BIBLIAK BIZIAK ALDATZEN DITU
Ez nuen hil nahi!
JAIOTZE-URTEA: 1964
JATORRIZKO HERRIALDEA: INGALATERRA
HISTORIA: AMA GAZTE ETA ERREBELDEA
NIRE IRAGANA
Paddington-en jaio nintzen, biztanle asko dituen Londreseko (Ingalaterra) eremu batean. Nire ama eta hiru ahizpa nagusiekin bizi nintzen. Gure aitak alkoholarekin arazoak zituenez, tarteka gure bizitzatik desagertzen zen.
Umea nintzela, nire amak gauero otoitz egiten irakatsi zidan. Salmoak bakarrik zituen Biblia txiki bat nuen eta doinuak asmatzen nituen hauek abesteko. Behin, liburu batean irakurri nuen esaldi batek eragin handia izan zuen nigan: «Egunen batean, dena amaituko da». Hitz hauengatik, ezin nuen lorik hartu gauetan etorkizunari buruz pentsatzen. «Bizitza hau baino zerbait gehiago egon behar da», pentsatzen nuen. Zergatik nago hemen? Ez nuen hil nahi!
Okultismoari buruzko jakin-mina piztu zitzaidan. Hildakoekin hitz egiten saiatu nintzen. Eskolako lagunekin kanposantuetara joaten nintzen eta beraiekin beldurrezko pelikulak ikusten nituen. Zirraragarria eta beldurgarria zela iruditzen zitzaigun.
Hamar urte nituela, errebelde bihurtzen hasi nintzen. Tabakoa erretzen hasi eta, laster, honen menpeko egin nintzen. Beranduago, marihuana erretzen hasi nuen eta, 11 urterekin, alkohola edaten. Honen zaporea gustatzen ez zitzaidan arren, mozkortuta egotearen sentsazioa gustuko nuen. Musika eta dantza egitea ere gustatzen zitzaidan. Ahal nuen guztietan, festetara eta diskoteketara joaten nintzen. Gauean etxetik ezkutuan irten eta egunsentia baino lehen bueltatzen nintzen. Hurrengo egunean nekatuta nengoenez, askotan eskolatik piper egiten nuen. Eta eskolara joaten nintzenean, klaseen artean alkohola edaten nuen.
Azkeneko ikasturtean oso nota txarrak atera nituen. Orduan, ama nire jokabide errebeldeaz jabetu eta asko haserretu zen. Eztabaida gogor bat izan genuen eta etxetik ihes egin nuen. Denbora batez nire mutil-lagunarekin, Tony-rekin, bizi izan nintzen. Tony rastafaria zen. Lapurretan ibiltzen zen, drogak saltzen zituen eta biolentzia handiz jokatzeagatik ezaguna zen. Haurdun gelditu nintzen laster eta 16 urte bakarrik nituela gure semea jaio zen.
BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN
Ama ezkongabeentzako eta beraien haurrentzako leku batean bizi izan nintzen denbora batez. Han ezagutu nituen Jehobaren lekukoak lehenengo aldiz. Gizarte zerbitzuei esker, gela bat lortu nuen bertan. Lekukoak ziren bi emakumek beste ama gazte batzuk bisitatu ohi zituzten. Egun batean, elkarrizketa batera gehitu nintzen Lekukoak oker zeudela frogatzeko asmoarekin. Hala ere, nire galdera guztiak lasaitasunez eta ulertzeko era erraz batean erantzun zizkidaten Bibliarekin. Asko gustatu zitzaidan nirekin hain atsegin eta gozoak izatea. Horregatik, beraiekin Biblia ikasten hasi nintzen.
