AZALEKO GAIA | JAINKOARENGANDIK URRUNTZEN GAITUZTEN GEZURRAK
Egiak aske egin zaitzake
Behin, Jerusalemen, Jesusek bere Aita Jehobari buruz hitz egin zuen eta garai hartako erlijioburuen itxurakeria azaleratu zuen (Joan 8:12-30). Esan zuenak, gaur egun Jainkoari buruzko ohiko sinesmenak nola aztertu behar ditugun irakatsi zigun. Jesusek esan zuen: «Nire mezuan tinko irauten baduzue, zinez nire ikasle izango zarete; horrela, egia ezagutuko duzue, eta egiak aske egingo zaituzte» (Joan 8:31, 32).
«Nire mezuan tinko iraun». Sinesmen bat egia den edo ez jakiteko zer egin behar den esan zuen Jesusek. Jainkoari buruz zerbait entzuten duzunean, galdetu zeure buruari: «Jesusen mezu edo hitzekin eta Biblian dagoen beste guztiarekin bat al dator?». Egin ezazu Paulo apostolua entzun zuten batzuek egin zuten gauza bera. Egunero aztertu ohi zituzten Liburu Santuak, ikasten ari ziren «gauzak hala ote ziren ikusteko» (Eginak 17:11).
Horixe egin zuten hasierako artikuluan aipatutako Marco, Rosa eta Raimundak. Jehobaren lekukoekin Biblia aztertu zuten. Zertaz ohartu ziren?
Marco: «Gure irakasleak biblia-aipuak erabiltzen zituen nire emazteak eta biok genituen galdera guztiak erantzuteko. Jehoba geroz eta gehiago maitatzen hasi ginen eta nire emaztearen eta bion arteko harremana ere sendoagotu egin zen».
Rosa: «Biblia, giza kontzeptuak erabiliz, Jainkoa nor den azaltzen saiatzen den filosofia-liburu bat baino ez zela uste nuen. Baina pixkanaka Bibliak nire galderak erantzun zituen. Orain, Jehoba benetakoa da niretzat eta berarengan konfiantza osoa izan dezaket».
Raimunda: «Jainkoari bera ezagutzen laguntzeko eskatu nion otoitzean. Handik gutxira, nire senarra eta biok Biblia aztertzen hasi ginen eta azkenik Jehobari buruzko egia ezagutu genuen. Poz-pozik geunden Jainkoa nolakoa den jakiteagatik».
Bibliak Jainkoari buruzko gezurrak azaleratu baino gehiago egiten du. Bere ezaugarri erakargarriei buruzko egia erakusten du. Bere Hitz inspiratua da eta «Jaungoikoak agertu dizkigun gauzak» ezagutzen laguntzen digu (1 Korintoarrei 2:12, Ur). Zergatik ez duzu zuk zeuk ikusten Bibliak zer irakasten duen Jainkoari, bere helburuari eta gure etorkizunari buruz? JW.ORG-ko BIBLIAKO IRAKASPENAK > BIBLIARI BURUZKO GALDERAK atalean, galdera hauen erantzunak irakurri ditzakezu. Gainera, biblia-ikastaro bat eskatu dezakezu webgune honetan edo nahiago baduzu, Jehobaren lekuko bati eskatu ahal diozu. Hala egiten baduzu, Jainkoa maitatzea posible dela ikusiko duzu.