Korintoarrei lehena 1:1-31
1 Pauloren —Jainkoaren borondatez Kristo Jesusen apostolu izateko deitua— eta Sostenes gure anaiaren partetik
2 Korinton dagoen Jainkoaren kongregazioari, bai, zuei, Kristo Jesusekin batera santifikatuak izan zaretenoi, santu izateko deituak izan zinetenoi, leku guztietan Jesu Kristo gure Jaunari, beraien Jauna eta gurea, dei egiten dioten guztiekin batera:
3 Gure Aita Jainkoaren eta Jesu Kristo Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna eta bakea zuekin egon daitezela.
4 Nire Jainkoari eskerrak ematen dizkiot beti zuengatik, Jainkoak Kristo Jesusengan erakutsi dizuen merezigabeko eskuzabaltasuna kontuan izanda.
5 Izan ere, berarengan, Jainkoak gauza guztietan aberastu zaituzte, hitz egiteko gaitasun osoz eta ezagutza osoz,
6 Kristori buruzko testigantza zuen artean sendo egin duen bezalaxe.
7 Horrela, zuei ez zaizue inolako dohainik faltako, Jesu Kristo gure Jaunaren agerpenaren garaia irrikaz itxaroten duzuen bitartean.
8 Gainera, berak azkeneraino sendo egingo zaituzte, Jesu Kristo gure Jaunaren egunean inork zuen aurka ezer esan ez dezan.
9 Jainkoa leiala da. Berak deitu zaituzte bere Seme Jesu Kristo gure Jaunarekin bat eginda egoteko*.
10 Orain, anai-arrebok, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean erregutzen dizuet esaten dituzuen gauzetan ados egoteko. Ez dadila zuen artean zatiketarik egon; horren ordez, pentsaeran eta iritzietan guztiz bat eginda egon behar duzue.
11 Zeren, ene anai-arrebok, Kloeren etxeko batzuek esan didate eztabaidak daudela zuen artean.
12 Esan nahi dudana zera da, batzuek esaten duzuela: «Ni Paulorena naiz»; beste batzuek: «Ba, ni Apolosena»; beste batzuek: «Ni Zefasena*»; eta beste batzuek: «Ni Kristorena».
13 Zatituta al dago Kristo? Paulo ez zen zuengatik zutoinean exekutatua izan, ezta? Edo Pauloren izenean izan al zineten bataiatuak akaso?
14 Jainkoari eskerrak ematen dizkiot, Krispo eta Gaio kenduta, ez dudalako zuetako beste inor bataiatu.
15 Izan ere, horrela, inork ezin du esan nire izenean bataiatua izan denik.
16 Egia da Estefanasen etxekoak ere bataiatu nituela. Baina horietaz aparte ez dut gogoratzen beste inor bataiatu izana.
17 Zeren Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, berri onak predikatzera baizik, eta ez nuen hori jakintsuen hitzekin* egin, Kristoren tortura zutoina* baliorik gabe ez uzteko.
18 Izan ere, tortura zutoinaren* mezua zentzugabea da suntsiketarako bidean daudenentzat*, baina salbatuak izaten ari garenontzat Jainkoaren boterea da.
19 Idatzita baitago: «Jakintsuen jakinduria suntsituko dut eta intelektualen inteligentzia baztertuko dut*».
20 Non dago jakintsua? Non dago lege maisua*? Non dago sistema* honetako eztabaidetan aditua? Ez zuen Jainkoak mundu honetako jakinduria zentzugabe egin, ala?
21 Izan ere, Jainkoaren jakinduriaren arabera, mundua ez zen munduaren jakinduriaren bidez Jainkoa ezagutzera iritsi. Baina Jainkoak, predikatzen den mezu zentzugabearen bidez, sinesten dutenak salbatu nahi izan ditu.
22 Zeren juduek mirariak* eskatzen dituzte, eta greziarrek jakinduria bilatzen dute.
23 Baina guk Kristo zutoinean exekutatua izan zela predikatzen dugu, eta mezu hori juduentzat oztopo bat da, eta nazioentzat zentzugabekeria.
24 Hala ere, deituak direnentzat, bai juduentzat, baita greziarrentzat ere, Kristo Jainkoaren boterea eta Jainkoaren jakinduria da.
25 Izan ere, Jainkoaren gauza zentzugabe bat gizakiak baino jakintsuagoa da, eta Jainkoaren gauza ahul bat gizakiak baino indartsuagoa da.
26 Anai-arrebok, ikusten duzue nolako pertsonak izan zareten deituak: ez daude giza ikuspuntutik* jakintsuak diren asko, ez boteretsu asko, ezta familia inportanteetatik datozen asko ere.
27 Horren ordez, Jainkoak munduko gauza zentzugabeak aukeratu zituen jakintsuak lotsatzeko; Jainkoak munduko gauza ahulak aukeratu zituen gauza indartsuak lotsatzeko.
28 Eta munduko gauza ziztrinak eta jendeak mespretxatzen dituenak, ezertarako balio ez duten gauzak, aukeratu zituen Jainkoak, jendearen ikuspuntutik inportanteak diren gauzak baliorik gabe uzteko,
29 eta, horrela, inor* ezingo da harrotu Jainkoaren aurrean.
30 Berari esker zaudete Kristo Jesusekin bat eginda, guretzat Jainkoarengandik datorren jakinduria izatera iritsi dena, baita justizia, santifikazioa eta erreskatearen bidez askapena ere,
31 idatzita dagoen bezalaxe gerta dadin: «Harrotzen dena, Jehobaz* harrotu dadila».
Oharra
^ Edo «gure Jaunaren kide izateko».
^ Pedro ere deitua.
^ Edo «hori hitzaldi inteligenteekin».
^ Edo «hiltzen ari direnentzat».
^ Edo «ez dut onartuko».
^ Hau da, Legean aditua.
^ Lit. «seinaleak».
^ Lit. «haragiaren arabera».
^ Lit. «haragirik».