BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU
Nire bizitzan garrantzitsuena ni nintzen
JAIOTZE-URTEA: 1951
JATORRIZKO HERRIALDEA: ALEMANIA
HISTORIA: HARROAKERIA ETA JARRERA INDEPENDENTEA ZITUEN
NIRE IRAGANA:
Nire bizitzako lehenengo urteetan, nire familiarekin Leipzig hiritik gertu bizi nintzen Ekialdeko Alemanian, Txekiako eta Poloniako mugetatik gertu. Sei urte nituenean, nire aitaren lanarengatik kanpora bizitzera joan ginen, lehenengo Brasilera eta gero Ekuadorrera.
14 urterekin, Alemaniako barnetegi batera bidali ninduten. Nire gurasoak urruti zeudenez, Hego Amerikan, neure buruaz nik neuk zaindu behar izan nuen. Oso independente bihurtu nintzen eta egiten nuenak besteengan zuen eraginean ez nuen gehiegi pentsatzen.
17 urte nituenean, nire gurasoak Alemaniara itzuli ziren. Hasieran beraiekin bizi nintzen, baina nire jarrera independentearengatik ezinezkoa egin zitzaidan beraien arauak jarraitzea. Beraz, 18 urterekin etxetik joan nintzen.
Ez nengoen batere pozik bizitzarekin. Hortaz, honen zentzuaren bila hasi nintzen. Hainbat talde eta bizimodu aztertzen ibili ostean, ondorio batera iritsi nintzen: Egin nezakeen gauzarik onena gure lur zoragarria gizakiak suntsitu aurretik ezagutzea zen.
Alemania utzi eta Afrikara zuzendu nintzen motorrez. Baina, laster, Europara itzuli behar izan nintzen nire motorra konpontzeko. Handik gutxira, Portugaleko hondartza batean nengoen. Han motorra atzean utzi eta txalupaz bidaiatzea erabaki nuen.
Ozeano Atlantikoa itsasontziz zeharkatzeko prestaketak egiten ari zen gazte talde batekin elkartu nintzen. Haien artean Laurie zegoen, aurrerago nire emaztea izango zena. Lehenengo, Karibeko irletaraino nabigatu genuen. Gero, denboralditxo bat Puerto Ricon egon ondoren, Europara itzuli ginen. Laurie eta biok belaontzi bat aurkitu eta bertan bizitzeko egokitu nahi genuen. Baina hiru hilabetez bila ibili ondoren, gure egitasmoak bertan behera geratu ziren, Alemaniako armadara joateko deitu zidatelako.
Itsas armadan 15 hilabete pasa nituen eta, garai hartan, ezkondu egin ginen. Gure bizimoduarekin jarraitu nahi genuen. Armadara sartu baino lehentxeago, salbamendu-txalupa bat erosi genuen. Armadan nengoen bitartean, pixkanaka-pixkanaka, txalupa belaontzi txiki bihurtu genuen. Gure egitasmoa han bizitzea eta gure planeta zoragarria ezagutzen jarraitzea zen. Itsas armadatik atera ondoren, baina belaontzia bukatu baino lehen, Jehobaren lekukoak ezagutu genituen eta Biblia aztertzen hasi ginen.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:
Hasieran ez nuen ikusten nire bizimodua aldatzeko beharrik. Bizi nintzen emakumearekin ezkonduta nengoen eta ordurako ez nuen erretzen (Efesoarrei 5:5). Gainera, munduan zehar Jainkoaren sorkuntza zoragarria ikusiz bidaiatzea, nire bizitza erabiltzeko modurik onena zela uste nuen.
Baina esan beharra dago, aldaketak egiteko beharra banuela, batez ere, nire izaeran. Oso harroa nintzenez eta jarrera independentea nuenez, arreta osoa jartzen nien nire gaitasun eta lorpenei. Nire bizitzan garrantzitsuena ni nintzen.
Behin, Jesusen Mendiko Hitzaldi famatua irakurri nuen (Mateo 5-7). Hasieran, Jesusek zoriontasunari buruz esaten zuenak harritu ninduen. Adibidez, gose-egarri direnak zorionekoak direla esan zuen (Mateo 5:6). Baina, nola izan daiteke zoriontsu beharrean dagoen norbait? Biblia aztertzen jarraitu nuen heinean, denok ditugula behar espiritualak konturatu nintzen. Baina behar horiek asetzeko, lehenengo, behar horiek ditugula onartu behar dugu apaltasunez. Jesusek esan zuen bezala, «bihotzez behartsu direnak», hau da, beraien behar espiritualak onartzen dituztenak, «zorionekoak» izango dira (Mateo 5:3).
Laurie eta biok Alemanian hasi ginen Biblia aztertzen. Baina, Frantziara bizitzera joan ginen eta, beranduago, Italiara. Joaten ginen leku bakoitzean, Lekukoak aurkitzen genituen. Batak besteari zioten maitasunak eta zuten elkartasunak asko harritzen ninduen. Lekukoek mundu-mailako anaiartea osatzen dutela ikusi nuen (Joan 13:34, 35). Denborarekin, Laurie eta biok bataiatu egin ginen.
Bataiatu ondoren ere, nire izaeran aldaketak egiten jarraitu behar izan nuen. Laurie eta biok Afrikako kostatik nabigatzea eta gero Ozeano Atlantikoa zeharkatuz Estatu Batuetaraino joatea erabaki genuen. Han nengoen ozeanoaren erdian nire emaztearekin bakarrik ontzi txiki batean milaka kilometro urez inguratuta. Orduan konturatu nintzen gure Sortzailearekin konparatuta zein txikia nintzen. Ozeanoan ez dago gauza askorik egiteko. Beraz, asti asko nuenez, denbora asko eman nuen Biblia irakurtzen. Jesusen bizitzaren pasarteek hunkitu ninduten batez ere. Gizon perfektua zen eta gaitasun txundigarriak zituen. Hala ere, ez zuen inoiz bere buruarengan arretarik jarri. Berarentzat garrantzitsuena, ez zen bere burua, bere Aita baizik.
Jainkoaren Erreinuak nire bizitzako gauzarik inportanteena izan behar zuen
Jesusen ereduan hausnartzean, honakoaz konturatu nintzen: Ezin nion Erreinuari soberan nuen denbora bakarrik eman. Nire bizitzako gauzarik inportanteena izan behar zuen (Mateo 6:33). Azkenean, Laurie eta biok Estatu Batuetara iritsi ginenean, han bizitzea eta Jehobaren zerbitzuan arreta jartzea erabaki genuen.
NIRE ONERAKO IZAN DA:
Lehen, nire buruarengan bakarrik pentsatzen nuenean, inoiz ez nekien zer ondorio izango zuten nire erabakiek. Orain ordea, hutsik egiten ez duen jakinduria iturria topatu dut (Isaias 48:17, 18). Gainera, bizitzari zentzua aurkitu diot: Jainkoa adoratzea eta besteei bera ezagutzen laguntzea.
Biblia-printzipioak jarraituz, Laurie eta bion arteko ezkon-harremana asko sendotu da. Beste bedeinkapen bat ere izan dugu: Jehoba ezagutu eta maitatzen duen alaba eder bat.
Gure bizitza ez da izan ur bareko itsas bidaia. Baina, Jehobaren laguntzarekin inoiz amore ez ematera erabakita gaude, beti berarengan konfiantza izanez (Esaera Zaharrak 3:5, 6).