Laster, nire bizitza aldatu zuen zerbait ikasi nuen Biblian. Gaztea nintzenetik heriotzari beldurra nion. Baina orduan, Jesusek berpizkundeari buruz irakatsi zuena ikasi nuen! (Joan 5:28, 29). Gainera, Jainkoa nitaz arduratzen dela ikasi nuen (1 Pedro 5:7). Jeremias 29:11ko hitzek bihotza ukitu zidaten. Bertan dio: «Gogoan dut zuen alde erabakia dudan egitasmoa, zuen zorionerakoa eta ez zuen zoritxarrerakoa, itxaropenez beteriko etorkizuna emango baitizuet. Hala diot nik, Jaunak». Lurreko paradisuan betirako bizitzeko esperantza izan ahal nuela sinesten hasi nintzen (Salmoak 37:29, NWT).
Jehobaren lekukoek benetako maitasuna erakutsi zidaten. Beraien bilera batera lehenengo aldiz joan nintzenean, giroa oso atsegina zela ikusi nuen. Oso jatorrak ziren guztiak (Joan 13:34, 35). Alde handia zegoen elizan jasotako tratuarekin konparatuz. Lekukoek ongietorria eman zidaten nire bizimodua kontatuan hartu gabe. Nirekin denbora pasa zuten, nitaz arduratuz eta laguntza praktikoa emanez. Familia maitekor handi baten parte nintzela sentitu nuen.
Biblia ikastean, Jainkoaren arau moralak betetzeko bizitzan aldaketak egin behar nituela ikusi nuen. Tabakoa erretzen uztea ez zen erraza izan. Gainera, musika mota zehatz bat entzuten nuenean marihuana erretzeko desira pizten zitzaidala konturatu nintzen. Beraz, beste musika mota batzuk entzuten hasi nintzen. Alkohol gehiegi edateko tentaziorik ez izateko, festetara eta diskoteketara joateari utzi nion. Lagun berriak bilatu nituen, nire bizimodu berria lortzen lagunduko zidatenak (Esaera Zaharrak 13:20).
Bitartean, Tony ere Biblia ikasten ari zen Jehobaren lekukoekin. Lekukoek bere galderak Bibliarekin erantzuten zituzten heinean, ikasten ari zena egia zela konturatu zen. Bere bizitzan aldaketa handiak egin zituen. Bere lagun biolentoekin egoteari, lapurtzeari eta marihuana erretzeari utzi zion. Jehoba poztu nahi genuenez, gure bizimodu moralgabea uztea eta gure semeari familia-giro atsegina ematea erabaki genuen. 1982an ezkondu ginen.
«Dagoeneko ez ditut gauak esnaturik pasatzen etorkizuna edo heriotzagatik kezkaturik»
Nik egin nahi nituen aldaketak egin zituzten pertsonen bizipenak irakurtzen nituen La Atalaya eta Despertad! * aldizkarietan. Beraien ereduek asko animatu ninduten. Indarrak ematen zizkidaten aldaketak egiteko eta amore ez emateko. Beti eskatzen nion Jehobari niri laguntzen jarraitzeko. Tony eta ni Jehobaren lekukoak izateko bataiatu ginen 1982ko uztailean.
JASO DITUDAN ONURAK
Jehobaren laguna izateak bizitza salbatu zidan. Tony eta nik, Jehobak zailtasunen aurrean lagundu digula ikusi dugu. Momentu zailetan Jehobarengan konfiantza izaten ikasi dugu eta gure familia beti zaindu duela sentitu dugu (55. Salmoa 23 [55:22, NWT]).
Nire seme-alabei Jehoba ezagutzen laguntzeak zoriontsu egin nau. Eta orain poztasun bera sentitzen dut nire bilobek Jainkoa ezagutzen dutela ikustean.
Dagoeneko ez ditut gauak esnaturik pasatzen etorkizuna edo heriotzagatik kezkaturik. Tony eta biok oso okupatuta gaude, astero Jehobaren lekukoen kongregazio desberdinak bisitatzen baititugu gure anai-arrebak animatzeko. Kongregazio hauetako anai-arrebekin jendeari irakasten diogu, Jesusengan fedea badute, betirako bizi ahal izango direla.
^ § 19 Jehobaren lekukoek ere argitaratua.