BIBLIARI BURUZKO ELKARRIZKETAK
Noiz hasi zen Jainkoaren Erreinua agintzen? (1. zatia)
Ondorengoa Jehobaren lekuko batek izan dezakeen ohiko elkarrizketa bat da. Imajinatu dezagun Mikel izeneko Lekuko batek Jon izeneko gizona bisitatzen duela.
EZAGUTZA BILATZEN SAIATU
Mikel: Jon, asko disfrutatzen dut Bibliari buruz izaten ditugu elkarrizketez. * Hitz egin genuen azkeneko aldian, Jainkoaren Erreinuari buruzko galdera bat egin zenuen: Zergatik sinesten dugu Jehobaren lekukook Jainkoaren Erreinua 1914. urtean hasi zela agintzen?
Jon: Bai, zuen argitalpen bat irakurri dut eta horixe esaten du. Eta zuen sinesmenak Biblian oinarritzen dituzuela esaten duzuenez, jakinmina piztu zait.
Mikel: Bai, sinesten duguna Biblian oinarrituta dago.
Jon: Beno, Biblia osoa irakurri dut. Baina, ez dut gogoratzen 1914. urtea inon agertzen denik. Beraz, Interneten dagoen Bibliara jo eta 1914. urtearen bilaketa egin nuen, baina ez zen ezertxo ere agertu.
Mikel: Bi arrazoirengatik zoriondu nahi zaitut, Jon. Lehenengo, Biblia osoa irakurri duzulako. Jainkoaren Hitza maite duzula nabaritzen da.
Jon: Hala da. Niretzat, dagoen libururik hoberena da.
Mikel: Guztiz ados nago. Beste arrazoi batengatik ere zoriondu nahi zaitut. Dituzun galderak erantzuteko Bibliara jotzen duzu. Ezagutza bilatzen saiatzera animatzen gaitu Bibliak eta zuk horixe bera egiten duzu. * Ze ondo hori egiten saiatzen zarela!
Jon: Eskerrik asko! Ikasten jarraitu nahi dut. Izan ere, ikerketa egiten aritu naiz eta aztertzen ari garen liburuan 1914. urteari buruzko informazioa aurkitu dut. Errege baten ametsa aipatzen da. Moztu eta berriro hazten den zuhaitz bati buruz ari da, edo horrelako zerbait.
Mikel: A bai! Daniel 4ko profezia da. Babiloniako Nabukodonosor erregeak izan zuen ametsa aipatzen du.
Jon: Bai, horixe bera da. Profezia hori behin eta berriz irakurri dut. Baina, egia esan, ez dakit Jainkoaren Erreinuarekin edo 1914. urtearekin zer zerikusi duen.
Mikel: Lasai, Jon. Daniel profetak berak ere ez zuen erabat ulertu Jainkoak idazteko esan ziona.
Jon: Benetan?
Mikel: Bai. Ikusi Daniel 12:8ak dioena: «Nik, Danielek, entzun nituen hitzok, baina ez nituen ulertu».
Jon: Beno, ez naiz bakarra. Horrek animatzen nau.
Mikel: Gauza da, oraindik ez zela gizakiek profezia hau ulertzeko Jainkoaren garaia. Horregatik Danielek ezin izan zuen ulertu. Baina orain, gure garaian, hobetu ulertu dezakegu.
Jon: Zergatik diozu hori?
Mikel: Beno, begira zer esaten duen hurrengo bertsetak, Daniel 12:9ak: «Mezu hau isilean gordea eta zigilatua egongo da azken garaia arte». Beraz, Daniel liburuko profeziak beranduago ulertuko ziren, azken garaian. Eta ikusiko dugun bezala froga guztiek garai horretan bizi garela adierazten dute.
Jon: Azalduko didazu profezia hau, mesedez?
Mikel: Bai, saiatuko naiz.
NABUKODONOSORREN AMETSA
Mikel: Hasteko, ikus dezagun laburki Nabukodonosor erregeak amestu zuena eta, gero, esanahiari buruz hitz egingo dugu, zer iruditzen zaizu?
Jon: Oso ondo.
Mikel: Ametsean, Nabukodonosorrek zeruraino iristen zen zuhaitz erraldoi bat ikusi zuen. Gero aingeru batek zuhaitza mozteko agindu zuen. Baina Jainkoak zuhaitzondoa bere erroekin batera uzteko esan zuen. «Zazpi urte» pasa ondoren, zuhaitza berriro haziko zen. * Profezia hau, hasiera batean, Nabukodonosor erregearengan bete zen. Nahiz eta errege boteretsua izan, zeruraino iristen zen zuhaitz hura bezalakoa, «zazpi urtez» moztua izan zen. Gogoratzen al duzu ondoren gertatutakoa?
Jon: Ba, ez dut gogoratzen.
Mikel: Ez kezkatu. Nabukodonosorrek zazpi urtez zentzutasuna galdu zuela dio Bibliak. Denbora horretan zehar ezin izan zuen agindu. Baina zazpi urteak bukatu eta gero, Nabukodonosorrek zentzutasuna berreskuratu eta berriro agintzen hasi zen. *
Jon: Ulertzen dut. Baina, zer zerikusi du honek Jainkoaren Erreinuarekin eta 1914. urterekin?
