BIBLIARI BURUZKO ELKARRIZKETAK
Noiz hasi zen Jainkoaren Erreinua agintzen? (2. zatia)
Ondorengoa Jehobaren lekuko batek izan dezakeen ohiko elkarrizketa bat da. Imajinatu dezagun Mikel izeneko Lekuko bat Jon izeneko gizona bisitatzera itzultzen dela.
NABUKODONOSORREN AMETSAREN LABURPENA
Mikel: Pozten naiz zu berriro ikusteaz, Jon. Asko gustatzen zait astero izaten dugun biblia-ikastaroa. * Zer moduz zaude?
Jon: Ondo nago, eskerrik asko.
Mikel: Pozten naiz. Aurrekoan, Jehobaren lekukook Jainkoaren Erreinua 1914n agintzen hasi zela zergatik esaten dugun ikusi genuen. * Daniel liburuko laugarren kapituluko profezia batean horren froga bat aurkitu genuen. Gogoratzen al duzu zer aipatzen zuen profeziak?
Jon: Nabukodonosor erregeak zuhaitz handiari buruz izan zuen ametsa.
Mikel: Bai, hori da. Ametsean, Nabukodonosorrek zeruraino iristen zen zuhaitz erraldoi bat ikusi zuen. Gero, aingeru batek zuhaitza mozteko agindu zuen. Baina zuhaitzondoa bere erroekin batera utzi behar zen. «Zazpi urte» pasa ondoren, zuhaitza berriro haziko zen. * Gainera, profezia honek bi betekuntza zergatik dituen aztertu genuen. Oroitzen al duzu zein izan zen lehenengo betekuntza?
Jon: Nabukodonosor berari gertatutako zerbait izan zen, ezta? Zazpi urtez zentzutasuna galdu zuen.
Mikel: Hala da. Nabukodonosorrek denbora batez zentzutasuna galdu zuenean, bere agintaritza eten egin zen. Baina profeziaren bigarren betekuntzan, Jainkoaren agintaritza nolabait zazpi urteko epe batez eten egingo zen. Ikusi genuen bezala, zazpi urteak Jerusalem K.a. 607an suntsitua izan zenean hasi ziren. Handik aurrera, lurrean ez zen Jehobaren ordezkari izango zen erregerik egongo bere herriaren gain agintzeko. Hala ere, zazpi urteen amaieran, Jainkoak agintari berri bat izendatuko zuen, oraingo honetan zeruan. Beste hitz batzuetan esanda, zazpi urteen amaierak Jainkoaren zeruko Erreinuaren agintaritzaren hasiera adieraziko zuen. Beno, dagoeneko zazpi urteak noiz hasi ziren ikusi dugu. Beraz, zenbat iraun zuten baldin badakigu, Jainkoaren Erreinua agintzen noiz hasi zen jakingo dugu. Argi gelditu al zaizu orain artekoa?
Jon: Bai, laburpen honek ikusi genuena gogoratzen lagundu dit.
Mikel: Bikain. Hasi gaitezen, orduan, zazpi urteen iraupenaz hitz egiten. Gai honen xehetasunei buruzko ikerketa egin dut eta ahal den hobekien azaltzen saiatuko naiz.
Jon: Oso ondo.
ZAZPI URTEEN AMAIERA ETA AZKEN EGUNEN HASIERA
Mikel: Nabukodonosorrekin zerikusia zuen profeziaren lehenengo betekuntzan, zazpi urteak zalantzarik gabe literalak izan ziren. Baina Jainkoaren Erreinuarekin zerikusia zuen bigarren betekuntzan, zazpi urteek ezin zuten literalak izan.
Jon: Zergatik diozu hori?
Mikel: Alde batetik, gogoratu zazpi urteak Jerusalem K.a. 607an suntsitua izan zenean hasi zirela. Urte hartatik zazpi urte kontatzen baditugu, K.a. 600. urtera iristen gara. Baina urte horretan ez zen ezer garrantzitsurik gertatu Jainkoaren agintaritzarekin lotuta. Gainera, lehengoan ikusi genuen bezala, mendeak geroago Jesus lurrean egon zenean, zazpi urteak ez zirela oraindik amaitu esan zuen.
Jon: A, bai! Gogoratzen dut.
Mikel: Beraz, zazpi urteek denboraldi luzeagoa izan beharko zuten.
Jon: Zenbat iraungo zuten, orduan?
