Korintoarrei lehena 12:1-31

  • Espirituaren dohainak (1-11)

  • Gorputz bat, atal asko (12-31)

12  Anai arrebok, dohain espiritualei buruz, ez dut zuek ezjakintasunean egoterik nahi. 2  Badakizue nazioetako jendea* zinetenean, idolo mutuek kontrolatzen eta engainatzen zintuztetela. Beraiek nora gidatu, hara jarraitzen zenieten zuek. 3  Zuek jakitea nahi dut Jainkoaren espirituaren bidez hitz egiten duen inork ez duela esaten: «Jesus madarikatua da!», eta inork ezin duela esan: «Jesus Jauna da!», espiritu santuaren bidez ez bada. 4  Dohain desberdinak daude, baina espiritu bakarra dago. 5  Zerbitzu desberdinak daude, baina Jaun bakarra dago. 6  Ekintza desberdinak daude, baina Jainko bakarra da denei gauza horiek egiteko boterea ematen diena. 7  Hala ere, espiritua gutako bakoitzarengan azaltzen da guztion onerako. 8  Zeren espirituaren bidez, bati jakinduriaz hitz egiteko* dohaina eman zaio; beste bati, espiritu horri esker, ezagutzaz hitz egiteko dohaina; 9  beste bati, espiritu berberaren bidez, fedearen dohaina; beste bati, espiritu bakar horren bidez, sendatzeko dohaina; 10  bati mirariak egitekoa; beste bati profetizatzekoa; beste bati mezu inspiratuak antzematekoa; beste bati hizkuntzetan hitz egitekoa, eta beste bati hizkuntzak interpretatzekoa. 11  Baina jokatzeko modu guzti hauek espirituak berak burutzen ditu, eta espiritu honek nahi duen bezala ematen dizkio bakoitzari. 12  Zeren gorputzak, bakarra izan arren, atal asko dituen bezala, eta atal guztiek, asko izan arren, gorputz bakar bat osatzen duten bezala, halaxe da Kristo ere. 13  Zeren gu guztiok —judu edo greziar, esklabo edo libre— izan gara espiritu bakarraren bidez bataiatuak gorputz bakar bat osatzeko, eta guztioi eman zaigu espiritu bakarra edateko. 14  Izan ere, gorputza ez dago atal bakarraz osatuta, askoz baizik. 15  Oinak esango balu: «Eskua ez naizenez, ez naiz gorputzaren parte», ez lioke horregatik gorputzaren parte izateari utziko. 16  Eta belarriak esango balu: «Begia ez naizenez, ez naiz gorputzaren parte», ez lioke horregatik gorputzaren parte izateari utziko. 17  Gorputz osoa begia izango balitz, non egongo litzateke entzumena? Eta gorputz osoa belarria izango balitz, non egongo litzateke usaimena? 18  Baina Jainkoak gorputzeko atal bakoitza berak nahi izan zuen bezala jarri zuen. 19  Denak gorputzeko atal berbera izango balira, non egongo litzateke gorputza? 20  Beraz, atal asko daude baina gorputz bakarra. 21  Begiak ezin dio eskuari esan: «Ez zaitut behar», edo buruak ezin die oinei esan: «Ez zaituztet behar». 22  Kontrakoa, ahulagoak ematen duten gorputz atalak beharrezkoak dira, 23  eta ohore gutxiago dutela pentsatzen dugun gorputz atalak ohore gehiagorekin tratatzen ditugu. Horrela, duintasun gutxiago duten gure gorputz atalek duintasun gehiago jasotzen dute, 24  eta gure atal erakargarrienek, berriz, ez dute ezer behar. Hala ere, Jainkoak ohore gehiago behar zuen atalari ohore gehiago emanez sortu zuen gorputza, 25  horrela gorputzean zatiketarik ez egoteko eta atalek elkarren ardura izateko. 26  Atal batek sufritzen badu, beste atal guztiek berarekin sufritzen dute; atal batek aintza jasotzen badu, beste atal guztiak berarekin pozten dira. 27  Zuek Kristoren gorputza zarete, eta zuetako bakoitza gorputz horretako atal bat da. 28  Eta Jainkoak horrela antolatu zituen pertsonak kongregazioan: lehenengo, apostoluak; bigarren, profetak; hirugarren, irakasleak; gero, mirariak egiten dituztenak; gero, sendaketak egiteko dohaina dutenak; laguntza zerbitzuak eskaintzen dituztenak; zuzentzeko gaitasuna dutenak; hizkuntza ezberdinetan hitz egiten dutenak. 29  Denak ez dira apostoluak, ezta? Denak ez dira profetak, ezta? Denak ez dira irakasleak, ezta? Denek ez dituzte mirariak egiten, ezta? 30  Denek ez dute sendaketak egiteko dohaina, ezta? Denek ez dute hizkuntzetan hitz egiten, ezta? Denak ez dira interpreteak*, ezta? 31  Jarraitu dohain handiagoak jasotzeko ahalegintzen*. Orain biderik bikainena erakutsiko dizuet.

Oharra

Hau da, sinesgabeak.
Edo «jakinduriazko mezua emateko».
Edo «itzultzaileak».
Edo «gogo biziz bilatzen».