Saltatu edukira

BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU

Jehoba errukitsua dela eta barkatzen duela ikasi nuen

Jehoba errukitsua dela eta barkatzen duela ikasi nuen
  • JAIOTZE-URTEA: 1954

  • JATORRIZKO HERRIALDEA: KANADA

  • HISTORIA: IRUZURGILE ETA JOKALARIA

NIRE IRAGANA:

Montreal hiriko auzo pobre batean hazi nintzen. Sei hilabete nituenean, aita hil zen. Beraz, amak bakarrik atera behar izan zuen familia aurrera. Zortzi anai-arreben artean txikiena nintzen.

Hazten nindoala, nire eguneroko bizitzan droga, apustu, biolentzia eta gaizkileez inguratuta nengoen. Hamar urterekin, emagaldu eta jendeaz aprobetxatu nahi zuten mailegu-emaileentzat enkarguak egiten nituen. Gezurrak esateaz eta jendeari iruzur egiteaz disfrutatzen nuen. Niretzat droga bat bezalakoa zen.

14 urte nituenerako oso trebea nintzen jendea engainatzen. Esaterako, erloju, eskumuturreko eta eraztun merkeak erosten nituen eta urrezkoak ziren itxura ematen nien. Ondoren, kaleetan eta merkatal-zentroetako aparkalekuetan saltzen nizkion jendeari. Asko gustatzen zitzaidan dirua hain erraz lortzea. Behin, egun bakar batean, 7.000 euro baino gehiago irabazi nituen.

15 urterekin erreformategitik bota ninduten eta ez nuen non bizi. Ondorioz, kaleetan, parkeetan eta ezagunen etxeetan lo egin behar izaten nuen.

Nire iruzurrengatik, poliziak askotan atxilotzen ninduen galdeketa egiteko. Baina ez nituenez lapurtutako gauzak saltzen, ez nintzen inoiz kartzelara joan. Hala ere, isun handiak ordaindu behar izan nituen. Inori beldurrik ez nionez, mailegu-emaileentzat zorrak kobratzen ere ibiltzen nintzen. Oso arriskutsua zen eta beti pistola bat eraman behar izaten nuen nirekin. Noizean behin, mafiarentzat ere egiten nuen lan.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN:

17 urte nituen lehenengo aldiz Bibliari buruz hitz egiten entzun nuenean. Garai hartan, nire neska-lagunarekin bizi nintzen eta hau Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi zen. Baina Bibliako arau moralak ez zitzaizkidan gustatu. Beraz, nire neska-laguna utzi eta ateratzen ari nintzen beste emakume batekin bizitzera joan nintzen.

Dena aldatu zen nire bigarren neska-laguna ere Jehobaren leukoekin Biblia aztertzen hasi zenean. Txundituta nengoen bere bizimoduan egin zituen aldaketengatik. Orain, atseginagoa zen eta pazientzia handiago zuen. Behin Jehobaren lekukoen bilera batera gonbidatu ninduten eta joatea erabaki nuen. Jende atsegin eta ondratuak ongietorri beroa eman zidan. Zer-nolako aldea inguratzen ninduen munduarekin! Haurra nintzenean nire familiak ez zidan inoiz maitasunik eta goxotasunik erakutsi. Jehobaren lekukoen artean sentitu nuen arreta maitekorra zen zehatz-mehatz behar nuena. Beraz, Lekukoek biblia-ikastaroa eskaini zidatenean, gustura onartu nuen.

Biblian ikasten ari nintzenak nire bizia salbatu zuen. Apustuen ondorioz zor handiak nituen. Horregatik, beste bi kiderekin batera lapurreta bat prestatzen ari nintzen. Eskerrak garaiz atzera egin nuela! Nire kideek lapurretarekin aurrera jarraitu zuten, eta bat atxilotu eta bestea hil egin zuten.

Biblia aztertzen nuen heinean aldaketa asko egin behar nituela konturatu nintzen. Adibidez, Bibliak 1 Korintoarrei 6:10⁠ean esaten duena ikasi nuen: «Lapurrek, diruzaleek, mozkorrek, izen onaren kentzaileek eta iruzurgileek ez dute Jainkoaren erreinua iritsiko». Aipu hau irakurtzean, negarrez hasi nintzen egin nituen gauza txar guztiengatik. Nire bizimodua erabat aldatu behar nuela konturatu nintzen (Erromatarrei 12:2). Oso biolentoa nintzen eta nire bizitza osoa gezurrez josita zegoen.

Hala ere, Jehoba errukitsua dela eta barkatzen duela ikasi nuen (Isaias 1:18). Beraz, otoitz egin nion nire bizimodua aldatzeko laguntza erregutuz. Bere laguntzarekin nire izaera pixkanaka aldatzeko gai izan nintzen. Eta pauso garrantzitsu bat nire neska-lagunarekin ezkontzea izan zen.

Bizirik jarraitzen dut Bibliak esaten duena obeditzen dudalako

24 urte nituenerako, hiru seme-alaba nituen eta lan ondratu bat behar nuen hauek zaintzeko. Baina heziketa gutxi eta lan erreferentziarik ez nuen. Beraz, Jehobari gogo-biziz otoitz egin, eta lan bila hasi nintzen. Nire bizitza aldatu eta lan ondratu bat nahi nuela azaltzen nien lana eskaintzen zutenei. Batzuetan, Biblia aztertzen ari nintzela eta herritar hobea izan nahi nuela ere azaltzen nien. Baina jendeak ez ninduen kontratatu nahi. Azkenean, elkarrizketa batean, iraganean egindako gauzak azaldu eta gero, gizonak esan zidan: «Ez dakit zergatik, baina kontratatu behar zaitudala sentitzen dut». Hau nire otoitzen erantzuna izan zela uste dut. Denborarekin nire emaztea eta biok Jehobaren lekuko izateko bataiatu ginen.

NIRE ONERAKO IZAN DA:

Bizirik jarraitzen dut Bibliak esaten duena obeditzen dudalako. Familia zoriontsua eta kontzientzia garbia ditut seguru nagoelako Jehobak barkatu didala.

Azken 14 urteetan, denbora osoko zerbitzuan egon naiz jendeari Bibliak irakasten duena ikasten laguntzen, eta orain dela gutxi nire emaztea nirekin batera denbora osoko zerbitzuan hasi da. Azken 30 urte hauetan, 22 lankideri Jehobaren lekuko izaten lagundu diet. Merkatal-zentroetara joaten jarraitzen dut, baina ez jendeari iruzur egitera, predikatzera eta beraiekin opari eder bat konpartitzera baizik: lapurrik gabeko mundu berri batean bizitzeko esperantza (37. Salmoa 10, 11).