntzari esker, hau uztea lortu nuen. Bestalde, gehiegi edateari eta drogak hartzeari utzi nion. Gainera, ilea eta bizarra moztu nuen eta beltzez bakarrik janzteari utzi nion. Sussanek ilea moztuko nuela jakin zuenean, honek bere jakinmina piztu zuen eta esan zidan: «Zurekin joango naiz bileretara bertan egiten dena ikusteko!». Ikusi zuena gustatu zitzaionez, laster Biblia aztertzen hasi zen. Denborarekin, Sussan eta biok ezkondu egin ginen. 2008⁠an, Jehobaren lekuko izateko bataiatu ginen. Oso pozik gaude nire amarekin batera Jehoba zerbitzatzeaz.

NIRE ONERAKO IZAN DA: Gezurrezko zoriontasunez eta lagun faltsuz beteriko mundu honetatik ihes egin nuen. Oraindik musika maite dut, baina orain selektiboa naiz. Iraganean bizitakoa familia kideei eta besteei laguntzeko erabiltzen dut, baina batez ere gazteei. Mundu honek eskaintzen duena erakargarria dela badirudi ere, azkenean, dena «zaborraren pareko» dela ikusten lagundu nahi diet (Filipoarrei 3:8).

Kongregazioan maitasuna, bakea eta lagun leialak aurkitu ditut. Baina are baliotsuagoa den zerbait aurkitu nuen: irrikaz bilatzen aritu nintzen Aita, Jehoba.

[Oin-oharra]

a «La perseverancia ayuda a triunfar» edo «La réussite grâce à la persévérance» artikulua 2000⁠ko otsailak 1⁠eko La Atalaya edo La Tour de Garde-n agertzen da, 4-6 orrialdeetan.

[Iruzkina 13. orrialdean]

«Jehobak berriro bere ondora erakarri nau. Oso hunkituta nago berarengana itzultzeko aukera izan dudalako».