BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU
«Nire bizitza nora zihoan pentsatzen hasi nintzen»
JAIOTZE URTEA: 1941
JATORRIZKO HERRIALDEA: AUSTRALIA
HISTORIA: ERRETZAILEA ETA ALKOHOLIKOA
NIRE IRAGANA:
Warialdan hazi nintzen, Hegoaldeko Gales Berriko herri txiki batean. Nekazal herri honetan ardi eta abere asko daude, eta barazki asko landatzen dira. Gainera, oso garbia da eta delitu gutxi gertatzen dira.
Hamar anai-arrebetatik zaharrena nintzenez, 13 urterekin lanean hasi nintzen familia laguntzeko. Ikasketa gutxi nituenez, baserrietan egiten nuen lan. 15 urte nituela, abereak zaintzen hasi nintzen, zaldiak hezten.
Baserrietan lan egiteak gauza on eta txarrak zituen. Alde batetik, lana asko gustatzen zitzaidan eta baita ingurugiroa ere. Gauetan, suaren ondoan esertzen nintzen ilargi eta zeru izartsuari begira, arratseko haizeek inguruko mendien usaina ekartzen zidaten bitartean. Momentu haietan, norbaitek gauza zoragarri hauek sortu behar izan zituela pentsatzen nuela gogoratzen dut. Bestalde, niretzat eragin txarra zirenekin egon beharra nuen. Lankideek hitz itsusiak erabiltzen zituzten eta asko erretzen zuten. Beraz, ni ere berdina egiten hasi nintzen.
18 urte nituenean, Sydney-ra joan nintzen bizitzera. Armadan sartzen saiatu nintzen baina ikasketarik ez nuenez, ez zidaten onartu. Lan bat lortu nuen eta Sydneyn urtebetez geratu nintzen. Han nengoela, Jehobaren lekukoak ezagutu nituen lehen aldiz. Haien bileretara joateko gonbidapena onartu nuen eta segituan konturatu nintzen egia zutela.
Hala ere, handik gutxira, hiritik ateratzea erabaki nuen eta Queensland-era joan nintzen, Goondiwindi-ra. Lan bat aurkitu nuen, ezkondu egin nintzen eta, tamalez, edaten hasi nintzen.
Bi seme izan genituen eta jaio zirenean nire bizitza nora zihoan pentsatzen hasi nintzen. Sydneyko Lekukoen bileran entzun nuena gogoratu eta zerbait egin behar nuela erabaki nuen.
Aurkitu nuen Talaiako ale zahar batean, Jehobaren lekukoen Australiako sukurtsalaren helbidea agertzen zen. Beraz, gutun bat bidali nuen laguntza eske. Erantzuna laster iritsi zen Lekuko jator eta maitekor bat ni bisitatzera etorri zenean. Laster, berarekin Biblia ikasten hasi nintzen.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:
Orduan eta Biblia gehiago ikasi, orduan eta argiago nuen nire bizitzan aldaketa inportanteak egin behar nituela. 2 Korintoarrei 7:1ak bihotza ukitu ninduen. Bertset honek gorputzeko zikin guztietatik garbitzera animatzen gaitu.
Erretzeari eta gehiegi edateari uztea erabaki nuen. Aldaketa hauek egitea ez zen erraza izan, ohitura hauek aspaldikoak zirelako. Baina, Jainkoak atsegin zuen bizimodua eramateko determinazioa nuen. Erromatarrei 12:2ko printzipioa praktikan jartzeak asko lagundu zidan. Hemen dio: «Ez egokitu mundu honen iritzietara, eraberri zaitezte baizik, zeuen pentsaera aldatuz». Nire ohiturak aldatzeko, nire pentsatzeko era aldatu behar nuela konturatu nintzen. Gainera, Jainkoaren ikuspuntua izan behar nuela ikusi nuen. Berarentzat ohitura hauek kaltegarriak ziren. Jainkoaren laguntzarekin, erretzeari eta alkohol gehiegi edateari utzi ahal izan nion.
«Nire ohiturak aldatzeko, nire pentsatzeko era aldatu behar nuela konturatu nintzen»
Hala ere, nire erronkarik handiena hitz itsusiak ez esatea izan zen. Efesoarrei 4:29ko aholkua ezagutzen nuen: «Ez bedi atera zuen ahotik hitz zakarrik». Hala ere, ez nuen segituan lortu. Isaias 40:26ko hitzetan hausnartzeak asko lagundu zidan. Zeru izartsuari buruz honakoa dio: «Jaso begiak gorantz eta ikus: Nork egin zuen hori guztia? Banan-banan aterarazten ditu zeruko astroak, bakoitzari bere izenez deitzen dio; hain baita ahaltsu, hain biziki indartsu, batek ere ez dio haren deiari huts egiten». Honakoa pentsatu nuen: «Jainkoak hainbeste txunditzen nauen unibertso zabala sortzeko boterea badu, ziur bere nahia betetzeko indarrak emango dizkidala». Otoitz eta esfortzu askorekin, pixkanaka nire hizkera kontrolatzea lortu nuen.
NIRE ONERAKO IZAN DA:
Abereak zaintzen lan egiten nuenez, ez nuen jende askorekin hitz egiteko aukerarik, oso jende gutxi zegoelako baserri inguruetan. Baina, Jehobaren lekukoen bileretan jasotako prestakuntzari esker, ondo espresatzen ikasi nuen. Honek, aldi berean, besteekin Jainkoaren Erreinuko berri onei buruz hitz egiten lagundu dit (Mateo 6:9, 10; 24:14).
Orain dela urte batzuetatik, kongregazioan adindun bezala zerbitzatzen dut. Niretzat pribilegio handia da nire esku dagoen guztia egitea anai-arrebei laguntzeko. Baina bedeinkapenik handiena nire emazte eta seme leial eta maiteekin batera Jehoba zerbitzatzea da.
Eskerrak ematen dizkiot Jehobari, ni bezalako ikasketa gutxiko pertsona bati irakasteagatik (Isaias 54:13). Esaera Zaharrak 10:22ko hitzekin erabat ados nago: «Jaunaren bedeinkazioak aberasten du». Nire familiak eta nik Jehobari buruz gehiago ikasten jarraitzea eta bera betirako zerbitzatzea espero dugu.