AZALEKO GAIA | BIBLIAREN BIZIRAUPEN HISTORIA
Bibliaren biziraupena: hondatzeko arriskuaren aurrean
ERASOA: Biblia idatzi eta kopiatu zutenek papiro eta pergaminoetan idatzi zuten (2 Timoteori 4:13). * Nola jarri zuten Bibliaren biziraupena arriskuan material hauek?
Papiroa hauskorra bihurtzen da oso erraz eta kolorea galtzen joaten da. «Denborarekin orria hondatzen joaten da zuntzetan eta hautsean bihurtu arte», diote Richard Parkinson eta Stephen Quirke egiptologoek. «Gordeta dagoenean lizunaz bete daiteke eta hezetasunagatik usteldu. Eta lurperatuta dagoenean intsektuek, batez ere termitek, edo saguek eta antzeko animaliek jan dezakete». Papiro batzuk, aurkituak izan ondoren, argi edo hezetasun gehiegiren eraginez azkarrago hondatu ziren.
Pergaminoa papiroa baino iraunkorragoa da. Hala ere, hondatu egiten da ondo manipulatzen ez bada edota gehiegizko tenperatura, hezetasun edo argiarengatik. * Intsektuek ere erasotzen diote. Horregatik, Everyday Writing in the Graeco-Roman East (Eguneroko idazkera Greko-Erromatar Ekialdean) liburuaren arabera, antzinako idazkiek «bizirautea ez da ohikoa». Bibliak hondatze hori izan balu, gaur egun ez genuke bere mezua izango.
NOLA LORTU ZUEN BIBLIAK BIZIRAUTEA? Juduen legeak hurrengoa agintzen zien errege guztiei: «Lege hau kopiaraziko du beretzat». Lege hau Bibliako lehenengo bost liburuak ziren (Deuteronomioa 17:18). Gainera, eskribau profesionalek, Bibliako liburuak kopiatuz, eskuizkribu ugari egin zituzten. Hainbeste kopia egin zituzten K.o. I. menderako Israelgo sinagogetan, eta urruneko Mazedonian ere, eskuragarri zeudela! (Lukas 4:16, 17; Eginak 17:11). Nola lortu dute gaur egun arte eskuizkribu zahar horietako batzuk bizirautea?
Philip W. Comfort-ek, Itun Berrian adituak, hauxe dio: «Ezaguna zen juduek Bibliako eskuizkribuak anforatan edo beste ontzietan gordetzen zituztela kontserbatzeko». Kristauek ohitura berdina jarraitu zuten. Arrazoi honengatik, Bibliako eskuizkribu zahar batzuk hurrengo lekuetan aurkitu dira: Buztinezko ontzietan, gela eta kobazulo ilunetan, eta lurralde oso lehorretan.
EMAITZA: Gaur egun arte Bibliako eskuizkribuen milaka zati kontserbatu dira. Batzuek 2.000 urte baino gehiago dituzte. Ez dago antzinako beste libururik hainbeste eskuizkribu, eta hain zaharrak, dituenik.