Mikel: Hitz gutxitan, profezia honek bi betekuntza ditu. Lehenengo betekuntza Nabukodonosor erregearen agintaritza eten zenean gertatu zen eta, bigarrengoa, Jainkoaren agintaritza eten zenean. Beraz, bigarren betekuntza hori da Jainkoaren Erreinuarekin zerikusia duena.
Jon: Baina, nola dakizu profezia honek bigarren betekuntza bat duela?
Mikel: Alde batetik, profeziak berak esaten duelako. Begira zer dioen Daniel 4:14 [4:17, NWT] bertsetak: «Bizidun guztiek jakin dezaten Goi-goikoa dela giza erreinu guztien jabea: nahi duenari ematen dio berak erregetza». Ikusi al duzu zer esaten duen giza erreinuei buruz?
Jon: Bai, «Goi-goikoa dela giza erreinu guztien jabea».
Mikel: Hori da. Eta nor uste duzu dela «Goi-goikoa»?
Jon: Jainkoa izango da.
Mikel: Hala da. Beraz, profezia honek ez du Nabukodonosorrekin bakarrik zerikusirik. Giza erreinuekin ere du zerikusia, hau da, Jainkoak gizadiaren gain duen agintaritzarekin. Profeziaren testuinguruak ere hau argi uzten du.
Jon: Zer esan nahi duzu?
DANIEL LIBURUAREN GAI NAGUSIA
Mikel: Daniel liburuan behin eta berriz errepikatzen da gai bat: Jainkoaren Erreinuaren ezarpena, Jesus horren buru dela. Adibidez, goazen kapitulu pare bat atzera. Irakurri nahi al duzu Daniel 2:44?
Jon: Bai. Honakoa dio: «Errege horien egunetan, inoiz suntsituko ez den erreinu bat ezarriko du zeruko Jainkoak. Eta erreinu hau ez da beste herriren baten eskuetara aldatuko. Beste erreinu guzti horiek suntsitu eta desagerraraziko ditu eta berak bakarrik iraungo du betiko».
Mikel: Eskerrik asko. Uste al duzu Jainkoaren Erreinuari buruz hitz egiten ari dela?
Jon: Ba, ez nago ziur.
Mikel: Erreinu horrek «betiko» iraungo duela dio eta horixe gertatzen da Jainkoaren Erreinuarekin. Baina ezin dugu gauza bera esan giza gobernuei buruz, ezta?
Jon: Ezetz uste dut.
Mikel: Daniel liburuan Jainkoaren Erreinuari buruzko beste profezia bat dago. Daniel 7: 13, 14koa da eta etorkizuneko agintari bati buruz honakoa dio: «Agintea, aintza eta erregetza eman zizkioten: herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeak zerbitzatzen zuen. “Haren aginteak beti iraungo du, ez du azkenik izango, haren erregetza ez da inoiz hondatuko”». Egiten al zaizu zerbait ezaguna?
Jon: Erregetza bat aipatzen duela, erreinu bat.
Mikel: Hori da. Baina Erreinu hau ez da edozein erreinu. «Herri, nazio eta hizkuntza guztietako» jendearen gain aginduko duela esaten du. Beraz, Erreinu honen agintaritza mundu-mailakoa izango da.
Jon: Orain arte ez naiz horretaz konturatu. Baina, arrazoi duzu, hori esaten du.
Mikel: Gainera, begira zer gehiago dioen profeziak: «Haren aginteak beti iraungo du, ez du azkenik izango, haren erregetza ez da inoiz hondatuko». Ez al zaizu profezia hau Daniel 2:44koaren antzekoa egiten?
Jon: Bai, egia da.
Mikel: Egin dezagun orain arte hitz egin dugunari buruzko laburpen txiki bat. Daniel 4ko profeziaren helburua jendeak «Goi-goikoa dela giza erreinu guztien jabea» jakitea zen. Honek argi adierazten du Nabukodonosorrengan bete zena baino betekuntza handiago bat egongo zela. Gainera, Daniel liburuan zehar Jainkoaren Erreinuaren ezarpenari buruzko profezia gehiago daudela ikusi dugu. Ez al da arrazoizkoa, orduan, Daniel 4ko profeziak Jainkoaren Erreinuarekin zerikusia duela esatea?
Jon: Arrazoizkoa dirudi. Baina oraindik ez dut ikusten 1914. urtearekin zer zerikusi duen.
ZAZPI URTE IGAROTZEN DIRA
Mikel: Itzul gaitezen Nabukodonosor erregearengana. Profeziaren lehen betekuntzan zuhaitz batekin irudikatua izan zen. Zuhaitza moztua izan zenean, bere agintaritza zazpi urtez eten egin zen. Zentzutasuna galdu zuenean gertatu zen hau. Zazpi urte horiek Nabukodonosorrek zentzutasuna berreskuratu eta berriro agintzen hasi zenean bukatu ziren. Profeziaren bigarren betekuntzan, Jainkoaren agintaritza denbora batez eten egingo zen. Baina hori ez zen gertatuko Jainkoak akatsen bat egingo zuelako.
