Korintoarrei lehena 13:1-13

  • Maitasuna biderik bikainena da (1-13)

13  Gizonen eta aingeruen hizkuntzetan hitz egiten badut, baina maitasunik ez badut, danbadaka dabilen gong bat edo zinbal* zaratatsu bat bezalakoa naiz. 2  Eta profetizatzeko dohaina badut, sekretu sakratu guztiak eta ezagutza guztia ulertzen baditut, eta mendiak mugitzeko bezainbeste fede badut, baina maitasunik ez badut, ez naiz ezer*. 3  Daukadan guztia besteei jaten emateko erabiltzen badut eta nire gorputza* harro sentitzeko eskaintzen badut, baina maitasunik ez badut, ez dit ezertarako balio. 4  Maitasuna pazientziaduna eta atsegina da. Maitasuna ez da jeloskorra, ez da harrokeriatan ibiltzen, ez da harroputza, 5  ez da lotsagabe portatzen*, ez da bere interesen bila aritzen, ez da erraz haserretzen. Ez du kaltea gogoan hartzen*. 6  Ez da injustiziarengatik pozten; egiarengatik pozten da. 7  Maitasunak gauza guztiak jasaten ditu, gauza guztiak sinesten ditu, gauza guztiak itxaroten ditu, gauza guztien aurrean irauten du. 8  Maitasunak ez du inoiz huts egiten*. Baina profetizatzeko gaitasunak desagertu egingo dira, hizkuntzetan hitz egitekoak* amaitu, eta ezagutzarenak desagertu egingo dira. 9  Zeren erdizkako ezagutza daukagu eta erdizka profetizatzen dugu. 10  Baina, osoa dena iristen denean, erdizkakoa dena desagertu egingo da. 11  Haurra nintzenean, haur bezala hitz egiten nuen, haur bezala pentsatzen nuen eta haur bezala arrazoitzen nuen; baina orain, gizon izatera iritsi naizenean, atzean utzi ditut haur gauzak. 12  Zeren orain ez dugu argi ikusten, metalezko ispilu batean bezala, baina orduan, aurrez aurre ikusiko dugu. Gaur egun daukadan ezagutza erdizkakoa da, baina orduan, oso-osoa* izango da, Jainkoak niri buruz daukan ezagutza bezalakoa. 13  Hala ere, hiru hauek geratuko dira: fedea, esperantza eta maitasuna; baina hiruretatik handiena maitasuna da.

Oharra

Gong eta zinbala perkusio instrumentuak dira.
Edo «ez dut ezertarako balio».
Edo «bizia».
Edo «ez da zakarra».
Edo «Ez du ofentsen erregistro bat eramaten».
Edo «Maitasuna ez da inoiz amaitzen; desagertzen».
Hau da, mirari bidez beste hizkuntzetan hitz egitea.
Edo «zehatza».