Mikel: Bibliako Apokalipsia liburua Daniel liburuarekin lotuta dago eta zazpi urteen iraupen zehatza jakiten laguntzen digu. Hiru urte eta erdi 1.260 egun direla esaten du. * Orduan, zazpi urte honen bikoitza da, 2.520 egun. Ba al du zentzurik?
Jon: Bai, bai. Hala ere ez dut ikusten nola erakusten duen honek Jainkoaren Erreinua 1914an agintzen hasi zela.
Mikel: Ea lotura ikustea lortzen dugun. Biblia-profezietan egun batek urte bat adierazi dezake. * Egun batek urte bat irudikatzen badu, zazpi urteak 2.520 urte izango dira. Kristo aurreko 607tik 2.520 urte kontatzen baditugu, 1914. urtera iristen gara. Urte horretan amaitu ziren zazpi urteak eta Jesus Jainkoaren Erreinuaren Errege bezala agintzen hasi zen. Eta, aipatzekoa da, 1914tik aurrera mundu-mailako gertakariak egon direla eta Bibliak azken egunetan horrelakoak gertatuko zirela aurresan zuen.
Jon: Zer gertakari dira horiek?
Mikel: Irakurri dezagun Jesusek Mateo 24:7an esan zuena zeruan agintzen hasiko zen garaiari buruz: «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; goseteak eta lurrikarak izango dira han eta hemen». Jesusek garai horretan gosete eta lurrikarak egongo zirela aurresan zuen. Ez al ditu gure munduak horrelako asko ikusi gure garaian?
Jon: Bai, hala da.
Mikel: Bertset horretan, Jesusek gerrak egongo zirela ere aurresan zuen. Eta Apokalipsia liburuaren arabera, gerra hauek mundu osoan izango zuten eragina. * Gogoratzen al duzu noiz hasi zen Lehen Mundu Gerra?
Jon: 1914an. Hara! Jesus agintzen hasi zela esaten duzuen urtean! Ez zait inoiz lotura hori egitea bururatu.
Mikel: Pieza guztiak elkartzen ditugunean, hau da, zazpi urteei buruzko profezia eta azken egunei buruzko beste biblia-profeziak, guztiak zentzua hartzen du. Jehobaren lekukook honakoaz ziur gaude: 1914an Jesus agintzen hasi zela eta ordudanik azken egunetan bizi garela.
Jon: Oraindik guztia ulertzen saiatzen ari naiz.
Mikel: Lasai, ulertzekoa da. Nik ere denboratxo bat behar izan nuen dena ulertzeko. Baina gure elkarrizketa lagungarria izana espero dut. Egia da Biblian ez dela zehazki 1914. urtea aipatzen. Baina, ikusi duzun bezala, Jehobaren lekukook urte honi buruz sinesten duguna Biblian oinarrituta dago.
Jon: Egia esan, hori da zuetaz gustatzen zaidana; beti erabiltzen duzue Biblia esaten duzuena frogatzeko. Ez duzue zuek uste duzuena esaten, Bibliak dioena baizik. Baina zergatik da hain korapilatsua? Zergatik ez zuen Jainkoak zuzenean esan Jesus zeruan agintzen hasiko zen urtea 1914 izango zela?
Mikel: Ba, galdera ona da hori, Jon. Izan ere, Bibliak ez ditu gauza asko zuzenean esaten, ulertzeko ahaleginak egin behar dira. Baina, zergatik dago Biblia modu horretan idatzita? Hurrengo bisitan aztertu dezakegu, zer iruditzen zaizu?
Jon: Gustatuko litzaidake, bai.
Ba al duzu galderarik Bibliako gairen bati buruz? Jakinmina pizten al dizu Jehobaren lekukoen sinesmen edo jardueraren batek? Hala bada, galdetu beldurrik gabe Jehobaren lekukoei. Beraiek gustura hitz egingo dute zurekin.
^ Dohako biblia-ikastaroen programari esker, Jehobaren lekukoek bizilagunekin Bibliari buruzko elkarrizketak izan ohi dituzte, hau gaika aztertuz.
^ Ikusi aldizkari honetako 2014ko urriaren 1eko «Bibliari buruzko elkarrizketak: Noiz hasi zen Jainkoaren Erreinua agintzen? (1. zatia)» artikulua.
^ Ikusi Daniel 4:20-22 [4:23-25, NWT].
^ Ikusi Apokalipsia 12:6, 14.
^ Ikusi Zenbakiak 14:34; Ezekiel 4:6.
^ Ikusi Apokalipsia 6:4.