Jon: Zer esan nahi duzu?
Mikel: Biblia-garaian Jerusalemen agintzen zuten errege israeldarrak Jehobaren «errege-aulkian» zeudela eserita esaten zen. * Jainkoa eta bere erregetza irudikatzen zuten. Hala ere, errege horien gehiengoak ez zuen Jehoba obeditu, ezta herritarren gehiengoak ere ez. Desobediente izateagatik, Jainkoak babiloniarrei israeldarrak menderatzen utzi zien K.a. 607an. Handik aurrera, Jerusalemen ez zen Jehobaren ordezkari izango zen erregerik egongo. Zentzu horretan eten zen Jainkoaren agintaritza. Ulertu al duzu orain arte azaldutakoa?
Jon: Baietz uste dut.
Mikel: Beraz, K.a. 607a zazpi urteen hasiera izan zen, hau da, Jainkoaren agintaritza etenda egongo zen epearen hasiera. Zazpi urteen amaieran, Jainkoak bere ordezkari izango zen agintari berri bat ezarriko zuen, oraingoan zeruan. Orduan beteko ziren Daniel liburuan irakurri ditugu beste profeziak. Baina, orain, honako galdera sortzen da: Noiz amaitu ziren zazpi urteak? Erantzuna aurkitzen badugu, Jainkoaren Erreinua agintzen noiz hasi zen jakingo dugu.
Jon: A, badakit! Zazpi urteak 1914an bukatu ziren?
Mikel: Hori da! Asmatu duzu.
Jon: Baina nola dakigu hori?
Mikel: Jesus lurrean egon zenean, zazpi urteak oraindik ez zirela amaitu esan zuen. * Beraz, denboraldi oso luze batez hitz egiten ari gara. Zazpi urteak Jesus lurrera etorri baino ehunka urte lehenago hasi ziren eta Jesus zerura itzuli ondoren mendeak iraun zuten. Gogoratu, gainera, Danielen profeziak «azken garaian» ulertuko zirela. * 1870. urte inguruan Biblia aztertzen zuten pertsona zintzo batzuek profezia hauek eta beste batzuk kontu handiz aztertu nahi izan zituzten. Zazpi urteak 1914. urtean amaitu beharko zutela ulertzen hasi ziren. Ordudanik munduan gertatutako gauzek Jainkoaren Erreinua urte horretan zeruan agintzen hasi zela baieztatzen dute. Urte horretan hasi ziren mundu honen azken egunak. Agian informazio gehiegitxo da, ezta?
Jon: Bai. Berriro errepasatu beharko dut ondo ulertzeko.
Mikel: Lasai. Nik ere denboratxo bat behar izan nuen ondo ulertzeko. Baina elkarrizketa honek Jehobaren lekukook Erreinuari buruzko sinesmenak Biblian oinarritzen ditugula ikusten lagundu izana espero dut.
Jon: Noski. Beti txunditu izan nau Biblian duzuen konfiantzak.
Mikel: Eta zuk desira bera duzula ikusten dut. Baina, esan bezala, agian informazio gehiegi da bat-batean ulertzeko eta seguruenik galdera gehiago ere izango dituzu. Adibidez, orain badakigu zazpi urteek Jainkoaren Erreinuarekin zerikusia dutela eta K.a. 607an hasi zirela. Baina, nola dakigu zehatz-mehatz 1914an bukatu zirela?
Jon: Bai, galdera ona da.
Mikel: Bibliak berak zazpi urteen iraupena kalkulatzen laguntzen digu. Gustatuko al litzaizuke hurrengo batean elkarrekin hau aztertzea? *
Jon: Ondo iruditzen zait.
Ba al duzu galderarik Bibliako gairen bati buruz? Jakinmina pizten al dizu Jehobaren lekukoen sinesmen edo jardueraren batek? Hala bada, galdetu beldurrik gabe Jehobaren lekukoei. Beraiek gustura hitz egingo dute zurekin.
^ Dohako biblia-ikastaroen programari esker, Jehobaren lekukoek bizilagunekin Bibliari buruzko elkarrizketak izan ohi dituzte, hau gaika aztertuz.
^ Esaera Zaharrak 2:3-5.
^ Daniel 4:10-14 [4:13-17, NWT].
^ Daniel 4:17-33 [4:20-36, NWT].
^ 1 Kronikak 29:23.
^ Azken egunei buruzko bere profezian, Jesusek Jainkoaren agintaritza irudikatzen zuen Jerusalemi buruz honakoa esan zuen: «Jerusalem jentilek zapalduko dute, jentilentzat Jainkoak erabakitako garaia erabat bete arte» (Lukas 21:24). Beraz, Jesusen garaian Jainkoaren agintaritza oraindik etenda zegoen eta horrela jarraituko zuen azken egunak arte.
^ Daniel 12:9.
^ Sail honen hurrengo artikuluan, zazpi urteen iraupena azaltzen duten biblia-bertsetak aztertuko dira.