Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

AZALEKO GAIA | BIBLIAREN BIZIRAUPEN HISTORIA

Bibliaren biziraupena: aurkaritzaren aurrean

Bibliaren biziraupena: aurkaritzaren aurrean

ERASOA: Buruzagi erlijioso eta politikari askok Bibliaren aurkako helburuak zituzten. Askotan euren boterea erabili zuten jendeak Biblia edukitzea, kopiatzea edo itzultzea galarazteko. Ikus ditzagun bi adibide:

  • Kristo aurreko 167. urte inguruan: Antioko Epifanes seleukotar erregeak Hebrear Idazkien kopia guztiak suntsitzea agindu zuen, juduei erlijio grekoa inposatu nahi zielako. Bere funtzionarioek «Legearen kopiak apurtu eta erretzen zituzten edonon aurkitzen zituztela», idatzi zuen Heinrich Graetz historialariak, «eta indarra eta kontsolamenduaren bila irakurtzen aurkitzen zituztenak hil zituzten».

  • Erdi Aroan: Laikoek dogma katolikoen ordez Bibliak esaten zuena predikatzeak buruzagi erlijioso batzuei molestatzen zien. Edozein laikok Bibliako liburuak, Salmoak latinez izan ezik, baldin bazituen heresiagatik salatzen zuten. Elizako kontzilio batek elizgizonei hurrengoa agindu zien: «Heretikoak sutsuki, leialki eta sarri bilatu [...] susmagarriak diren etxe eta lurrazpiko gela guztietan. [...] Heretikoren bat aurkitzen den etxea suntsitua izan behar da».

Bibliaren aurkariek arrakasta izan balute, gaur egun ez genuke bere mezua izango.

William Tyndale-en ingelesezko biblia-itzulpena debekatu egin zuten, Bibliak erre zituzten eta Tyndale bera exekutatu zuten 1536⁠an. Hala ere, bere itzulpenak biziraun zuen.

NOLA LORTU ZUEN BIBLIAK BIZIRAUTEA?: Antioko erregeak bere erasoa Israelen batez ere egin zuen. Baina ordurako, judutar asko beste herrialde batzuetan bizi ziren. Izan ere, adituek diote K.o. I. menderako judutarren % 60 baino gehiago Israeletik kanpo bizi zela. Euren sinagogetan judutarrek Bibliako liburuen kopiak kontserbatzen zituzten. Kopia hauek etorkizunean erabiliko ziren eta kristauek ere erabiliko zituzten (Eginak 15:21).

Erdi Aroan zehar, Biblia maite zutenek pertsekuzioari aurre egin zioten eta Biblia itzultzen eta kopiatzen jarraitu zuten. XV. mende erdian zeinu mugikorreko inprimatzeko makina asmatu zen. Baina hau gertatu aurretik, badirudi Bibliako zati batzuk 33 hizkuntzatan eskuragarri zeudela. Hortik aurrera, Biblia inoiz baino azkarrago itzuli eta inprimatu zen.

EMAITZA: Errege boteretsuen eta elizgizonen erasoak izan arren, Biblia historian gehien itzuli eta zabaldu den liburua da. Herrialde batzuen legeetan eta hizkuntzatan eragina izan du, baita milioika pertsonen bizitzatan ere.